Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2016ko irailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3865

EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 3koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena; honen bidez, kendu egiten da Basauriko Udaleko ofizial nagusiaren lanpostua, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetakoa.

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotu egin zen gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena. Ebazpen horren arabera, Basauriko Udalean, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuen artean, ofizial nagusiaren lanpostua zegoen.

2016ko apirilaren 28an, Basauriko Udalbatzak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari eskatzea ofizial nagusiaren lanpostua amortizatzeko.

Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen zazpigarren xedapen iragankorrari jarraikiz, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92. bis artikuluak aurreikusten duen araudi hori indarrean jarri arte, eta lege horretan xedatutakoaren kontra ez doan heinean, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei buruzko araudiak indarrean iraungo du.

Horrela, toki-araubidearen alorrean indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 165. artikuluaren arabera (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua), Toki-administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2.g) artikuluarekin bat etorriz, aipatutako lanpostua ez da nahitaezkoa udal-korporazioetan gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuei dagokienez; aitzitik, lankidetza-lanpostu gisa ageri da.

Zehazki, 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluak, bere aldetik, funtzionarioen maila honi dagozkion arauen artean, ezartzen du lankidetza-lanpostuak direla toki-erakundeek eurek berez duten eskumenez baliatuz sortu (eta ezabatu) ditzaketenak idazkaritza, kontu-hartzailetza edo diruzaintzaren eginkizunei berehalako lankidetza emateko eta, dagokionean, beste eginkizun batzuen artean, horien titularrak ordezkatzeko.

Lanpostu horiek sortzeko eta kentzeko ahala toki-erakundeei ematen die estatuko araudiak, toki-erakundeek dituzten autoantolaketa-ahalen barruan; Basauriko Udalak, autoantolaketa-eskumen hori argudiotzat hartuta, autonomia-erkidego honi eskatu dio «ofizial nagusiaren» lankidetza-lanpostua kentzeko.

Toki-araubidearen alorrean indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 159. artikuluaren arabera, toki-administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, kendu eta sailkatzeko betearazpen-eskumena autonomia-erkidegoari dagokio, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluarekin bat etorriz, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza hau da, hain zuzen ere, eskumen hori duena.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Basauriko Udaleko ofizial nagusiaren lanpostua kentzea, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetakoa, Idazkaritza azpieskalakoa, goi-mailakoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENGOA

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Bigarrena.– Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahalko diote ebazpen hori baliogabetzeko edo errebokatzeko, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 3a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala