Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2016ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2748

89/2016 DEKRETUA, ekainaren 7koa, Adsis Fundazioa (EAE) gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-intereseko aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak, baldin irabazi-asmorik gabe gizarte-zerbitzuak ematera dedikatzen badira eta araubidez ezarritako baldintzak betetzen badituzte; guztia ere, EAEn gizarte-zerbitzuak garatzearren, Gizarte-ekintzako Hirugarren Sektoreak egindako ibilbidea eta ekarpenak errekonozitzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Adsis Fundazioak (EAE) eskatu du aipatutako aitorpena, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Adsis Fundazioko (EAE) Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazten duenez, irabazte-asmorik gabeko erakunde bat da, 1996an eratua, eta helburu nagusitzat honako hau du: herritar behartsuenentzat hainbat eratako gizarte-zerbitzuak sustatu eta gauzatzea; batez ere, gizartean moldakaitz edo bazterturik aurkitzen direnen sektoreentzat.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2008tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan.

424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2016ko ekainaren 7an, egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Adsis Fundazioa (EAE) gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Adsis Fundazioari (EAE) aitorpen honen berezko eskubideak errekonozitzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 7a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala