Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2016ko ekainaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2715

58/2016 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen espezifiko bat, helburu duena Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentziak osasuna ikertzeko proiektuei laguntzak emateko deialdiaren ebaluazio zientifiko eta teknikoa egitea.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen espezifiko bat. Hitzarmenaren helburua da Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentziak osasuna ikertzeko proiektuei laguntzak emateko deialdiaren ebaluazio zientifiko eta teknikoa egitea; eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 25a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 25EKO 58/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMEN ESPEZIFIKOA, EKONOMIA ETA LEHIAKORTASUN MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILAREN ARTEKOA, OSASUNEKO IKERKETA PROIEKTUETARAKO LAGUNTZA DEIALDIAREN EBALUAZIO ZIENTIFIKO TEKNIKOA EGITEKO (EBALUAZIORAKO ETA PROSPEKTIBARAKO ESPAINIAKO AGENTZIAK EGINGO DU AIPATUTAKO EBALUAZIOA)

Madril, 2016ko maiatzaren 13a.

Batetik, Marina Pilar Villegas Gracia andrea, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren izenean eta ordezkaritzan, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusi gisa (otsailaren 7ko 87/2014 Errege Dekretuaren bidez izendatuta), Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu idazkariak emandako aginpideaz baliatuta, eta Eskumenak eskuordetzen dituen 2012ko azaroaren 19ko Ebazpenaren 5.1 paragrafoa betez.

Bestetik, Guillermo Viñegra García jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren izenean eta ordezkaritzan, Osasuneko sailburuorde gisa, apirilaren 16ko 313/2013 Dekretuaren bidez hala izendatuta (apirilaren 19ko EHAA, 75. zk.), Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 7.1.b) artikuluak emandako eskumenaz baliatuta.

Bi aldeek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari (aurrerantzean MINECO) dagokio gobernuaren politika proposatzea eta betearaztea sektore guztietako ikerketa zientifikoaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloan, Ministerio-sailak berregituratzen dituen abenduaren 21eko 1823/2011 Errege Dekretuaren arabera.

Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentzia (ANEP) zuzendariordetza nagusiaren mailako unitate bat da, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzaren mendeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Zuzendaritza Nagusiari atxikia, eta I+G+Bko Plan Nazionalaren zein Estatuko Zientzia eta Teknika Ikerketarako Planaren ekintzen aurreko eta osteko ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko ardura du, bai eta politika zientifiko eta teknologikoko bestelako jarduera batzuen gainekoa ere, objektibotasunez eta independentziaz betiere. Hori guztia otsailaren 10eko 345/2012 Errege Dekretua, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duena eta Ministerioetako sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 30eko 1887/2011 Errege Dekretua aldatzen duena, aintzat hartuta.

Garrantzi eta ospe handiko Espainiako eta nazioarteko ikertzaileek osatutako koordinazio-taldeak ditu ANEP agentziak, bai eta kalitate handiko adituen oinarri handi bat ere, eta Zientzia eta Teknologia Sistema osorako erreferentea eta babeslea da horregatik.

Bigarrena.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretua (apirilaren 18ko EHAA, 74. zk.) betez, Osasun Sailari dagokio osasun arloko ikerketa eta berrikuntza planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea, osasun-sisteman ikerketa zein haren emaitzen aplikazioa bultzatzearren. Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta sustatzea, Euskadiko osasun-sistema etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori.

Hirugarrena.– Osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak deitzen ditu Osasun Sailak, dagokion aginduaren bidez, eta, horretarako, aditu-txostenak behar izan ohi ditu, proposamenen ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko, deialdiak ebazteko hartu beharreko erabakien lagungarri. Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritza da deialdi horren sustatzailea, apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 11.1.d) artikuluak esleitzen dizkion funtzioak betez.

Laugarrena.– Osasun Sailak kanpoko ebaluazio-prozesu bat abiarazi du kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzeko eta baliabideak esleitzeko prozesuari oinarri objektiboa ematearren, eta ANEP agentziaren laguntza nahi du horretarako.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hauxe da hitzarmen honen helburua: MINECO ministerioaren (ANEP agentziaren bitartez) eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko lankidetza, osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen 2016. urteko deialdian jasotzen diren eskaeren ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko; Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritzak sustatu du laguntza-deialdi hori.

Langile kualifikatuek egingo dituzte ebaluazio-jarduerak (Espainiako eta nazioartean izena duten atzerriko zientzialariek, teknologoek eta adituek, besteak beste), eta, horiekin batera, administrazio- eta kudeaketa-lanak egiteko beharrezko langileak ere arituko dira.

Bigarrena.– Jardunak.

1.– Ebaluazio-prozesua ANEP agentziak diseinatuko du, honako hauek barne hartuta: egutegia, prozesuaren faseak, adituen izendapena, ebaluazio-txostenak egitea, jardueren laburpen exekutiboa eta amaierako txostena.

2.– Ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko behar bezalako kalifikazio zientifikoa duten langileak emango ditu ANEP agentziak, betiere osasun arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen 2016ko deialdian ezarritako irizpideen arabera, eta bere ebaluatzaileentzako ordainketak zuzenean kudeatuko ditu.

3.– Hain zuzen ere, honako parametro hauek kontuan hartuta egingo da ebaluazio-prozesua:

– Aurkeztutako eskabide kopurua.

– Txostenak egiteko ANEP agentziak izendatutako aditu kopurua.

– Nazioarteko adituen ehunekoa.

– Ebaluazioen banaketa, ANEP agentziako arloen arabera.

– Ebaluazio-kalifikazioen banaketa, ANEP agentziako arloen arabera.

4.– Dokumentazioa: Osasun Sailak eskabideei dagokien deialdiaren testua emango dio ANEP agentziari, ebaluazio-prozesua hasi aurretik. Horrekin batera, ebaluazio-irizpideak ere emango dizkio, bai eta ebaluatu beharreko eskabideen gutxieneko datuak jasotzen dituen taula bat ere (erreferentzia, eskatzailearen izen-abizenak, erakundea, proiektuaren izena eta dagokion ANEP agentziaren arloa). Eskabideen dokumentazio guztia ANEP agentziaren aplikazio informatikoan kargatuko du Osasun Sailak, garaiz eta modu egokian. Halaber, aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela egiaztatuko du. Dokumentazio guztia aipatutako aplikazio informatikoan kargatu ondoren hasiko da ANEP agentziaren ebaluazio-prozesua.

5.– Osasun Sailaren eskumena da ebaluazio horren ondoriozko datuak ustiatzea.

6.– ANEP agentziak betekizun hauek izango ditu:

Osasun Sailak ebaluazio-prozesurako emandako dokumentazioari buruzko isilpekotasuna gordetzea. Orobat, konfidentzialtasun bera eskatuko die dokumentaziora jotzen duten aditu guztiei.

Erabilitako informazioa aztertzeko beharrezkoa den edozein balio-judizio egiteko orduan inpartziala izatea, eta alborapen oro saihestea horretan.

Ebaluazio-prozesuan zehar erabilitako informazio konfidentzialetik zuzeneko onurarik ez lortzea.

7.– Hitzarmen honen helburu modura ebaluatu beharreko prozedura ebazten duen deialdiaren behin betiko ebazpena igorriko dio Osasun Sailak ANEP agentziari.

8.– Hitzarmen honen barruan egin beharreko lanak garatzeko orduan topatutako era guztietako zailtasunak garaiz jakinaraziko dizkiote elkarri aldeek; eta gauza bera egingo dute, oro har, haren garapen onari eragin diezaiokeen informazio guztiarekin, beste aldeak egoki irizten dizkion neurriak hartu ahal izan ditzan.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Hitzarmen honetan aipatutako jarduerak gauzatzeko aurrekontua 40.850 eurokoa izango da gehienez –200 eskabide ebaluatzeko, gehienez ere–; horren barruan aldi baterako ebaluatzaileei eta laguntzaileei egin beharreko ordainketa dago jasota, bai eta horien lokomozio-, ostatu- eta dieta-gastuak ere, honako kuantifikazio-irizpide hauen arabera:

a) Aldi baterako laguntzaileei ordaindutako zenbatekoak, bai eta kanpoko ebaluatzaileen laguntzen eta txostenenak ere, Aurrekontu eta Gastuen Estatu Idazkariaren 2015eko urriaren 1eko Ebazpena beteko du; aipatutako ebazpenaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 19. artikuluan aipatutako organoetako espezialista eta adituei laguntzen kontzeptuan ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoak baimentzen dira.

b) Batzordea egiten den tokitik kanpo bizi diren ebaluatzaileen dieten zenbatekoa honela likidatuko da:

– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuko langileen 2 zenbakidun taldearentzat ezarritakoa izango da mantenuaren zenbatekoa.

– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuko langileen 2 zenbakidun taldearentzat ezarritakoa izango da ostatuaren zenbatekoa, edo bestela, 2 zenbakidun taldearentzat garai jakin batzuetan eta/edo Espainiako hiri jakin batzuetan ezarritakoa.

Estatuko Administrazio Orokorreko lanpostuak betetzen ez dituzten laguntzaile edo adituentzat b) paragrafo honetan finkatutako irizpideak aplikatu ahal izateko, baina, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak xedatutako eskakizunak bete beharko dituzte.

c) Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren arabera likidatuko dira egindako bidaien lokomozio-gastuak.

2.– Lehen klausulan aipatutako administrazio- eta kudeaketa-lanak ANEP agentziako langileen kontura joango dira, eta ez dute gastua handitzea ekarriko horrelakoek.

3.– Aurreko 1. puntuan adierazitako aurrekontua Osasun Sailaren kontura izango da, 2016. urteko gastuen aurrekontutik (aurrekontu-aplikazioa: 16.0.1.08.14.0000.1.238.99.41141.002/T), eta Altxor Publikoan sartuko da, behin 069 ereduaren ordainketa-gutuna igorri ostean, hitzarmena aipatuz, ordainketa-egutegi honekin: ebaluaziorako azken txostenak entregatzean.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Lankidetza-hitzarmen hau bi aldeek sinatzeko egunean jarriko da indarrean, eta beren gain hartutako betebeharrak hitzartutakoaren arabera bete arte iraungo du, edo, nolanahi ere, 2016ko abenduaren 31ra arte.

Bosgarrena.– Hitzarmena indargabetzea.

Indarraldia amaitzen denean, iraungi egingo da hitzarmena, bai eta beste arrazoi hauengatik ere:

a) Hitzarmenaren sinatzaileek hala adostuta.

b) Jarduerak egitea edo jarraitzea ezinezkoa dela edo beharrezkoa ez dela iritziz gero.

c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Aldez aurretik iraungitzen bada, bidean dauden jarduerei dagokienez, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere gauzatutakoa baliagarria izanez gero.

Aldeek beren gain hartutako betebeharren gaineko urraketa egin duen aldeari jakinaraziko zaio, eta 15 egun naturaleko epea emango zaio ez-betetze hori zuzen dezan.

Seigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.

Jarraipena eta kontrola egiteko batzorde bat ezarri ahal izango da, Osasun Sailaren bi ordezkarik (Osasuneko sailburuak izendatuta) eta ANEP agentziaren bi ordezkarik (Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusiak izendatuta) osatuta. Aipatutako batzordeak, besteak beste, programen ebaluazio zientifiko-teknikoa koordinatuko du, ebaluazioarekin lotuta sortzen diren gatazkak ebatziko ditu, eta bermatuko du, halaber, hitzarmena behar bezala gauzatzen dela administrazio-ikuspegitik.

Batzordea sortzeko akordioan zehaztuko da batzordearen presidentetza eta idazkaritza nori dagozkion.

Bere eraketari, funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoentzat jasotako araudia bete beharko du batzordeak.

Hitzarmena jarraitzeko batzordea eratzeak ez du gastua handitzea ekarriko.

Zazpigarrena.– Araubide juridikoa eta gatazken konponbidea.

Hitzarmen hau izaera administratibokoa da, Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko Legegintzako 3/2011 Errege Dekretuari dagokionez; hori dela-eta, ez da sartzen horren aplikazio-eremuan eta bere ezaugarrien eta baldintzen arabera zuzenduko da.

Hitzarmen honen interpretazioak eta gauzatzeak ekar litzakeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegien eta epaitegien esku jarriko dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko da Estatuari eta herri-erakundeei laguntza juridikoa emateari buruzko azaroaren 27ko 52/1997 Legean eta Estatuko Zerbitzu Juridikoaren Erregelamendua onartu zuen uztailaren 25eko 997/2003 Dekretuan xedatutakoa.

Zortzigarrena.– Hitzarmena Estatuko Abokatuak 2013ko abenduaren 16an onartutako hitzarmen-ereduan dago oinarritua.

Bederatzigarrena.– Testu hau egokitzen zaio Ebaluaziorako eta Prospektibarako Espainiako Agentziaren 0393-14 ECC-CCA hitzarmen-motaren eredu-proiektuari, zeina Administrazio Publikoetako Estatu Idazkaritzak eman baitzuen 2014ko maiatzaren 30ean (Autonomiako eta Tokiko Koordinazioaren Idazkaritza Nagusia).

Aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, hasieran aipatutako toki eta egunean izenpetzen dute hitzarmen hau, ale bitan.

Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusia,

Marina Pilar Villegas Gracia.

El Viceconsejero de Salud,

GUILLERMO VIÑEGRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala