Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2016ko irailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3859

EBAZPENA, 2016ko abuztuaren 23koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzan Autonomia Erkidegoko peritu koordinatzailearen lanpostua (3435 kodea, 1 dotazioa) izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.3 artikuluan xedatutakoaren arabera eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero, sail honek erabaki du iragartzea eranskinean adierazitako lanpostu hori izendapen askeko sistemaren bidez beteko dela. Hona hemen horretarako oinarriak:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratu finkoko langileek, baldin eta eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako hauek izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten lan-kontratuko langileak, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren interesarengatiko edo familia bateratzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora bete ez dutenak.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Justizia Administrazioko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamar egun natural izango dituzte, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, curriculum vitaea aurkeztuko dute hautagaiek, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai herri-administrazioan bai, hala badagokio, enpresa pribatuetan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntza-jakintzak, eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Dena den, horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Halaber, esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Justizia Administrazioko zuzendariak ebazpen bidez ebatziko du deialdi hau, gehienez hamar egun naturaleko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epean hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.

Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igaro eta ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da, eta administrazioarekiko auzietako bidea zabalik geratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 23a.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

JON ARTURO URIARTE UNZALU.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: Autonomia Erkidegoko peritu koordinatzailea.

– Kodea: 3435.

– Dotazioa: 1.

– Titulazioa: unibertsitateko diplomaduna.

– Hizkuntza-eskakizuna: 4;

Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, derrigorrezko eguna duten 4. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetarako hautaketetan eta horiek betetzeko prozesuetan izangai batek ere egiaztatzen ez badu, lanpostu horri 3. hizkuntza-eskakizuna ezarriko zaio, baina deialdi horretako lanpostua betetzeko baino ez da izango.

– Derrigortasun-data: 2002/03.

– Tokia: Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

Herri Administrazio eta Justizia Saila.

– Destinoko herria: Bilbao.


Azterketa dokumentala