Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2016ko ekainaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2743

59/2016 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Instituto Diocesano Estanislao J. de Labayru Izakundearen arteko Hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Instituto Diocesano Estanislao J. de Labayru Izakundearen arteko Hitzarmena; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 26KO 59/2016 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ETA INSTITUTO DIOCESANO ESTANISLAO J. DE LABAYRU IZAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA

Batetik, Patxi Xabier Baztarrika Galparsoro jaunak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari eta haren izenean, eta Lorea Bilbao Ibarra andreak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatuak.

Bestetik, Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria jaunak, Instituto Diocesano Estanislao J. de Labayru izakundeko zuzendariak.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehenengo biek nork bere erakundearen izenean eta haren ordezkari.

Azkenak Instituto Diocesano Estanislao J. de Labayru (aurrerantzean, Labayru Ikastegia) izakundearen izenean eta haren ordezkari.

Honako hitzarmen hau elkarri aitortzeko gai direlarik, hauxe

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Labayru Ikastegia, izaera juridiko propioa duenak eta sortu zenetik euskal kultura haren jardueraren interesgunean duenak, bere estatutuetan lehentasunezko helburutzat jasotzen du euskal kulturaren balioak garatzeko eta eguneratzeko lan eta zerbitzuak sustatzea.

Bigarrena.– Elizbarrutiko Institutu honek euskararen esparruan garatzen dituen jardueren interes orokorra aintzat hartuz, administrazio parte-hartzaileek aipatutako Institutuarekin arlo finantzario eta materialean lankidetzan aritzeko bide formala antolatzeko aukera onetsi dute, horrela, arlo horretan haren etorkizuneko jarduketaren garapen osatuago eta eraginkorragoa ahalbidetzeko.

Hori guztia dela medio, alderdiek hitzarmen hau egitea adostu dute, honakoei jarraikiz

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea, batetik, Labayru Ikastegiaren, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren oinarriak finkatzea da eta era berean, erakundearen aurreranzko ekintzabidea ziurtatzeko alde desberdinek bere gain hartzen dituzten betebeharrak, diruzkoak zein baliabidezkoak, arautzea.

Hala, hitzarmen honen pean lexikografia eta Bizkaiko euskararen Corpusa bultzatuko duten programak finantzatuko dira. Gainera, Corpusarekin zerikusia duten bestelako proiektuak ere urtez urteko egitasmoan sartu ahal izango dira, Jarraipen Batzordeko kideek hala adostuz gero.

Bigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau lau urtez izango da indarrean, baldin eta helburu horretarako aurrekontu-kreditu nahikoa eta egokia badago izendatuta hitzarmen-kideen aurrekontu orokorretan, ekitaldi bakoitzean. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan.

Hirugarrena.– Labayru Ikastegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa hartzen du, luze-zabalean, Labayru Ikastegiak:

1.– Aurrekontu arlokoak.

Hitzarmen honetan sortzen den Jarraipen Batzordeari honakoak aurkeztu beharko dizkio:

a) Aurrekontu arrunta (ezein programari berariaz ez egotzitako gastuak):

● Langile-taldearen osaera eta kostua.

● Funtzionamendu-gastuak.

● Inbertsioak.

b) Programa-aurrekontuak (jadanik abian dauden edo abian jarriko diren lan-programen gastuak).

2.– Jardute-arlokoak zein materialak.

Era berean, hurrengo ekitaldian burutuko dituen programen jarduketa-plan bat ere aurkeztu beharko du. Urte anitzeko jarduketa-planen kasuan, aurrekontu horrek urteetan banakatua egon beharko du.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan jasotako laguntza eta diru-laguntzen araubidearen eraginpean egongo da Labayru Ikastegia, xedapen horren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharren menpe, baita maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauan ezarritakoen pean ere; horrek arautzen du Foru Administrazioak emandako diru-laguntzen erregimen juridiko orokorra. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko du Labayru Ikastegiak.

3.– Bestelako betebeharrak.

Jarduketa-planean begiz jotako egitekoek etenik izanez gero, horren guztiaren berri emango dio Labayru Ikastegiak Jarraipen Batzordeari; halaber, bere programa, nahiz ikerketa-proiektuen txosten edo memoriak interpretatzeko xehetasunak emango dizkio batzordeari, horrek eskatuz gero.

Euskal Herriaren lurraldeetako unibertsitateekin, publiko zein pribatuekin, hizkuntzalaritzaren alorreko ikertzaileen prestakuntza-lanean parte hartuko du Labayru Ikastegiak, beraiek hala eskatzen badiote.

Horrez gain, hitzarmen honen babesean egindako jardueretan, Labayru Ikastegiak administrazio sinatzaileen lankidetza erakutsiko du argi, aipatutako jardueren inguruko material orotan, edozein euskarritan editatzen direla, administrazio horien logotipoak jarriz.

Laugarrena.– Hitzarmena izenpetzen duten herri-aginteen betebeharrak.

Hitzarmen honen indarraldian, urteko aurrekontuak jasotzen dituzten lege-egitasmoetan edo foru-arauetan, Labayru Ikastegiarentzako diru-izendapena onartuko duten ardura hartzen dute bere gain, Labayru Ikastegiak hitzarmen honetan jasotakoa bete ahal izan dezan. Hori horrela izango da, betiere, hitzarmen honen 2. klausulan jasotakoa betetzen bada.

Bosgarrena.– Prozedura.

1.– Ekitaldi bakoitzean, eta Jarraipen Batzordeak jarritako epearen barruan, Labayru Ikastegiak hurrengo ekitaldian burutuko dituen programen jarduketa-plana eta behin-behineko aurrekontuak (arrunta eta programenak) aurkeztu beharko dizkio batzorde horri.

2.– Jarraipen Batzordeak aipaturiko dokumentuak aztertuko ditu eta administrazio sinatzaileei proposatuko die hurrengo ekitaldian Labayru Ikastegiari izendatuko zaion ekarpen ekonomikoa, haiek aurreikusi eta, balegokio, aurrekontu-izapidetza aurrera eramateko.

3.– Aipatutako aurrekontuak zehatz-mehatz bereiztu beharko ditu Labayru Ikastegiaren funtzionamendu arrunterako zatia zein programak finantzatzekoa.

4.– Herri-administrazio sinatzaileek, Jarraipen Batzordeak baloratu ondoren eta aurrekontuek ahalbidetzen dien heinean, Labayru Ikastegiari egin beharreko ekarpenak handitu ditzakete, bakarka nahiz elkarrekin, Labayru Ikastegiak egin nahi dituen eta bere aurrekontu arruntean jaso gabe dauden programa ez-ohikoak nahiz hitzarmen hau indarrean den bitartean proposa daitekeen bestelako edozein jarduera finantzatze aldera.

Nolanahi ere, honek ez die inolako konpromisorik sortuko ekarpena ez handitzea erabakitzen duten herri aginteei.

5.– Urtean urteko diru-laguntzen ordainketa, era honetan bideratuko da:

A) Eusko Jaurlaritza:

Lehenengo ordainketa batean diru-laguntza izendunaren % 70 emango zaio:

● Hitzarmena indarrean dagoen lehenengo urtean, esparru-hitzarmena sinatu ondoren.

● Hurrengo hiru urteetan, lehenengo seihilekoan.

Gainerako % 30a emandako urteko diru-laguntza osoa justifikatu ondoren. Horretarako, hurrengo urteko urtarrilaren 31rako, Labayru Ikastegiak urteko aurrekontuen behin-behineko likidazioa (arrunta eta programenak) eta dirua zertan erabili den azaltzen duen oroitidazkia aurkeztu beharko ditu.

Era berean, diru-laguntza justifikatzeko, aurreko ekitaldiko behin betiko urteko kontuak aurkeztu beharko ditu ekainaren 30a baino lehen.

B) Bizkaiko Foru Aldundia:

Kontuan harturik zer ezartzen duten 2013ko abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretuak, zeinaren bidez onartzen baita Aurrekontuei buruzko 2006ko abenduaren 29ko 5/2006 Foru Arauaren testu bategina, eta 2005eko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauak, zeinaren bidez arautzen baita Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra.

Labayru Ikastegiak, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza justifikatzeko, dagokion izendun diru-laguntza juridikoki erregulatzen duen araudian ezartzen denari jarraituko dio. Horretarako, urteko kontuak eta dagozkion justifikazio-kontuak aurkeztu beharko ditu, araudi horretan aipatzen den epean.

6.– Gaur egun indarrean dagoen legediari jarraituz, bai hitzarmen hau izenpetu aurretik, bai diru-laguntzak jaso aurretik, urtean-urtean Labayru Ikastegiak ogasunari ordaindu beharreko zergak, batetik, eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak.

7.– Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartu diren baldintzak aldatu badira, eta, edonola ere, aldi berean beste administrazio batzuen edota beste erakunde publiko nahiz pribatuen laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edo, helburu berarekin beste edozein sarrera nahiz baliabide lortzen bada, orduan, emandako diru-laguntzen zenbatekoa aldarazi ahal izango da.

8.– Hitzarmen honetan aurreikusitako laguntzen diru-kopurua ezin izango da izan, inondik ere, beste edozein erakunde edo pertsona pribatuk nahiz publikok, bakarka nahiz batera, helburu berarekin emandako diru-laguntza eta laguntzekin, ez eta ere, helburu berarekin jasotako ezein diru sarrera edo baliabiderekin batuta, lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa izango balitz, administrazio sinatzaileek dagokion diru-itzulketako espedientea izapidetuko lukete.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Hitzarmen hau izenpetu eta, beranduenik, handik hilabeteko epean Jarraipen Batzordea izendatuko da bertan aurreikusten diren jarduerak aztertu eta garatzeko, bai eta ordaindutako gastuen segimendua egiteko ere; horrela, ezarritako helburuak betetzen direla bermatzeko. Horretarako, Jarraipen Batzordeak hitzarmena aplikatzeko irizpideak ezarriko ditu eta sor litezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak konponduko.

2.– Ondoko kideoz osatuko da Batzordea:

a) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzordeburuari dagokion egitekoa beteko duena.

b) Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara zuzendari nagusia.

c) Labayru Ikastegiko zuzendaria edo berak izendaturiko ordezkoa.

d) Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordeko idazkariari dagokion egitekoa beteko duena.

3.– Batzordeko bileretara Labayru Ikastegiko beste hiru ordezkarik joan ahal izango dute. Berauek hitza izango dute, baina ez botorik.

4.– Batzordearen eginkizun dira hitzarmen hau behar bezala betetzeko koordinazio- eta kontrol-lanaz gain:

a) Labayru Ikastegia hitzartutako lanak zuzen eta garaiz bideratzen ari den baloratzea eta zaintzea.

b) Herri-aginteek horren beharra ikusten duten kasuetan, Labayru Ikastegiari esleituriko corpus-plangintzaren alorreko beharrak edota lehentasun-iritziak aurkeztea.

c) Labayru Ikastegiaren programen (herri-aginteek diruz lagundutakoen) emaitzak argitaratzeari dagokion guztia proposatzea.

d) Labayru Ikastegiari urtero egingo zaion ekarpen ekonomikoa proposatzea, bai eta herri-aginte bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa proposatzea ere.

Bileren deialdiak zein aipatutako batzordearen funtzionamendu-erregimenak azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen I Tituluaren II Kapituluan xedatzen denari jarraituko dio, betiere hitzarmen honen klausuletan ezarritakoaren aurka ez doanetan.

5.– Batzordea eratzeko quorumak haren kideen gehiengoa behar izango du.

6.– Orokorrean Batzordearen erabakiak botoen gehiengoaren arabera hartuko dira. Batzordeburuaren botoa erabakigarria izango da.

7.– Urtean gutxienez bilera bat egingo da, azken hiruhilekoaren barruan. Bilera horretan, Labayru Ikastegiak honakoak aurkeztuko ditu Jarraipen Batzordean onesteko: urteko egitasmoen betetze-maila eta aurreko urteko kontuen auditoria txostena, batetik, eta hurrengo urterako aurrekontua eta egitasmoen proposamena, bestetik. Beren aldetik, herri-aginteek aurrekontuen lege eta foru-arau egitasmoetan Labayru Ikastegiarentzat aurreikusitako ekarpen ekonomikoa proposatuko dute.

Horiez gain, Batzordeko bi kidek gutxienez hala eskaturik, Jarraipen Batzordeko buruak hilabeteko epean gehienez, ez-ohiko bilerarako deia egin ahal izango du.

8.– Jarraipen Batzordearen buru eta idazkari karguen ordezkotza-sistema finkatzeko, kontuan izango da azaroaren 26ko Administrazio eta Prozedura Legeak (30/1992) bere 23.2 eta 25.2 artikuluetan jasotzen duena.

Zazpigarrena.– Hitzarmena bukatzeko arrazoiak.

Hitzarmen hau indargabetu egin ahal izango da, ondoko gertaera hauetariko bat suertatzen denean:

a) Sinatzaile diren alde guztien adostasuna.

b) Labayru Ikastegiak bere eginbeharretan hutsegite larria izatea. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak tramitaturiko espedientean halaxe adierazitakoan hartuko da hutsegite hori aintzakotzat.

c) Alderdietako edozeinek salatzea. Gainerako alderdiei salaketa horren berri eman beharko zaie jakinarazpena egin baino 2 hilabete lehenago.

d) Beste edozein, hitzarmenaren ondoriozkoa izanik, baldin eta indarrean dagoen legeria jasota badago.

Zortzigarrena.– Dirua itzultzea.

Hitzarmen hau bere horretan betetzen ez bada, edota emandako dirua bestelako eginkizunetarako erabiltzen, ez da ordainketarik egingo eta xede horretarako lehendik jasotako diru-kopuruak dagozkien administrazioen diruzaintza nagusietara itzuli beharko dira, berez legozkiokeen lege-ekintzez eta isunez gainera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege aldetik.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta Jarraipen Batzordeari dagokio haren edukiak interpretatzea. Interpretazio horretatik eratorritako arazoak dagozkien administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumenekoak izango dira. Beraz, horien egitekoa izango da haiek aztertzea.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren kudeaketaren ardura.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritza izango da hitzarmen honen kudeaketaren arduradun.

Hamaikagarrena.– Azkena.

Hitzartutakoa hala ager dadin, eta esan bezala betetzeko, partaideek honako dokumentu honen hiru ale izenpetzen dituzte orrialde guztietan.

Bilbao, 2016ko maiatzaren 23a.

Patxi Xabier Baztarrika Galparsoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Lorea Bilbao Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatua.

Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria, Instituto Diocesano Estanislao J. de Labayru izakundeko zuzendaria.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala