Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2016ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2820

AGINDUA, 2016ko ekainaren 7koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; horren bidez, untxi-hazkuntzara zuzendutako Euskadiko nekazaritza-ekoizpen ekologikorako Arau Tekniko Espezifikoa argitaratzeko agindu da.

Europako Kontseiluak 2007ko ekainaren 28an emandako 834/2007 (EE) Erregelamenduak, produktu ekologikoak ekoizteari eta etiketatzeari buruzkoak, ekoizpenerako metodo ekologikoen garapen jasangarrirako oinarria eskaintzen du 1. artikuluan. Era berean, produktu ekologikoak ekoizteko, prestatzeko eta banatzeko etapa guztietarako, horiek kontrolatzeko eta ekoizpen ekologikoari erreferentzia egiten dioten etiketak jarri eta publizitatea egiteko jarraibideak erabiltzeko ezartzen dituen arauak babesteko helburu eta printzipio komunak ere eskaintzen ditu.

Honako hau dio 1. artikuluko 2. zenbakian: «nekazaritzakoak diren eta produktu ekologiko gisa merkaturatu diren edo merkaturatuko diren produktu hauei aplikatuko zaie Erregelamendua: a) nekazaritza-produktu biziak edo eraldatu gabeak b)......».

Untxien kasua Erregelamenduaren aplikazio-esparruan sartzen da, zehazki Kontseiluak 2007ko ekainaren 28an emandako 834/2007 (EE) Erregelamenduaren 1. artikuluko 2. zenbakiko a) letran. Animaliak deitura ekologikoaren babespean merkaturatu ahal izateko, aipatutako erregelamenduan eta horren aldarazpenetan ezarritako arau eta printzipio orokorrei jarraituz hazi behar dira.

Geroago, 2008ko irailaren 5ean, 889/2008 (EE) Erregelamendua argitaratu zen, zenbait espezie –behiak, zaldiak, txerriak, ahuntzak, oilategiko hegaztiak eta erleak– ekoizteko eta etiketatzeko arauak eta espezieon kontrolerako aplika daitezkeen arauak ezartzeko, Erregelamendu horren 7. artikuluak dioen legez. Animalia-espezie jakin batzuei aplikatzekoak diren xedapenak ez daude guztiz garatuta, eta denbora gehiago behar da. Horrenbestez, geroagoko prozedura batean aurkeztu behar dira (erregelamendu honetako 2. kontuan hartuzkoan adierazi den bezala). Hori dela eta, erregelamendu honen aplikazio-esparrutik kanpo geratuko dira aipatutakoak ez diren ganadu espezieak. Untxia kanpoan geratuko litzateke, beraz.

Kontseiluak 2007ko ekainaren 28an emandako 834/2007 Erregelamenduaren (EEE) 42. artikuluan adierazten denez, animalia-espezie jakin batzuen ekoizpenari aplikatu beharreko xedapenik ez badago, etiketak jartzeko eta kontrolatzeko xedapenak aplikatuko dira. Gainera, arau nazionalak aplikatuko dira, eta horrelakorik egon ezean, Europar Batasuneko kide diren estatuek onartu edo aitortutako arau pribatuak. Orain arte ez da ekoizpen mota horretarako arau teknikorik onetsi estatu mailan.

Autonomia-erkidego honek ezinbestekoa du Nekazaritza Ekologikoaren araubidean erregistratuta dauden eta nagusiki untxi-hazkuntzan diharduten ekoizleak zaintzea. Arestian azaldutakoa aintzat hartuta, Untxien Ekoizpen Ekologikorako Arau Tekniko Espezifikoa egin eta onetsi du horretarako eskumena duen organoak, hots, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Europako Kontseiluak ekainaren 28an emandako 834/2007 (EEE) Erregelamenduan eta horren aldarazpenetan ezarritako arau eta printzipio orokorrak errespetatuz.

Arau Teknikoetan espeziearen ezaugarrietara egokitzen diren xedapenak ematen dira, honakoei buruzkoak: bihurketa, animalien jatorria, elikadura, profilaxia eta albaitariak eman beharreko zaintza, hazteko arauak eta haztegien eta instalazioen mantentze-lana, kudeaketa zooteknikorako metodoak, animalien eta animalia-produktuen garraioa eta identifikazioa.

Era berean, abenduaren 29ko 10/2006 Legearen 6.1.c) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2009ko maiatzaren 20an, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari proposatu zion –nekazaritza arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko saila den heinean– argitara eman zezala untxi-hazkuntza ekologikoa arautzen duen araua, hau da, Untxien Ekoizpenerako Euskadiko Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoari buruzko Erregelamendu Tekniko Espezifikoa.

Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak 2015eko irailaren 9an emandako 2015/1535 (EB) Zuzentarauaren bidez, araubide teknikoen berri eta gizarteari informazioa emateko zerbitzuei buruzko arauen berri emateko prozedura ezarri da. Arau tekniko hau eman aurretik –zeina zuzentarau horrek xedatutakoaren arabera araudi teknikoa baita–, Batasunaren arau horren 5. eta 9. artikuluetan ageri den jakinarazte-prozedura bete da, eta, hala, Batzordeari araudi teknikoaren proiektuaren berri eman zaionetik araua ezarri den arte igaro beharreko hiru hilabeteko epea errespetatu da. Prozedura horren xedea da arau eta araubide tekniko horien inguruan gardentasunez jardutea eta horiek kontrolatzea, Europar Batasuneko kide diren estatuen artean arrazoirik gabeko oztopoak sortzeko arriskua murrizte aldera.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Untxi-ekoizpenerako Euskadiko Nekazaritza Ekoizpen Ekologikorako Arau Tekniko Espezifikoa argitara dadin agintzea. Agindu honi gehitu zaion eranskinean ageri da.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 7a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
1.– Aplikazio-esparrua.

1.1.– Untxi arrunta (Oryctolagus cuniculus) hazten duten eta produktuak nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren bereizgarriekin merkaturatu nahi dituzten ekoizleei aplikatzekoa da atal hau.

1.2.– Untxi ekologikoaren ekoizleek Europako Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EE) eta Europako Batzordearen 889/2008 (EE) Erregelamendua bete behar dituzte. Jarraian ageri diren xedapenek 889/2008 (EE) Erregelamenduaren xedapenak osatzen dituzte.

1.3.– Arau Tekniko honen baldintzak ez zaizkie aplikatuko Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetan ekoitzitako produktu ekologikoei, 834/2007 (EE) Erregelamenduari jarraituz.

2.– Animalien jatorria.

2.1.– Merkaturatzeko diren gizentze-untxiek untxi-hazkuntza ekologikorako arauen arabera jaio eta hazitakoak izan behar dute.

2.2.– Ustiategi batean ekologikoak ez diren animaliak hazi nahi izanez gero, animalia ekologikoen kopuru nahikoa ez dagoelako bakarrik izango da, eta honako baldintzak bete behar dira:

a) Lehen aldiz untxi saldo bat osatzen denean, ekologikoak ez diren untxikumeak nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren arauen arabera haziko dira, titia kentzen zaien momentutik aurrera. Hazteko animaliei dagokienez, ez da egongo ekologikoak ez diren animaliak sartzeko mugarik, saldoa osatzen den lehenengo aldia bada.

b) Hazteko animaliak ordezkatu ahal izateko, ekologikoak ez diren eta inoiz kumerik izan ez duten % 20ra bitarteko eme kopurua sartu ahalko da saldoan (saldoan dagoen eme kopurua x % 20). Ustiategian dauden animalia helduen kopuru osoa kontuan hartuta kalkulatzen da ehuneko hori. Gainera, saldoan sartzen diren hazteko animaliek, eme zein arrek, 4 hilabete baino gutxiago izan behar dituzte.

c) Ondoren ageri diren kasuetan, ehuneko hori % 40ra igo daiteke, agintaritza eskudunak horretarako baimena ematen badu:

i) Ustiategia asko handitu nahi denean.

ii) Arraza aldatu nahi denean.

iii) Gaixotasun edo hondamendiren baten ondorioz animalia asko hil direnean eta araudiak ekoizpenerako salbuespenetarako ezarritako baldintzak betetzen direnean (889/2008/EE Erregelamendua, 6. kapitulua).

3.– Animalien bihurketa.

3.1.– Ustiategi ekologikoan sartzen den eta ekologikoa ez den animalia orok bihurketa aldi bat igaro behar du, gutxienez 3 hilabetekoa.

3.2.– Jarduerari ekiten zaion momentuan jada ustiategian dauden hazteko animalien eta horietatik eratorritako produktuen kasuan, nekazaritza-ekoizpen ekologikorako arauen arabera, aurreko puntuan adierazitako bihurketa-aldia igaro ondoren jo ahalko dira ekologikotzat.

4.– Animaliak gordetzea eta hazteko metodoak.

4.1.– Debekatuta dago ekologikoak diren untxiak eta ez direnak ustiategi berean ekoiztea.

4.2.– Bestalde, 834/2007 (EE) Erregelamenduaren 14. artikuluko 1. zenbakiko b) letraren iii) puntuaren arabera, belarjaleek bazkatzeko larreetarako sarbidea izan behar dute, egoerak horretarako bide ematen duen aldiro. Horrenbestez, untxiek belar-parkeetan bazka dezaketela bermatu behar da, betiere animaliaren egoera fisiologikoak eta/edo eguraldiak horretarako aukera ematen badute.

Aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiak edo Batasunaren araudiak ezarritako betebeharrak direla medio, untxiek belar-parkeetan bazkatu ezin badute, gutxienez aire zabalean egoteko leku bat izan behar dute. Leku hori zati batean estalita egon daiteke, eta, gutxienez, hiru aldetatik irekita egon behar du (aire zabalean eta eguzki-argiak emateko moduan). Gainera, belar-parkeetarako sarbidea mugatzen bada edo untxien beharrizanei erantzuteko nahikoa ez bada, behar besteko bazka landugabea eta bestelako material egokiak izan behar dituzte momentu guztietan.

4.3.– Animaliak gordetzeko lekuen baldintzek bat etorri behar dute 889/2008 (EE) Erregelamenduaren 10. artikuluan ezarritakoarekin. Animaliak lurrean hazi behar dira, eta debekatuta daude alanbrez eta/edo xaretaz egindako solairuak. Barrualdeko eta aire zabalean egoteko lekuen zorua (belar-parkearena izan ezik) betoiarekin edo errazago garbitzeko eta desinfektatzeko materialekin zigilatu daiteke. Ezin da egon barrualdetik kanpoaldera pasatzen uzten ez duen hesirik edo tranpa-oholik.

4.4.– Barruko espazioetan eta aire zabalean egoteko lekuetan –itxita baldin badaude– etzalekuak egon behar dira, lastoarekin edo kimikoki tratatuak izan ez diren beste material natural batzuekin eginak. Etzaleku hori garbi eta lehor mantendu behar da.

4.5.– Honela hazi daitezke untxiak:

– Untxitegietan: belar-parkeetarako sarbidea duten leku finkoak.

– Kaiola mugikorretan: larrean tokiz aldatuz doazen kaiola mugikorrak.

Honakoak izango dira gutxieneko azalerak:

(Ikus .PDF)

4.6.– Osasun-arrazoiak direla-eta, untxi saldo bakoitza hazi ostean, horiek gordetzeko erabilitako leku guztiak hustu behar dira. Denbora-tarte horretan, eraikuntza eta bertako taldeak garbitu eta desinfektatu behar dira. Lekua desinfektatu ondoren, gutxienez 15 egunez egon behar du hutsik. Ekoizpenerako lekuak eta taldeak garbitu eta desinfektatzeko, 889/2008 (EE) Erregelamenduaren VII. eranskinaren 1. atalean ageri diren produktuak bakarrik erabili ahal dira.

Larreak edo belar-parkeak gutxienez 40 egunez egon behar dira hutsik, osasun-arrazoiengatik.

4.7.– Ustiategiko ganaduaren guztizko pisuak ezingo du gainditu urtean nekazaritzarako azaleraren hektarea bakoitzeko 170 nitrogeno kiloko kopurua.

(Ikus .PDF)
5.– Animalien kudeaketa.

5.1.– Ordezkatzeko untxi emeen lehenengo estalketa ezingo da 4 hilabete baino lehenago egin. Arren kasuan hilabete gehiago itxarotea komeni da.

5.2.– Arraren gelatxoan egingo da estalketa, erditu eta 30 egunetara sartuko da, gutxienez.

5.3.– Erditzeko habia emeak erabiltzeko moduan egon behar da erditu baino 7 egun lehenagotik.

5.4.– Kumea jaio eta gutxienez 30 egunetara kenduko zaio titia.

5.5.– Haragia ekoizteko diren untxiak ezingo dira 90 egun bete aurretik hil.

5.6.– Ordezkatzeko diren animalietan, % 20 izatea derrigorrezkoa izango da. Bigarren atalean ezarritako baldintzen arabera sartu ahalko dira ustiategi ekologikoan.

5.7.– Argi artifiziala erabili ahalko da hazteko animalientzako, argi naturalaren osagarri modura, betiere 8 orduko iluntasun tarte bat badute, etenik gabekoa.

6.– Elikadura.

6.1.– Lehengai ekologikoekin elikatuko dira untxiak. Animaliek ekoizpen-etapa bakoitzean duten elikatzeko beharrizana asebete behar da. Animaliek edateko ura eduki behar dute uneoro, ura edateko egokiak diren lekuetan.

6.2.– Ama-esnearekin elikatu behar dira untxikumeak.

6.3.– Gutxienez untxi helduen eta titia kendu zaien untxi gazteen eguneko anoaren % 60 bazka landugabeak osatu behar du, ahal izanez gero bazka berde, idor edo urgabetuak. Gehiengoa korbearekin edo bazkarekin eman behar da.

6.4.– Bestalde, 889/2008 (EE) Erregelamenduaren 21. artikuluan ageri da animalientzako anoei bihurtzen ari diren elikagaiak gehitzeko aukera.

6.5.– Gehigarriak, lagungarri teknologikoak eta animalientzako elikaduraren arloan erabiltzen diren beste produktu batzuk erabili ahalko dira nekazaritza-ekoizpen ekologikoan, betiere 889/2008 (EE) Erregelamenduaren VI. eranskinean ageri badira.

6.6.– Elikagaien jatorriari dagokionez, 889/2008 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluan animalia belarjaleen kasurako ezarritakoa bete behar da. Gutxienez pentsuaren % 60 ustiategitik bertatik atera behar da, eta, hori ezinezkoa bada, inguruko beste ustiategi ekologiko batzuekin lankidetzan ekoitzi.

7.– Profilaxia eta albaitariaren tratamenduak.

Profilaxiari eta albaitariak eman beharreko zaintzari buruzko xedapenak 889/2008 (EE) Erregelamenduaren 23. eta 24. artikuluetan ageri dira.


Azterketa dokumentala