Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2016ko abuztuaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3608

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez Kutxa fundazioaren (fundazio irenslea) eta Mirabide fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita, fundazio irentsiaren erregistro-idazpenen ezereztearekin batera.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko abenduaren 22an, irenste bidezko bat-egite horren eskabidea sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistroan, eta, eskabidearekin batera, Donostiako notario Guadalupe María Inmaculada Adánez Garcíaren aurrean 2015eko abenduaren 11n egiletsitako eskrituraren bi kopia baimendu aurkeztu ziren (protokolo-zenbakia: 1929). Eskritura horren bidez, publiko egin ziren Kutxa fundazioaren eta Mirabide fundazioaren arteko irenste bidezko bat-egitea egiteko erabakiak, eta irentsitako fundazioaren ondare guztia batera eskualdatzen zaio fundazio irensleari, eskubide eta betebehar guztien oinordetzarekin batera. Eragiketaren inskripzio-eguna Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan aditzera ematen da; izan ere, egun horretatik aurrera izango dituzte ondorio juridikoak eta kontableak irenste-eragiketek.

Eskritura publiko horretan, bi fundazioen 2015eko urriaren 30eko eta azaroaren 26ko balantzeak jasotzen dira. Era berean, eskritura publiko horretan, bat-egitean parte hartzen duten bi fundazioen patronatuek bat egiteko hartutako erabakien ziurtagiriak jasotzen dira (2015eko azaroaren 30ekoak).

Bigarrena.– Horretarako izapidetutako espedientean dago jasota, 2016ko martxoaren 1ean eta 22an eskatu zitzaizkiela behar ziren saileri aginduzko txostenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onesten dun ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 3. eta 5. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio bat-egitea eta fundazio irensleak egindako estatutu-aldaketa onartu eta inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea; hala ezarrita dago Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 38. eta 48. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Funtsezko iritzi diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, hartara, bat-egitea dela-eta, bereziki bete dira artikulu hauetan ezarritako eskakizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioaren ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 32. artikuluan ezarritakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen 101/2007 Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoak.

Hirugarrena.– Fundazio irensleak erabakitako estatutu-aldaketa dela-eta, bete da orobat artikulu hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33. artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 44. artikulua (erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartu zen). Estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Kutxa fundazioaren (fundazio irenslea) eta Mirabide fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitea.

Bigarrena.– Agintzea inskriba dadila Kutxa fundazioaren (fundazio irenslea) eta Mirabide fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitearen eskritura, agindu honen datarekin, Donostiako notario Guadalupe María Inmaculada Adánez Garcíaren aurrean 2015eko abenduaren 11n egiletsitako eskriturarekin bat (protokolo-zenbakia: 1929).

Hirugarrena.– Onartzea fundazio irenslearen indarreko estatutuen 8. artikuluaren aldaketa. Fundazio irensleak bere gain hartuko du fundazio irentsiaren helburua; beraz, fundazio irenslearen estatutuen 8. artikulua honela idatzi behar da:

«8. artikulua.– Kutxa fundazioaren helburu nagusia da Kutxa Banku Fundazioaren gizarte-ekintza kudeatzea eta administratzea, baita, helburu nagusi hori ahalik eta ondoena lortzeko, patronatuak beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituen jarduera guztiak ere.

Jarduera horiek, edonola ere, interes orokorreko helburuak lortzera bideratuko dira, esate baterako: gizarte-laguntzak ematea eta gizarteratzea sustatzea; gizatasuneko, hezkuntzako, kulturako, zientziako, kiroleko, osasuneko eta laneko helburuak; garapenerako lankidetza; gizarte-ekintza eta boluntariotza sustatzea; ingurumenaren defentsa eta jasangarritasunaren kultura sustatzea; arrazoi fisikoak, sozialak edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak babestea eta haiei arreta eskaintzea; tolerantzia eta gizarte-balioak sustatzea; informazioaren gizartea garatzea, edo ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa.

Kutxa fundazioak, patronatuaren bitartez, honako eginkizun hauek izango ditu bereziki:

● Banku-fundazioaren patronatuarekin koordinatzea, gizarte-ekintzaren arloan, bai banku-fundazioak gizarte-ekintzarako zuzkidura bere gain hartzeko, bai berori bete dadila lortzeko.

● Banku-fundazioaren gizarte-ekintza guztia planifikatzea eta oro har egikaritzea, erakundeekiko eta hirugarrenekiko elkarrizketa bere gain hartuta, Kutxaren gizarte-ekintzaren arloan.

● Kutxaren gizarte-ekintzari berariaz atxikitako eta eskualdatzen zaion ondarea zaindu, kudeatu eta administratzea.

● Ekonomia- eta finantza-kontrola egitea, gizarte-ekintzaren kontabilitate orokorraren zentralizazioaren bidez. Banku fundazioaren patronatuari justifikatu beharko dio nondik datozen eta zertan erabili diren funtsak.

● Banku-fundazioaren komunikazio-atalarekin koordinaturik, gizarte-ekintzaren komunikazio-plana egitea.

● Giza baliabideak kudeatzea, eskumendeko fundazioei aitortutako kudeaketa-autonomia kaltetu barik.

Horiekin batera, Kutxa fundazioaren beste helburuetako bat bada Gipuzkoako lurralde-eremuan zientzia sustatzea, izan ikerketa zientifikoa lagunduz edo izan ezagutza zientifiko horren zabalkundea sustatuz. Fundazioak interes orokorreko bere helburuak, bereziki, bi arlo hauetan garatzen ditu:

● Zientzia-arloetan: biztanleria arteko zientzia-zabalkundea da helburua, zientzia aplikatuen eta berrikuntza teknologikoen erakusketen eta irakaskuntzen bidez. Arlo honen garapenean, fundazioak bere gain hartzen ditu Miramoneko zientzia-museoaren kudeaketa eta administrazioa (Eureka – Zientzia Museoa).

● Ikerkuntza-arloan: oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatzea da helburua, batez ere, ikerketa biomedikora zuzendutakoa, Gipuzkoan dauden ikertzaileen arteko elkarrekintzetarako gune bat ematearren, zientzia-jardueren sustapenaren bidez.»

Laugarrena.– Fundazio irenslearen gobernu-organoak ez du inolako aldaketarik izango; beraz, gaur egun gobernu-organoa osatzen dutenek orain betetzen dituzten kargu berak beteko dituzte.

Bosgarrena.– Ezereztea Mirabide fundazioaren erregistro-idazpenak.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala