Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2016ko uztailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3123

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Ikasiker lankidetza-bekak deitzen dituena 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitarteko aldirako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egiteke».

Unibertsitate-gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak ezartzen duenez, administrazio-egoitza erkidego honetan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako egindako deialdien arautzea eta kudeaketa aipatutako Erkidegoari eskualdatzen zaio.

Bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.

Arau-esparru horretan egiten da Ikasiker lankidetza-beketarako deialdia, eta ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat dira; hala, hastapenak egingo dituzte beren ikasketekin zerikusi zuzena duten ikerketa-gaietan.

Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak honako eskubide hau aitortzen die herritarrei: bitarteko elektronikoen bitartez herri-administrazioekin hartu-emanak izateko eskubidea; eta, bestalde, administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko zehaztapen oinarrizkoak arautzen ditu, hain justu ere administrazio publikoen euren arteko hartu-emanei eta horiek herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez; zertarako-eta honako hauek bermatzeko: herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu bidezkoa, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoko baldintzetan.

Hortaz, deialdi honen bitartez finkatu egiten da administrazio elektronikoaren erabilpena, bai eskaerak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan adierazitakoa, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 160 Ikasiker lankidetza-beka deitzea, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoetan, deialdiaren oinarriei jarraikiz. Modalitate hauek eskaintzen dira:

a) A modalitatea (ikasturtean zehar, 2016ko irailetik 2017ko ekainera): 120 beka.

b) B modalitatea (udan, 2017ko uztailetik abuztura): 40 beka.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko a) letran aipatutako beketarako, 300.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Aurreko artikuluko b) letran aipatutako beketarako, 20.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura. Laguntza horiek emateko ezinbesteko baldintza izango da 2017. urterako kreditu egokia eta nahikoa izatea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitateetako zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea da Ikasiker lankidetza-bekak ematea, unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen, 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitarteko aldian, Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoetan.

2.– Beka horiek diru-laguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua (bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta diru-laguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Hartzaileak.

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean edo Estatuaren gainerako unibertsitate batean (modalitatearen arabera), unibertsitate-gradu ofizial baten titulaziora daraman ikasketa-plan baten azken bi ikasturteetako batean matrikulatuta dauden unibertsitate-ikasleak.

3. artikulua.– Beken kopurua, modalitateak eta zenbatekoa.

160 Ikasiker lankidetza-beka deitzen dira, modalitate hauetan:

1.– Ikasturtean zehar (A modalitatea). Modalitate horretarako 120 beka deitzen dira, eta bakoitza 2.500 eurokoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan lankidetzan arituko diren ikasleentzat.

2.– Udan zehar, alegia, uztailean eta abuztuan (B modalitatea). Modalitate horretarako 40 beka deitzen dira, eta bakoitza 500 eurokoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemako edo hortik kanpoko unibertsitate batean matrikulatuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan, agindu honen 1.1 artikuluan jasotako ikerketa-talde edo -zentroren batean, lankidetzan arituko diren ikasleentzat.

4. artikulua.– Banaketa.

1.– Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeek proiektu bana hartu ahal izango dute; A modalitateko 104 beka eta B modalitateko 24 beka, gehienez ere.

2.– Oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroek (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuek (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroek (IKZ) proiektu bana hartu ahal izango dute; A modalitateko 16 beka eta B modalitateko 16 beka, gehienez ere.

5. artikulua.– Lankidetzaren ezaugarriak.

Bekaren onuradun izan ahal izateko, eskatzaileak lankidetza-proiektu bat aurkeztu behar du, I. eranskinean jasotako eta Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeen, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoen uneko ikerketa-ildoen barruan garatzeko.

Nolanahi ere, egiten ari diren titulazioa lortzeko enborreko eta nahitaezko irakasgai batean oinarrituko da proiektua, eta ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak ziurtatu beharko du. Gainera, hauek deskribatu beharko ditu: dedikazio-araubidea, egin beharreko lanak eta proposatutako helburuak.

6. artikulua.– Beste beka eta diru-laguntza batzuk jasotzearekin bateraezintasuna, eta ondorio juridikoak zein lan-ondorioak.

1.– Edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen duen beste beka edo diru-laguntza batzuekin bateraezina da beka hau.

2.– Ikasiker lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitatearen edo dagokion zentroaren artean.

7. artikulua.– Betekizunak.

1.– Beka-eskatzaileak honako betekizun hauek bete beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea.

b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2015eko abenduaren 31n.

c) Unibertsitate-graduaren titulu ofiziala ez edukitzea, edo hura emateko eskaera egin ahal izateko lege-baldintzak ez izatea edo ez betetzea.

d) Graduko ikasketak amaitzeko, gehienez ere 120 kreditu izatea oraindik, edo, bestela, 60 kreditu, graduko ikasketen azken ikasturtean matrikulatuta badago.

e) 2016-2017 ikasturtean matrikulatuta egotea, ikasturte osorako (gutxienez 60 kreditu). Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; hortaz, ez dira batuko matrikulan hartzeko kreditu-kopurua betetze aldera. Ikasketa-planaren azken ikasturtea bada, ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kreditu guztietan matrikulatuta egon beharko du. Gradu amaierako lanean matrikulatzeko ezinbestekoa bada gainerako kredituak gainditzea, gradu amaierako lanari dagozkion kredituak barne hartzen ez dituzten eskaerak onartuko dira. Gradu amaierako lanari dagozkion kredituetan soilik matrikulatuta egon ahalko du, ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu baditu.

Salbuespenez, dedikazio partziala duen eta 60 kreditutan baino gutxiagotan matrikulatuta dagoen eskatzaileak beka eskatu ahalko du, ondorengo baldintzaren bat betetzen bada:

– % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izatea eta ofizialki errekonozituta egotea.

– Familia-unitate bat osatzea, adingabeak edo mendekoak bere kargura dituela.

– Aldi berean ikasi eta lan egitea.

– Goi-mailako kirolaria, teknikaria edo epailea izatea, edo errendimendu handiko kirolaria izatea.

– Presondegietan diren pertsonei buruzko EHUren protokoloa aplikagarri izatea.

– Kanpoko praktikak, curriculumaren barnekoak, egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotu edo aitortzea, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen 1707/2011 Errege Dekretuan, azaroaren 18koan, ezarritakoarekin bat etorrita.

f) Gainditutako kredituen edo irakasgaien gutxieneko batez besteko nota hauek izatea, ezagutza-adarraren arabera:

– Arteak eta Giza Zientziak: 7,5.

– Zientziak: 7.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 7,5.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 6,5.

– Osasun Zientziak: 7.

g) Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Aldez aurretik egindako ikasketak direla-eta balioztatu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.

h) Oinarrien 1.1 artikuluan aipatutako ikerketa-talde edo -zentroren batek hautatu izana lankidetzan aritzeko.

i) Laborategiko jardunbide egokien eta laneko arriskuen prebentzioaren ikastaro bat gainditzea, ezinbestekoak baitira ikerketa-laborategi batera sartzeko.

2.– Aurretik adierazitako betekizunak eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen izan beharko dira, 1.b) puntuan zehaztutako administrazio-egoitzari buruzkoa izan ezik, 2015eko abenduaren 31n kreditatu beharko baita.

8. artikulua.– Lankidetza-proiektuaren jarraipena eta bekaren justifikazioa.

Lankidetza amaitu eta hurrengo hilean, beka-esleipendunak dokumentu bat aurkeztu beharko du kreditatzeko batetik, egindako jarraipena (hiru hilez behingoa) eta, bestetik, zereginen lorpen-maila eta proiektuan planteatutako helburuak. Ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak egin beharko du dokumentua, deialdi honen II. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

9. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaera-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasoko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, eta bide telematikotik bete beharko da hura, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/colaboracion/y22-izapide/eu helbidean kokatutako aplikazioaren bidez, Unibertsitateak eta Ikerketa atalean. Horretarako, eskatzaileak alta hartu beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

2.– Behin eskaera egoki betetakoan, eskatzaileak aukera egin beharko du izapideak bide elektronikotik egitearen edo paper-euskarriaren bidetik egitearen artean.

3.– Paperezko izapidea hautatuz gero, aplikazioak sortzen duen eskaera-formularioa inprimatu beharko da (bete ondoren), eta sinatu. Eskaera eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako edozein erregistrotan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako lekuetan.

4.– Izapidetze elektronikoaren hautua egiten bada, hurrengo artikuluan zehaztu dokumentuak erantsi beharko dira, hain justu ere eskaera erregistratzeko prozesu elektronikoan.

5.– Modalitate bakoitzerako eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da.

6.– Eskaerak aurkezteko epea 2016ko irailaren 30ean amaituko da.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaerarekin batera, hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria. Administrazio-egoitza hori 2015eko abenduaren 31 baino lehenagotik izan behar da.

b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena, bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

c) Ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak behar bezala bermatutako lankidetza-proiektu arrazoitua, Oinarri hauen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

d) Oinarri hauen 1.1 artikuluan aipatutako ikerketa-talde edo -zentro batean lankidetzan aritzeko onarpen-idatzia, ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak berak egindakoa.

e) 7.1 artikuluaren e) puntuan jasotako dedikazio partzialari buruzko egoeren egiaztagiriak.

f) Laborategiko jardunbide egokien eta laneko arriskuen prebentzioaren ikastaro bat gainditu izanaren egiaztagiriak, halakorik nahitaezkoa bada.

2.– Eskatzaileak Euskal Unibertsitate Sistemakoa ez den unibertsitate batean ikasten badu, aurreko puntuan jasotako dokumentazioaz gain, hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Honako hauek jasotzen dituen ikasketa-ziurtagiria: ikasketa-planeko ikasturte kopurua, espedientearen batez besteko nota, egindako ikasgaien izena, lortutako kalifikazioa eta osatzen dituzten kredituen kopurua, bai eta ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kredituen kopurua.

b) Matrikularen frogagiriaren kopia, matrikulatuta dagoen ikasgai edo kredituen kopurua adierazita.

11. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu Agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek deialdi honen izapidetze informatikorako behar den informazio akademikoa igorri beharko diote, fitxategi informatiko bidez, Unibertsitate Zuzendaritzari, eta bekadun bakoitzari esleitutako lankidetza betetzen dela bermatuko dute.

12. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.

Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

a) 2015-2016 ikasturtean amaitutakoan espediente akademiko osoko notak kontuan hartuta kalkulatutako batez besteko nota.

b) Kalifikazio kuantitatiborik ezean, ikasgai bakoitzaren kalifikazioak baliokidetza honen arabera adieraziko dira:

– Ohorezko matrikula = 10 puntu.

– Bikain = 9 puntu.

– Oso ongi = 7,5 puntu.

– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo ez da gai = 2,5 puntu.

c) Kredituen arabera egituratuta ez dauden ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.

d) Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatu egingo da, irakasgaiak duen kreditu-kopuruaren arabera, hurrengo formularen arabera:

V= PxNCa/NCt

V= irakasgai bakoitzean ateratako notaren haztapenetik datorren balioa.

P= irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.

NCa= irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt= guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.

e) Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du Espainiako sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du Espainiako kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.

13. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, Unibertsitateetako zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Beka horiek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango Oinarri hauen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, modalitate bakoitzerako emango diren beka guztien artean eskaera kokatu ahal izateko.

2.– Hautaketa-batzordeak eskaerak ordenatuko ditu, eta Unibertsitateetako zuzendariaren esku jarri du ebazpen-proposamena.

Eskaera bakoitzaren ordena ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak ordenan jartzeko:

a) Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen kasuan, eskaerak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, honako hau aplikatzearen ondoriozko den ordenaren arabera: batez besteko motaren % 80 (12. artikuluan zehaztutakoren arabera kalkulatuta, eta 0tik 100erako eskalara egokituta) gehi ikertaldeek lortutako puntuazioaren % 20.

b) Oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) kasuan, eskaerak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, ikaslearen ikasketa-espedientearen batez besteko notaren arabera.

c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak jarraitu egiten badu, zozketaren bidez erabakiko da.

3.– Unibertsitateetako zuzendariaren proposamenak hiru zerrenda izango ditu modalitateko:

a) Beka esleituta duten eskaeren zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita ordena-zenbakia ere.

b) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda. Beka ukatzeko arrazoiak behintzat bildu behar ditu.

c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskaeren zerrenda; eta bertan jaso behar dira lortutako puntu guztiak eta ordena-zenbakia. Zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-ordenari jarraituta, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean diru-laguntza jaso ezin duten pertsonak.

Unibertsitateetako zuzendariak onartu duen ebazpen-proposamenaren jakinarazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://euskadi.net). Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net. Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da jakinarazpenaren datatik aurrera.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Alegazioak aztertu ondoren, behin horiek aurkezteko epea igarota eta ukoak onartuta, hautaketa-batzordeak eskaerak berrordenatu egin ditu, hala badagokio, aurreko artikuluan zehaztutakoa betez. Agindua argitaratu eta sei hilabeteko gehieneko epean, Unibertsitateetako zuzendariak ebazpena emango du, eta prozedura jakinarazi, hautaketa-batzordeak proposatuta.

Ebazpen horrek bi zerrenda edukiko ditu modalitateko:

a) Bekaren eskaera esleipendunen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita ordena-zenbakia ere.

b) Bekaren esleipendun ez diren eskaeren zerrenda. Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak jasoko ditu, baita ukatzeko arrazoiak ere. Horretaz gain, deialdi honetan zehaztutako betekizunak betetzen badituzte ere, beka lortu ahal izateko ordena-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak jasoko ditu.

Unibertsitateetako zuzendariak onartu duen ebazpenaren jakinarazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://euskadi.net). Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ezarritakoa gorabehera, Unibertsitate Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, dela SMS bidez, dela posta elektroniko bidez. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

3.– Deialdia ebazteko ezarritako igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluak ezarritako ondorioetarako.

16. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ostean, honela ordainduko dira:

a) A modalitatea. Bekaren ordainketa bi epetan egingo da. Lehenengo ordainketan bekaren % 67 emango da eta hilabeteko epean egingo da ordainketa hori, ebazpena esleipendunei jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita. Bigarren ordainketan gainerako % 33 emango da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

b) B modalitatea. Bekaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Bekaren esleipendunak honako betekizun hauek bete beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat:

a) Dagokion helbururako erabiltzea laguntza; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.

b) Lankidetza egin izana egiaztatzea, egiaztagiri baten bidez, Oinarri hauen 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

c) Lankidetza-aldian, matrikulatuta dagoen ikasketak egitea.

d) Beka honen xede eta helburu berarako, unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Zuzendaritzari.

e) Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko froga-jarduerak egitea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.

18. artikulua.– Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, honako kasu hauetan:

a) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

b) Lankidetza egin izana ez badu justifikatu, egiaztagiri baten bidez.

c) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

d) Emandako beka eta jasotako beste beka edo laguntza batzuk bateragarriak ez direla kreditatu bada.

e) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

f) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraiki, Unibertsitate Zuzendaritzaren 2. zenbakiko fitxategian, «Unibertsitateko Bekak» izenekoan, gordeko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi hori kontuan hartzen du 2010eko urriaren 4ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenak.

Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala