Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2016ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2744

61/2016 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Pasaiako Portuko Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat Herrera ETSren geltokiaren eta Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiaren artean, oinezkoentzako eta bizikleterako konexio bat ezartzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Pasaiako Portuko Agintaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat Herrera ETSren geltokiaren eta Pasaiako udalerriko Trintxerpe barrutiaren artean oinezkoentzako eta bizikleterako konexio bat ezartzeko; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 27EKO 61/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA PASAIAKO PORTU AGINTARITZAREN ARTEAN, PORTUAREN ETA HIRIAREN ARTEKO HARREMANA ERRAZTEKO ETA INGURUKO HIRIGUNEA BIZIBERRITZEKO, OINEZKO ETA BIZIKLETETARAKO KONEXIOA EZARRIZ LA HERRERAKO EUSKAL TRENBIDE SAREKO GELTOKIAREN ETA PASAIAKO UDALERRIKO TRINTXERPEKO BARRUTIAREN ARTEAN

Pasaian, 2016ko maiatzaren 12an.

BILDU DIRA:

Batetik, Ana Isabel Oregi Bastarrika, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua den heinean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2016ko apirilaren 19ko bilkuran hartutako erabakiak horretarako baimena eman diolarik.

Bestetik, Ricardo Peña Quintela, Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea, 2013ko otsailaren 8ko 28. EHAAn eta 2013ko otsailaren 16ko 41. BOEn argitaratutako Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 5eko 147/2013 Dekretuan ezarritako izendapenari jarraikiz, Pasaiako Portu Agintaritza ordezkatuz, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 31.2.a) artikuluak ematen dizkion eskuduntzak betez, eta Administrazio Kontseiluak 2015eko abenduaren 17an hartutako erabakiak hitzarmen hau egiteko behar den baimena ematen diolarik.

Bi aldeek onartu diote elkarri, bakoitzak esku hartzen duen izaeraz, hitzarmen hau izenpetzeko beharrezko lege-ahalmena, eta, horretarako, honako hau

AZALTZEN DUTE:

I.– Pasaiako Portu Agintaritza erakunde publikoa da, eta, irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legearen testu bateginaren 24.1 artikuluak ezarritakoari jarraikiz, nortasun juridiko eta ondasun propioak dauzka, eta bere xedeak betetzeko erabateko ahalmena.

Ondare-gaietan, artikulu horren 2. zenbakian ezarritakoaren arabera, bere legeria espezifikoari jarraikiz arautzen da, eta, hartan aurreikusi ez den orotan, Administrazio Publikoen ondare-legeriari jarraikiz.

25 d) eta e) artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, eskumenak betetzen ditu portuko jabari publikoa eta haren ondare-ondasunak kudeatzeko gaietan.

II.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den 2013ko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 1. artikuluari jarraikiz, eta EAEko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen barruan, bere egitekoak beteko ditu, besteak beste, trenbideen eta trenbide-garraioaren, portu eta itsas gaien eta lurraldea eta itsasertza antolatzearen gaietan.

III.– Eusko Jaurlaritzaren X. Legegintzaldirako (2012-2016) programaren barruan, Pasaiako badia biziberritzea sustatzeko helburua hartu da aintzat, erakundeak eta organismo publiko eta pribatuak biltzeko eta koordinatzeko markoan, «Lurralde-politika orekatu eta iraunkorra» 1.9. ardatzaren barruan.

IV.– Pasaiako Portu Agintaritza portuko jabari publikoko eta ondarezko ondasun batzuen titularra da. Jarraian adieraziko dugu ondasun horiek zein diren, eta honekin batera doan I. eranskineko planoan grafiatuta jaso dira.

Ondare-lurren lurzatia, 4.451 m2-koa, honako bi lurzati hauek osatua:

B lurzatia, 3.583 m2-koa, La Herrerako iparraldean, iparraldean muga eginez Gomistegiko biribilgunearekin.

D lurzatia, 868 m2-koa, La Herrerako hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharreko hainbat gunek inguratua.

Pasaiako Portu Agintaritzaren jabari publikoko lurzatia, 10.330 m2-koa, honako bi lurzati hauek osatua:

A lurzatia, 6.747 m2-koa, La Herrerako iparraldean Euskadi Etorbidearekin muga eginez eta ekialdean La Herrerako portu-eremuarekin.

C lurzatia, 3.583 m2-koa, La Herrerako mendebaldean eta ekialdean, Eusko Jaurlaritzak, Pasaiako Portu Agintaritzak eta La Herrerako portu-eremuak kudeatuko dituzten guneek inguratua.

V.– Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko irailaren 15eko bilkuran, Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Planaren izapideak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, baldintzak egokiak direnean portua badiaren kanpoaldera eramateko asmoari uko egin gabe. Erabaki horren ondorioz, arreta guztia egungo portua sendotzean jarri behar da, eta horrek ezinbesteko egiten du portuko jarduerak eta hirigunea bateragarri egiteko erronkari heltzea, kontaktu-eremuetan arreta berezia jarriz. Horrela jaso da 2015eko martxoaren 10eko bilkuran Administrazio Kontseiluak 2015-2025 aldirako onartu zuen plan estrategikoan.

Horren ondorio da, halaber, Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspena, Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak 2015eko irailaren 17ko bilkuran adierazi zuena. Bilkura hartan, kontseiluan ordezkatuta dauden euskal erakundeek adierazi zuten berrikuspenean jasotako jardunak aurrera eramateko prest daudela, eta horretarako Erakundearteko Esparru Hitzarmena sinatu beharko dela, non zehaztuko diren, batetik, guztion interesekoa den portuaren eta hirigunearen arteko elkarreragin egokia lortzeko konpromisoa eta, bestetik, dagozkion lankidetza-erabakiak.

VI.– Plan Bereziaren Berrikuspenean jasotako antolamenduaren arabera, portuko jabari publikoaren zortzi hektarea baino gehiago erabilera publikorako eta hirugarren sektoreko jardueretarako erabili ahal izango dira. Horrek berekin dakar, halaber, portu-eremuan hainbat ekipamendu publiko sortzeko aukera. Besteak beste, oinezko eta bizikletetarako komunikazio-ardatza, portuaren eta hiriaren arteko kontaktu-eremua antolatuko duena, eta, horri esker, hiriak aukera izango du La Herrerako Euskal Trenbide Sarearekin eta kanaleko museogunearekin bat egiteko, azkenaldi honetan herritarrak eskatzen ari diren bezala.

VII.– Euskadi Etorbidean hiriaren eta portuaren arteko kontaktu-eremua behar bezala bideratzeko eta kalitatezko eremu publikoak ezarriz Trintxerperen eta La Herrerako Euskal Trenbide Sareko geltokiko eremuaren arteko oinezko eta bizikletetarako konexioa ahalbidetzeko, jardun jakin batzuk egin behar dira Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenaren dokumentuan 3. eta 4. eremuak antolatzeko planoan Portuko Gune Libre gisa kalifikatutako eremuen gainean. Plan Bereziaren Berrikuspenaren memorian jaso denez, segurtasunaren ikuspegitik eremu batzuetan arazoak daude ibilgailuen eta oinezkoen trafikoak bateragarri egiteko. La Herrerako ETSko geltoki berrira iristeko ibilbidean, adibidez: orain portura sartzeko errepideetan barrena doa hori, espazio propiorik ezean.

Oinezko eta bizikletetarako konexio hori egiteko, Pasaiako Udalaren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lur jakin batzuk okupatu behar dira, IV. puntuan deskribatutako Pasaiako Portu Agintaritzaren lurrak ez ezik. Lur horiek honekin batera doan planoan jasota daude, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskura jarriko dira aldi baterako, lanak egiteko.

VIII.– Arazo horri konponbide bat eman behar zitzaionez, eta kontuan hartuta Plan Bereziaren Berrikuspena izapidetu bitartean La Herrerako ETSko geltokiaren eta Euskadi Etorbidearen arteko oinezko eta bizikletetarako konexioa egin daitekeela une honetan indarrean dagoen Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren babesean, erakunde sinatzaileek erabaki dute lanak egiteko jarduna aurreratzea Erakundearteko Esparru Hitzarmena sinatzeko egunera eta lankidetza-hitzarmen hau sinatzea euskal erakundeek eremu horretan lankidetza-hitzarmen egokiak sinatzeko hartu duten konpromisoaren esparruan.

Pasaiako Portu Agintaritzak eta haren Administrazio Kontseiluan ordezkatuta dauden Administrazio guztiek lortu nahi duten interes orokorra lortzeko bidean batera lan egiteko eta bitartekoak jarri eta ahaleginak batzeko testuinguru horretan, hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek ahalbidetzen dute, behean sinatuz, geltokia eta Euskadi Etorbidea lotzea, horretarako behar diren lurretako batzuk ekarriz eta lanak finantzatuz eta eginez. Nolanahi ere, elkarri onartzen diote portuko hirigunearen mesederako egin beharreko lanak direla, eta, helburu espezifiko horri jarraikiz, Erakundearteko Esparru Hitzarmenean mugatu beharko direla lurrak erabiltzeagatiko erantzukizun- eta mantentze-araubidea, eta hori ez dela inondik inora Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren ardura izango.

IX.– Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2010 Legearen 186. artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrari lotutako erakunde publikoek aukera izango dute beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak egiteko ondare-harremanak antolatzeko helburuarekin, eta, 187. artikuluaren arabera, hitzarmen horietan bildu ahal izango dira esku-hartzaileen ondare-harremanak antolatzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen diren estipulazio guztiak, betiere interes publikoaren, antolamendu juridikoaren edo administrazio onaren printzipioen aurkakoak ez badira.

X.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte autonomia-erkidegoetako administrazioetako organoekin, bakoitzaren eskumenen esparruan.

Azaldutakoa ikusirik, bi aldeek adierazi dutenez Pasaiako Portu Agintaritzaren jabari publikoko eta ondarezko lurretan egokitzeko lanak egiteko hitzarmena sinatu nahi dutela, honako hau sinatzea adostu dute, behean bildutako klausulei jarraikiz.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da portuaren eta hiriaren arteko harremana erraztea, eta inguruko hirigunea biziberritzea oinezko eta bizikletetarako konexio bat ezarriz La Herrerako ETSko geltokiaren eta Pasaiako udalerriko Trintxerpeko barrutiaren artean. Pasaiako Portu Agintaritzaren jabari publikoko eta ondarezko lurretan egingo da konexio horren zati bat, eta lur horiek zein diren zehatz-mehatz zehaztu da hitzarmen honekin batera doan I. eranskinaren dokumentazio grafikoan.

Lan horiek egiteko eta xede horrekin, Pasaiako Portu Agintaritzak EAEko Administrazio Orokorrari baimena ematen dio I. eranskinean jasotako portu-lurrak okupa ditzan, behin Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik portutik kanpo behar diren gainerako lurretarako baimena lortu ondoren, eta azken horiek «Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharreko guneak» atalean jaso dira I. eranskin horretan.

Oinezko eta bizikletetarako konexioaren lanak eraikuntza-proiektuari jarraikiz egingo dira, eta Pasaiako Portu Agintaritzak onartu behar du proiektu hori, bi aldeek hitzarmen hau sinatuz beren gain hartzen dituzten konpromisoen esparruan. Hitzarmen honi II. eranskin bat ere erantsi zaio, eta bertan proiektu horren edukia xehatu da, gutxi gorabehera eta justifikatuta, eta estimatutako aurrekontua ere jaso da, zeinak gehienez 4.000.000 euroko zenbatekoa izango duen.

Jardun-eremua honi dagokio: Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenaren C dokumentuko (antolaketa- eta kudeaketa-azterlana, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa) 1. Hirigintza Jarduerarako Eremuari (Trintxerpeko geltokiaren konexioa). Eta, geltokiaren eta Euskadi Etorbidearen arteko oinezko eta bizikletetarako konexioari dagokionez, denboran aurrea hartzea dakar berekin; gaur egun portuaren eta hiriaren arteko elkarreraginaren arazoa konpontzeko egin beharreko obrei aurrea hartzea, alegia. Hori guztia hobeto zehaztuko da, finantzaketa ere jasota, Pasaiako Portuko Zerbitzugunea Antolatzeko Plan Bereziaren Berrikuspenean zehaztutako jardunei helduko dien Erakundearteko Hitzarmenean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari obrak egiteko baimena emateak ez dakar inondik inora jabari publikoko eta ondarezko ondasunak ustiatzeko erabilera edo negozio juridikoa lagatzea, eta, beraz, Pasaiako Portu Agintaritzak haien gaineko titulartasunari eta jabari-ahalmenei eutsiko die.

Bigarrena.– Izaera.

Hitzarmen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluan araututako lankidetza-hitzarmenetako bat da.

Ez dauka inolako hirigintza-izaerarik, eta eraginpeko lurzoruak Portu Sistema Orokorra Antolatzeko Plan Berezian edo Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarri diren edo ezarriko diren erabileren eskura geratuko dira.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organoak izango dira eskumenekoak hitzarmena interpretatu eta betetzeko edozein auzi sortzen bada ere.

Hirugarrena.– Aldeen konpromisoak.

1.– Pasaiako Portu Agintaritzak idatzi, finantzatu eta onartuko du hitzarmen honen xede diren lanak eraikitzeko proiektua, LEHEN klausulan zehaztutakoari jarraikiz.

2.– Pasaiako Portu Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jarriko ditu proiektu hori gauzatzeko behar diren portuko jabari publikoko eta ondarezko guneak, LEHEN klausulan zehaztu direnak, lan horiek egiteko bakarrik, eta obrei hasiera emateko baldintza egokietan. Bereziki, gune horiek entregatu baino lehen, Portu Agintaritzak lehendik dauden eraikin guztiak eraitsiko ditu, lurzoruaren kalitatea bermatzeko behar diren ingurumen-izapideak beteko ditu, eta behar diren udal-txostenak lortuko ditu. Hona hemen betebehar horien balioespen ekonomikoa:

a) Pabiloien eraispena: 31.018,79 euro.

b) Eraikuntza-proiektua idaztea, euste-horma barne: 59.000 euro.

c) Lurzoruaren kalitatea ikertzea eta indusketa-plana idaztea: 29.239,50 euro.

Hitzarmen honen xede diren lanak egin bitartean, Pasaiako Portu Agintaritzak portuko jabari publikoaren okupazioari dagozkion tasak likidatuko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari. Dagokion likidazioa zuinketa-aktarekin hasiko da, eta egindako lanak onesteko aktarekin amaituko da.

3.– Hitzarmen honekin batera doan I. eranskinean jasotako planoan identifikatutako lurretan egingo ditu lanak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Portuko Agintaritzak onartutako egikaritze-proiektuari jarraikiz. Obrak hasi baino lehen, espedientean jasoko dira obrak egiteko behar diren lurrak erabilgarri daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako eta Donostiako Udalek emanak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere gain hartuko du hitzarmen honen xede izanik LEHEN klausulan zehaztu diren lanen finantzaketa osoa, baita lan horiek egiteko behar diren gainerako gastu guztiak ere, eraikuntza-proiektua idaztea izan ezik, eta gehieneko aurrekontu estimatua 5.500.000 euro da.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hartuko du bere gain hitzarmen honen bitartez baimentzen diren guneen gainean obrak egiteko arrisku eta erantzukizun osoa, eta aukera izango du obrak egiteko lana hirugarrenen esku uzteko.

6.– Portuko Agintaritzak onartutako proiektuan aldaketarik badago, Pasaiako Portu Agintaritzari jakinarazi beharko zaizkio haiek aurrera eraman baino lehen, behar adinako aurrerapenarekin, hark onar ditzan.

7.– Behin lanak amaiturik, bi administrazioek azken onespeneko akta eta planoa sinatuko dituzte, eta bertan adieraziko da Pasaiako Portu Agintaritzaren jabari publikoko eta ondarezko lurrak nola geratu diren lanak egin ondoren.

8.– Erakundearteko Esparru Hitzarmenean mugatu beharko da lurrak erabiltzeagatiko mantentze- eta erantzukizun-araubidea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Pasaiako Portu Agintaritzak ez dute inoiz beren gain hartuko.

Laugarrena.– Lanen xede diren lurrak erabiltzeko araubidea, lanak amaitzean.

Pasaiako Portu Agintaritzak, behin La Herrerako ETSko geltokia Trintxerpeko barrutiarekin lotzeko lanak amaitu ondoren eta lur horiek erabiltzeagatiko mantentze- eta erantzukizun-araubidea mugatu ondoren, lurrak doako erabilera publiko orokorrera irekiko ditu, dagozkion Portu Ordenantzetan horrela jasota, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Marinari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 73. artikuluan ezarritakoa betez, portua ustiatzearekin zerikusia duten arrazoiak direla medio hori bidegabea izan ezik.

Herritarrentzako sarbide askeari eutsiko zaio, baina hitzarmen honen eraginpeko lurrak hirigintza- edo portu-xedera bideratzeko aukera izango da, baldin eta indarreko Portu Sistema Orokorra Antolatzeko Plan Berezian, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean eta haien aldaketa edo berrikuspenetan horrelakorik jaso bada.

Bosgarrena.– Epea.

Hitzarmen honen indarraldia hitzarmen honen xede diren lanak egiteko behar den denborakoa izango da (lehenengo klausulan zehaztu dira lan horiek). Nolanahi ere, erakunde sinatzaileen betebeharrak sortuko dira bi aldeentzat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak portutik kanpo behar dituen gainerako lurrak eskuragarri dituen eta Pasaiako Portu Agintaritzari horren berri ematen dion uneaz geroztik. Lur horiek I. eranskinean jaso dira, «Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharreko guneak» atalean.

Seigarrena.– Hitzarmena kudeatzeko antolaketa.

Espresuki adierazten da ez dela zertan antolaketa bat ezarri hitzarmen honen edukia kudeatzeko, alde bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak beteko dituelako, eta, hori ez ezik, hitzarmenean jasotako konpromisoak aurrera eramateko behar diren jardun eta prozedurak garatu egingo dituelako.

Aurrekoa gorabehera, Jarraipen Batzorde batek bere gain hartuko ditu hitzarmena zaintzearekin, kontrolatzearekin eta interpretatzearekin zerikusia duten gaiak. Hitzarmen hau sinatzen duten lau ordezkarik osatuko dute batzorde hori, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak bina ordezkari izendatuta.

Batzordeak honako egiteko hauek izango ditu:

1.– Hitzarmen honetan aurreikusitako jardunak ongi betetzen direla egiaztatzea, eta batak besteari informazioa emateko eta bakoitzak bere konpromisoak behar bezala betetzeko irizpideak eta erak zehaztea, bakoitzari dagozkion izapideak arindu ahal izateko, administrazio bakoitzaren eskumenak ezertan galarazi gabe.

2.– Hitzarmena interpretatu eta betetzean sor daitezkeen arazoak konpontzea, batak besteari informazioa emateko eta bakoitzari dagozkion konpromisoak ongi betetzeko irizpide eta erak zehaztuta.

3.– Egin behar diren izapideak bizkor egiteko erraztasunak ematea.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, lanak behar bezala egiteko behar den bakoitzean elkartuko da batzordea, aldeetako batek nahiz besteak eskatuta.

Hitzarmenak Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez dituen gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea bete beharko da.

Zazpigarrena.– Hitzarmena bertan behera uzteko arrazoiak.

Honako hauek dira hitzarmena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bi aldeak ados jartzea.

b) Eraginpeko lurrak portuaren xede baterako behar izatea, eta horrek sarbide publiko askea galaraztea aldez aurretik adierazitakoari jarraikiz.

c) Hitzarmena betetzeko ezintasuna egiaztatzea aldeen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiak direla-eta.

Aldeetako batek onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena zorrotz bete dadin edo baliogabetu dadin eskatzeko. Azken kasu horretan, hau da, hitzarmena baliogabetzen bada, esku-hartzaileek zehaztuko dituzte egiten ari diren lanak amaitzeko eta ordaintzeko baldintzak. Aurreikuspen horretatik kanpo geratzen da portutik kanpo behar diren gainerako lurrak eskuragarri izateko ezintasuna, eta kasu horretan hitzarmen honek ez du inolako eraginkortasunik izango eta sinatzen duten bi aldeentzat ez du inolako ondoriorik izango. «Eusko Jaurlaritzak kudeatu beharreko guneak» atalean jaso dira lur horiek, I. eranskinaren barruan.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, aldeek idazpuruan aipatutako tokian eta egunean izenpetzen dute hitzarmen hau, ale bikoitzean eta ondorio bakar baterako.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Pasaiako Portuko Agintaritzaren presidentea,

RICARDO PEÑA QUINTELA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala