Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2016ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2822

AGINDUA, 2016ko ekainaren 7koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bitartez, kudeaketa-plan esperimentala luzatzen da Billano lurmuturra eta Bakioko Birjilandape artean kokatzen den itsasertzean lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko, eta lanpernak biltzeko zenbait debeku ezartzen dira.

Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, arrantza antolatu eta araupetzeko hartzen diren neurriek itsas baliabideak eta itsasaldeko komunitateen garapena babestu eta mantentzera joko dute, eta itsasaldeko komunitateak garatzera. Halaber, lege horren 6. artikuluaren arabera, ustiapen egoki eta arrazoizkoa da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta, bestetik, itsas baliabide eta ekosistemen babes eta artapenaren arteko oreka jarraitua bermatzen duena eta legez baimendutako eskuarte edo tresnez egiten dena.

Premisa horietatik abiatuz, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak lanperna ustiatzeko bi plan esperimental ezarri zituen: bat, Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri lurmuturraren artean dagoen itsasertzeko tartean, eta beste bat, 2014ko azaroaren 12ko Aginduaren bidez, Gorlizeko Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen artean kokatzen den itsasertzeko tartean.

Plan hartan aurreikusten zen datuak biltzea, bai baimendutako biltzaileen aldetik, bai eta Aztiren aldetik ere. Arrantzaleek arrantza-koadernoetan eskatutako informazioa eman dute, baina Aztik ezin izan ditu beharrezko laginketak egin 2014. eta 2015. urteetan. Horren ondorioz, informazio urria eskuratu da lanpernaren biomasari buruz.

Informazio hori beharrezkoa denez behin betiko kudeaketa-planari buruzko erabakiak hartzeko, Aztik plan esperimentala luzatzeko aholkua eman du, beste urtebetez gutxienez.

Agindu honen helburua da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko plan esperimentala luzatzea, Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Bakioko Birjilandaperen (43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) arteko itsasertzean.

Plan hori aplikatzearen ondorioz, lanpernak harrapatzeko debekua ezartzen zaie bai aisialdiko arrantzaleei, bai eta espresuki baimenduta ez dauden arrantzale profesionalei ere.

Maiatzaren 6ko 102/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren arabera, ahalmena ematen zaio arrantza gaietan eskuduna den saileko titularrari debekualdien eta gutxienezko neurrien koadro orokorra aldatzeko, kirol-arrantzaleentzat debekatuta dauden espezieen kopurua handitzeko, eta biltzeko garaia, era eta tokiak finkatzeko, txosten eta irizpen teknikoen arabera.

Gorago azaldutakoa kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Bakioko Birjilandaperen (43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) artean kokatzen den eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko kudeaketa-plana luzatzea onartzea. Agindu honen eranskinean jasota dago kudeaketa-plan horren arauketa.

Bigarrena.– Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandaperen (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) artean lanpernak biltzea debekatzea bai aisialdiko arrantzaleei bai baimenduta ez dauden profesionalei, plana betearazi ahal izateko.

Hirugarrena.– Ahalmena ematea Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bosgarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 7a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
BILLANO LURMUTURRAREN ETA BAKIOKO BIRJILANDAPEREN ARTEAN DAGOEN ITSASERTZEAN LANPERNAK USTIATZEKO KUDEAKETA-PLAN ESPERIMENTALA

1.– Ustiatu daitekeen espeziea.

Lanperna (Pollicipes pollicipes) da ustiatu daitekeen espeziea.

2.– Ustiapen-eremuak.

Billano lurmuturraren (43º 26´02.99´´N eta 2º56´40.62´´O) eta Birjilandaperen (Bakioko udalerria, 43º25´55.52´´N eta 2º48´41.19´´O) arteko itsasertzaren zatia da ustiapen-eremua.

3.– Planaren indarraldia.

Kudeaketa-plan hau 2017ko maiatzaren 31ra arte egongo da indarrean.

4.– Jardueraren baldintzak. Baimenak.

Planaren ustiapen-eremuan, planaren aurreikuspenen arabera edo plana garatzen duten ebazpenen arabera baimendutako pertsonek baino ezin izango dituzte lanpernak bildu.

Ustiapen-eremuan lanperna biltzeko baimena eskatu ahalko dute oinezko itsaski-biltzaileen erroldan dauden pertsonek.

Baimen-eskaera bideratuko da Mundakako Kofradiaren bidez, edo zuzen-zuzenean Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren aurrean.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lanpernak biltzeko baimena eman ahalko die itsaski-biltzaileen erroldan ez dauden arrantzale profesionalei, baldin eta gomendagarria bada Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planak aplikatzearen bideragarritasuna aztertzeko proiektu pilotuan lortu nahi diren helburuak lortzeko.

Planean parte hartzeko lehentasuna izango dute 2014-2016 planean parte hartu duten itsaski-biltzaileek.

Planean parte hartzeko baimena ematen badute, ebazpenek berariazko baldintza eta jarraibideak eduki ahal izango dituzte bai lanperna-bilketari buruz bai datuen aurkezpenari buruz.

5.– Gehieneko ustiapen-kuota.

Ez da egokitzat jotzen gehieneko ustiapen-kuota ezartzea.

6.– Biltzeko aldia.

Planaren helburu esperimentala dela-eta, biltzeko aldia luzatu egingo da agindu hau argitaratzen denetik 2017ko maiatzaren 31ra arte.

7.– Gutxieneko neurria.

Ale solteentzat 40 mm-ko gutxieneko neurria ezartzen da; horretarako, lanpernak, tenkatu gabe dela, guztira zer luzera duen (L) neurtuko da, kapituluaren muturretik pedunkuluaren oinarriraino, eskema honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

Biltzerakoan, lanpernak «multzoan» ateratzen badira, gutxieneko neurri horretara heldu beharko dute, gutxienez, multzo bakoitzaren pisuaren % 60 osatzen duten aleek.

8.– Bilketarako metodoak eta baldintzak.

Debekatuta dago lanpernak biltzea larunbateko 00:00etatik igandeko 24:00etara bitartean, baita jaiegunetan ere. Debeku hori salbuetsiko da astean zehar itsaski-bilketa ezin izan bada burutu arrazoi objektiboak direla-eta: baldintza meteorologikoak, itsasoaren egoera txarra, etab.

Oinez baino ez da onartuko itsaski-bilketa. Debekatuta dago urpean igeri egiteko ekipamenduak edo sistema autonomoak edukitzea edo erabiltzea.

Marearteko zonan besterik ez da bilduko.

9.– Salmenta-oharra.

Arrantza-politika komunaren kontrolari eta gainerako garapen-arauei buruzko Batzordearen azaroaren 20ko 1224/2009 EE Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, «salmenta-oharra» agiria formalizatu beharko da eta erakunde ofizialei jakinarazi, ohiko bitartekoak erabiliz.

10.– Bildutakoaren jarraipena.

Arrantza-egunkaria emango zaie lanpernak biltzeko baimena duten pertsonei, bete dezaten. Kanpaina amaitzean, bilketen egunkaria Aztira bidaliko da.

Egunkarian, bildutako kopuruaz gain, jasota utziko da zer tokitan bildu diren, egunean egunean, lanpernak.

11.– Baliabidearen jarraipena.

Bilketa-sasoia amaitu ondoren, baliabidearen egoeraren jarraipena egingo da, Azti-Tecnaliak ezartzen duen metodologiari jarraituz.

Baliabidearen eta bildutakoaren jarraipena eginda zer emaitza lortzen den ikusi, eta adierazleek horretarako aukera badela erakusten badute, kudeaketa-plan bat egingo da, berariaz, hurrengo bilketa-kanpainarako.

12.– Arau-hausteak.

Kudeaketa-plan honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimenetan edo kudeaketa-plana garatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zehapenak ezarriko dira, aplikatzekoa den arrantza-araudiaren arabera.

13.– Lizentzia ezeztatzea eta etetea.

Lizentzia ezeztatu egingo da titularrak bete beharreko baldintzak betetzeari uzten badio.

Dagozkion zehapenez gain, lizentzia ezeztatu egingo da bi arau-hauste edo gehiago eginez gero itsaski-bilketa gaian.

Lizentzia ezeztatzeko espedienteak izapidetu bitartean, baimena etenda uzteko kautela-neurria hartu ahal izango da.

14.– Ustiapen-plana etetea.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoitutako ebazpenaren bidez, kudeaketa-plana eten, eta planaren ustiapen-eremuan lanpernak biltzea debekatu ahal izango du, hala egitea komeni dela erabakitzen bada, espezieen kontserbazio-egoerari eta jasangarritasunari eragiten dieten baldintzak egonez gero.


Azterketa dokumentala