Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2016ko ekainaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2675

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira hezkuntza-premia berezietako ikasleak eskolatu eta 2016-2017 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzak.

Hezkuntza-premia berezietako ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzunaren antolamenduari buruzko ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 11. artikuluan xedatzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak – gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila–, behar diren administrazio-xedapenak garatuko ditu, itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia berezietako ikasleei eman beharreko arretarako baliabide espezifikoak zehazteko.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeak xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua da diru-laguntzak ematea Hezkuntza-premia berezietako (HPB aurrerantzean) ikasleak eskolatzen dituzten eta 2016-2017 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako espezialistak (HLE aurreratzean) kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei. 11.203.000 euro erabiliko dira agindu honetan araututako diru-laguntzak finantzatzeko, eta horrela banatuko dira: 3.652.178 euro 2016ko ekitaldirako, eta 7.550.822 euro 2017ko ekitaldirako.

2.– Dena den, artikulu honetan jasota agertzen den zenbatekoa areagotu ahal izango da, deialdia ebatzi aurretik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuek eskaintzen dituzten aukeren arabera eta indarreko legeriak aurreikusten duen kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko erregimenaren arabera. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da zirkunstantzia horren berri.

3.– Aurrekontuan sartutako funtsak agortuz gero, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira funtsok, osorik betetzeko kalkulatutako guztizko zenbatekoari begira eskabide bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.

2. artikulua.– Onuradunak.

2016-2017 ikasturtean hezkuntza-premia berezietako ikasleak eskolatu eta, ikasle horien autonomiari laguntzeko eta curriculumera errazago sar daitezen, Hezkuntza Laguntzako espezialistak kontratatu behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek izango dute agindu hocenetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko aukera.

3. artikulua.– Baldintzak.

1.– Ezin izango dira deialdi honen onuradun izan diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen dituen zirkunstantzietakoren bat gertatzen den ikastetxeak eta helburu berbera duen beste deialdi mota batean laguntza eman zaienak. Halaber, ezin izango dute agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen deialdian parte hartu diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera zigor- edo administrazio-bidetik galdu duten erakundeek –zigorrak ezartzen duen aldian– eta diru-laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuak dituztenek, ezta Emakume eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera sexu-diskriminazioak egin izanagatik gertatu direnek ere.

2.– Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta haien balorazioaren arabera, emango dira agindu honetan xedatzen diren diru-laguntzak. Halaber, eskatzen dituzten erakundeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3.– Agindu honen arabera diruz lagundu daitezkeen hezkuntza-premia bereziek zerikusia dute curriculumera sartzearekin eta puntu hauei lotutako egokitzapen-trebetasunekin:

– Zainketa pertsonala (a).

– Portaera eta komunikazioa (b).

– Mugitzeko trebetasunak (c).

– Autogidatzea (d).

– Erkidegoaren erabilpena (e).

– Osasuna eta segurtasuna (f).

4. artikulua.– Hezkuntza Laguntzako espezialistak: titulazioa eta funtzioak.

1.– Hezkuntza-sistemaren esparruan lanbide-heziketaren antolamendu orokorra garatzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera, titulazio hautetako bat edo baliokideren bat izan beharko dute 2016-2017 ikasturtean lehen aldiz kontratatzen diren Hezkuntza Laguntzako espezialistek:

– Gizarte Integrazioko goi-teknikaria.

– Haur Hezkuntzako goi-teknikaria.

2.– Hezkuntza Laguntzako espezialistek ikasleen autonomiari eta haiek curriculumera sartzeari lotutako lanak egingo dituzte, eta, horretarako, hezkuntza-izaera duen gaitasun profesionala erabiliko dute (ez dira irakasleak).

3.– Hauek izango dira Hezkuntza Laguntzako espezialisten funtzioak, eta klase-aldian eta astean 25 orduz gehienez erabiliko dira:

– Irakasleekin edo tutorearekin parte hartzea hezkuntza-premia berezietako ikasleen autonomiari eta ikasle horiek curriculumera sartzeari lotutako jarduera-planak prestatu, aplikatu eta horien jarraipena egiten.

– Behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleek egokitze-jarrerak garatzeko programak prestatu, aplikatu eta horien jarraipena egiteko prozesuan parte hartzea.

– Ikastetxeko gainontzeko pertsonalarekin era aktiboan parte hartzea hezkuntza-premia berezietako ikasleei jolasaldi eta atsedenaldietan arreta eman eta zaintzeko orduan. Ikasle horiei gainontzekoekin harremanak errazago izateko aukera eman beharko diete.

– Laguntza- eta aholkularitza-profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, hezkuntza-premia berezietako aholkularitzak...) parte hartzea hezkuntza-premia berezietako ikasleekin egin beharreko jardueretan, haien presentzia beharrezkoa bada.

– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeutak, iraskasle espezializatuak, okupaziozko terapeuta...) lankidetzan aritzea hezkuntza-premia berezietako ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materiala eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzeko orduan.

– Behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleei laguntza ematea, haien eskola-jarduera egin ahal izateko beharrezkoak diren leku-aldatzeetan.

– Istripuak eta lehen laguntzak prebenitzeko tekniketan laguntzea edo teknika horiek aplikatzea, ezarritako protokoloen eta jarduteko argibideen arabera.

– Haien eskumenekoak diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak zenbait baldintza betetzen dituela egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak behar adina aldiz eta automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten edo ez, eta, egiaztapen horretarako, ez da erakunde horien oniritzirik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren aldaketa aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

– Eskaera jakinaraztea eta, behar izanez gero, helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik datozen diru-laguntzak edo beste baliabide batzuk lortu direla jakinaraztea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzean egunean egotea egiaztatuko du erakunde eskatzaileak, indarreko legeriak xedatutakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik diru-laguntza publikoak jasotzeko zigorrik ez izatea, ezta horretarako desgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

– Eskaeran eta harekin batera doan dokumentazioan agertzen diren datuak egiazkoak direla adieraziko du erakunde eskatzaileak, baita diru-laguntza horien onuraduna izateko indarreko legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituela ere.

– Halaber, erakunde eskatzaileak bere gain hartuko du, diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzetakoren bati eragiten dion edozein zirkunstantzia aldatuz gero, aldaketa hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko konpromisoa.

6. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek aukera izango dute prozedura honen tramiteak bitarteko elektronikoak erabiliz egiteko, Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean araututakoaren arabera.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak tramitatzeko zehaztapenak (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eae/y22-izapide/eu) egoitza elektronikoan daude eskura.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak egin behar izango dira eskaeraren ondorengo tramiteak.

7. artikulua.– Eskaerak: prozedura, formularioak eta epeak.

1.– Erakunde eskatzaileek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Premia Berezien Aplikazio Informatikoan (https://www.hezkuntza.net/appcont/control acceso/index c.html) bete beharko dituzte inprimakia, eskatutako moduluekin, eta Hezkuntza Laguntzako Espezialistaren aparteko baliabidea behar duten hezkuntza-premia berezietako ikasleen zerrenda. Halaber, eta jarduera-planaren proposamenaren arabera, baliabide hori behar duten egokitze-trebetasunak zeintzuk diren adieraziko dute.

2.– Aplikazioa bete ondoren, erakunde eskatzaileek bitarteko elektronikoen bidez eta «datu-orria» dokumentuarekin batera aurkeztu beharko dute eskaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eae/y22-izapide/eu).

3.– Dokumentazio hau hilabeteko epean aurkeztuko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

4.– Erakunde eskatzaileek eskaera, harekin batera doan dokumentazioarekin batera, euskaraz edo gazteleraz, nahi duten hizkuntzan, aurkeztu ahal izango dute. Halaber, prozeduran zehar erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilpena Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

5.– Eskaerak aurkeztu ondoren akatsik edo datu okerrik dagoela ikusiz gero, hamar eguneko epean akats hori zuzendu behar duela edo derrigorrezko agiriak aurkeztu behar dituela, jakinaraziko zaio interesdunari, horrela egin ezean eskaerari uko egiten diola interpretatuko dela adieraztearekin batera. Horretarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, eta Titularitate Publikoko Datu Pertsonalaren Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, baldin eta parte-hartzaileek tratatzeko eta argitara emateko baimena ematen badute, eta fitxategi horrek diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango du helburu, baita deialdian parte hartzen duten pertsonei nola garatzen den jakinaraztea ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi honen arduraduna. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabili ahal izango dira sartu, zuzendu, itxi eta aurkatzeko eskubideak eta, horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

7.– Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako agiriak egiazkoak diren edo ez.

8. artikulua.– Eskaerak baloratzea eta diru-laguntzen ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek aztertuko dituzte eskaerak eta, besteak beste, Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek emandako txostenak hartuko dituzte kontuan. Txosten horietan hezkuntza-premia bereziak baloratu behar izanez gero Hezkuntza Laguntzako espezialistaren baliabidea proposatuko da, eta, horretaz gain, hezkuntza-premia berezietako ikasleek behar duten laguntzak nolakoa izan behar duen zehaztuko da. Maila hauek bereiziko dira: laguntza mugatua, zabala eta orokortua.

2.– Halaber, Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek behar diren orientabideak emango dituzte, Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzak, jarduera-planaren barruan, bete beharreko funtzio eta lanei buruzkoak.

3.– Gainera, Hezkuntza Berriztatzeko lurralde mailako teknikarien eskariz, ikastetxe bakoitzak aurkeztutako laguntza-eskaerari buruzko txosten bat emango dute Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzek, Hezkuntza Laguntzako espezialistak eta ikastetxeak dituen gainontzeko baliabideak emateko erabiltzen diren irizpideak kontuan hartuta.

4.– Hauek izango dira Hezkuntza Laguntzako espezialistak emateko irizpideak:

– Gela egonkor baterako dotazio normalizatua Hezkuntza Laguntzako espezialista batena izango da, eta, dotazio gehigarria emateko, aparteko zirkunstantziak daudela egiaztatu beharko da.

– Laguntza orokortua behar izanez gero, egoeraren testuinguruaren araberako analisia kontuan hartuta emango zaie Hezkuntza Laguntzako espezialistaren premia duten bi ikasleri arreta (adibidez, gela berean edo aldameneko geletan laguntza orokortuaren premia duten bi ikasle, edo laguntza orokortua behar duen ikasle bat eta laguntza zabala behar duen beste bat).

– Laguntza zabalaren kasuan, Hezkuntza Laguntzako espezialista batek behar duten hezkuntza-premia berezietako hiru ikasleri emango die arreta.

– Laguntza mugatuaren kasuan, Hezkuntza Laguntzako espezialistak hezkuntza-premia berezietako lau ikasleri emango die arreta.

– Noizbehinkako laguntzetarako (unean-unean, eskola-irteeretarako, barnetegietarako..., bakarrik eskatuko dira) ez da Hezkuntza Laguntzako espezialista era egonkorrean egongo.

– Ezin da ikastetxe bakoitzaren kasuistika kontuan hartu, eta, horregatik, Baloratze Batzordeak izango du aparteko egoerak aztertu eta neurriak egokitzeko aukera, egoera horiek testuinguruan aztertu ondoren. Edonola ere, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztuko dion esleitzeko behin betiko proposamenean arrazoitu beharko ditu egoera horiek.

5.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek beren proposamena, behar bezalako txostenarekin eta lurralde arduradunaren bidez, Balorazio Batzordeari helaraziko diote. Baloratze Batzorde honek Hezkuntza Berriztapeneko zuzendariari aurkeztuko dio esleitzeko behin betiko proposamena, eta honek ebatziko du.

6.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoa.

7.– Kide hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

– Hezkuntza Berezia Zerbitzuko arduraduna (batzorderburua).

– Hezkuntza Berezia Zerbitzuko teknikaria (idazkaria).

– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia.

– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariak.

8.– Balorazio Batzordeak, lurralde mailako proposamenak eta haien bideragarritasuna aztertuta, onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko kasu bakoitzean aplikatu beharreko asteko orduen modulua ezarriko du.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzen zenbatekoak ez du inoiz ere gaindituko soldataren guztizkoa gehi Gizarte Segurantza (eta aparteko ordainsarien eta oporren proportzioa) kontratatutako Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzeko, eta urteko 30.801,36 euroko kostu gordina hartuko da oinarritzat 2016rako, eta 30.801,36 eurokoa 2017rako, astean 35 lan-orduko. Zifra horietatik abiatuta kalkulatzen da Hezkuntza Laguntzako espezialista baten lan egindako ordu bakoitzeko kostu gordina, Gizarte Segurantza barne, eta urteko egiazko lanaldia hartzen da kontuan, 22,16 eurokoa litzatekeena.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa 2016-2017 ikasturterako egingo da, hots, 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartean, onuradunak kontratuaren bidez egiaztatua, eta asteko dedikazioaren modulu hauen arabera:

– Asteko 25 ordu: 22.000,97 euro.

– Asteko 20 ordu: 17.600,78 euro.

– Asteko 15 ordu: 13.200,58 euro.

– Asteko 10 ordu: 8.800,39 euro.

3.– Salbuespen gisa, interesdunaren eskariz eta horretarako eranskinaren atalean agertu beharko dela, aurreko puntuan ezarritakoen artean ez dagoen ordu-modulu bat eman ahal izango da, asteko dedikazioaren modulu hauen arabera:

– Asteko 35 ordu: 30.801,36 euro.

– Asteko 30 ordu: 26.401,17 euro.

Horretarako, Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzek, behar diren txostenen bidez, eskaera abalatu beharko dute. Ondorio horietarako, irizpide hau hartuko da kontuan: mugitzeko elbarritasunari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, elikadurari lotutako eginkizunetarako laguntza behar dutenak, eta portaeraren nahaste larriari lotutako hezkuntza-premia berezietako ikasleak, autolesioak edo zauriak ekiditeko ikuskatze handia eskatzen dutenak.

10. artikulua.– Diru-laguntzen jarraipena.

Jarduera-planaren jarraipena egitearen ondorioz, hasierako eskaerari begira izandako aldaketen berri emango diote Berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzek hezkuntza-administrazioari, behar diren erabakiak hartzeko eta baliabide espezifiko horien funtzionamenduaz Hezkuntza Ikuskaritzak duen kontrolaren kalterik gabe.

11. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan araututako diru-laguntzak, banakako jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez emango da argitara, sei hilabeteko gehienezko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori pasa ondoren, ez bada ebazpenik eman, beren eskaerak ezetsi direla interpretatu beharko dute interesdunek.

2.– Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuordeari administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera, jakinarazpen elektronikokorako hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen barruan diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozedurarik hasi bada eta oraindik tramitazio-fasean badago, prozedura horrek bukatzearen baldintzapean egongo da diru-laguntza eman eta ordaintzeko prozesua.

12. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradunek, diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezartzen dituen eginbeharrak ez ezik, ondorengo hauek ere bete beharko dituzte:

– Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, hamabost eguneko epean, ebazpen EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, erakunde onuradunek espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, onartu dutela interpretatuko da.

– Diru-laguntza eman den helbururako erabiltzea.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dutenean instituzio horiek.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaindu eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa guztizko zenbatekoaren % 32,6 eta gainontzeko % 67,4ren erdia hurrengo biak. 2016-2017 ikasturtean zehar egingo dira lehen bi ordainketak, eta hirugarren atalean exijitutako dokumentazioa egiaztatu ondoren hirugarrena.

2.– Diru-laguntzaren lehen fasea ordaindu aurretik, ikastetxeak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, 15 eguneko epean, ebazpena argitara ematen denetik hasita.

– Kontratutako Hezkuntza Laguntzako espezialistei exijitutako titulazioa, agindu honen 4.1.artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Hezkuntza Laguntzako espezialista bakoitzarekin egindako lan-kontratua.

3.– 2016-2017 ikasturteak bukatuta eta diru-laguntzaren hirugarren eta azken fasea ordaindu aurretik, jasotako diru-laguntza nola erabili den egiaztatzeko dokumentazioa (nominen kopiak eta Gizarte Segurantzari kotizatu izanaren TC1 eta TC2 buletinak) aurkeztu beharko du diru-laguntzaren onuraduna izan den ikastetxeak, 2017ko irailaren 30a baino lehenago, betiere.

4.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar izango dira, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

5.– Onuradunek deialdi honen ebazpenak, agindu honek, diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legeak xedatutakoa aplikatuko da, eta, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatzen duen prozeduraren arabera, jasotako kopuruak gehi aplikatu beharreko interesak itzuli beharko dizkiote Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizial berean argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu agindu honek ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 31.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala