Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2016ko uztailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3119

AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko, lurralde-batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2016. urterako.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan. Dekretu horren bigarren xedapen gehigarrian, dekretuan ezarritako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-zuzkiduren konturako diru-laguntzak emateko prozedura zehaztu zen.

Halaber, aipatutako dekretuaren 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkagarritasunaren arabera, betiere legezko ordezkagarritasuna lortu duen sindikaturik diskriminatu gabe.

Horretaz gain, aipatutako dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren arabera, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinetan esleitu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkagarritasunaren arabera. Hori guztiori diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekin akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Bigarren xedapen gehigarriko 2. atalean agindutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, 2016ko apirilaren 20ko Aginduaren bidez (apirilaren 25eko EHAA, 77. zk.), hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta lurralde-batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei 2016rako dagokien diru-laguntza emateko prozedurari (azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan daude araututa horiek).

2016ko maiatzaren 2an, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak akordioa lortu zuten. Akordio horren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari proposatu zitzaion zati berdinetan banatzeko abenduaren 23ko 9/2015 Legean ezarritako diru-laguntza (3112. programa, 12. zerbitzua); aurrekontu-zuzkidura 520.000 eurokoa da. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak onartzen dira 2016ko ekitaldirako.

Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. ataletik 5. atalera xedatutakoaren arabera, agindu honen bidez, diru-laguntzak ematen zaizkie Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren sindikatuei.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Diru-laguntza ematea.

1.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren sindikatuei diru-laguntzak ematen zaizkie 2016. urterako. Dekretu horren bidez, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriko 3. ataletik 5. atalera xedatutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek erabaki zutenez 520.000 euroko aurrekontu-zuzkidura zati berdinetan banatzea (aurrekontu-zuzkidura hori ezarri zen Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean), horrenbestez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen duten sindikatuetako bakoitzak 130.000 euro jasoko ditu. Sindikatu horiek honako hauek dira:

– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).

– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.

– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).

– Unión General de Trabajadores (UGT- Euskadi).

2. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Foru Ogasunek eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egindako egiaztagiri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzeko.

b) Aurretik Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailetik jasotako diru-laguntzak justifikatuta daudela adierazteko agiria.

3. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko da diru-laguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.

4. artikulua.– Bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta horiek ez badira azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez araututako laguntzen helburu berdinerako. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1. a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ematen denetik aurrera sortuko ditu ondorioak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Jende orok jakin dezan, argitara bedi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala