
143. zk., 2016ko uztailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (261 KB - 4 orri.)
- EPUB (199 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3350
AGINDUA, 2016ko uztailaren 19koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, zeinaren bidez barne-prozedura bat ezartzen baita honako erakunde hauek informazioa elkarri emateko izenpetutako hitzarmenak bete daitezen: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioa eta haren sozietate publikoak, eta, bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ogasun- eta finantza-departamentuak eta Arabako Foru Aldundiaren Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saila.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren araudian ezartzen denez, herri administrazioen arteko harremanak gidatu behar dituen printzipioetako bat da gainerako administrazioei behar duten informazioa eman behar zaiela beren eskumenak baliatuz darabilten jarduerari buruz. Horrekin batera, aitortzen da herritarrek eskubidea dutela herri-administrazioen esku dauden datu eta agiriak ez aurkezteko.
Horrekin guztiarekin bat etorriz, hiru lankidetza-hitzarmen izenpetu dira honako hauen artean: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioa eta haren sozietate publikoak, eta, bestetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-ogasunak. Hitzarmen horietan, esparru egokia ezartzen da datuak aldian-aldian edo etengabe elkarri emateko, betiere halako datuak pertsona ugariri buruzkoak badira edo pertsona ugariri eragiten badiete.
Hitzarmen berri horien bidez, indarrik gabe uzten dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin 1998an izenpetutako lankidetza-hitzarmenak, laguntzak eta diru-laguntzak eskuratu eta jasotzeko datuen lagapenari buruzkoak, eta, hitzarmen haien ordez, hitzarmen berriak jartzen dira indarrean, eta aplikazio-eremu materiala zabaltzen da. Era berean, 1998ko Hitzarmenaren babesean onartu eta gaur egun indarrean dauden informazio lagapenak esparru-hitzarmen berri horien menpe geratzen dira, eta, aurrerantzean, haien klausulen arabera arautuko dira.
Hitzarmen berrietan, ezartzen da nolako prozedurari jarraitu behar zaion administrazio sinatzaileen artean informazioa trukatzeko eta informazio-lagapenak izapidetu eta onartzeko. Alde horretatik, Ogasun eta Finantza Sailaren Zerga Administrazioko Zuzendaritzak izango du informazio-eskaerak koordinatzeko eta bideratzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eta haren sozietate publikoen eremuan.
Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, informazio-eskaerak koordinatu eta bideratzeko orduan, behar besteko bizkortasunez aritu behar du; alde horretatik, bere gain hartuko du informazio-trukeen ordena eta kontrola, eta, gainera, aztertuko du eskaerak egokiak diren eta aplikagarri diren printzipioak errespetatzen dituzten, betiere bazter utzita beharrezkoak ez diren gehiegikeria burokratikoak, herri-administrazioen arteko harremanak moteltzen baitituzte.
Informazioa trukatzeko jarraitu beharreko betekizunak, baldintzak eta prozedurak hitzarmenetan adostu ondoren, beharrezkoa da zehaztea zein diren informazio-trukeetan bete beharreko formalitateak eta prozedura, hitzarmenetan ezarritakoa behar bezala betetze aldera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eta haren sozietate publikoen barne funtzionamendu egokia bermatzeko eta administrazioa jakitun egoteko.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta haren sozietate publikoetan barne-prozedura bat ezartzea, hain zuzen ere, informazioa trukatzeko helburuarekin, honako erakunde hauen artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenak betetzeko: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioa eta haren sozietate publikoak, eta, bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ogasun- eta finantza-departamentuak eta Arabako Foru Aldundiaren Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saila.
2. artikulua.– Informazioa trukatzea.
Lehenengo artikuluan aipatutako hitzarmenen babesean egindako informazio-trukeak datu-transmisioak izango dira, eta honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) aldian-aldian edo etengabe egin beharrekoak izatea; pertsona ugariri buruzko datuak izatea edo pertsona ugariri eragitea,
b) honako hitzarmen hauen esparrutik kanpo egotea: zerga-arloko informazioa organo jurisdikzionalei lagatzeari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2005eko maiatzaren 20an izenpetutako Lankidetza Hitzarmena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eta haren sozietate publikoen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien artean izenpetutako Elkarreragingarritasun Hitzarmenak edo aurrerago horiek ordeztuko dituztenak.
3. artikulua.– Ardura duen organoa.
Ogasun eta Finantza Sailaren Zerga Administrazioko Zuzendaritzak koordinatu eta bideratuko ditu informazio-eskaerak, 1. artikuluan aipatutako hitzarmenen aplikaziotik eratortzen direnak.
4. artikulua.– Foru-ogasunen informazio-eskaerak.
1.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-ogasunek Zerga Administrazioko Zuzendaritzari zuzendu beharko dizkiote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta haren sozietate publikoei egiten dizkieten informazio-eskaerak. Beste organo batek jasotzen baditu eskaerak, Zerga Administrazioko Zuzendaritzara bideratu beharko ditu.
2.– Zerga Administrazioko Zuzendaritzak egiaztatu beharko du osorik betetzen direla Hitzarmenetako baldintzak, «informazio-lagapen berriak izapidetzea eta onartzea» klausulan aurreikusitakoak. Alde horretatik, administrazio hartzailearen organo eskudunak, eskaera justifikatuetan, gutxienez datu hauek bilduko ditu:
a) Helburua.
b) Lagapena eta entitate hartzailearen eskumena babesten dituen araudia.
c) Datuen titularrari baimena eskatu behar izatetik salbuesten duen araudia, hala badagokio.
d) Datuen titularrak zein diren.
e) Datuen titularrari baimena eskatzen zaion edo ez, eta, eskatuz gero, zer bitarteko eta/edo zer formula erabiltzen den.
f) Zehazki zer datu laga behar diren, eta adierazitako helburura nola egokitzen diren.
g) Horniketa-sistema zein den, eta horretarako zer baliabide tekniko eta material erabiliko diren.
h) Maiztasuna, eta eraginpeko pertsona edo entitate kopurua.
i) Emandako datuak hirugarrengoei lagatzea aurreikusten den.
j) Zer pertsona dauden baimenduta informazioan sartzeko edo emandako informazioa administrazio lagatzaileari eskatzeko.
k) Zer organo arduratuko den erabiltzaileen kudeaketaz eta emandako informazioaren segurtasunaz eta kontrolaz.
l) Gai juridikoak, informatikoak edo bestelako kontu materialak argitzeko solaskideak.
m) Oro har, egokitzat jotzen den beste edozein zirkunstantzia.
3.– Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, artikulu honetako 2. paragrafoan bildutako betekizunak konplitzen direla egiaztatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta haren sozietate publikoetan informazio hori duen organoari helaraziko dio eskaera. Organo lagatzailetzat hartuko da organo hori, agindu honen ondorioetarako. Horren berri emango zaio, halaber, eskaera egin duen foru-ogasunari.
4.– Organo lagatzaile eskudunak aztertuko du informazio-eskaera egokia den eta Hitzarmenetako «printzipio aplikagarriak» klausulan ezarritako printzipio eta baldintzetara egokitzen den. Ildo horretatik, hitzarmen horien babesean informazioa emateko, printzipio eta arau hauek bete beharko dira:
a) Emandako datuak organo hartzailearen funtzio eta eskumenetara egokitzea.
b) Informazioa adierazgarria eta baliagarria izatea bete nahi diren helburuak lortzeko.
c) Proportzionaltasuna egotea emandako datuen eta lortu nahi diren helburuen artean.
d) Datuak bidaltzeko eta horietan sartzeko bideak seguruak izatea.
e) Efizientziaz jokatzea eta kostuak murriztea.
f) Informazioa jasotzea justifikatzen duten helburuetarako baino ez erabiltzea datuak, informazio hori inoiz ere erabili gabe interesdunaren edo eraginpeko pertsonaren kalterako.
g) Emandako datuak transferiezinak izatea, hau da, administrazio hartzaileak datu horiek hirugarren batzuei berriro laga ezin izatea, eraginpeko pertsonak baimena ematen duenean edo legeak baimentzen duenean izan ezik.
h) Organo hartzaileari datuak geroago tratatzeko debekua ezartzea, eraginpeko pertsonak edo legeak baimentzen dutenean izan ezik.
i) Zorrotz beteko da datu pertsonalak babesteko araudia.
j) Elkarreragingarritasuna, honela ulertuta: alde batetik, informazio sistemek eta haietan oinarritutako prozedurek datuak partekatzeko eta informazio eta ezagutzak trukatzeko duten ahalmen gisa, eta, bestetik, antolaketa, semantika, teknika eta denboraren ikuspegitik ulertuta.
Halaber, organo lagatzaile eskudunak egiaztatuko du hartzaileak aldez aurretik baimena eskatu diela datuen titularrei datuak eskuratzeko, aplikatu beharreko araudiak hala exijitzen badu. Administrazio lagatzaileak jasota utzi beharko du baimen hori espedientean.
Organo lagatzaile eskudunak ezarri ahal izango du, halaber, zein diren administrazio hartzaileak informazioa eskuratzeko bete behar dituen protokolo eta baldintzak.
5.– Organo lagatzaile eskudunak ebazpen bidez jakinaraziko du informazio-eskaera egokia den eta printzipio eta baldintzetara egokitzen den, bai eta informazioa eskuratzeko protokoloak eta baldintzak zein diren ere. Hartara, informazioa lagatzea onartu edo ukatuko du.
6.– Organo lagatzaile eskudunak ebazpenaren berri emango die Zerga Administrazioko Zuzendaritzari eta administrazio hartzaileari.
5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren sozietate publikoek egindako informazio-eskaerak.
1.– Organo eskatzaileak Zerga Administrazioko Zuzendaritzari zuzendu beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren sozietate publikoek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-ogasunei egiten dizkieten informazio-eskaerak.
2.– Zerga Administrazioko Zuzendaritzak egiaztatuko du osorik betetzen direla agindu honetako 4. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako betekizunak.
3.– Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, dagokion foru-ogasunari helaraziko dio informazio-eskaera, eta bidalketa horren berri emango dio organo eskatzaileari.
4.– Organo eskatzaileak Zerga Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio nolako ebazpena eman duen foru-administrazio lagatzailearen organo eskudunak eskaeraren gainean.
Zerga Administrazioko Zuzendaritzak jasotzen badu foru-administrazio lagatzailearen organo eskudunaren ebazpena, zuzendaritza horrek emango dio organo eskatzaileari ebazpenaren berri.
6. artikulua.– Informazio-trukeen zerrenda.
Zerga Administrazioko Zuzendaritzak informazio-trukeen zerrenda eguneratua egingo du.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Sailaren Zerga Administrazioko Zuzendaritzaren zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazi eta aplikatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 19a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
RSS