
119. zk., 2016ko ekainaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (234 KB - 2 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2712
AGINDUA, 2016ko maiatzaren 11koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Kukumiku / Kukumiku Fundazioa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Ikusi da Fundación Kukumiku / Kukumiku Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko apirilaren 29an, eskabide bat sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean, Fundación Kukumiku / Kukumiku Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Luis Zeitouni Heredero eta Álvaro de Lera Sáez jaunek sortu zuten fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2016ko maiatzaren 11n fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:
«Irabazi-asmorik gabeko gizarte-idealak garatzen laguntzen duten ekimenak bultzatu eta sustatzea, egoera ahulean dauden pertsonei arreta berezia eskainiz, lehentasuna emanez garapen-bideko herrialdeei, halako sektoreen errealitatea eta premiak azpimarratuz eta konpromisoa hartuz pertsona horien oinarrizko premia sanitarioak, hezkuntza-arlokoak eta ongizatekoak bermatzeko; hartara, ahalduntzeko modua izango dute eta gizaki diren aldetik dagokien duintasuna berreskuratuko.»
Laugarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Bilbon (Bizkaia) dago, helbide honetan: Gurutze auzoa 36, 1. ezkerra, 48006. Fundazioak, gehienbat, Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Hasierako diru-hornidura bost mila zazpiehun eta hirurogeita hamar (5.770) eurokoa da. Ekarpen hori egin dela agiri bidez egiaztatuta geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartu zen.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2017ko apirilaren 26ra arteko iraupena izango dute karguok):
– Lehendakaria: Luis Zeitouni Heredero jauna.
– Idazkari eta diruzaina: Álvaro de Lera Sáenz jauna.
– Bokala: Aitziber Osorio Marín andrea.
– Bokala: Leire-Patricia San José Escribano andrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-411 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) Fundación Kukumiku / Kukumiku Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2016ko apirilaren 26an Francisco de Asís Triana Álvarez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 698).
Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
RSS