Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

138. zk., 2016ko uztailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3231

AGINDUA, 2016ko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kultura sorkuntza bultzatzeko 2016. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Ildo horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari on egiten diola kontuan hartuta, interesgarri irudi zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, laguntzen jarraitzea antzerkigintzako testuak, zinemarako gidoiak eta musika-konposizioak sortzen eta proiektu eta prototipoen aldez aurreko diseinuaren sortze-prozesu orokorrak prestatzen dabiltzanei, diru-laguntzak emanez beren lana pizteko, bai euskarazko lanetarako eta bai gaztelaniazko lanetarako ere. Gure asmoa da sormenaren sektoreari indarra ematea eta errotzen laguntzea, gure herrian oso-oso garrantzitsua delako kulturaren ikuspegitik.

Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena bete beharrez, honako agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuak eragindako ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultura sorkuntzaren esparruan, eta, aldi berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren V. Planean datorren 2.3.5 helburu operatiboa betetzeko, alegia, emakumeen presentzia handiagotzea kultur eta artegintzako ekoizpen eremuetan, arlo kultural guztietan eta maila guztietan.

Agindu hau, halaber, Kultura Sustatzeko zuzendaritzaren 2016-2018ko diru-laguntzen plan estrategikoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartua eta sailaren webgunean argitaratua dago.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da antzerki-testuak eta zinemarako gidoiak nahiz musika-konposizioak sortzeko prozesu espezifikoetarako zein gerora garatuko diren produktu eta prozesu artistikoen interesa eta bideragarritasuna ebaluatzeko aukera ematen duten proiektu eta prototipoen aldez aurreko diseinuaren sortze-prozesu orokorragoetarako diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 290.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiago ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota desberdinen artean:

a) 52.000 euro, antzerkirako testuak sortzeko.

b) 141.400 euro, gidoi zinematografikoak sortzeko.

c) 45.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.

d) 51.600 euro proiektu eta prototipoen aldez aurreko diseinuaren sortze-prozesuetarako (Ikertu).

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako pertsona fisiko guztiek nahiz agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean gutxienez urtebete erroldatuta daramatenek. Hori egiaztatzeko, nortasun-agiria edo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hurrenez hurren.

Sorreran euskaraz idatzitako proiektuak aurkeztu behar dituzten pertsona fisikoek ez dute aurreko baldintza hori bete beharrik.

2.– Deialdi honetako laguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebehar guztiak.

Eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

5.– Halaber, pertsona onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

6.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina modalitate bakoitzean onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio emango diru-laguntza.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den diru-laguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindua indarrean jartzen den egunean bertan hasiko da, eta 2016eko irailaren 9an bukatuko da.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago.

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitako edozein erregistrotan, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza-elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. paragrafoan adierazten diren helbideen bidez.

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/kultur_sormena/y22-izapide/eu/

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Erroldatze-ziurtagiria, pertsona eskatzailea ez bada Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaio.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Modalitate bakoitzean zehazten den proiektuari dagokion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere.

b) Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

– Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta, ahal bada, ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

– Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da, ahal bada, PDF formatuan.

– Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

– Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

3.– Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede eta helburu berarekin beste administrazio publiko zein erakunde pribatuen eskutik beste laguntzarik ez jasotzea.

– Pertsona eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Proiektu berria dela eta gaur arte garatu gabekoa dela adieraztea.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta ikusiko bagenu eskabidea aztertzen hasteko beharrezko dokumentuetatik baten bat falta dela, edo dokumentuok aurkeztu bai baina akats eta guzti aurkeztu direla, interesdunari hamar lan-egun emango dizkiogu falta diren dokumentuak aurkezteko edo gaizki daudenak zuzentzeko. Gainera, adieraziko diogu agindutakoa egin ezean, bere eskabidea ezetsitzat joko dela edo eskabidea izapidetzeko eskubidea galduko duela, ebazpen baten ondoren.

10. artikulua.– Balorazio batzordeak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:

– Presidentea: Kultura Sustapenerako zuzendaria. Bera ez balego Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

– Kideak: Kultura, Gaztedia eta Kiroletako Sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.

– Idazkaria Kultura Sustapenerako Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Batzorde horiek egingo dute diru-laguntzak emateko proposamena, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko diote.

5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

6.– Balorazio-batzorderako izendatutako profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz baloratzeko baino ez dituztela erabiliko; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko dizkiotela.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako modalitate bakoitzeko diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko ditu, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatuk xede berberaz emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Onartutzat emango da diru-laguntza, baldin eta diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunek diru-laguntza horri beren-beregi uko egiten ez badiote.

b) Ematen zaien horretarako erabili beharko dute diru-laguntza, ez beste ezertarako.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektua ezertan aldatzen bada, Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, gehienez ere hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak 15 lan-egun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez baldin badu horri buruzkorik ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak aldaketa ontzat hartu duela.

e) Gidoi zinematografikoak sortzeko laguntzen onuradunek lagundutako proiekturako erabiliko liratekeen egile-eskubideak baliatzeko aukera edo ahalmenaren egiaztagiria, diru-laguntza erabakitzen duen ebazpenaren jakinarazpena jaso eta gehienez hamabi egun balioduneko epean aurkeztuko beharko dute.

Halaber, onuradunek, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte

14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Esleitutako diru-laguntzak honela emango dira:

a) Emango den diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena ematen denean, eta 13.a) artikuluan ezarritako epea pasatuta dagoela.

b) Gainerako % 50a 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagunduko den sortze lana bidali eta lan hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu eta gero.

15. artikulua.– Sortze lana entregatzeko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen duenetik, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabete izango ditu sortze lana entregatzeko, paperezko bertsioan nahiz euskarri informatikoan, pdf bertsioan, kudeaketa-zuzendaritzari.

Telebistako serieen gidoiak baldin badira, epe horren barruan, gainera, atal pilotuaren gidoia eta hurrengo kapituluetako edukien zerrenda ere entregatu beharko dira.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Jarraian adierazten diren kasuetan, bete beharrekoak ez-betetzat joko dira:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Halaber, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek antzerkirako sortu diren testu originalak bultzatzeko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzitakoak.

18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Idazlearen ibilbide artistikoa.

– Hariaren sinopsia. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

– Tratamendu dramaturgikoa. Gehienez ere, 10 orri.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari.

19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 52.000 euro daude. Zortzi laguntza emango dira, bakoitza 6.500 eurokoa: 4 euskaraz idatzitako antzerki-testuetarako eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako antzerki-testuetarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 20.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak eta bik 30 urte baino gutxiagoko egileek idatzitakoak izan beharko dute.

Adinaren baldintza egiaztatzeko, kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

20. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako testuak zer proposatzen duen. Gaia interesgarria izatea hartuko da kontuan, eta gai hori genero-ikuspegia aintzat hartuz tratatzen den (guztizko puntuazioaren % 55).

b) Idazlearen ibilbide artistikoa (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz) (guztizko puntuazioaren % 15).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

III. KAPITULUA
GIDOI ZINEMATOGRAFIKOAK SORTZEKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Zinemarako eta telebistarako gidoietarako dira laguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, eta edozein formatutakoak direla ere. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.

Gidoia erabat garatuta aurkeztea bazter uzteko arrazoia izango da. Aldiz gidoiaren trataera izango da aurkezteko onartuko den era bakarra.

22. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Gidoilariaren ibilbide artistikoa.

– Gidoiaren sinopsia. Gehienez ere, 3 orri, eta gutxienez 1.

– Gidoiaren tratamendua, sekuentziaka. Gehienez ere, 30 orri, gutxienez 15.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.

– Gidoilari gazteentzat (30 urtetik beherakoentzat): Zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen zarela adierazteko zinpeko adierazpena (filmaren edo filmen izenburuak).

23. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 141.400 euro daude, honela banatuta:

a) 8 laguntza, 13.700 eurokoa bakoitza, 30 urtetik gorako gidoilarien gidoietarako, edo 30 urtetik beherakoa izanik, dagoeneko zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertu direnen gidoietarako. 4 diru-laguntza euskaraz idatzitako gidoietarako izango dira eta beste 4 gaztelaniaz idatzitakoentzako.

b) 3 laguntza, 10.600 eurokoa bakoitza, zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilarien lanetarako. Hiru horietatik batek gutxienez euskaraz egon behar du, eta gutxienez beste batek gaztelaniaz.

Adinaren baldintza egiaztatzeko kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 24.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

24. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuaren originaltasuna eta tratamenduaren kalitatea (% 50).

b) Proiektua zenbateraino interesgarria den. Proiektuaren bideragarritasun komertzialari erreparatuko zaio bereziki, eta zerbaitetan mamitzeko aukerarik izateari, gaiaren eta kokapen geografikoaren interesari eta genero-ikuspegia kontuan hartu izanari (% 30).

c) Gidoilariaren ibilbide artistikoa (% 20).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK

25. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

1.– Partitura batean (pentagraman zein, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio-planean) jasotako musika-konposizio originalen sorkuntza sustatzeko dira laguntza hauek.

2.– Diruz lagunduko diren konposizio proiektuak ezingo dira estreinatu eta jabetzaren erregistroan inskribatu deialdi honen eskaera epea itxi baino lehen.

26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Musikagilearen curriculuma eta ibilbide artistikoa.

– Proiektuaren memoria. Gutxienez konposizioaren planteamendu teknikoa eta artistikoa eta obra estreinatzeko eta zabaltzeko aurreikuspenak jasoko ditu.

– Proiektuaren partituraren lagin bat.

– Testuak egile-eskubideak balitu, eskubide horien egiaztagiria.

27. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 45.000 euro daude.

2.– Modalitate honetako laguntzak hiru motatakoak izan daitezke:

a) 6.000 euroko laguntzak, gutxienez 15 minutuko iraupena duten obra sinfonikoetarako.

b) 3.000 euroko laguntzak, 15 minutu nahiz hortik behera irauten duten obra sinfonikoetarako, eta kamera-multzoetarako obretarako, baldin eta azken obra horiek gutxienez 4 tresna edo abeslaritik gorakoak badira, iraupena gora-behera, edo 2 zein 3 tresnatarako eta 10 minututik gorakoak badira.

c) 1.500 euroko laguntzak, tresna edo abeslari bakarrerako obretarako nahiz gehienez ere bi zein 3 tresna edo abeslarirentzat badira, 10 minutu baino laburragoak diren obretarako.

3.– Obren tipologiari dagokionez, aurreikuspen hauek hartuko dira aintzat:

a) 2.a) atalean aurreikusitakoa dela eta, sinfonikotzat hartuko dira orkestra sinfonikorako nahiz 9 tresna nahiz abeslariko ensemblerako konposatutako obrak.

b) Abeslarientzat baizik ez diren obrak 2.b) edo 2.c) kategorietan sailkatuko dira, iraupena eta interpretari-kopurua aintzat hartuta.

c) Musika elektroakustikokoak baizik ez diren proiektuak 2.b) edo 2.c) kategorietan sartzen dira, iraupenaren arabera.

4.– 28. artikuluan ezarritzako irizpideak aplikatuaz lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkerarekin bat etorriaz emango dira laguntzak; eta goragoko paragrafoan ezarri tipologia aplikaturik, kasu bakoitzean egokitzen den zen batekoa emango da.

Banaketa egin eta moduluren bat sobran egonez gero, jarraian puntuazio handietan duenari emango zaio modulu hori, horren tipologia kontuan izan barik; betiere, diru-laguntza onartzeaz gain proiektua egiteko konpromisoa hartzen badu eskatzaileak. Halakorik ez bada, delako modulua hurrengo proiektuei eskainiko zaie, lehentasun-hurrenkeraren arabera eta harik eta hura esleitu arte.

5.– Edonola ere, eta 28.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat lauk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

28. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik (puntuazio totalaren % 55).

Honako alderdi hauei erreparatuko diegu atal hau aztertzeko: planteamendua eta eduki artistiko eta teknikoak; originaltasuna, eta gaur egungo musika-sorkuntzari dakarkiona; konposizioa sortzeko garaian egindako ikerketak eta harremanak.

Obraren zirriborroa (edo obra osoa) ez dakarten proiektuek, gehienez ere, atal honetan ematen den puntuazio partzelaren % 50 jasoko dute.

b) Eskatzaileak musikaren arloan izan duen ibilbidea, prestakuntzakoa zein artistikoa (puntuazio totalaren % 30).

c) Proiektua hedatzeko plana (puntuazio totalaren % 15).

Horretan, gerora estreinatzako eta hedatzeko aurreikuspenak eta kontaktuak aztertuko dira.

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

V. KAPITULUA
PROIEKTU ETA PROTOTIPOEN AURREKO DISEINUAK SORTZEKO LAGUNTZAK (IKERTU)

29. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek sorkuntza sustatzera bideratuta daude, izan ere hori da produktu kulturalak egiteko nahitaezko aurreko pausua; diruz lagundu ahal izango dira proiektuen eta prototipoen aurretiko diseinura bideratutako ikerketa-proposamenak, zeinetan, ideia, hipotesi edo hasierako kontzeptu batetik abiatuz, haren arrazoigarritasuna, interesa, originaltasuna edo aukera ustiatu nahi baita, baita ondoren garatzeko produktu edo prozesu artistiko zehatz bilakatzeko haren bideragarritasuna ere.

30. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko proiektuari dagokion dokumentazioa.

– Proposamena azaltzeko memoria, zeinetan haren interesa, balioak eta aurreikusitako garapena zehaztuko baitira, eta proposamena behar bezala baloratzeko beharrezko alderdiak garatuko baitira agindu honen 32. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.net-en ezarritako ereduaren arabera.

31. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Modalitate honetara 51.600 euro bideratuko dira guztira, eta 4.300 euroko hamabi diru-laguntzatan banatuko da.

2.– Dena den, eta 32.2 artikuluan ezarritako zabaltzeak hala ahalbidetzen duenean, diruz lagundutako proiektuetatik lau gutxienez emakumeek eginak izatea bermatuko da.

32. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea eta gaitasun berritzailea. Kontuan hartuko da proiektuak sortzen dituen esperimentaziotik abiatzen diren eduki berri, original eta bereziak (40 puntu).

b) Sormen-proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko da proposaturiko ikerketa eremuaren interesa eta bertan esku hartzeko zabaltzen dituen aukera berriak (30 puntu).

c) Kontuan hartuko dira, zenbateraino sustatzen den kultura-artekotasuna, bai genero-berdintasunaren integrazioa eta proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilera ere (20 puntu).

d) Euskararen erabilpena proiektuaren diseinuan eta garapenean. Batez ere baloratuko da euskara tresna izateaz gain, sormen proiektuaren xedea denean (10 puntu).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan jaso diren zenbatekoak gehitu egin litezke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Interesdunek eskabideetan emandako datuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren kultura sustatzeko zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoan. fitxategiak «kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. datuak babesteko euskal bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko araubide juridikoaren eta zerbitzuen zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura sustatzeko zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 23a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala