Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2016ko ekainaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2710

AGINDUA, 2016ko ekainaren 15ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Herri Administrazio eta Justizia Saileko Funtzio Publikoaren Sailburuordetzako lanpostu bat (goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 8 dotazioa) izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Sail honetako Funtzio Publikoaren Sailburuordetzan goi-kargudunaren idazkari lanpostu bat hutsik dago (kodea: 520010; dotazioa: 8). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezingo dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako betekizunak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira betekizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitae-a aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai administrazioan bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Dena den, horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak agindu bidez ebatziko du deialdi hau (EHAAn argitaratuko da), gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epe barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 15a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 8.

– Kidegoak: C1/D1.

– Lanpostu-mailako osagarria: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2014-03-31.

– Tokia: Funtzio Publikoaren Sailburuordetza.Herri Administrazio eta Justizia Saila.

– Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo D1 kidegoetakoa izatea.

– Administrarien kidegoan edo administrari laguntzaileen kidegoan urtebeteko edo urte biko espe rientzia izatea, lanpostua kidego horiei atxikita baitago.


Azterketa dokumentala