Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2016ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2324

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 6koa, Gazteriako eta Kiroletako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan ofizioz ezereztea 163/2010 Dekretuaren preskripzioetara egokitu ez diren kirol-klub eta -elkarteen inskripzioak (ekainaren 22ko 163/2010 Dekretua, Kirol Klub eta Kirol Elkarteena).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Kirol Klub eta Kirol Elkarteen ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuaren bidez (2010eko uztailaren 12ko EHAA, 132. zk.), Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea garatzen da, eta, halaber, ordeztu egiten da Kirol Kluben eta Baterakundeen eraketa eta funtzionamendua arautzen duen otsailaren 14ko 29/1989 Dekretua, zeina Soin Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legean oinarriturik onartu baitzen; lege hori jada indargabetua da.

Bigarrena.– 163/2010 Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak urtebeteko epea ematen die kirol-klub eta -elkarteei, haien estatutuak araudi berrira egokitu ditzaten, eta, gainera, zehazten du ezen, bi urteko epean hala egiten ez badute, ofizioz ezereztuko dela erregistroan duten inskripzioa.

Hirugarrena.– Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren 2015eko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez, erabakitzen da entzunaldiaren izapidea irekitzea araudira egokitu ez diren hiru mila kirol-kluben eta -elkarteen inskripzioak ofizioz ezerezteko prozeduraren barruan, betiere Kirol Erakundeen Erregistroaren U75B aplikazio informatikoan bildutako datuen arabera.

Laugarrena.– Ebazpen horren testu osoa 2015eko azaroaren 27ko EHAAn argitaratu zen (227. zk.), eta, halaber, prozedura hasi eta entzunaldiaren izapidea ireki zela banaka jakinarazi zitzaien, posta ziurtatu bidez, ezerezte-prozeduran sartuta dauden erakundeei, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan egoitza sozial gisa ageri den helbidean.

Bosgarrena.– Banakako jakinarazpena egitea ezinezkoa izan den kasuetan, Gazteriako eta Kiroletako 2016ko martxoaren 2ko Ediktuaren bidez jakinarazi da entzunaldiaren izapidea hasi eta ireki dela inskripzioak ofizioz ezerezteko prozeduretan, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.2 artikuluan. Ediktu hori EHAAn argitaratu da, 2016ko apirilaren 8an (66. zk.) eta 2016ko apirilaren 12an (88. zk.).

Seigarrena.– Alegazioak egiteko eta/edo aginduzko agiriak aurkezteko epea bukatuta, erabaki da behin betiko ezereztea estatutuak 163/2010 Dekretura egokitu ez dituzten erakundeak.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak 39 artikuluan ezartzen duenez, Kirol Erakundeen Erregistroaren helburua da egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-erakundeak inskribatzea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailari atxikita dago organikoki Erregistroa.

Aipatutako eskumena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gauzatzen du, betiere lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; izan ere, dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren 28. artikuluak Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari egozten dio, sailaren zuzendaritzei dagozkien funtzio orokorrez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzendu eta kudeatzeko eginkizuna (p letra).

Ondorioz, Gazteriako eta Kiroletako zuzendariaren eskumena da Erregistroan kirol-erakundeak inskribatzea, bai eta inskripzio horiek ezereztea ere.

Bigarrena.– Aurrekarietan aipatu bezala, Kirol Klub eta Kirol Elkarteen ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak hirugarren paragrafoan honela dio: «Dekretua indarrean sartzen denetik bi urteko epea igarota, kirol-klub eta kirol-elkarteek dekretu honetara egokitzeko betebeharrak bete ez badituzte, erregistroan duten inskripzioa ofizioz deuseztatuko da.»

Gaurko egunean, Kirol Erakundeen Erregistroaren aplikazio informatikoan bildutako datuen arabera, eranskinean ageri diren kirol-klub eta -elkarteek ez dute egokitzapena egin, eta, hortaz, ezereztu behar da erregistroan duten inskripzioa.

Hirugarrena.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluan ezarritakoaren arabera, entzunaldiaren izapidea eskaini zaie interesdunei, erregistroko inskripzioak ezerezteko ebazpena hartu aurretik.

Laugarrena.– Ebazpenak jakinarazteko moduaren inguruan, honako hau esan behar da:

Ezerezte-prozedura hasteko eta entzunaldiaren izapidea irekitzeko ebazpena zuzenean jakinarazi zitzaien pertsonei posta ziurtatuz helaraziko zaie, halaber, behin betiko ezerezteari buruzko jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Erregistroan ageri den helbidera, hain zuzen.

Bestalde, prozedurari hasiera emateko ebazpena ez ezik, inskripzioa behin betiko ezereztekoa ere argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Uste dugu erakunde horietako kide guztiek izan dezaketela interesa erregistroko inskripzioa ezerezteko prozeduran, baina Kirol Erakundeen Erregistroan ez dira ageri kide horien guztien harremanetarako datuak. Hortaz, ezinezkoa da jakinarazpena banan-banan egitea.

Alde horretatik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58.6 artikuluak honela dio: «Jakinarazpenaren ordez argitalpenera jo daiteke, hurrengo artikuluan ezarritako moduan, eta ondorio berak izango ditu kasu hauetan:

a) Zehaztu gabeko hartzaile-talde bati zuzendutako egintza denean, edo, administrazioaren iritziz, interesdun bakar bati zuzendutako jakinarazpenak bermatzen ez duenean denei jakinarazi zaiela; azken kasu horretan, jakinarazpenaren osagarri izango da argitalpena.»

Azkenik, ezinezkoa izan zen zenbait erakunderi zuzenean jakinaraztea ezerezte-prozedurako entzunaldiaren izapidea irekitzeko ebazpena, eta, ondorioz, Estatuko Aldizkaria Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez jakinarazi zitzaien. Hortaz, organo honen iritziz, jakinarazpena banan-banan egin beharrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean ebazpena argitaratuz egin behar da, objektibotasun eta interes publikoko arrazoiak direla eta.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan ofizioz ezereztea eranskinean zerrendatu diren kirol-klub eta -elkarteen inskripzioak, ez baitira egokitu Kirol Klub eta Kirol Elkarteen ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuaren preskripzioetara.

Bigarrena.– Erregistroko inskripzioa ezerezteak ez dakar berekin kirol-klub edo -elkarteen desegitea, eta, hortaz, edonoiz eskatu ahal izango dute erregistroan berriz inskribatzeko.

Hirugarrena.– Ebazpen honen berri ematea ezerezte-prozeduren xede diren erakundeei. Zenbait erakunderi ezin izan zitzaien zuzenean jakinarazi ezerezte-prozedurako entzunaldiaren izapidea irekitzeko ebazpena, eta, ondorioz, Estatuko Aldizkaria Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez jakinarazi zitzaien. Hortaz, bide bera erabiliko da prozeduraren behin betiko ebazpena jakinarazteko, hau da, zuzenean jakinarazi beharrean Estatuko Aldizkari Ofizialean emango da argitara behin betiko ebazpena.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, interesdun guztiei jakinaraziko zaiela bermatze aldera.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, horrela xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.

Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala