Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2016ko abuztuaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3607

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez Kutxa Fundazioaren (fundazio irenslea) eta Fundación Arteaga Fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita eta fundazio irentsiaren erregistro-idazpenak ezerezten baitira.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko ekainaren 20an, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean, fundazioa irentsiz bat-egiteko eta fundazio irenslearen estatutuak aldatzeko eskritura publikoa sartu zen, bide telematikoz; eskritura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko Guadalupe María Inmaculada Adánez García notarioaren aurrean egiletsi zen (1050 protokolo-zenbakia) 2016ko ekainaren 16an, Kutxa Fundazioarekin eta Fundación Arteaga Fundazioarekin lotuta. Eskritura horren bidez, publiko egin ziren Kutxa Fundazioaren eta Fundación Arteaga Fundazioaren arteko irenste bidezko bat-egitea egiteko akordioak; eta irentsitako fundazioaren ondare guztia batera eskualdatzen zaio fundazio irensleari, ondasun, eskubide eta betebehar guztien jarraipenarekin.

Eskritura publiko horretan, bi fundazioen 2016ko apirilaren 30eko balantzeak jasotzen dira. Era berean, eskritura publiko horretan, bat-egitean parte hartzen duten bi fundazioen patronatuek bat egiteko hartutako erabakien ziurtagiriak jasotzen dira (2016ko maiatzaren 27koak).

Bigarrena.– Horretarako izapidetutako espedientean dago jasota 2016ko ekainaren 24an eskatu zitzaizkiela behar ziren saileri aginduzko txostenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 3. eta 5. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio bat-egitea eta fundazio irensleak egindako estatutu-aldaketa onartu eta inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea; hala ezarrita dago honako hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 37. eta 38. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Funtsezko iritzi diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, hartara, bat-egitea dela-eta, bereziki bete dira artikulu hauetan ezarritako eskakizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 38. artikuluan ezarritakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen 101/2007 Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoak.

Hirugarrena.– Fundazio irensleak erabakitako estatutu-aldaketa dela-eta, bete da orobat artikulu hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33. artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 44. artikulua (erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartu zen). Estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kutxa Fundazioaren (fundazio irenslea) eta Fundación Arteaga Fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitea onartzea.

Bigarrena.– Agintzea inskriba dadila Kutxa Fundazioaren (fundazio irenslea) eta Fundación Arteaga Fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitearen eskritura, agindu honen datarekin, Donostiako notario Guadalupe María Inmaculada Adánez Garcíaren aurrean 2016ko ekainaren 16an egiletsitako eskrituraren edukiarekin bat etorrita (protokolo-zenbakia: 1050).

Hirugarrena.– Onartzea fundazio irenslearen indarreko estatutuen 8. artikuluaren aldaketa. Fundazio irensleak bere gain hartuko du fundazio irentsiaren helburua; beraz, fundazio irenslearen estatutuen 8. artikulua honela idatzi behar da:

«8. artikulua.– Kutxa Fundazioaren helburu nagusia da Kutxa Banku Fundazioaren gizarte-ekintza kudeatzea eta administratzea, baita, helburu nagusi hori ahalik eta ondoena lortzeko, patronatuak beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen dituen jarduera guztiak ere.

Jarduera horiek, edonola ere, interes orokorreko helburuak lortzera bideratuko dira, esate baterako: gizarte-laguntzak ematea eta gizarteratzea sustatzea; gizatasuneko, hezkuntzako, kulturako, zientziako, kiroleko, osasuneko eta laneko helburuak; garapenerako lankidetza; gizarte-ekintza eta boluntariotza sustatzea; ingurumenaren defentsa eta jasangarritasunaren kultura sustatzea; arrazoi fisikoak, sozialak edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak babestea eta haiei arreta eskaintzea; tolerantzia eta gizarte-balioak sustatzea; informazioaren gizartea garatzea, edo ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa.

Kutxa Fundazioak, patronatuaren bitartez, honako eginkizun hauek izango ditu bereziki:

● Banku-fundazioaren patronatuarekin koordinatzea, gizarte-ekintzaren arloan, bai banku-fundazioak gizarte-ekintzarako zuzkidura bere gain hartzeko, bai berori bete dadila lortzeko.

