Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2016ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2826

AGINDUA, 2016ko ekainaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Gaur egungo legerian, kooperatibak osatzen dituzten ikastetxeetan arreta berezia jartzen da, duten interes sozialarengatik.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arrazoizko ikusten du irakaskuntza-kooperatibei zuzendutako berariazko deialdia egitea eta horrela laguntzea, aurrekontu-mugen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko mailetako ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak abiarazten. Jarduera horiek ikasleen gurasoek antolatuko dituzte, irakaskuntza-kooperatibetan bilduta eta behar den erregistroan hala inskribatuta.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia egin behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Hori dela-eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiben gastuei aurre egiteko laguntzetarako deia egitea. Gastu horiek izango dira 3. artikuluan adierazitako diruz lagundu daitezkeen jarduerak egitearen ondorioz sortutakoak, 2016. urtean zehar.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xederako, hogeita hamahiru mila (33.000) euroko kreditua izendatu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko aurrekontu orokorretan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

a) Unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza-gastuetarako.

b) Unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzenduta dauden jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren gastuetarako.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eta diru-laguntzen onuradunak izan Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko prestakuntza-zikloetan ari badira, eta Zuzenbidearekin bat etorriz irakaskuntza-kooperatiba bezala eratu badira. Haien xedeek indarrean dauden arauetan ezarritakoa bete eta Euskadiko kooperatiben erregistroan sartuta egon beharko dute, irakaskuntzakotzat jota.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Gainera, erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen du, batetik, 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta, bestetik, Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak, zeinaren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu baitzen.

3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera (otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa).

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6.– Administrazioaren aurrean baliabide elektronikoen bidez jarduteko ordezkaritza-ahala beste pertsona bati emateko, alta emanda egon behar da EAEko Administrazio Publikoaren https://www.euskadi.eus helbide elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoan.

6. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko da Irakaskuntza Kooperatiben Erregistroan inskribatuta eta alta emanda egotea.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideak.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta egon beharko da.

4.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak beren beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentuak lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean, betiere, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen eskumenak.

5.– Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

7. artikulua.– Agiriak aurkeztea, eta epea.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» eta «Gastu-aurrekontua» (I. eranskina) izeneko inprimaki normalizatuak aurkeztu behar dituzte, behar bezala beteta. Ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampa_koop/y22-izapide/eu

2.– Agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Bitarteko elektronikoak erabiliz agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetara jo behar da: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampa_koop/y22-izapide/eu

4.– Halaber, eskabideak paperean aurkez daitezke, eta dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako ordezkariari zuzenduko zaizkio. Eskaera hauek, Eusko Jaurlaritzan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuen bitartez aurkeztu ahal izango dira. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna ziurtatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte agiriak, bakoitzak nahi duen bezala. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiba bat ofizialki aitortutako bi ikastetxetan ari bada, bi eskabide-orri egingo ditu, ikastetxe bakoitzarengatik bat. Ikastetxe batean irakaskuntza-kooperatiba bat baino gehiago baldin badaude, irakaskuntza kooperatiba eskatzaile bakoitzak «Gastu-aurrekontua» inprimaki normalizatuan azaldu behar du dituen ikasleen portzentajea zein den.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz edo posta bidez egingo da, eskabidean aukeratutakoaren arabera.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da.

4.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean ikusi ahal izango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzon fitxategi batean. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla frogatzeko.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Diru-laguntzak zenbatzeko prozedura.

1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba horietako bakoitzak benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa:

a) Unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.

b) Unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.

c) Unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jardueren gastuak –11.1.b) artikuluan jasota ez daudenak–, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 50ean ordainduko dira.

2.– Banaketa-sistema hau da:

a) Hasiera batean, 162na euro esleituko zaie onartutako eskaera guztiei.

b) Gero, kooperatiba horietako bakoitzari bi puntuazio hauen emaitza esleituko zaio:

i) Ikastetxeak dituen ikasleen guztizko kopuruagatik dagokion puntuazioa. Ikasle bakoitzarengatik puntu bat emango da.

ii) Ikastetxeko bekadun-kopurua bider hiru egin ondoren ateratzen den puntuazioa.

Kooperatiba bakoitzari esleitutako ikasle-kopurua: estatistika-dokumentazio ofizialean agertuko da, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean.

c) Deialdiaren zenbatekotik kenduko da hasierako laguntzen guztizkoa. Hori egin ondoren lortutako zenbatekoa izango da banatu beharreko soberakina.

Kooperatiba bakoitzak ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati kooperatiba guztiei emandako puntuen guztizko batura.

d) Ateratako zenbatekoari hasierako 162 euroak gehituko zaizkio, kooperatiba bakoitzari emango zaion laguntza zehazteko.

12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzordea eratuko du, laguntzak esleitzeko proposamena presta dezan. Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko burua edo horrek izendatzen duena. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.

b) Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.

c) Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta interesdunei jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lau hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa adieraziko da, eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Testu Bategin hori):

a) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

c) Administrazio emaileak egiten dituen egiaztapen-jarduerak erraztea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduerak ere.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru laguntzak, laguntzak, diru-sarrera edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

e) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman dion erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea, eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastu-justifikazioa» (II. eranskina) izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako diru-laguntzako edo gehiagoko ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko epea 2016ko abenduaren 10ean bukatzen da, egun hori barne.

2.– Administrazioak laguntza eta diru-laguntzen ordainketa egin dezan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu behar du. Datu hori ofizioz egiaztatuko da.

a) Bitarteko elektronikoak erabiliz alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatu nahi badira, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak jarraian adierazten den helbidean eskuragarri jarritako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo behar da: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

b) Bide presentziala erabiliz alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatu nahi badira, bete inprimakia eta entregatu adierazitako lekuetan. Informazioa hemen: Alta/Hirugarren interesdunaren datuak aldatzea, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

3.– Ematen diren epeetan diru-laguntza ez onartzeak edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, laguntzaren eskuratzeko eskubidea galtzea eragingo da.

17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Justifikazioak honako bi bideetako bat erabiliz aurkeztu beharko dira:

a) Bitarteko elektronikak erabiliz, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampa_koop/y22-izapide/eu

b) Paperean eta dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako ordezkariari zuzenduko zaio. Eskaera horiek herritarrentzako arreta-bulegoetan, Zuzenean zerbitzuan, edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aureztu ahal izango dira. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna ziurtatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

2.– Bi kasuetan, «Gastu-justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da. Horretarako, prozeduraren fitxan eskuragarri dagoen inprimakia erabili beharko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ampa_koop/y22-izapide/eu helbidea), behar bezala beteta, eta behar diren ordainagiriak erantsita. Ordainagiriak original edo fotokopia konpultsatuak izan behar dute.

3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko egiaztagiriak aurkezteko.

4.– 2. artikuluan agertzen den kopuruarekin zerikusia duten gastuek lotura zuzena izan behar dute antolatutako jarduerekin edo erakundearen beraren antolaketak eta jardunak eragindakoak izan behar dute. Laguntzak osagarriak direnez, fakturek eta ordainagiriek horietan adierazitakoak justifikatu behar dute; horretarako, eskala hau hartuko da kontuan:

a) Zenbatekoaren % 100 unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza-jardunak eragindako gastuak.

b) Zenbatekoaren % 100 unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen prestakuntza-jardunak eragindako gastuak.

c) Zenbatekoaren % 100 unibertsitateaz besteko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jardueren gastuak –17.4.b) artikuluan jasota ez daudenak–. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere– diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 19. artikuluan araututako itzultze-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da, osagarri gisa, prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen ataletan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala