Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2016ko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3339

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatuta.

AURREKARIAK

2015eko martxoaren 9an Euskadiko Estrategia Energetikoa 2030 ingurugiro estrategiaren ebaluazioari ekin zitzaion (hemendik aurrera Estrategia Energetikoa), bai Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeari eta bai ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz.

2015eko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, eragiten zien administrazio publikoei eta interesdun herritarrei kontsulta egin eta gero.

2015eko abenduaren 18ko Iragarpenaren bidez, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustaturiko Estrategia Energetikoa, ingurumen-ebaluazio estrategikoarekin batera, publikoki jakinarazten da, 45 egunez, beharrezkotzat jotzen diren alegazioak aurkeztu ahal izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2016ko urtarrilaren 14an argitaratuko direlarik.

Publikoaren eskura ohiko presentziazko eran aurkezteaz gain, Estrategia Energetikoari dagozkion dokumentuak, ingurumen-ebaluazio estrategikoa barne, eskuragarri egon dira, formatu digitalean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren webgunean.

Informazio publikoaren tramitea bukatutzat eman ostean, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan 3 alegazio dokumentu jaso dira orotara, zeinaren edukiek ez duten inongo harremanik Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazioarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2016ko otsailean eragiten zien administrazio publikoei eta interesdun herritarrei kontsulta egin zien, arauaren 19. artikuluan adostutakoaren arabera aurrez galdetuak izan zirenak, 45 eguneko epea luzatuta, egoki jotzen ziren txosten eta alegazioak aurkezteko. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia, denak ala denak Eusko Jaurlaritzako erakundeak; Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusia, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, denak Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiak; Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia, Ingurune Naturalaren Zerbitzu Orokorrak eta Kirolen eta Gazteriaren Zuzendaritza Nagusia, denak Bizkaiko Foru Aldundiko erakundeak; Ingurumen eta Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia eta Gazteriaren Foru-erakundea, denak Arabako Foru Aldundiko erakundeak; Greenpeace, Lurraren Lagunak Espainia, WWF/Adena, Espainiako Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Bizkaia, Ekologistak Martxan Araba eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarteak.

Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesdunei galdegindako kontsultaren tramitearen emaitza ebazpen honetako I. eranskinean jasotzen da.

2016ko maiatzaren 11n, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion ingurumen estrategiaren adierazpena eman zezan, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoaren arabera. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu ziren:

– 2030 Euskal Estrategia Energetikoa, 2016ko apirilaren 29ko dokumentua.

– 2030 Euskal Estrategia Energetikoa. Ingurumen-Ebaluazio Estrategikoa, 2016ko apirilaren 29koa.

– Informazio publikoaren tramitearen emaitzaren dokumentu deskribatzaile anitzak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdun herritarrei galdegindako kontsultaren tramitearen emaitzaren dokumentu deskribatzaile anitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, ingurumenaren babes-maila handia bermatuz honenbestez, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a artikuluan xedatutakoaren arabera, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, legezko edo erregelamenduzko edota Gobernu Kontseiluaren xedapen batek beharturik prestatu eta onartu baldin badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute eta alor jakin batzuei egiten badiete erreferentzia, hala nola energiari. Berdin, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, ingurumen-ebaluazio objektu izango dira arau honetako I.A eranskinean jasotako plan eta programak.

Alde horretatik, nabarmendu behar da Euskadiko Estrategia Energetikoa 2030 aurretiko Euskadiko Estrategia Energetikoa 3E2020aren berrikuspena dela, Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduan onartua, berau azken urteetako teknologiaren, merkatuen eta energia kontsumoaren araudi-esparruaren garapenaren ondorioz sortutako egoera berrira egokitu ahal izateko.

Bestalde, Estrategia Energetikoaren neurrien programak, energia, meatzaritza, baliabide hibridoen kudeaketa eta hondakinen kudeaketa gaien ebaluazioaren eragin legalaren mende dauden proiektuen etorkizuneko baimentzerako esparrua ezartzen du, beraz, ezarritakoaren arabera, bai abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluarekin bat, eta baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I.A eranskinarekin bat, ulertu behar da Estrategia Energetikoak eragin kaltegarri nabarmenak izan ditzakeela ingurumenean. Gainera, aipaturiko neurri programa etorkizuneko beste proiektu batzuk baimentzeko araudi-esparrua ere bada, ingurumen eragineko ebaluazioaren prozeduraren menpe ez baldin badaude ere, kontutan hartu beharko direnak Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluaziorako, ingurumenean izan ditzaketen eragin kaltegarri posibleak direla eta. Azkenik, prozedura honetako ingurumen-ebaluazioaren objektu ez diren arren, beharrezkoa da aintzat hartzea Estrategia Energetikoaren jarduketa ildo batzuek, energia berriztagarrien indartzea eta energiaren aurreztea eta energia efizientzia kasu, Ingurumen Esparruko IV. Programako helburuekin bat egiten dutela zuzen-zuzenean, karbono gutxiko ekonomia bateranzko energia ereduaren transformazioan eta baliabideen erabileraren eraginkortasunari dagokionean.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. eta hurrengo artikuluetan adierazitakoaren arabera, eta baita urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. eta hurrengo artikuluetan adierazitakoaren arabera, zeinetan bai Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko, organo substantibo gisa, eta baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako, ingurumen organo gisa, plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoen prozedura arautzen den, beharrezko den guztia xedatu dute Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den, kontsulta publikoen eta eragiten dien administrazio publikoen eta interesdun herritarren parte-hartze prozeduraren bitartez.

Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazioko txostenean dagoen dokumentazio teknikoa eta agiriak aztertu ostean, eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola kontuan hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskudun gisa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen den, ingurumen adierazpen estrategiko hau ematen du, Estrategia Energetikoaren proposameneko ingurumen alderdien integrazioaren alde egiten duena eta bere aplikazioaren eragin nabarmenen aurreikuspenak ematen dituena, azkenik onartu edo hartuko den Estrategia Energetikoan bildu beharreko azken ebazpenak barne, ingurumenaren alorreko ondorioetarako bakarrik.

Hemen azaldutako guztiaren arabera, txosteneko espedienteak aztertu ostean eta otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Orokorra, abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena, apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena eta aplikagarria den gainontzeko araudia aztertu ostean,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 20130 Euskadiko Estrategia Energetikorako ingurugiro-estrategiaren adierazpena burutzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatua, ondoren jasotzen diren baldintzetan.

A) Estrategia Energetikoak euskal energia politikaren gidalerroak garatzen ditu, helburu estrategikoen, jarduketa ildoen eta Euskadi 3E2020 Estrategia Energetikoan biltzen diren ekimen estrategikoen berrikuspena burutuz, eta planifikazio epea 2030 urtera arte luzatuz.

Estrategia Energetikoaren esparru geografikoak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa hartzen du bere barnean, lurraldeko itsasoa eta Itsas Lehorreko Jabari Publikoko barruko urak barne. Aipatu esparru hau ingurumen-ebaluazio estrategikoko I. eranskinean kartografiatzen da.

Estrategia Energetikoak honako jarduera-arlo hauek ezartzen ditu:

– 1. ildoa. Euskal industriaren energia-lehiakortasuna eta energia-jasangarritasuna hobetzea.

– 2. ildoa. Garraio-sektorean petrolioarekiko energia-mendekotasuna murriztea.

– 3. ildoa. Eraikin eta etxeetan energia-kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien erabilera areagotzea.

– 4. ildoa. Energiaren arloan eraginkorragoa izango den euskal herri-administrazioa sustatzea.

– 5. ildoa. Lehen sektorean dauden baliabideen eraginkortasuna eta aprobetxamendua sustatzea.

– 6. ildoa. Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpena bultzatzea.

– 7. ildoa. Energia-hornidurako azpiegiturak eta merkatuak gainbegiratzea.

– 8. ildoa. Energiaren arloko garapen teknologikoa orientatzea.

Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazioaren ikuspegitik, kontutan izan behar da, lehenik eta behin, 1, 5, 6 eta 7. jarduketa ildoen arabera, legalki ingurumeneko eraginaren ebaluazio prozeduraren menpe dauden proiektuak aurkitzen direla, kogeneraziorako instalazioak, hondakinen errausketarako eta biomasaren ustiapen termikorakoak, parke eolikoak, instalazio fotovoltaikoak eta instalazio hidraulikoak, energia elektrikoaren banaketa eta garraio azpiegiturak eta hidrokarburoen ikerketa zundaketak kasu. Beraz, ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen proiektuez ari gara.

Alde horretatik, Estrategia Energetikoak biltzen dituen aurreikuspen nabarmenenak honako hauek dira:

– Energia eolikoaren sorrera eragingo duten instalazioen areagotzea. 2030erako 630 MWko potentzia instalatua aurreikusten da lurreko parke eolikoetan eta 50 MWkoa itsasoko parkeetan.

– Lurrazpiko hidrokarburo baliabide potentzialen identifikazio eta ebaluazio lanen jarraipena, zundaketa zulatzeak barne; ez da gehikuntzarik aurreikusten egungo aurreikuspenekiko.

– Energia sortzeko errekuntza instalazioen areagotzea. 2030erako 142 MWko potentzia instalatua aurreikusten da kogenerazioko instalazio berrietan. Instalazioen barruan sortutako hondakinen balorizazio energetikoa burutzea sustatzen da, batez ere industria instalazio txiki eta ertainetan.

– Tamaina txikiko instalazio hidroelektrikoen areagotzea. 2030erako 10 MWko potentzia instalatua aurreikusten da minizentral berrietan, aurretik existitzen diren eta erabilerarik gabe dauden instalazioetan oinarritua.

Ingurumenari eragin diezaioketen eragin nabarmenen artean, beharrezkoa da aipatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) barruan jasotzen diren kokalekuetan parke eolikoen instalazio berrien etorkizuneko ezarpena. (104/2002 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarria, maiatzaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Energia Eolikoaren Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen duena).

Energia Eolikoaren LPSean hamaika kokapen jasotzen dira guztira, zeinetan Oiz, Elgea-Urkila eta Badaia izena dutenak garatu diren jadanik, instalatutako potentzian 141,67 MWko guztizkoarekin. Berdin, eta oraindik exekutatu ez baldin badira ere, Ganekogorta eta Mandoegi izeneko kokalekuetarako proposaturiko proiektuen aldeko ingurumen ebazpenak luzatu dira jadanik, aurreikusitako 42,50 MWko potentziarekin. Ordunte, Gatzume, Kolometa, Arkamo, Iturrieta Mendietako eta Alda-Arlaba Gurutzeko kokalekuak Euskal Autonomia Erkidegoko Babestutako Naturguneen Sarearen barruan kokatzen dira, Euskal Herriko Natura Babesteko Legean jasoak (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren testu bateratua onartzen duena). Ordunte, Arkamo, Iturrieta Mendietako eta Alda-Arlaba Gurutzeko kasuetarako, parke eolikoen proiektuak diseinatu dira (221,8 MWko aurreikusitako potentzia guztira), dagozkien ingurumen-inpaktuaren azterketekin. Ingurumen organoko zerbitzu teknikoaren analisien ondoren, eragin nabarmenak antzeman ziren, suntsipen zuzenari eta komunitatearen interesekoak diren habitaten funtzionaltasunaren galerari dagozkionak, izan lehentasunezkoak edo ez. Aipaturiko kasu batean ere ezin izan zen bermatu tokiko segurtasunari inongo kalterik eragingo ez zitzaionik, beraz, ezin izan zen ondorengo ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozeduren alde egin. Bestetik, beste 4 parketako ingurumen-inpaktuen ebaluazioak aldekotzat jo dira, Energia Eolikoko LPSean jasotako kokalekuetatik kanpo daudenak, aurreikusitako potentzian 38,65 MWrekin.

Estrategia Energetikoak Euskadin Energia Eolikorako bigarren LPS baten garapena proposatzen du, lurreko parke eoliko berrien garapena ahalbidetze bidean, 480 MWko aurreikusitako potentziarekin, jadanik existitzen diren 153 MWei gehituko zitzaizkienak eta parke eoliko txikien garapenaren bitartez proposatzen diren 150 MWei (Energia Eolikoko LPSaren eremutik kanpo), 2030ean 783 MWko instalatutako potentzia erdiesteraino. Momentura arte aurkezturiko parke eolikoen diseinuak kontuan hartuz gero, Estrategia Energetikoaren barruan biltzen den proposamenak berarekin dakartza komunitatearentzako interesekoak diren habitaten afekzio arrisku nabarmenak eta etorkizunera begira afekzio hauek saihestuko dituzten determinazioak txertatzeko beharra nabarmentzen da.

Berdin nabarmendu behar dira Estrategia Energetikoaren L.7.1.1 ekimenean aurreikusten diren gas naturala zundatzeko ikerketa zulaketek dakartzaten eragin kaltegarriak, haustura hidraulikoaren bitartez burutu edo ez, bereziki uren kutsatze arriskuari dagozkionak.

Beste alde batetik, ingurumen-ebaluazio estrategiak berriztagarriak diren energien sorrerari loturiko azpiegitura desberdinen etorkizuneko instalazioaren ondorioz sor daitezkeen eragin kaltegarriak batzen ditu, eguzki energia termikoaren ustiapena, eguzki fotovoltaikoarena, geotermikoarena, mini-hidraulikoarena, lur eta itsasoko eolikoarena eta biomasaren energia ustiapenari dagozkionak kasu. Berdin aztertu dira hidrokarburoen ikerketa zundaketek, gasbideenek eta linea elektrikoenek sor ditzaketen eraginak.

B. Estrategia Energetikoaren tramitazioa burutu bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk gehitu.

C. Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, bai hurrengo idatz-zatietan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoaren arabera ere bai.

C.1.– Neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak.

Estrategia Energetikoari ondorengo neurriak gehitu beharko zaizkio:

a) L.6.1.1 jarduketa Euskadiko energia eolikoaren LPS birdefinitu beharko da, berorren diseinuan 2007ko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa, jasotzen diren mugak kontuan hartuta.

b) L.6.2.3 ekimenean Energia berriztagarrien ustiapenerako teknologia eta potentzialen ikerketa berriak, aire intentsitate txikiko ustiapen eolikora bideraturiko teknologien garapena sustatzera bideratuko jarduketa berria gehituko zaio, mendi inguruetatik kanpoko parke eolikoen garapena ahalbidetzeko helburuarekin, hala Euskadiko ondare naturala epe luzera babestuz.

c) Estrategia Energetikoak ingurumen izaerako neurri sorta bildu beharko du bere barruan, planifikazioan, diseinuan eta Estrategiako ekimenen barruko ekintzen exekuzioan aplikatuko direnak. Neurri hauek laguntza publikora, energia sektoreko aspektu desberdinen planifikaziora eta garatu beharreko proiektuen baimenerako organo eskudunenen jardunera zuzentzen dira zehazki, eta hurrengoak dira:

1) Prozedurarik gabe edo prozeduratik eratorritako determinazioen kontra buruturiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozeduraren menpe dauden proiektuek ezingo dute finantziazio publikorik jaso.

2) Hondakinen kudeaketaren komunitate hierarkiaren betetzea indartze bidean, eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeko 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, balorizazio energetikora ezingo dira teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenarekiko bideragarriak ez diren lehentasunezko helmugak baino bideratu (berrerabilpenerako eta birziklapenerako prestakuntza).

3) Lehentasuna emango zaie, edota aldeko baloratuko dira, hurrengo esparruetako energiaren sorrera, garraio eta banaketarako azpiegituren kokalekuen hautabideak:

– Natura, paisaia edota zoruaren laborantza kalitateari erreparatuz gero garrantzia gutxiko balioa duten inguruak, artifizializaturiko eremuak hobetsiko direlarik.

– Balio kulturalei erreparatuz gero garrantzia gutxiko eremuak.

– Arrisku natural (uholde arriskuak edo higadura arriskuak kasu) aipagarri gabeko eremuak.

– Lurrazpiko uren kutsaduraren aurrean kalteberak ez diren eremuak.

– Existitzen diren azpiegituretatik edota komunikazio bideetatik gertu dauden eremuak, eta, orokorrean, konexiorako azpiegitura behar txikiagoa duten kokalekuak.

4) Potentzialki kutsagarriak izan diren jarduerak jasan dituzten lurrekin beharrezko zuhurtasuna edukiko da, edozein kasutan lurzoruaren babeserako araudi aplikagarriak ezartzen duenari erreparatuz (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legea eta hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea).

5) Proiektuen edo planen onespen edo baimenerako organo eskudunek ez dute baimenik emango, eta ez diete bide emango, komunitatearentzako garrantzitsuak diren habitatei negatiboki eragingo dieten proiektuei, ezta natura balio nabarmenengatik, balio kulturalengatik, edota giza osasunari eta ingurumenari, izan momentuan edo etorkizunera begira, eragin diezaioketen arriskuengatik ingurunearekiko garrantzitsuak diren beste eremu batzuetan eragin kaltegarri nabarmenak izan ditzaketenei.

6) Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendaren barruko espezieen gestiorako planetan ezarritakoari kalterik egin gabe (167/1996 Dekretuak onartua, uztailaren 9koa), neurri espezifikoak diseinatu eta aplikatuko dira, espezie horietako populazioaren erasana ekidin eta beraien habitaten berritze eta hobekuntzarako.

7) Natura interes handiko landaretza eremu edo esparruei eraginez gero, erasandako eremua berreskuratu beharko da, ez bakarrik lurrazala kontutan hartuta, baizik eta landaretzaren beraren egoera eta funtzioa bera ere bai. Bere kasuan, neurri konpentsatzaileak hartu beharko dira, ondare naturalaren galera garbirik ez dadin inongo kasutan gertatu.

8) Lanek erasandako ibaibide eta beroien inguruen kasuan, berrezarpen eta konpentsazio ekintzak burutu beharko dira, ibaietako bideen konexio funtzioa bermatu eta indartzeko.

9) Ibaibideen morfologia era nabarmenean aldatzen den kasuetan, berrezarpen neurriak hartu beharko dira, edo, hala behar izanez gero, konpentsaziozkoak, ibaibideen forma naturalizatua berreskuratze bidean.

10) Sakabanaketa ekiditeko eta espezie inbaditzaileen erauzterako neurriak hartuko dira.

C.2.– Ingurumena zaintzeko programa.

Estrategia Energetikoaren jarraipen eta berrikuspen planaren eremuaren barruan, ingurunearen zaintzarako helburuei erantzuten dieten hainbat adierazle jaso dira.

Hala ere, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako 2015eko maiatzaren 18ko Ebazpenak adierazitako irismen-dokumentuaren determinazioen arabera, azkenik Estrategia Energetikoari gehituko zaion ingurumen zaintzarako programak hurrengo aspektuen inguruko adierazle gehigarriak eraman beharko ditu bere barruan:

– Balio natural eta kultural garrantzitsuen zaintza.

– Ingurumen eta kultura ikuspuntutik garrantzi gutxikoak diren eremuen balioa azpimarratzea.

– Arrisku naturalen eta ingurumen arriskuen prebentzioa osasunerako.

Ingurumenaren zainketarako programak bere exekuzioa burutuko duten pertsonak argi eta garbi adierazi beharko ditu, ezarritako adierazle bakoitzaren ardura nori dagokion adieraziz kasu bakoitzean.

Jarraipena, gutxienez urteko aldizkakotasunarekin burutuko da.

D) Estrategia Energetikotik eratorritako proiektu eta planen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak:

1) Estrategia Energetikotik eratortzen diren jardunetako plan eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontuan izan beharko dira lurraldeko ingurumen baldintzatzaileak, eta berdin sektoreko ingurumen-araudiaren ezarpenetik eratortzen diren bestelako baldintzatzaile batzuk ere; artifizializaturiko lurzoruen erabilerarako lehenespen irizpideak; eta azpiegituren dimentsionatze egokia. Berdin, teknika erabilgarri egokienen aplikazioa aintzat hartuko da azpiegituren exekuzio eta alternatiben aukeraketarako ezinbesteko alderdi gisa.

2) Energia sortzeko instalazioen funtzionamenduaren alternatiba desberdinen balorazioak kontutan izango du espezifikoki ebazpen honetako C.1.c.2 Lehen atalean biltzen den neurria.

3) Energia sortu, garraiatu eta banatzeko instalazio eta azpiegituren kokaleku alternatibo desberdinen balorazioak kontutan izango du espezifikoki ebazpen honetako C.1.c.3 Lehen atalean biltzen den neurria.

4) Berdin, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari kalterik egin gabe, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, Natura 2000 Sareko tokietako plan, programa eta proiektuen eraginaren ebaluazioari dagokionez, kontutan hartuta tokiaren kontserbazioaren helburu espezifikoak, Estrategia Energetikotik eratorritako plan eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan kontutan izan beharko dira ebazpen honetako C.1.c Lehen atalean, 5 eta 10 epigrafeetan jasotzen diren babes eta zuzenketa neurrien definizio zehatzak.

5) Aurreko paragrafoan aipaturiko epigrafeetan jasotzen diren babes eta zuzenketa neurrien definizio zehatza berdin izango da kontutan planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioetan, nahiz eta aurrez zehaztu baldin baden ere ez dirudiela dagokien plan, programa edota proiektuei era hautemangarrian eragin diezaiokeenik Natura 2000 Sarearen barruko tokien kontserbaziorako helburuei.

Azkenik, garraio edo mugikortasun planen eta egitura antolamenduen ingurumen-ebaluazioari dagokionean (bizitoki-kuantifikazioari erreparatuz gero), Estrategia Energetikoan aurreikusten diren jardunei lotzen ez bazaizkie ere, kontutan hartuko da bertan jasotako eraginkortasun energetikorako eta energia aurrezteko irizpideak zein modutan txertatu diren.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

ERANSKINA
ERAGINDAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA HERRITAR INTERESDUNEI GALDEGINDAKO KONTSULTAREN TRAMITEAREN EMAITZA, ESTRATEGIA ENERGETIKOAREN INGURUMEN-EBALUAZIO ESTRATEGIKOA DELA ETA

Eranskin honetan aztertzen da eragindako administrazio publikoei eta interesdun herritarrei galdegindako kontsultaren tramitean jasotako txostenen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburu diren Estrategia Energetikoko aspektuei dagokionean, hau da, Estrategia Energetikoaren esparruaren barruan etorkizunean burutuko diren proiektuetatik eratorriko diren ingurumenarekiko eragin posibleei loturiko aspektuei dagokionean.

Ingurumen adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera igorritako espedientean Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren txostena baino ez da ageri.

Ondoren laburbiltzen dira aipaturiko txostenean ageri diren gairik aipagarrienak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran zein modutan kontutan izan diren azaltzen da.

1.– Ingurumen-ebaluazioko ikerketaren I. eranskineko kartografian ez da HBEB Mundakako Itsasadarra - Ogoñoko Lurmuturra Itsas Eremua sartu.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak I eranskina aldatu du HBEB Mundakako Itsasadarra - Ogoñoko Lurmuturra Itsas Eremua sartu ahal izateko.

2.– Baso-biomasa erregai gisa erabiltzearen ingurumeneko ondorioei dagokionez, egurraren beharrizan gehigarriak hazkunde azkarreko espezieek okupaturiko lurzoru berrien inplementazioa ekar dezake berarekin, hala Eucalyptus generokoen alde eginez, mozketa txandak laburtuz, basoetako biodibertsitatean eraginez besteak beste. Hala, propio eskatzen da biomasaren energia ustiapenerako tokiko baso-masei eragingo ez dieten irizpideak ezartzea.

Basoetako biomasaren energia erabileraren sustapenaren arabera, Estrategia Energetikoaren barruko L.5.2 Nekazaritza eta basozaintzako energia baliabideen ekimenean jasotzen dena, mendietako egungo kudeaketan eta konfigurazioan aurreikus daitekeen inongo eraginik ez eragiteko beste baliabide badago erabilgarri.

Hala ere, beharrezkoa da ekimen honen eragin posibleen inguruko jarraipen bat. Hala adierazi du baita ere Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Estrategia Energetikoaren barruan jarduketa berri bat sartuz: L.5.2.2 Potentzialen analisia eta biomasa era jasangarrian burutzeko erabilera energetikoaren jarraipena, nekazaritza eta basozaintzako energia baliabideen erabileraren eta berauen jasangarritasunaren jarraipenaren analisian sakondu ahal izateko, eta bai erabilera hau basoetako kudeaketa politikan sartzearen analisia burutzeko ere.

3.– Beharrezkotzat jotzen da Estrategia Energetikoak energia eolikoaren LPS berrikusteko beharra ezartzea eta energia honen ezarpena irizpide gisa lurraldeko balio naturalei nabarmenki ez erasanik egitea, babestutako naturaguneetan existitzen diren babes neurriak kontuan hartuta.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak L.6.1.1 jarduketa erantsi dio Estrategia Energetikoari. Euskadiko energia eolikoaren LPS baten garapena, helburutzat Euskadiko bigarren lurralde-plan sektoriala garatzea izango duena, egungo teknologia garapenera egokituz, beharrezkoak diren adostasunak lortuz berau onartu ahal izateko, ahalmen eolikoaren garapena ekonomia- eta ingurumen-jasangarritasunaren irizpideen arabera garatuz.

Bestalde, ebazpen honetan (Lehen C.1 atala. Babes, zuzenketa eta konpentsazio neurriak) Estrategia Energetikoak jarduketa hau birdefinitzeko beharrizana ezartzen da, energia eolikoaren LPSaren diseinuan, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 2007ko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan jasotzen diren mugak kontuan hartuta.

Gainera, Estrategia Energetikoaren ekimen multzoaren barruan dauden planifikazio, diseinu eta exekuzioan aplikatzekoak izango diren ingurumen izaerako babes eta zuzenketa neurri jakinak gehitu dira, zeinen artean C.1.c.5 Lehen epigrafean jasotzen direnak dauden, hurrengo esanahi literalarekin:

Proiektuen edo planen onespen edo baimenerako organo eskudunek ez dute baimenik emango, eta ez diete bide emango, komunitatearentzako garrantzitsuak diren habitatei negatiboki eragingo dieten proiektuei, ezta natura balio nabarmenengatik, balio kulturalengatik, edota giza osasunari eta ingurumenari, izan momentuan edo etorkizunera begira, eragin diezaioketen arriskuengatik ingurunearekiko garrantzitsuak diren beste eremu batzuetan eragin kaltegarri nabarmenak izan ditzaketenei.

4.– Instalazio fotovoltaikoetarako lurzoru artifizialen eta estalkien erabilera lehenesteko irizpidea ezartzea eskatzen da, transformatu gabeko lurzoru naturalaren aurrean.

Ebazpen honetako C.1 Lehen atalean babes, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezartzen dira, Estrategia Energetikoak bere barruan batu beharko dituenak, zeinen artean hurrengoak agertzen diren:

Lehentasuna emango zaie, edota aldeko baloratuko dira, hurrengo esparruetako energiaren sorrera, garraio eta banaketarako azpiegituren kokalekuen hautabideak:

– Natura, paisaia edota zoruaren laborantza kalitateari erreparatuz gero garrantzia gutxiko balioa duten inguruak, artifizializaturiko eremuak hobetsiko direlarik.

– Balio kulturalei erreparatuz gero garrantzia gutxiko eremuak.

– Arrisku natural (uholde arriskuak edo higadura arriskuak kasu) aipagarri gabeko eremuak.

– Lurrazpiko uren kutsaduraren aurrean kalteberak ez diren eremuak.

– Existitzen diren azpiegituretatik edota komunikazio bideetatik gertu dauden eremuak, eta, orokorrean, konexiorako azpiegitura behar txikiagoa duten kokalekuak.

5.– Energiaren kontsumoarengan EAEko errepideen plan sektorialen garapenak eta Azalera Tertziarioenak eta Bizilekuaren Kuantifikaziorako (2014) LAGen Aldaketek izan ditzaketen eraginak aztertzeko eskatzen da, halaber indarrean dauden LPPen garapenek, eta berdin eskatzen da Estrategia Energetikoak ezar ditzan helburu eta irizpideak sektoreko politika eta planifikazioetan eragiteko (kontsumo gehien eragiten dutenak), eskaera minimizatu eta energia kontsumoaren trakzio-indar izateari utz diezaioten.

Bizkaiko Foru Aldundiko txostenak erreferentzia egiten dien planak ez baldin badira ere Estrategia Energetikoarekin zuzenean lotzen, eta, ondorioz, eztabaidatzen den gaia ez baldin bada ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura honetako helburu zuzena ere, egoki iritzi zaio ebazpen honen barruko D. Lehen atalean gidalerro gehigarri bat txertatzeari, etorkizuneko plan, programa eta proiektuen ebaluaziorako kontutan izan beharreko irizpideei dagokionean. Oinarri juridiko horrek hau dio hitzez hitz:

Azkenik, garraio edo mugikortasun planen eta egitura antolamenduen ingurumen-ebaluazioari dagokionean (bizitoki-kuantifikazioari erreparatuz gero), Estrategia Energetikoan aurreikusten diren jardunei lotzen ez bazaizkie ere, kontutan hartuko da bertan jasotako eraginkortasun energetikorako eta energia aurrezteko irizpideak zein modutan txertatu diren.


Azterketa dokumentala