● Banku-fundazioaren gizarte-ekintza guztia planifikatzea eta oro har egikaritzea, erakundeekiko eta hirugarrenekiko elkarrizketa bere gain hartuta, Kutxaren gizarte-ekintzaren arloan.

● Kutxaren gizarte-ekintzari berariaz atxikitako eta eskualdatzen zaion ondarea zaindu, kudeatu eta administratzea.

● Ekonomia- eta finantza-kontrola egitea, gizarte-ekintzaren kontabilitate orokorraren zentralizazioaren bidez. Banku fundazioaren patronatuari justifikatu beharko dio nondik datozen eta zertan erabili diren funtsak.

● Banku-fundazioaren komunikazio-atalarekin koordinaturik, gizarte-ekintzaren komunikazio-plana egitea.

● Giza baliabideak kudeatzea, eskumendeko fundazioei aitortutako kudeaketa-autonomia kaltetu barik.

Era berean, Kutxa Fundazioaren helburua da ezagutza zientifikoa sustatzea Gipuzkoan, izan ikerketa zientifikoa lagunduz edo izan ezagutza zientifiko horren zabalkundea sustatuz. Fundazioak, bereziki, bi arlo hauetan garatzen ditu bere interes orokorreko helburuak:

● Zientzia-arloetan: biztanleria arteko zientzia-zabalkundea da helburua, zientzia aplikatuen eta berrikuntza teknologikoen erakusketen eta irakaskuntzen bidez. Arlo honen garapenean, fundazioak bere gain hartzen ditu Miramoneko zientzia-museoaren kudeaketa eta administrazioa (Eureka-Zientzia Museoa).

● Ikerkuntza-arloan: oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatzea da helburua, batez ere, ikerketa biomedikora zuzendutakoa, Gipuzkoan dauden ikertzaileen arteko elkarrekintzetarako gune bat ematearren, zientzia-jardueren sustapenaren bidez».

Era berean, honako hau ere badauka interes orokorreko helburu gisa: landa- eta nekazaritza-sektorearen garapen jasangarria sustatzea Gipuzkoan, eta ingurumen naturala ezagutu eta zaindu dadin bultzatzea, landa-ingurunean gorde den jakintza tradizionala eta azken belaunaldiko jakintza zientifikoa eta teknologikoa konbinatuz. Horretarako, Fundazioak ingurumen-arloko prestakuntza eta heziketa sustatuko du, belaunaldi berriek berez har ditzaten mundu jasangarri bateranzko jardunbiderik egokienak.

Helburu orokor horien barruan, Fundazioak, bereziki, honako jarduera hauek egin ahal izango ditu:

1) Zabalegi Nekazari Eskolan, erreferentziako zentro bat sortu eta kudeatzea ingurumen-arloko prestakuntza eta heziketarako.

2) Gipuzkoako landa- eta nekazaritza-sektorearen garapen jasangarriari laguntzea.

3) Ondare naturala eta baliabide naturalak zaindu eta hobetzeko jarduerak.

4) Ingurune naturalarekin eta garapen jasangarriarekin zerikusia duten ekimen eta proiektuak aztertu eta martxan jartzeko aholkularitza, laguntza teknikoa eta laguntza ekonomikoa.

5) Ingurumen-arloko heziketa eta balio naturalen zabalkundea-sustapena, eta landa-ingurunean jolas-jarduerak sustatzea.

6) Sentsibilizazio- eta informazio-kanpainen bitartez, laguntzaileak eta bazkideak (partikularrak, administrazioak eta enpresak) egitea eta haiei arreta eskaintzea.

7) Lehiaketak, biltzarrak eta konferentziak antolatzea, ingurumenaren azterketari eta ikerketari lotuta.

8) Arloan espezializatutako aldizkariak eta argitalpenak editatzea.

9) Bekak, laguntzak eta sariak sustatzea, ingurumenaren arloan ikerketa bultzatzeko.

10) Fundazioaren helburuak gauzatzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein.

Laugarrena.– Fundazio irenslearen gobernu-organoak ez du inolako aldaketarik izango; beraz, gaur egun gobernu-organoa osatzen dutenek orain betetzen dituzten kargu berak beteko dituzte.

Bosgarrena.– Fundación Arteaga Fundazioaren erregistro-idazpenak ezereztea.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala