Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2016ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2828

AGINDUA, 2016ko ekainaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira 2016. urtean goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, agindu honen bidez, diru-laguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzen laguntzeko.

Izan ere, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeari garrantziko irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik egiten du deialdi hau. Oro har, kirola bultzatzeko pizgarri dira lehiaketok, lehiarako marko bat eskaintzen die goi-mailako euskal kirolariei eta jarduera ekonomikoa sortzen dute.

Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola herri-interesekoa ere da; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, Estatuaren arloko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan errepresentazio-funtzioa du. Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei ematen die goi-mailako kirola antolatu eta sustatzeko eskumenaz baliatzeko ahalmena.

Halaber, Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartua dago agindu hau, eta plan hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez onartu zen, eta sailaren web-orrian argitaratua dago. Gainera, kreditu egokia eta nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 9/2015 Legean.

Hortaz, ezarri behar dira, batetik, kirol-lehiaketak goi-mailakotzat hartzeko izan behar dituzten ezaugarriak definitzeko betekizunak eta irizpideak, eta, bestetik, aipatu diru-laguntzak eskatu, izapidetu eta ematea erregulatzeko arauak.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– 2016. urtean hasten edo egiten diren goi-mailako kirol-lehiaketa ofizialak antolatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen du agindu honek, artikulu honetan xedatutako eran. Deialdi honen ondorioei dagokienez, honako hauek joko dira goi-mailako kiroltzat: nazioarteko eremu eta izaerako lehiaketak, honako baldintza hauek betetzen badituzte, betiere:

– Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egon beharko dute.

– Mundu-mailako lehiaketetan, kontinente biko edo gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Lehiaketa guztietan, herrialde biko eta gehiagoko kirolariek hartu beharko dute parte.

– Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketak, herrialde bitan edo gehiagotan antolatu beharko dira.

– Estatuaren eremuko edo erkidegoen eremuko kontsideratzen diren lehiaketak ez dira baloratuko.

Tenis kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira diru-laguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.

Surf kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira diru-laguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.

2.– 2016. urtean hasten diren lehiaketetarako ematen diren diru-laguntzak ekitaldi horretako gastuak finantzatzeko bakarrik erabiliko dira.

3.– Agindu honetatik kanpo geratzen dira honako lehiaketa hauek: kirol-erakusketa edo -ikuskizunak eta nazioarteko eremua eta izaera ez dutenak.

4.– Diru-laguntzak lortzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak nahitaez erabili beharko dira proposatutako lehiaketan zehar, eta, zehazki, publizitateari eta agiriei dagokionez (gutuneria, kartelak, liburuxkak, programak, megafonia, etab.)

5.– Edonola ere, ezin izango dute modalitate honetako diru-laguntzarik jaso, eta, beraz, deialdi honetatik kanpo geratutako dira, bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatzen ez duten proiektuek.

6.– Deialdi honetan erregulatutako diru-laguntzak lotuak dira Europar Batasunak ezarritako «minimis» erregimenari. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24ko EBAO, L 352/1. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 87. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da, agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Berrehun era berrogeita bost mila (245.000) euro erabiliko dira horretarako guztira; horietatik 122.500 euro 2014rako ordainketa-kreditu izango dira, eta gainerako 122.500 euroak 2017rako konpromiso-kreditu.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Honako pertsona eta erakunde hauek eskatu ahal izango dituzte agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak:

a) Kirol-federazioak, kirol-klubak, kirol-elkarteak eta kirola helburu duten merkataritza-sozietateak, baldin eta legez eratuak izanik erregistro egokian inskribaturik badaude eta Euskal Autonomia Erkidegoan badute egoitza soziala.

b) Goragoko idatzi-zatian aurreikusi gabeko erakunde nortasun juridikodunak, baldin eta betekizun hauek konplitzen badituzte: legez eratuak izatea, erregistro egokian inskribaturik egotea, Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza soziala, eta kirol-modalitateen inguruko jarduerak antolatzea aldian-aldian edo noizean behin.

c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izanik, kirol-modalitateen inguruko jarduerak aldian-aldian edo noizean behin antolatzen dituzten pertsona fisikoak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak.

2.– Ezingo dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsonek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

3.– Edonola ere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Orobat, eta, hala badagokio, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan arautuarekin bat, diruz lagundutako jardueraren atal bat gauzatzea azpikontratatu ahal izango du onuradunak, baldin eta azpikontratazioaren ehunekoa ez bada jarduera horren % 50 baino gehiago.

5.– Era berean, onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.

1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa bidezko prozedura erabiliko da, eta, horri jarraikiz, 11. artikuluan zehaztu irizpideak aplikatuaz, balorazio-fasean eskabideek lortutako puntuazioaren arabera banatuko da agindu honetako 2. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa; eta aipatu artikuluaren 9. paragrafoan ezarritako diru-laguntzaren zenbateko maximoa errespetatuko da. edo, kasua bada eta zenbatekoa txikiagoa izanez gero, eskatutako zenbatekoa.

2.– Ezarritako diru-laguntzako mugak izan beharko dira kontuan diru-laguntzei buruzko ebazpena eta proposamena egiteko.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak modu presentzialean edo bide elektronikoz izapidetu ahalko dira. Kanal bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda baitaiteke.

3.– Izapidetze presentzialean (I: eranskina), eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko zaizkio, eta deialdiaren eranskinetan eskatutako agiriekin batera aurkeztu ahal izango dira, bai EAEko erregistro osagarrietan (azken horiek apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

4.– Izapidetze elektronikoan, pertsona edo erakunde interesdunek euskadi.net egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahalko dituzte prozedura honekin lotutako izapide guztiak, helbide honetan:

https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2016/organizar_deporte/es/

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2016/kirol_antolatu/eu/

Honako helbide honetan egingo dira eskabidea bide elektronikotik egin eta geroko izapideak:

http://www.euskadi.net/misgestiones

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde edo pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari automatikoki egiazta dezan, behar adina aldiz eta eskatzaileen baimenik gabe, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak baimen hori beren-beregi ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren-beregi onartu ahal izango du organo kudeatzaileak gainerako datu edo agiri horiek lortu edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak ere eskumenak ditu egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, honako betebehar hauek konplitu direla egiaztatuko da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta egungoan, «minimis» laguntzarik jaso ez izana nazioarteko edo estatuko ezein administrazio edo erakunde publikotatik, ez eta Europar Batasunaren arautegian baimendutako zenbatekoak baino gehiago jaso izana ere. Halako laguntzarik izan bada, eman diren «minimis» laguntzen zenbatekoak jasotzen dituen agiria aurkeztu beharko da. Betebehar horretatik kanpo geldituko dira jarduera ez-ekonomikoak gauzatzeagatik kirol izaerako irabazi-asmorik gabeko eskatzaileek jasotako laguntzak.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, indarrean diren araudian ezarritakoak.

4.– Pertsona juridikoei dagokienez, baldin eta erakundeak ez badaude inskribatuta Eusko Jaurlaritzako Kirol Erakundeen Erroldan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan inskribatuta egotearen egiaztagiria eta pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren eta haren ordezkatze-ahalmenaren ziurtagiriak.

Pertsona fisikoei dagokienez, baldin eta ez badute onespena ematen beren datuak bide elektronikoez egiaztatzeko, NANaren fotokopia eta erroldatze-ziurtagiria aurkeztuta kreditatu beharko dute beren nortasuna eta erroldatzea.

7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko agiriak, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak.

1.– Jardueraren memoria (II. eranskina).

– Nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko liga profesionalaren egutegi ofizialeren kopia, zeinetan jasotzen baita zein lehiaketarako eskatzen diru-laguntza; edo, bestela, URL lotura, zeinetan kontsulta baitaiteke aipatu egutegia.

– Kirol Kontseilu Gorenak nazioarteko lehiaketa egitea baimentzeko agiria.

– Zirkuitu edo ligaren formatuko lehiaketei dagokienez, erantsi proba guztien egutegia eta haiek non egingo diren jasotzen dituen agiria.

– Lehiaketa jada egina bada, erantsi emaitza ofizialak, betiere parte hartu duten kontinenteak, herrialdeak eta kirolariak zenbat izan diren zehaztuaz. Lehiaketa ez bada egin, erantsi aurreko urteko emaitza ofizialak eta lehiaketan parte hartuko duten kirolari-kopuruari buruzko aurreikuspena.

2.– Lehiaketan goi-mailako euskal kirolariak parte hartu izana egiaztatzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren zerrendetan errekonoziturik diren kirolariak, hain justu ere.

Eskabidea aurkeztean, lehiaketa jada egin bada, arbitroaren akta, eta akta horretan zenbat goi-mailako euskal kirolari zerrendatzen diren egiaztatzeko agiriak. Eskabidea aurkeztean, lehiaketa egin gabe badago, lehiaketan parte hartu eta irizpide hori konplitzen duten euskal kirolariei buruzko aurreikuspena, eta haiek goi-mailako direla egiaztatzeko agiriak.

Aurreko urteetan egin bada lehiaketa, arbitroaren akta, eta egindako azken lehiaketan izan diren goi-mailako euskal kirolariak zenbat izan diren egiaztatzeko agiriak.

3.– Lehiaketako programa, maila edo parte-hartze txikiagoko kirol-lehiaketako beste jarduera batzuk egiaztatuz, halakorik balitz.

4.– Sarrera eta jarduerako gastuen aurrekontu banakatu eta zehaztua (III. eranskina).

5.– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin egindako itun edo lankidetzen bidez garatzen bada jarduera, garapen hori babesten duen itun edo kontratuaren kopia. Kasu horretan, eskatzailea ez den erakunde antolatzaileari dagokionez, goragoko paragrafoetan ezarritako agiriak eskatu ahal izango dira.

6.– Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi diren gainerako agiri osagarriak.

8. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak burutzea.

9. artikulua.– Akatsak konpontzea.

Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da.

10. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako arlo horretako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).

2.– Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.

3.– Balorazio-batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balorazio-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan beren errefusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

5.– Balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahalko ditu.

6.– Batzorde horrek arrazoitutako ebazpen-proposamena egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio.

11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Balorazio-batzordeak aztertuko ditu jasotako eskabideak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, jarraian aipatzen diren baremo eta irizpideen arabera:

1.– Probaren edo lehiaketaren maila (50 puntura arte):

– Munduko txapelketak: 50 puntu.

– Europako txapelketa: 45 puntu.

– Munduko txapelketa, zirkuitu edo ligaren formatukoa: 30 puntu.

– Munduko txapelketa: 35 puntu.

– Kategoria goreneko nazioarteko probak: 30 puntu.

– I Nazioarteko beste proba batzuk: 15 puntu.

– II Nazioarteko beste proba batzuk: 10 puntu.

– III Nazioarteko beste proba batzuk: 5 puntu.

2.– Kategoria absolutua (10 puntu).

Lehiaketa kategoria absolutukoa dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

3.– Lehiaketa programa olinpikoan sartuta egotea (10 puntu).

Lehiaketa programa olinpikoan sartua dela dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

4.– Goi-mailako euskal kirolarien parte-hartzea lehiaketan (5 puntu). Irizpide hori baloratzeko, goi-mailako euskal kirolaritzat hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren edo Kirol Kontseilu Gorenaren zerrendetan goi-mailako kirolaritzat aitortzen direnak.

Lehiaketan goi-mailako kirolari batek edo gehiagok parte hartzen duela egiaztatzen duten eskabideek 5 puntu lortuko dituzte; halako parte-hartzerik ez bada, aldiz, 0 puntu.

5.– Lehiaketa zenbat aldiz egin den (20 puntura arte): 2016ko edizioa kontuan izanik.

Edizio-kopuruaren arabera egingo da puntu-banaketa, taula honetan oinarriturik:

– 50 edizio baino gehiago: 20 puntu.

– 41-50: 15 puntu.

– 31-40: 10 puntu.

– 15-30: 5 puntu.

– 1-15: 0 puntu.

6.– Baldin eta diru-laguntza goi-mailako kirol-lehiaketa baterako eskatzen bada, maila eta parte-hartze txikiagoko beste kirol jarduera batzuk sartzea lehiaketa horren programan (5 puntu).

7.– Nazioarteko beste proba batzuetarako artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera baloratuko da Nazioarteko Batzorde Olinpikoak aitortzen ez duen erakundeek antolatutako proba oro.

8.– Jarduera bakoitzeko diru-laguntza hogei mila (20.000) eurokoa izango da, gehienez.

9.– Baldin eta, aurreko paragrafoan ezarritako muga aplikatzearen ondorioz, agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideen araberako banaketarekin bat etorriaz esleitutako zenbateko guztia erabiltzen ez bada, beharrezko doiketak egin ahal izango dira zenbateko osagarriak jaso ditzaketen onuradunen artean banatzeko gaindikina.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako mugak eragotzi gabe, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak bateragarriak izango dira, baldin eta helburu bererako badira eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, betiere. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aitzitik, onuradunak «minimis» laguntza bat eskuratu badu, diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu ahal izango da jasotzaile berari emandako aipatu araudiaren mende dauden laguntzen zenbatekoaren muga kuantitatiboa aplikatzearen ondorioz, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, betiere.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

2.– Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44 artikuluan.

3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatua aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

4.– Izapidetze presentzialean, jakinarazpena gauzatutzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta jakinarazpena betetzat jo eta biharamunean hasiko da kasu bakoitzean ezarritako epea.

5.– Izapidetze telematikoan, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, edo, hala badagokio, harren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak elektronikoki sinatzen duen unean jakinarazpena jaso izana; jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatu eta biharamunean hasiko da kasu bakoitzean ezarritako epea.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, harren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen ez bada.

6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuari jarraikiz.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi alditan ordainduko da: lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar, esleipen-ebazpena jakinaraztean eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, gainontzeko berrogeita hamarra, 2017ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatzean, zeina 2017ko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 48. artikulutik 53. artikulura ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:

a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.

b) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutzen bada lehiaketa, burututakoan, arbitroaren aktak eta lehiaketako behin betiko programa helaraztea Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari.

d) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen emate-ebazpenarekin bat etorriaz.

e) Gazteria eta Kiroletako Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

f) Jarduera beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea diru-laguntza ematen duten organoari.

Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Egiaztatzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela, arauz zehaztutako eran, eta hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

h) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta diru-laguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

i) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueretan eskatu ahal izango baitira.

j) Jarduera burutzen ari delarik eta leku agerikoan, adieraztea ezen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak laguntzen duela hura diruz; salbu eta jarduera bukatu ostean eman bada diru-laguntza.

k) Jarduera aurkezteko burutzen diren ekitaldi publikoetara deitzea Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritza, salbu eta ekitaldia burutu ostean eman bada diru-laguntza; kasu horretan, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hara sortutako agirietan jaso beharko da.

l) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

m) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Bide presentziala erabiliz edo bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira justifikazioak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzan, betiere, 2017ko martxoaren 31 baino lehen eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako jarraibideei men eginez.

Egiaztagiriak:

a) Jardueraren gauzatzeari buruzko memoria, zeinetan, gutxienez, jasotzen baitira agindu honetan, baloratuko diren gaiak.

b) Diru-laguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbitroaren aktak, eta lehiaketako behin betiko programa.

c) Jatorrizko fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak.

Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da. Hala ere, hasieran aurkeztu gabeko eta gertakariaren kostu osoa barne hartzen duten egiaztagiriak emateko eskatu ahal izango dio organo emaileak onuradunari.

d) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten agiri guztien aleak.

e) Jarduera edo programa gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen agiriak.

f) Ekitaldiaren kostuaren behin betiko balantzea; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).

17. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, beharrezko direnak eta 2016. urtean ezarritako epean egiten direnak.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

3.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

4.– Diruz lagun daitezke finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantza-aholkularitzako gastuak, notaritza- eta erregistro-gastuak eta diruz lagundutako proiektua gauzatzeko peritu-gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak, baldin eta zuzeneko zerikusia badute diruz lagundutako jarduerarekin eta nahitaezkoak badira jarduera ongi prestatu edo burutzeko.

Hauek ezingo dira inolaz ere diruz lagundu:

a) Banku-kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

5.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Ez dira gastu diruz lagungarri zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

6.– Zeharkako kostuak, diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, bai arrazoiz dagokion partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat etorriz, bai, edonola ere, jarduera egin egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –diru-laguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako diru-laguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da diru-laguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta diru-laguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, zeinetan doituko baitira esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren bidez onartu zen testu bategin hori.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere xedapen hauen arabera: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 38/2003 Legearen 37.1 artikulua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten dizu ezen zuk ematen dituzun eta deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen diren datuak honako fitxategi honetan jasoko direla: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko «Kiroletarako laguntzak eta diru-laguntzak» izenekoan, zeina 2015eko abenduaren 2ko Aginduaz arautu baitzen eta laguntza-espedienteak kudeatzeko helburua baitu. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), betiere, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala