Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2016ko ekainaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2620

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 13koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez berresten baita Fundación Lagun Aro- Lagun Aro Fundazioa iraungi dela, onartzen baita haren likidazioa eta inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, eta Fundazioaren erregistro-orria ezeztatzen baita.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko urtarrilaren 25ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistroan sartu zen Fundación Lagun Aro-Lagun Aro Fundazioa iraungitzeko eta likidatzeko eskritura publikoaren kopia baimendua, 2015eko abenduaren 28an egiletsia Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko kide José Antonio Isusi Ezkurdia jaunaren aurrean (protokolo zk.: 5455).

Bigarrena.– Eskritura horretan zenbait akats atzeman zirenez, 2016ko martxoaren 3an konpontzeko eskatu zitzaion, eta, 2016ko maiatzaren 10ean, akats horiek argitu ziren, 2016ko apirilaren 29ko eskritura osagarriaren bidez. Eskritura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko kide Alfonso Batalla de Antonio jaunaren aurrean egiletsi zen (protokolo zk.: 598).

Hirugarrena.– Eskritura publiko horiekin batera, bi ziurtagiri aurkeztu ziren Patronatuak 2015eko abenduaren 23an egindako bileraren aktari buruz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak eskatutako azalpenei buruz. Fundazioaren Patronatuko idazkari likidatzaile Jesús Arraiza Martínez de Lagrán jaunak egin zituen ziurtagiriok, 2015ko abenduaren 23an eta 2016ko martxoaren 30ean, Txomin García Hernández lehendakariaren oniritziarekin. Aipatu bileran, honako erabaki hauek hartu ziren, aho batez:

1.– Eskatzea Fundación Lagun Aro-Lagun Aro Fundazioa iraungitzeko erabakia berresteko.

2.– Agintzea Fundazioa iraungitzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

3.– Onartzea Fundazioaren likidazio-balantzea, azken balantze gisa, eta ez aurkeztea inolako likidazio-programarik, fundazio horrek ez baitauka inolako aktiborik.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio Fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 35. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 31. eta 47. artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluan, eta Fundazioaren estatutuetan.

Hirugarrena.– 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, iraungitzeko erabakiak edo, hala badagokio, hori erabakitzen duen ebazpen judizialak fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat emango ditu eta hasiera emango die likidazio-eragiketei.

Bestalde, artikulu horretan bertan adierazten denez, Fundazioko gobernu-organoak egingo du iraungitako fundazioaren likidazioa, Babeslaritzaren kontrolpean, betiere. Horretarako, Fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

Ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar dituen fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.

Laugarrena.– Bete dira fundazioak iraungitzeko eta likidatzeko ezarritako izapideak.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da likidazio-prozesua bukatutzat jotzea, eta fundazioari dagozkion idazpenak ezereztea.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berrestea Bilboko Fundación Lagun Aro- Lagun Aro Fundazioaren likidazioa –bigarren eta hirugarren aurrekarietan zehaztu eskritura publikoan aurreikusitako zehaztapenekin bat datorrena–, inskribatzea aipatutako erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan eta agintzea fundazioaren erregistro-orria ezerezteko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala