Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2016ko uztailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3127

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Urkiolako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari eta Parke Naturalaren mugak aldatzeko prozedurari.

Urkiola balio natural handiko eta tradizio luzeko espazio bat da, zeinetan, egun, naturagune babestuko bi tipologia biltzen baitira: Parke Naturala da, eta Kontserbazio Bereziko Eremu ere bai. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginean (aurrerantzean, NKLTB) arautzen dira bi figura horiek.

Izan ere, Urkiola Parke Natural izendatu zen abenduaren 29ko 275/1989 Dekretuaren bidez; 93/1994, 252/1995 eta 97/1998 Dekretuek aldatu zuten gerora dekretu hori. Otsailaren 22ko 102/1994 Dekretuaren bidez onartu zen Natura Baliabideak Antolatzeko lehen Plana (NBAP), eta ekainaren 18ko 147/2002 Dekretuaren bidez onartutako NBAP da egun indarrean dagoena –ekainaren 3ko 91/2014 Dekretuaren bidez aldatua–.

Bestalde, berriki, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu da Urkiola, otsailaren 16ko 24/2016 Dekretuaren bidez.

Egoera hori dela eta, aintzat hartu behar da NKLTBren 18. artikuluko aurreikuspena, zeinaren arabera, espazioak babesteko figura bat baino gehiago gainezarriko balira toki berean, horien arauak eta plangintza-mekanismoak agiri bakarrean koordinatu beharko baitira, espazioaren planifikazioa barne hartuz, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

Hori dela eta, 24/2016 Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenaren arabera, berau onartzean, « Parke Naturalaren NBAP naturagune babestuen bi tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakar bihurtzeko prozedura abiaraziko da».

Gainera, azken xedapenetatik bigarren horrek agintzen duenaren arabera, prozedura horretan bertan, Parke Naturalaren mugek eta KBEren mugek bat etorri behar dute.

Beraz, hasiera ematen zaio Urkiolako NBAP landu eta prestatzeko prozedurari. Horretarako, NKLTBren 7. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio, eta, kasu horretan, ez da egoki irizten NKLTBren 9. artikuluan aurreikusitako prebentzio-araubidea aktibatzea. Izan ere, indarreko legezko araubide kontserbazionistaren NBAPren eta KBEko araubideen pean baitago jada eremua. Esparru juridiko honetan, ingurua behar bezala babestua dago, eta berez saihesten da NBAP berriaren helburuak lortzea eragotz dezaketen aldaketak burutzea errealitate fisikoan eta biologikoan.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didan eskumenaz baliatuz, eta NKLTBren 4., 7. eta 18. artikuluen arabera, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– NBAP hastea.

Erabakitzen da hasiera ematea Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari, eremu horrentzako naturagune babestuko bi tipologiak arautzen dituen agiri bakarrean biltzeko: Parke Naturala eta KBE. Hala ohartarazten du apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluak.

2. artikulua.– KBEren Parke Naturalaren mugaketa berria.

Halaber, erabakitzen da hasiera ematea Parke Naturalaren mugak eta KBEren mugak bat etortzeko prozedurari.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala