Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2016ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2824

AGINDUA, 2016ko ekainaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi asmorik gabeko erakundeei dei egiteko dena, 2016-2017 ikasturtean, eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko.

Heziberri 2020 Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren L2 lerro estrategikoaren arabera, zeina hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeari buruzkoa baita, agindu hau justifikatzen da. L2.1 epigrafean, berariaz adierazten da hau: etnia dela-eta diskriminatzailea ez den eskolatzea bermatuko da, ikasle ijitoen harrera, prozesu eta arrakasta akademikoa optimizatzeko.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen eskola-arrakasta lortzeko bidean.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten, berdintasun baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kultura arteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, desberdintasunak gainditu eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzea azpimarratuko duena. Segregazio-proposamenen aurrean, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuinguru batean, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza eta 6 urtetik 16 urtera bitartean derrigorrezkoa da. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Azken urteotan aurrerapen handiak izan dira ijitoen eskolatzean baina, hala ere, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienen maila berean. Ondorengo oztopoak mantentzen dira:

– Ijitoen kultura ez da ezagutzen eta ijito-herriaren benetako egoerari buruzko hausnarketa falta da. Izan ere, familia ijitoen aurrerapena zailtzen duten dinamikak eta hesiak daude, eta, oro har, gaurko gizartean gero eta desberdintasun gehiago egotea eragiten duten dinamikak dauzkagu.

– Ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari daude, ia beti negatiboak.

– Itxaropen gutxi dago ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragiten die ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarreretan eragina izan ere.

Oztopo hauek gainditzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana garatzen ari da. Ikasle-talde horri beste neurri, programa eta abarren parte-hartzaile egiteaz gainera, ikasleen aniztasunari erantzuteko zuzenduta dago.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2016-2017 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz.

Aginduan proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Horregatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2016-2017 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak diruz laguntzea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honi laurehun eta hogeita hamabost mila zortziehun eta laurogeita hamar (435.890) euroko zenbatekoa ematen zaio, lurraldeka banatuta:

a) Araba: 73.395 euro.

b) Gipuzkoa: 101.990 euro.

c) Bizkaia: 260.505 euro.

2.– Diru-laguntzak hiru prozedura erabiliz esleituko dira, aipatutako lurraldeetan banaturik. Eskaerei erantzun ondoren hiru prozeduretako edozeinetan agortzen ez bada dagokien kontsignazio ekonomikoa, soberakina beste bi prozedurei dagozkien laguntzak ordaintzeko erabili ahal izango da. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordearen ebazpenaren bidez EHAA-n emango da aditzera.

3.– Kopuru hauek deialdia ebatzi aurretik handitu ahal izango dira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren gelditzen den aurrekontuaren arabera, eskaeren kostu globala kontuan hartuta. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordearen ebazpenaren bidez EHAA-n emango da aditzera.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz egiten diren jarduerak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak irakasleekin lankidetzan gauzatuko dira eta, era berean, ondorengo alderdiak jasoko dituzte:

a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

i) Ikasgelan bertan eta ikasgelatik kanpo irakaskuntza-indargarri diren jarduerak, eskolaratze-ikuspuntutik, eta, betiere, talde-klasearen barruko lanari lehentasuna emanez.

ii) Ikastetxearekin lankidetzan aritzea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bide Laguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak.).

iii) Ikasleen banakako segimendua, tutoreekin lankidetzan, banakako tutoretzak barne (beharrezkotzat joz gero) eta eskolaratze-jarraibideei jarraituz.

iv) Taldeka tutoretzak egitea, tutoreekin elkarkidetzan arituz.

v) Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.

vi) Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak; esaterako, ikastetxera eskola-arrakasta izan duten ijitoak eramatea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.

b) Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:

i) Familiek euren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzea sustatzen duten jarduerak.

ii) Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak.).

III) Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erroldan inskribatuta eta alta emanda egon behar dute 2016-2017 ikasturtean eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Gainera, erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea.

b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta dauden.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

5.– Aipatutako betebeharrak eskaera egiten den momentuak egiaztatuko dira eta, hau ez balitz behar bezala egiten, 8. artikuluan aurre ikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -Platea- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alumngit-ijikas/y22-izapide/eu

3.– Eskabideak Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira. https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrekin batera, 2016-2017 ikasturterako jarduera-proiektu bat aurkeztu beharko da.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alumngit-ijikas/y22-izapide/eu

3.– Eskabidearekin batera, 2016-2017 ikasturterako jardueren proiektua aurkeztu beharko da. Proiektu horretan, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jaso beharko da, jarduera bakoitzak izango dituen langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

4.– Jarduera-proiektuan honako hauek jasoko dira:

a) Zehazki zein den proiektuaren eraginpeko ikasle ijitoen kolektiboa.

b) Jardueren eremua, lurralde historikoa eta eskola-maila.

c) Jardueretan sartzen diren ikastetxeak.

d) Jardueren eta behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen deskribapena.

5.– Eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alumngit-ijikas/y22-izapide/eu

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoaren, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez dagoela edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Horretarako ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzorde honek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkezten diren jarduerak:

a) Batzordeburua: Pedagogia Berriztapeneko zerbitzuburua edo hark izendatzen duena.

b) Batzordekideak:

i) Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako Pedagogi Berrikuntzarako Lurralde Burutza bakoitzeko ordezkari bat. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu ordezkari horiek.

ii) Berritzegune Nagusian ijitoak eskolaratzeko arduraduna den pertsona.

c) Pedagogi Berriztapeneko Zerbitzuko pertsona batek jardungo du idazkari gisa (Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko du).

2.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen diru-laguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen diru-laguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du.

12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak, ondorengo irizpide objektiboen arabera:

a) Zein mailatan egokitzen diren agindu honen 3. artikuluan adierazitako helburuetara, ardurapean hartuko diren ikastetxeen banaketa eta bertan egiten diten parte-hartze ereduak. 0 puntutik 12ra.

b) Komunitate ijitoko pertsonen parte-hartzea programaren kudeaketan eta gauzatzean. 0 puntutik 3ra, komunitate horretako pertsonen ardurapeko jardueren ehunekoaren arabera.

c) Arreta ematen zaien ikastetxe eta ikasleen kopurua, eta eskaintzen zaien denbora. 0 puntutik 3ra, eraginpeko kolektiboaren, beronen sakabanaketaren eta dedikazio-denboraren arabera.

d) Erakundeak edo laguntzaileek agindu honen eremuan duten esperientzia. Esperientzia hori baloratzeko, honako hauek erabiliko dira: erakunde onuradunek aurreko ikasturtean egindako txostena, erakundeek lagundu duten ikastetxeetan egindako balorazioak eta dagokien berritzeguneen txostenak. 0 puntutik 7ra.

2.– Deialditik at utziko dira a) atalean 6tik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 17tik beherakoa duten eskaerak.

3.– Diruz lagunduko dira 12.2 artikuluan exijitutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek aurrekontuan sartutako kostuaren % 100era arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).

4.– Lurralde historiko bakoitzean, aitortu beharreko diru-laguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, proiektu bakoitzaren aurrekontuari bakoitzak lortzen duen puntuazioaren araberako ehunekoa aplikatuko zaio. Gauzak horrela, 17 puntutik aurrera, 12.1 artikulua aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako diru-laguntza lortuko du proiektu bakoitzak, eta 25 puntuko gehieneko puntuazioarekin % 100 lortuko dute.

5.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatu ondoren, hainbanaketa egingo da, diru-laguntzen guztizkoa aurrekontuaren mugara egokitzeko, proiektu bakoitzaren banakako aurrekontua inolaz ere gainditu gabe.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko du agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen duen deialdia. Dagokion ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

2.– Aipatutako ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren aipatutako ebazpenak jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute; hala ere, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera.

3.– Ebazpenen jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren «Nire Kudeaketak» atalean ikusi ahal izango dira.

4.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

6.– Horrez gain, ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.

7.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

8.– Erakunde onuradunari diru-laguntza emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiei. Halaber, itzultze-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik esleitu, ezta ordaindu ere.

14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Erakunde onuradunentzat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bana eratuko du. Kide hauek izango ditu: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo beronen ordez dagoena, zuzendari horrek izendatutako funtzionario bat eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

2.– Hona hemen batzordearen eginkizunak:

Sailaren beharrizanen arabera, erakunde onuradunen jarduerak zein ikastetxetan egingo diren erabakitzea. Lehentasuna izango dute Administrazioaren «Hamaika Esku» jarduera-planean parte hartzen duten ikastetxeek.

a) Ikastetxe bakoitzean zer jarduera, ordutegi eta abar izango diren zehaztea.

b) Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, baliabideak berriro antolatzea.

c) Proiektuaren barruko jarduera guztiak ebaluatzea.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da erakunde onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribaturen baten aldetik jaso dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Kasu horretan, gehiegizko kopurua kendu eginen zaie deialdi honen ondorioz dagokien zenbatekotik.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

c) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

e) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Diru-laguntza bere helbururako erabiltzea.

5.– 14. artikuluan adierazitako batzordeak ezartzen dituen ikastetxe eta ordutegietan egitea jarduerak.

6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

17. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Diru-laguntza bi alditan ordainduko da.

a) Aurre-ordainketa bat egingo da, diru-laguntzaren % 20koa, emandako laguntza onartu eta berehala.

b) Gainerakoa, diru-laguntza osoaren % 80, bitarteko txostena aurkeztu ondoren ordainduko da. Hartan, proiektuaren ordura arteko garapena zein izan den jasoko da eta ikastetxeetan garatzen ari diren lan-plangintza aipatuko da. Txosten hori 2017ko urtarrilaren 7tik 31ra aurkeztuko da, azken egun hori barnean dela.

2.– Administrazioak diru-laguntzak eta laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean jasota egon beharko du. Hirugarren interesdun baten datuak aldatzeko edo izena emateko, bide elektronikoak erabiliz, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2017ko ekainaren 30etik aurrera eta abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena aurkeztu beharko dute, zeinak honako hauek bilduko baititu:

a) Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.

b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.

3.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/alumngit-ijikas/y22-izapide/eu

19. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere– diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. Tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala