Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2016ko abuztuaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3644

AGINDUA, 2016ko ekainaren 7koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten, 2016-2017 ikasturtean helbidearen arabera dagokien ikastetxe publikoan edo, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak espresuki aginduta, ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu batean eskolatu dauden eta ohiko eskola-garraioa erabili ezin duten ikasleentzat.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa antolatzen du, ikasturte bakoitzean, eskola-garraioa. Zerbitzu hau gauzatzeko, ibilbideak kontratatzen dira, eta ikaslearen helbidearen eta ikastetxearen arteko distantzia eta ikasleen kopurua hartzen dira kontuan, ibilbide horiek zehazteko orduan.

Badira, egunero ikastetxeetara joan ahal izateko, irtenbide bat bilatu behar zaien ikasle jakin batzuk, eta, ikasle horien artean, ohiko garraioa erabili ezin duten edo ezarritako ibilbideetara egokitzen ez diren desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleek kolektibo espezifiko bat osatzen dute. Helburu horrekin egiten da banakako diru-laguntzak emateko deialdi hau, eta, oro har, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (azaroaren 17ko diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duenak) xedatutakoaren arabera jokatuko da diru-laguntza horiek emateko orduan. Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuko diru-laguntzak arautzeri buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak VI. tituluan agertzen dituen xedapenen arabera eta, abenduaren 23ko 9/2015 Legeak, 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak onartzen dituenak, xedatutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Agindu honen helburua da eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak iragartzea ezgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten, 2016-2017ko ikasturtean helbidearen arabera dagokien ikastetxe publikoan edo, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak espresuki aginduta, ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu batean eskolatu dauden eta ohiko eskola-garraioa erabili ezin duten ikasleentzat.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak finantzatzeko 2.449.500 euro erabiliko dira, horrela banatuta: 1.592.175 euro 2016ko ekitaldian eta 857.325 euro 2017ko ekitaldian. Eman beharreko diru-laguntzen guztizko kopuruak ez du aipatutako zenbatekoa edo, indarreko legerian aurreikusten den kreditu-loturaren edo aurrekontua aldatzearen erregimenaren arabera, gaurkotzearen ondoriozkoa gaindituko, eta, behar izanez gero, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntzen beste programa batzuk gauzatzearen ondoriozko agortu gabeko aurrekontuak erabiliko dira. Hori gertatuz gero, deialdia ebatzi aurretik, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da argitara.

2.– Aurrekontu-funtsak nahiko ez badira, ezarritako epean aurkeztu eta exijitutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, haietako bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak.

Elbarritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten ikasleek, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan azaltzen dituen baldintza orokorrak betetzen badituzte, ohiko eskola-garraioa erabili ezin badute eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte, izango dute deialdi honi lotzeko aukera.

a) 2016-2017 ikasturtean helbidearen arabera dagokion ikastetxe publikoan edo, ikastetxe publiko horrek ikaslearen premia bereziei behar bezalako erantzuna emateko ingurunea eta espezializatutako pertsonala ez baditu, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak espresuki aginduta ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu batean matrikulatuta egotea.

b) 2016ko abenduaren 31n 21 urte beteak ez izatea.

c) Lurralde mailako organo eskudunak emandako desgaitasun-ziurtagiria; desgaitasun mota eta maila adierazi beharko ditu.

d) Tokian-tokiko berritzeguneko hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzaren balorazioaren arabera ohiko eskola-garraioa erabili ezin izatea.

e) Dohainikako edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz lagundutako garraioa edukitzeko aukerarik ez izatea.

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikaslearen premietara egokitutako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, taxia ... ) helbidearen eta ikastetxearen artean baldin badago, garraiobide merkeenarena izango da emango den diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.– Ikasleen garraioa egiteko ibilgailu partikularrak erabiltzen badira, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko operazio hau egingo da: helbidearen eta ikastetxearen arteko kilometroen kopurua bider 0,29 euro.

3.– Ikaslea garraiatzeko bidaiak besterik ez dira diruz lagunduko eta, ikastetxeak eskola-jantokia duen kasuetan, ez dira egunean bi bidaia baino gehiago, eta inola ere ez lau baino gehiago, diruz lagunduko.

5. artikulua.– Eskaerak: dokumentazioa eta bateraezintasuna.

1.– Eskatzaileak ondorengo baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko erantzukizuneko adierazpena sartuko dute diru-laguntzen eskaerek, agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera:

a) Diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzeko zigorra administrazioaren edo justizia-auzitegien bidez jaso ez izana; halaber, ezin izango da horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekupean egon, ezta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatu ahal izan direnen pean ere.

b) Helburu berberarekin beste edozein erakunde publiko edo pribatu baten diru-laguntzarik jaso ez izana.

c) Zerga-eginbeharrak edo Gizarte Segurantzari begirakoak eguneratuta izatea.

d) Diru-laguntza emateko orduan exijitutako eta kontuan hartutako baldintzetakoren bati eragiten dion edozein zirkunstantzia aldatuz gero, bere gain hartzen du aldaketa horren berri Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko konpromisoa.

2.– Agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzak ez dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin eman ditzaketen beste batzuekin bateragarri.

3.– Diru-laguntzak onuradunei eman eta ordaintzeko prozesuak diru-laguntzak itzultzeko edo zigortzeko edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen eremuan hasi bada, bukatzearen baldintzapean egongo dira.

4.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Lege Organikoak, titularitate publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, deialdi honen tramitazioan jasotako datuak, parte-hartzaileek tratamendurako eta argitara emateko baimena ematen badute, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira eta diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte hartzen duten pertsonei deialdia aurrera nola eramaten ari den informatzea izango ditu fitxategi horrek helburu. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira datuetara sartzeko eta datuak zuzendu, itxi eta aurkatzeko eskubideak, eta, horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ematen diote aurkeztutako agiri publikoak egiazkoak diren beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko eta zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzari begirakoak egunean dituztela ziurtatzeko egiaztagiria zuzenean, ziurtagiri telematikoen bidez, lortzeko baimena. Azken kasu honetan, baimena emateari espresuki uko egin ahal izango dio eskatzaileak eta, orduan, ziurtagiria aurkeztu beharko du.

6. artikulua.– Prozedura eta epeak.

1.– Aitak, amak, tutoreak, legezko ordezkariak edo ikasleak berak, adin nagusikoa bada, I. eranskinaren ereduaren arabera eskatuko du laguntza eta desgaitasun-ziurtagiriaren kopia ondorengo tokietan aurkeztu beharko du, hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita: ikasten duen ikastetxeko zuzendariari; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein egoitzatan, edo Herritarrei Arreta Emateko Eusko Jaurlaritzako Zuzenean Zerbitzuko edozein bulegotan: Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao, Bizkaia; Andia kalea 13, 20003 Donostia, Gipuzkoa, eta Ramiro de Maeztu 10 behea, 10008 Vitoria-Gasteiz, Araba. Informazioa eta arreta telefonoz eskatzeko, zenbaki hauetara jo beharko da: 012 Euskal Autonomia Erkidegotik, 945 01 80 00 Euskal Autonomia Erkidegotik at, eta 00 34 945 01 80 00 atzerritik.

2.– Ikastetxeetako zuzendariek 10 eguneko epea izango dute I. eta II. eranskinak tokian-tokiko Hezkuntza Ordezkaritzari bidaltzeko, eskaerak aurkezteko epeak bukatzen duen datatik kontatzen hasita.

7. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko eskuduntzak dituen organoa.

8. artikulua.– Eskaerak baloratzea eta diru-laguntzak ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek aztertuko dituzte eskaerak eta berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzen balorazioa hartuko dute kontuan.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek Balorazio Batzordeari helaraziko diote beren proposamena, behar bezala informatua eta lurralde arduradunaren bidez. Balorazio Batzorde horrek, deialdian ezarritako baldintzak kontuan hartuta, lurralde proposamenak aztertuko ditu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztuko dio esleitzeko behin betiko proposamena. Honek ebatziko du.

3.– Hezkuntza Bereziaren arduraduna izango da Balorazio Batzordearen buru, eta kide hauek osatuko dute:

– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusiak edo eskuordetzen duen pertsonak.

– Hezkuntza Berriztatzeko lurralde teknikariek; haietako bat idazkari gisa ari izango da.

4.– Deialdi honi buruzko ebazpena eskatzaileei jakinarazteko, https://euskadi.eus web orriaren iragarki-taula elektronikoan emango da argitara. Ebazpena argitara ematean, onuradunak zeintzuk diren eta emandako zenbatekoak jakinaraziko dira eta, diru-laguntzak eman ez diren kasuetan, arrazoiak azalduko dira.

5.– Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuordeari administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen horren kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Arestian azaldutakoaren kalterik gabe, diru-laguntzak kontrolatzearen ardura duten ikastetxeetako zuzendariei ere emango zaie ebazpenaren berri; zuzendari horiek, halaber, onuradunei emango diete ebazpenaren berri eta erabakia onartzen duten galdetuko diete. Edonola ere, zirkunstantzia horrek ez dio jakinarazteko erari eragingo, ezta errekurtsoa aurkezteko aurreko bi ataletan aurreikusten den epeari ere.

7.– Sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, berariazko ebazpena eman ezean, eskaera ezetsi dela interpretatu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, aipatutako legeak espresuki ebazteko administrazioei ezartzen dien eginbeharraren kalterik gabe.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza interesdunari, ikasten duen ikastetxearen bidez, egingo zaizkion aldez aurreko bi ordainketatan emango da: lehen ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 65 hilabeteko epean, 10.a) artikuluan xedatutakoaren arabera diru-laguntza onartu eta hurrengo egunetik hasita, eta, bigarrena ordainketa, guztizko zenbatekoaren beste % 35a ikasturtea bukatu aurretik. Baldin eta izapidetzen ari den dirua itzultzeko edo zigor-prozeduraren batean badago onuraduna, prozedura horrek bukatu ondoren eman edo, emanda badago, ordainduko zaio diru-laguntza. Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariek diru-laguntza horiek ordaintzea justifikatzeko, fakturak aurkeztuz, eskaera egin ahal izango diote ikastetxeari, 11.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har xedatutako eginbeharren kalterik gabe, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek, betiere, ondorengo eginbeharrak bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, hamar eguneko epean, onuradunen zerrenda argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, onuradun horiek espresuki eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartzen dutela interpretatuko da.

b) Diru-laguntza eman den helburu konkreturako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako jardueraren helburua funtsean aldatzen duen edozein ustekabeko gertaera jakinaraztea. Halaber, eman beharko die Lurralde Ordezkaritzei, Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari instituzio horiek, beren funtzioetan aritzean, deialdi honen konturako jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dioten informazioa.

11. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Ikasturtek bukatuta, eta 2017ko irailaren 15a baino lehenago, diru-laguntzen zenbatekoak garraio-ordainagiriekin justifikatzeko eskaera egingo diete ikastetxeetako zuzendariek onuradunei. Justifikatzeko dokumentazio hori (txartelak, fakturak, ...) ikastetxean artxibatuko da, agian egin beharko diren egiaztatzeetarako.

2.– Ikastetxe publikoetako zuzendariek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzen kontuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu zentraletan itunpeko ikastetxe pribatuetako zuzendariek, sartuko dute justifikatu ez diren eta, ikaslea klasera joan ez izanagatik edo ikastetxean bajan eman izanagatik, erabili ez diren diru-laguntzen zenbatekoa eta, diru-laguntza ordaindu bada, erabat edo partzialki itzultzeko eskaera egingo diote onuradunari.

3.– Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainontzeko legeriak adierazitako edozein arrazoirengatik diru-laguntza itzultzeko espediente bati hasiera emanez gero, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak, bigarren tituluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da eta, behar izanez gero, jasotako kopuruak, guztiz edo partzialki, gehi berandutza-interesak itzuli beharko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatzen duena aplikatu beharko da agindu honetan arautzen ez diren gaietan. Halaber, eta agindu honetan xedatutakoaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak) VI. tituluan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (azaroaren 17ko diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren araudia onartzen duenak) xedatutakoaren arabera jokatuko da diru-laguntzen arloan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Interesdunek aukerako aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen kontra, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, egunkari ofizial berean argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik izango ditu agindu honek ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 7a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala