Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2016ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2323

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 13koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita ireki dela deialdia EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeek jarduera-proiektuak egiteko eskabideak egin ditzaten, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-eredu mistotik hezkidetzailera igarotzeko eraldaketa-prozesu bat sustatu nahi du, genero-indarkeria eta sexismoan oinarritutako indarkeria-adierazpen oro prebenitzen laguntzeko. Horretarako, «Hezkuntza Sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» egin du sailak. Planaren helburuetako bat ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezaten sustatzea da, eskola-komunitateko eragile guztien laguntzaz.

Genero-indarkeria da sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritutako sistema baten ondorio larriena. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanen bidezko sozializazioa ziurtatzeko. Sozializazio horrek identitate-aniztasuna errespetatu behar du, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu behar du, nola neskena, hala mutilena.

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak– helburu hori zabaltzen du, eta horretan sakontzen du; hala, 28. artikuluan hezkuntza-sistema premiatzen du hezkidetza-eredu bat gara dezan. Zehazki, honako hau adierazten du:

«Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretarako, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko da alor guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean».

2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak– 29. artikuluan ezartzen duenez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetzako proiektuak sustatuko ditu, eta hezkidetza-helburuak integratuko ditu hezkuntzako maila ezberdinetako jakintza-arloetako eta diziplinetako curriculumaren diseinuan eta garapenean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen VI. tituluan ezarritako baldintzen arabera ebatziko da deialdi hau, uztailaren 21eko 38/2003 Errege Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 887/2006 Lege Orokorrean eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenetan ezarritako oinarrizko araudiaren arabera.

Hori guztia aintzat hartuta, eta esleitutako eskumenen esparruan, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten EAEko ikastetxeen artean itunpeko 50 ikastetxe aukeratzea gehienez, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sustatzeko jarduera-proiektu bat diseina dezaten 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetarako. Proiektu horrek bideratu behar die ikastetxean hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa modu global, sistematiko eta integratuan lantzea.

2. artikulua.– Hornidura.

1.– Helburu hori lortzeko, eta 100.000 euro bideratuko dira, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Bi mila (2.000) euro esleituko zaizkio hautatutako ikastetxe bakoitzari irakasleen prestakuntza-jardueren gastuei, eskola-komunitatearen gastuei eta proiektuaren koordinazio- eta zabalkunde-jarduketen gastuei aurre egiteko, proiektuak hartu behar dituen hiru ikasturteetatik lehenengoan.

3.– Honako lurralde-banaketa honen arabera aukeratuko dira proiektuak:

(Ikus .PDF)

4.– Hala ere, lurraldeen araberako banaketa aldatzeko aukera egongo da, baldin eta aukeratutako eskabideekin ez bada lortzen lurralde horietakoren baterako aurreikusitako plaza-kopurua.

5.– Diru-ekarpena egiteaz gain:

a) Hautatutako ikastetxeetako hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunek eskualde-mintegietan parte hartu eta eskualdeko Berritzegunearen zuzeneko aholkularitza jaso ahal izango dute prozesu osoan zehar.

b) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prestakuntza emango die aukeratutako ikastetxeetako berdintasun-ordezkariei.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzak EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeei esleituko zaizkie.

4. artikulua.– Baldintzak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan deskribatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izango dira erakunde eskatzaile izan.

2.– Eskaera egiten duen erakundeak ez du eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

3.– Eskaera egin duen erakundeak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza batzuen esparruan, diru-laguntza horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntza hauek emateko, edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

5.– Bazter utziko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, eta, gainera, aurreko deialdietan diru-laguntza jaso duten ikastetxeak, hau da, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan proiektu integralak diruz laguntzen zituen deialdia, 2014-2015, 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan jarduketa-proiektuak diruz laguntzen zituen deialdia eta 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetan jarduketa-proiektuak diruz laguntzen zituen deialdia, diru-laguntza horiei uko egin ez bazieten, betiere.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileak betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskatzaileek, diru-laguntzako eskabidea aurkeztean, baimena ematen dute organo emaileak zuzenean egiazta dezan eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; hori automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatuarekin bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenak arautzen duen ildotik).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta egon beharko da.

d) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela eta ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zuen Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eskura daitezke (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

4.– Eskaera egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Nire Kudeaketak atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Entitate eskatzaileek «Eskabidea» formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Eskabide-eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu.

2.– «Eskabidea» formulario normalizatuarekin batera, 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetarako «Jarduera-proiektua» formulario normalizatua (II. eranskina) aurkeztu beharko da, eta eduki hau izango du:

I) Justifikazioa.

II) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak hiru ikasturteetarako.

III) Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduerak, haien arduradunak, denborak, jarraipenaren adierazleak eta lortutakoa zehaztuta, 2016-2017 ikasturterako soilik.

IV) Ebaluazioa.

3.– Deialdiaren I. eranskinean, proiektua lantzeko orientabideak daude bilduta.

4.– «Eskabidea» eta «Jarduera-proiektua» formulario normalizatuekin batera, «Zuzendaritzaren ziurtagiria» formulario normalizatua (III. eranskina) ere aurkeztu beharko da.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Dokumentazioa modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Eskaerak barematuko ditu Hautaketa Batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo horrek izendatzen duena; batzordeburu izango da.

b) Hezkuntza-berriztapeneko lurralde-arduradunak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Eskola Inklusiboko Berritzegune Nagusiko arduraduna eta lankidea (aniztasuna/generoa).

d) Pedagogia Berrikuntzaren Zerbitzuko pertsona bat; idazkari-lanetan jardungo du.

2.– Hautaketa-batzordeak ikastetxeak zehaztuko ditu, eta bere ebazpen-proposamena Hezkuntzako sailburuordeari aurkeztuko dio.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

11. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak balioztatzean, gehienez 10 puntu emango dira, eta gutxienez 6 puntu lortu beharko dira onartuak izateko.

a) Balioztatzeko irizpideak:

1.– Ikastetxeak egindako bidea eta premien zehaztapena (2,5 puntura arte). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikastetxeak, ondoren aipatzen diren esparruetan, jarduerak, programak eta proiektuak sustatzen, prestakuntzan eta abarretan egindako bidea: hezkidetzan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, genero-indarkeriaren prebentzioan, sexu-aniztasunean, harreman afektibo sexualetan (0,75 puntu, gehienez ere).

II) Eskualdeetako Berritzeguneek hezkidetzaz eta genero-indarkeriaren prebentzioaz antolatutako mintegietan parte hartzea (0,50 puntu, gehienez ere).

III) Nahiko! Programan edo Beldur Barik Programan parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez ere).

IV) Premien zehaztapena (puntu 1, gehienez ere).

2.– Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (1,25 puntu, gehienez ere).

3.– Jardunak (4,25 puntu, gehienez). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

I) Ikasleentzako jarduerak: estereotipoak, interakzio-plana, espazioen erabilera, genero-indarkeriaren prebentzioa, heziketa afektibo eta sexuala, orientazio akademikoa... (1,50 puntu, gehienez).

II) Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sartzeko jardunak: proiektuetan (IHP (Ikastetxearen Heziketa Proiektua), ICP (Ikastetxearen Curriculum Proiektua) eta AJA (Antolakuntza eta Jarduera Araudia), aniztasunari erantzuna, bizikidetza, eta abar), dokumentuetan (jakinarazpenak, matrikulazioak, aktak...) eta ikastetxeko komunikazio-sistemetan (puntu 1, gehienez).

III) Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).

IV) Familien prestakuntza eta parte hartzea (0,75 puntu, gehienez).

V) Eragile soziokomunitarioen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).

4.– Zer neurritan egokitzen den proiektua «Hezkuntza-sisteman Hezkidetza eta Genero Indarkeriaren Prebentzioa Lantzeko Gida Plana» delakora, eta hezkuntza-komunitateak plana prestatzen izandako parte-hartzea (puntu 1, gehienez ere).

5.– Ebaluazioa (puntu 1, gehienez ere).

b) Esleitzea:

I) Lortutako puntuazioaren eta 2. artikuluaren 3. zatian ezarritakoaren arabera egingo da esleipena.

II) Berdinketarik egonez gero, lehentasuna izango du ikastetxeko irakasle-portzentajerik handiena hartzen duen proiektuak.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta, agindu honetan araututako deialdia ebaztea. Ebazpen horrek jasoko du zein diren diru lagundutako erakundeak, zein diru-laguntzarik jaso ez duten erakundeak eta zein diru-laguntza ukatzeko arrazoia.

2.– Aipatutako ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori pasa ondoren aipatutako ebazpena jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak atzera bota direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharra eragotzi gabe.

3.– Ebazpenaren jakinarazpena banaka egingo zaie interesdunei, bide elektronikoz. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean ikusi ahal izango dira.

4.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duen unean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

6.– Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, guztion ezagutzarako.

7.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa –diru-laguntzaren % 60– esleitutako diru-laguntza onartu bezain laster egingo da.

b) Gainerakoa –diru-laguntza osoaren % 40– «Hezkidetza – Diru-laguntzaren justifikazioa» agiria (IV. eranskina) aurkeztu ondoren ordainduko da; 2016ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko zara bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Gainera, 2017, 2018 eta 2019ko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza - Jarduera-proiektuak- Justifikazioa» agiria (V. eranskina) aurkeztuko da bide elektronikoen bidez, behar bezala beteta, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

4.– 2019ko ekainaren 30etik aurrera, eta abuztuak 31arte, hau barne, memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko duzu, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera. Dokumentazio hori modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

5.– «Hezkidetza – Diru-laguntza justifikatzea» eta «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak– Justifikazioa» agiriak behar adinako aurrerapenez argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkidetza-50/y22-izapide/eu).

14. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak.

1.– Xedapen hauetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasoak –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak–; diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasoak; aipatu Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakien arabera, finantzazioaren izaera publikoko publizitate egokia egiteko neurriak hartzeari buruzkoan jasoak, eta, edozein kasutan, hauek:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela laguntza esleitzeko edo erabiltzeko arrazoi izan den jarduera.

d) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

e) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

2.– Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko jarduera-proiektu bat aurkeztea 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetarako (Jardueren, arduradunen, denboren eta ebaluazio-adierazleen kasuan, 2016-2017 ikasturterako soilik zehaztu behar dira).

3.– Ikasturte bakoitzean, lan-plan bat eta hari dagokion memoria egitea. Dokumentuok ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren zati izango dira, hurrenez hurren.

4.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko ikastetxeko arduradunari aukera emango dio eskualde-mintegian eta sailak antolatuko dituen prestakuntza-jardueretan parte hartzeko.

5.– Hezkidetzako eta genero-indarkeriaren prebentzioko arduradunak Berritzeguneen eskualde-mintegietan parte hartuko du. Horietan, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeak elkartu eta koordinatuko dira, eta aholkuak jasoko dituzte.

6.– OOGko berdintasun-ordezkariak sailak emango duen prestakuntzan parte hartzea.

7.– Hiru ikasturteen amaieran Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan ekonomia-memoria aurkeztea, hiru ikasturteen memoriarekin eta ebaluazioarekin batera.

15. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez dagoela edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Horretarako ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

16. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berrikuntzako Sailburuordetzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.

18. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Baldin eta laguntzen erakunde onuradunak diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan ezarritako egoeraren batean badaude, edo agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietako baldintzak edo betebeharrak edo diru-laguntza ematea ekarri zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzeko eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak gehi horiei dagozkien berandutze-interesak itzultzeko– ezarritako baldintzen arabera; alde batera uzten dira eska litezkeen zehapenak, eta, horietarako, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean jasotako oinarrizko aginduak hartuko dira kontuan.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992-02-07ko EHAA) xedatzen denaren araberakoa izango da. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («Hezkidetza – Jarduera-proiektuak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
PROIEKTUA EGITEKO ORIENTABIDEAK

1.– Genero-indarkeriari aurrea hartuko dion hezkidetza-eskolaranzko bidea egiteko, hurrengo hiru ikasturteetarako ikastetxearen proposamena deskribatuko du proiektuak. Proiektuak lagungarria izan behar du ikastetxea gauzatzen ari den jarduerak eta gauzatu asmo dituenak antolatzeko.

2.– Justifikazioan honako hauek azalduko dira: zer arrazoi dituen ikastetxeak hezkidetzari eta genero-indarkeriari heltzeko; zer bide egin duen esparru horretan; eta zer premia bete nahi diren. Premia horiek ikastetxeak daukan informazioan oinarrituta zehatz daitezke (bizikidetzaren behategia, aniztasunaren arretarako plana, tutore-jarduna, familien eskariak...), eta/edo diagnostiko espezifikoago batean oinarrituta. Hala ere, batzuetan, landu behar diren esparruei buruzko diagnostiko sakonagoa hurrengo ikasturterako planteatzen diren ekintzetako bat izan daiteke. Garrantzizkoa da justifikatzea zergatik ematen zaien lehentasuna gai batzuei, beste batzuen aurretik, eta zer antolaketa behar den proiektua aurrera ateratzeko.

3.– Proiektuak definituko ditu hiru ikasturteen amaierarako lortu nahi diren helburu orokorrak.

4.– Helburu orokor bakoitza zehaztuko da helburu espezifiko batzuetan. Helburu espezifiko horietako bakoitza lantzeko jarduerak proposatuko dira. Kasu honetan, 2016-2017 ikasturteko jarduerak soilik zehaztu behar dira, haien arduradunak, denborak eta ebaluazio-adierazleak zehaztuta.

5.– Ebaluazioari dagokionez, hiru ikasturteetan zer prozesu egingo den azalduko da, proiektuan aldaketak egin behar diren ala ez jakiteko. Horretarako kontuan hartuko dira jarduera bakoitzaren ebaluazio-adierazleak. Halaber, zehaztu behar da nola ebaluatuko den proiektua bera, hiru urteen amaieran.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala