Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2016ko irailaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3848

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 8koa, Ingurumeneko sailburuarena, Trapagaranen eta Portugaleten elastikotasun handiko altzairu uhinduak eta totxoa fabrikatzeko Nervacero SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatu eta berrikustekoa.

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Nervacero SAri Trapagaranen eta Portugaleten elastikotasun handiko altzairu uhinduak eta totxoa fabrikatzeko.

2008ko ekainaren 13an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nervacero SAk 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren aurka.

2009ko martxoaren 2an, Nervacero SAk 2008ko apirilaren 25eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak. Aipatutako aginduan, partzialki onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira aipatutako ebazpenaren zenbait zenbaki: aurrekariak, lehena, bigarrena (A, C.1.2.3, C.1.3.1, D.2 eta E.3 azpizenbakiak) eta hirugarrena.

Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez, Nervacero SAri Trapagaranen eta Portugaleten elastikotasun handiko altzairu uhinduak eta totxoa fabrikatzeko emandako ingurumen-baimen integratua aldatu eta gauzatzen da, eta 16-I-01-0000000000029 baimen-zenbakia eman zitzaion.

2012ko martxoaren 8an, argitara eman zen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakia –ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituena–.

2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean, argitara eman zen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluak ingurumen-baimen integratua berrikusteko prozedura ezartzen du, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratuz gero.

2015eko azaroaren 9an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Nervacero SAri: alderaketa bat, hau da, ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenak aintzat hartuz gero, instalazioaren funtzionamendua nolakoa litzatekeen adieraztea, lurzoruei buruzko informazio eguneratua eta oinarrizko txostena egiteko aurreikuspena.

2015eko abenduaren 2an, Nervacero SAk ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen, eta hauek eskatu zituen: batetik, foku birtualaren kontzeptua aplikatzeko 3. eta 4. fokuei; bestetik, PCDD/Fren mugaren aplikagarritasuna luzatzea, sortzen ari diren teknologiekin zenbait proba egitearren, isurketak murrizteko.

2015eko abenduaren 14an, Ingurumeneko sailburuordearen Ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Horren arabera, Nervacero SAren ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena 30 egun baliodunez jendaurrean jarri zen; hartara, nahi beste alegazio aurkeztu ahal izateko. Ingurumen-baimen integratua jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, 2016ko urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txosten bana eskatu zien Trapagarango eta Portugaleteko udalei eta Osasun Sailari.

2016ko otsailaren 15ean, 2016ko otsailaren 29an eta 2016ko martxoaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Trapagarango eta Portugaleteko udalek txosten bana igorri zuten (espedientean jasota daude).

Ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakiak isurtzeko muga-balioak ezartzen ditu altzairu-ekoizpenaren sektoreko arku elektrikoko labeetarako; beraz, ingurumen-baimen integratua berrikus daiteke, ondorio horietara egokitzeko.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren 3. zenbakiak hau ezartzen du:

«Ingurumen-baimen integratuan atmosfera kutsa dezaketen zenbait prozesu edo jarduera barne hartzen badira, foku birtualtzat jo ahal izango da, foku atmosferiko guztien batukari haztatua, aukera emango duena isurketa orokorren muga-balioak ezartzeko sortutako kutsatzaile bakoitzerako; betiere, isurtzeko banakako muga-balioak erabiltzearen baliokide den ingurumen-babeseko maila bermatzen bada.»

Hortaz, Nervacero SAk egindako eskaera onar daiteke, D.3.3 eta D.3.4 zenbakiak aldibereko kontrol banakatura egokitu, eta 3. eta 4. fokuetarako baterako betetze-ebaluazioa egin.

Kontuan hartuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 7. artikuluaren 6. zenbakian hau dagoela xedatuta:

«6.– Organo eskudunak artikulu honetan eta 4.1.a) artikuluan ezarritako baldintzen aldi baterako salbuespenak eman ahalko ditu bederatzi hilabeteak gaindituko ez dituen denbora-tarte batean probak egiteari eta teknika berriak erabiltzeari dagokionez, betiere, ezarritako denbora-tartearen ostean, teknika eteten bada, edo jarduera, gutxienez, eskuragarri dauden teknika onenei loturiko isurketa mailetara heltzen bada.»

Beraz, Nervacero SAk egindako eskaera onar daiteke, D.3.3 zenbakia egokitu, eta probak egiteko epe bat zehaztu, bai eta 3. eta 4. fokuetarako muga iragankor bat ere.

Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena izapidetzeko prozesuan, beharrezko dokumentazioa aurkeztu da; beraz, 2015eko abenduaren 18ko Ebazpenaren bigarren zenbakia (D.3 eta E.1 azpizenbakiak) alda daiteke, ondorio horietara egokitzeko.

Nervacero SAren jarduerak substantzia arriskutsu nabarmenak igortzea dakar, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukera aintzat hartuta; beraz, sei hilabeteko epean lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egitea eska daiteke; hartara, alderaketa kuantitatiboa egin ahal izango da jarduera behin betiko amaitzean duenarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan –ingurumen-baimen integratua aldatzeari buruzkoa– zehaztutakoari eta 2015eko abenduaren 18ko Ebazpenaren D.6 zenbakian zehaztutakoari jarraikiz, egokitu daiteke lurzoruaren babesari buruzko zenbakiaren idazketa eguneratzeko.

Nervacero SAri emandako ingurumen-baimen integratua alda daiteke, adierazitako aldaketak txertatu ahal izateko.

Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.

Eta honako arau hauek guztiak aztertu ondoren: Euskal Herriko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, ekainaren 11ko 5/2013 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Nervacero SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatu eta berrikustea, eta baimenaren baldintzak ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituena Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakira egokitzea, zehazki, 2015eko abenduaren 18ko Ebazpenaren bigarren zenbakiari dagokionez (D.3, D.6 eta E.1 azpizenbakia). Honela idatzita geldituko da:

«D.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.3.1.– Baldintza orokorrak.

Nervacero SA planta ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketen probabilitatea murrizteko eta horien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosferako kutsadurari aurre egiteko neurriak daude jasota proiektuan, eta beti beteko dira neurriok. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak hartuko dira: hala nola, agregatu-pilak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Instalazioaren titularrek atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Fokuen sekzioak, neurketa-tokiak, laginketa-puntuek, neurketa-puntuek, irisgarritasunak, segurtasunak eta zerbitzuek atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan zehaztutakoa bete beharko dute.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, aipatutako epea luzatzea eska dakioke Ingurumen Sailburuordetzari, behar bezala justifikatuta badago.

D.3.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Elastikotasun handiko altzairu uhinduak eta totxoa fabrikatzen dituen Nervacero SAren instalazioak 03 03 02 01 eta 04 02 07 01 jarduerei lotutako hurrengo foku hauek ditu –atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta aplikatzeko oinarrizko xedapenak zehazten dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasota daude–:

(Ikus .PDF)

Foku sistematiko baterako funtzionamendu-baldintzarik ez dagoenean urte jakin batean, ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea urte horretan. Hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Inguruabar hori ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da.

Horretaz gain, ondorengo prozesuetan isurtze barreiatuak sortzen dira:

● Urtze- eta fintze-prozesuak altzairutegi-nabean; nabearen sabaian dagoen xurgatze-sistemak (canopy) biltzen ditu gehienbat, baina gehien sortzen den uneetan, isurtze barreiatuak sortzen dira txatarra biltegiratzeko nabearen bitartez.

● Zepa beltza itzali eta hozteko prozesua altzairutegi-nabearen ondoan; ur-lurruna isurtzen du, eta partikulak arrastatu, hoztearen lehen uneetan.

D.3.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

* Bi fokuei aplika dakizkiekeen mugak baloratzeko, bi fokuei aldi berean egindako kontroletan erregistratutako neurriak hartuko dira abiapuntu, eta baterako ebaluazioa egingo da foru bakarraren kontzeptua aplikatuz.

** PCDD/Fren balioa 2016ko abuztuaren 2tik aurrera aplikatuko da, sortzen ari diren proposatutako teknikekin probak egin ondoren. Ordura arte, 0,5 ng I-TEQ/Nm3 balio iragankor bat zehazten da.

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

● Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

● Modu jarraituan neurtutako parametroen neurketen kasuan (3. eta 4. fokuak) (partikula guztiak), aurreko isurtzeko muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da, eguneko batez besteko balio baliodun batek ere ez badu isurtzeko muga-balioa gainditzen. Baliozkotutako batez besteko eguneko balioak ustiaketa eraginkorraren epean zehaztuko dira (martxan jartzeko eta gelditzeko epeak salbuetsita), neurtutako erdiordutegiko batez besteko balio baliodunak oinarritzat hartuta eta betiere, ondoren zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ostean:

Isurtzeko gehienezko balioetan zehaztutako % 95eko konfiantza-tartearen balioak ez ditu ondorengo isurtzeko muga-balioen ehunekoak gaindituko: guztizko partikulen % 30.

● Erregistro-denbora ez-baliozkotzat jotzen dira neurketa-ekipoen mantentze-lanak, matxurak edo funtzionamendu okerra.

Isurtzeko muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio.

Ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakian xedatutakoarekin bat aplikagarri den dioxinen muga betetzen dela ziurtatzeko, Nervacero SA probak egiten ari da sortu berri diren zenbait teknikarekin, dioxinen eta furanoen isurpenen mailak optimizatzeko. Zehazki, honako hauen bidez egingo dira probak:

● Zepa zuriak sartuko dira labean, eta sartzeko punturik onena zein den analizatuko da aurrez.

● Erabiltzen ez diren pneumatikoak baliatuko dira labean injektatzeko (polimeroa injektatzeko teknologia).

Bi hilez behin, proben aurrerapenaren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari.

Probak amaitu ondoren, lortutako emaitza eta ondorioen –dioxinak isurtzeko muga-balioaren betetzearen aurreikuspena barne– txosten osatu eta zehaztu bat igorri beharko zaio ingurumen-organo honi, probak amaitu eta hilabeteko epean.

D.3.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistema.

Guneetako hondar-gasak husteko tximiniak D.3.2 zenbakian ezarritako kotatik gora helduko dira. Laginketa-puntuen atalak eta kokapena argitaratutako jarraibide teknikoetan zehaztutakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienean,Ingurumen Sailburuordetzako jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Gas-efluenteak tratatzeko sistemak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak. »

«D.6.– Lurzoruari lotutako baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean zehaztutako betebeharrak betez aurkeztutako egoerari buruzko aurretiazko txostenarekin bat eta horretan jasotako gomendioei jarraikiz, Nervacero SAk behar diren neurriak hartu beharko ditu lurzorua babesteko, manipulatutako materialak eta identifikatutako arrisku-guneak aintzat hartuta.

Hamabost egunez behin, aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena eguneratu egin beharko da, eta instalazio guztietarako kutsadura-arriskuaren ebaluazioa txertatu. Aipatutako txostena dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.

Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen denean, sustatzaileak dagokion lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio ingurumen-organoari.

Lurrak mugitzea dakarten obrak egin behar baditu –are ekoizpen-jarduerarik gabeko eremuetan ere–, sustatzaileak hondeatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu beharko ditu, egiaztatu ahal izateko, lurra kutsa dezaketen jardueren ondorioz benetan kutsatu ote diren, eta zehaztu ahal izateko, karakterizazioaren emaitzak ikusita, zein den material horiek kudeatzeko biderik egokiena.

Alabaina, obrak egin behar badira aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere jarduerarik eza hori behar bezala justifikatzen bada.

Ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzarentzat proposatutako kudeaketa-modua egokia dela, organoak onartu aurretik; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da eta egindako azterketen kopia bat erantsi:

1.– Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori espero daitekeen kutsaduraren heterogenotasunaren eta homogeneotasunaren arabera aldatu ahal izango da. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateekin.

2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, ekainaren 25eko 4/2015 Legean –Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoan– ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpiko balioa eduki beharko dute material horiek, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, laginketa eta azterketa erakunde egiaztatu batek egin beharko du honen arabera: urriaren 10eko 199/2006 Dekretua, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

3.– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

4.– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. zenbakiaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari horren berri eman beharko zaie, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, betiere aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz.

Sei hilabeteko epean, substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat aurkeztu beharko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.

Halaber, epe berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez honako hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren jarraipena egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).»

«E.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

E.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Nervacero SAk botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:

(Ikus .PDF)

* Aldi berean egingo dira kontrolak 3. eta 4. fokuetan.

b) Kontrol hauek Administrazioko Lankidetza Erakunde batek egin beharko ditu, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa betetzeko, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) zenbakian azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunarekin, baldin eta emisioaren iraupen globala plantaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gora bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

d) Etengabeko neurketa.

Nervacero SAk etengabe neurtu beharko ditu partikulak «Tecoaer 1 iragazkia» 3. fokuan eta «Tecoaer 2 iragazkia» 4. fokuan.

Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu isuriak neurtzeko sistema jarraikiak.

Emisioak etengabe neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.

Neurtzeko sistema jarraikiaren instalazioa, kalibrazioa, kontrola, mantentze-lanak eta jakinarazpenak, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriak ingurumen-arloko eskumenak dituen Sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.

Instalazioen titularrek izango dute neurtzeko sistema jarraikiaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta neurtzeko kontrol jarraikiaren bidez erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.

Neurgailu jarraikiak dituzten emisio-fokuentzat, neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren 100eko 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetza honek bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.

Segidako 15 egunetik gora neurtzeko sistema jarraikia konektatu gabe badago edo gaizki badabil, Ingurumen Lankidetzarako Erakundearen bidez etengabe neurtu behar liratekeen parametroen aldizkako autokontrolak egin beharko dira, 15 eguneko maiztasunaz, gorabehera hasten den egunetik kontatzen hasita, eta neurtzeko sistema jarraikiak zuzen jardun arte.

Neurtzeko sistema jarraikiaren funtzionamenduari buruzko txosten bat egin eta Sailburuordetza honetara igorri beharko da urtero, ingurumenaren arloko eskumenak esleitu dituen sailak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.

e) Txostenak.

Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera Ingurumen Sailaren jarraibide teknikoetan ezarritako txosten guztiak igorri beharko dira.

E.1.2.– Txostenak eta kontrolen erregistroak.

E.1.1 puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Emisio atmosferikoen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, eta betiere, hauetan xedatutakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.»

Bigarrena.– Nervacero SAk honako hauek aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari ebazpen hau jakinarazten denetik hasita sei hileko epean:

● Substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.

● Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat, ebazpen honen D.6 letran adierazten den moduan.

Hirugarrena.– Nervacero SAri eskatzea Ingurumen Sailburuordetza honetara igorri beharreko ingurumena zaintzeko datorren urteko programan ebazpen honetan jasotako ingurumen-baimen integratuaren aldaketak gehitzeko.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 30. artikuluan, eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Nervacero SAri, Trapagarango eta Portugaleteko udalei, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 8a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IOSU MADARIAGA GARAMENDI.


Azterketa dokumentala