Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2016ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2085

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiriaren ebaluazio-prozesuaren oinarriak ezarri, eta 2016an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egiten diena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuari buruzkoan, 6. artikuluan esaten denez, Euskal Herriaren berezko hizkuntza ofiziala izango da euskara Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; eta autonomia erkidegoko erakunde komunek, autonomia-erkidegoaren barruko aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanda, bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizialtasuna araututa. Eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa Euskararen Erabilera Arauzkotzezko 10/1982 Oinarrizko Legea izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko eremu giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskainiz. Oinarrizko lege honen 26. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko aginteek neurri egokiak hartuko dituzte eta beharrezko bitartekoak jarriko dituzte gizarte-bizitzako alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko.

10/1982 Legea geroko beste mugarri garrantzitsu batzuk bideratu zituen oinarrizko araua izan zen, horien artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, 1999. urteko abenduaren 10ean Eusko Legebiltzarrak onetsitakoa. Plan horren helburu garrantzitsuena euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera eskaintzeko hizkuntza-politikako neurriak zehaztea eta sustatzea da. Azken batean, euskararen aldeko ekintzak indartzea da planaren xedea, Euskadin euskara erabiltzea guztiz normala izan dadin, bai eremu pertsonalean, bai gizarte-eremuan, bai eremu ofizialean. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ezarritako esparru estrategikoetako bat lan-arloa da.

Horiek horrela, eremu horretan aurrera eraman beharreko jarduerak batu eta integratzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2006. urtean LanHitz programa abiarazi zuen. Programa horretan jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa enpresetako euskararen erabileraren neurria ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistema sortzeko, gaur egun enpresen munduan erabiltzen diren kudeaketa-parametroak oinarri hartuta. Hori guztia aurrera eramateko, proiektuaren ezaugarri teknikoei erreparatuta, kontuan izan zen Euskalitek, Bikaintasunerako Euskal Fundazioak, EFQM bikaintasunaren eredu europarra EAEn trakzionatzen izan duen esperientzia, erreferentzialtasuna eta izaera berariazkoa (EFQMko Regional Partner Organisation), eta 2006an nahiz 2007an hitzarmen bidez egindako lanari esker, Bikain ebaluazio-prozesua osatzen duten alderdi tekniko eta operatibo guztiak zehaztu, landu eta probaldian jarri ziren, euren egokitasuna eta egingarritasuna egiaztatzeko.

Aurrekoak horrela, Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria sortu zuen Kulturako sailburuak 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez. Horren bitartez, enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan, euskararen erabilera arian-arian normalizatzearen ikuspegitik aurrera eramandako hizkuntza-kudeaketa ebaluatu eta egiaztatzeko sistema nola garatuko den xehatu zen; horren kudeaketarako organoak zehaztu ziren, eta egiaztapen-ziurtagiria eskuratzeko baldintzak finkatu ziren.

Horren harira, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskaliten koordinaziopean, 2008. urtean aurreneko aldiz hogeita hamar enpresa ebaluatu ziren Agindu horretan zehaztutako prozedurari jarraikiz. 2009an berriz, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituen 2009ko martxoaren 3ko 53/2009 Dekretua jarri zen indarrean. Dekretu horrek, xedapen indargabetzaile baten bitartez, indarge utzi du Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria sortu zuen 2008ko martxoaren 5eko Agindua.

53/2009 Dekretuaren 7.1 artikuluak dioenez, Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria establezimendu edo enpresaren titularrak(ek) eskatu beharko du(te), ezarritako prozedurari jarraikiz. Prozedura hori hizkuntza-politikaren arloan eskuduna den sailak ezarriko du dagokion deialdi publikoaren bidez.

Aurrekoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren 10. artikuluan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitekoen artean, c) letran, hizkuntza-politika horietako bat izango dela zehazten da.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Agindu honen xedea Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautzea da, eta Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria 2016an eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu nahi duten erakundeei dei egitea izena eman dezaten.

2. artikulua.– Nori zuzendua.

1.– Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzu hau eskatu ahal izango dute entitate publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta entitate handietako lan-zentroek, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute.

2.– Deialdi honetatik at geratuko dira lantoki fisikorik ez duten erakundeak. Kanpoan geratuko dira, halaber, bi lagun edo hortik gorako plantillarik ez duten pertsona juridiko nahiz fisikoak.

3.– Deialdi honetatik at geratuko dira, era berean, Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria 2014an edota 2015ean eskuratu duten erakundeak.

3. artikulua.– Deialdian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak.

1.– Beharrezko nortasun juridikoa izatea eta, aldi berean, zein bere erroldan inskribatuta egotea. Erakundearen lege-ordezkariak izendatuko du eskabidean, bigarren eranskinean hain zuzen ere, zein d(ir)en ebaluatzea eskatzen diren guneak (negozio-unitateak edota lan-zentroak badira, adibidez). Ez da ebaluatuko bigarren eranskin horretan izendatu ez den gunerik.

2.– Ebaluazio-prozesu honetara ezin izango dira aurkeztu: diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe dauden eskatzaileak, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, betiere zehapenean finkatutako epealdian.

3.– Diru-laguntzaren entitate/pertsona eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izan behar ditu. Horretarako, kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar bestetan, eskatzaileari baimenik eskatu gabe, ordainketa horietan egunean dagoela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraituz.

4.– Erakundearen plantillako kide batek edo batzuek, Bikain Ebaluatzaile Klubeko prestakuntza-modulua egingo du(te) (ikusi 10. artikulua).

4. artikulua.– Kudeaketa.

Honako ebaluazio-prozesu honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio.

5. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileek agindu honi lotutako eskaera-orria bete beharko dute, legezko ordezkariak sinatuta eta enpresaren zigilua jarrita (1.A eranskina).

2.– Aurreko horrez gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Entitateari buruzko dokumentazioa:

a.1.– Administrazio honetako Erregistroan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak.

Administrazio honetako Erregistroan inskribatuta ez badaude, honako agiri hauek: eratze-eskrituraren kopia, entitatearen estatutuen kopia eta erregistro publikoan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

Erregistratzera beharturik ez dauden entitateen kasuan, sortzeko behar izan dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

a.2.– Entitate horren legezko ordezkariari dagokionez, NANaren fotokopia eta lege-ahalmena duela egiaztatzen duen ziurtagiria. NANaren fotokopiarik aurkezten ez bada, baimena eman beharko zaio organo kudeatzaileari datu horiek kasuko administrazioan egiaztatzeko, dela bide elektronikotik, dela beste bide batzuetatik (1.A eranskina).

a.3.– IFZren fotokopia.

b) Artikulu honetako a.1), a.2) eta a.3) agirien ordez, 1.B eranskina (Dokumentazioaren ordezko aitorpena) aurkeztu ahal izango da, baldin eta agiriok administrazio honetan aurkeztu badira, eta indarrean jarraitzen badute.

c) Ebaluazio-motari, -guneari (edota negozio-unitateari nahiz lan-zentroari) eta harremanetarako izendatzen den solaskideari buruzko datuak (2. eranskina).

d) Halaber, erakunde horretan ahalmen exekutibo gorena duen karguak edo organoak izenpetutako agiria, kanpo-ebaluazioaren eskaria berretsi, erakunde horretako pertsonak jakitun jarri, eta Bikaineko kudeatzaileek emango dizkioten jarraibideak betetzeko konpromisoa azaltzen duena (3. eranskina).

e) Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako eskaria egoki baloratzeko. Halaber, zuzendaritza honek eskumena izango du informazio osagarria eskuratzeko, erakundeak euskara-planak egiteko diru-laguntzak jasotzearren, zuzendaritza honi beroni aurkeztutako euskara-planetik eta gainerako agiri osagarrietatik.

6. artikulua.– Eskabideak noiz, non eta nola aurkeztu.

1.– Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabide-orria eta agiriak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari zuzenduko zaizkionak, modu eta leku hauetan aurkeztu ahal izango dira:

a) Aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

b) Posta ziurtatuz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza (Bikain ziurtagiriaren deialdia), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Horrela egitekotan, eskabide-orria gutun-azal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-funtzionarioak, ziurtapena egin aurretik, data eta zigilua jar diezazkion eskabide-orriari berari (1.A. eranskina).

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edota aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo kasuko izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

8. artikulua.– Eskaeren ebazpena.

Lehenik, agindu honen 4. artikuluak zehazten duen organo kudeatzaileak egiaztatu behar du eskatzaileek deialdian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen dagoela; gero, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari jakinaraziko dio 2016ko kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko eskaera onartu den ala ez. Izena emateko epea itxi eta 30 egun balioduneko epean ebazpenik jasotzen ez bada, administrazio-isiltasunak eskaeraren ukapena adierazten duela ulertuko da.

9. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Ebaluatuak izango diren erakundeak aukeratzeko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, erakunde horrek ebaluazioa jasotzeko eskubidea gal dezake.

10. artikulua.– Kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jasoko duten erakundeen betebeharrak.

1.– Ebaluatuak izateko aukeratzen diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Enpresako plantillako pertsona bat solaskide izendatuko dute, Bikainen organo kudeatzailearekiko harremana bidera dezan prozesu osoan. Ahal dela, pertsona horrek Bikaineko ebaluatzaile izateko prestakuntza-modulua jasoko du, eta Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izango da.

b) Erakunde eskatzailearen tamainaren arabera plantillako pertsona bat edo batzuk, Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko izendatuko ditu erakundeak.

– Erakunde eskatzailea = 300 langilekoa bada: gutxienez kide 1.

– Erakunde eskatzailea 301-699 langile artekoa bada: gutxienez 2 kide.

– Erakunde eskatzailea 700-1.499 langile artekoa bada: gutxienez 3 kide.

– Erakunde eskatzailea = 1.500 langiletik gorakoa bada: gutxienez 4 kide.

– Ebaluazioak partzialak badira, guneka alegia, eta eskabideak bereiziak izan badira, gune bakoitzetik gutxienez pertsona batek joan beharko du ikastarora, eta aurreko puntuotan finkatu diren proportzioak errespetatuko dira.

Pertsona horiek Bikainen organo kudeatzaileak aurten antolatuko duen prestakuntza-modulura joan beharko dute nahitaez. Halaber, beste entitate bat ebaluatzen parte hartuko dute aurten, baldin eta kudeatzaileek halaxe eskatzen badiete. Profesional hauek analisian, erredakzioan nahiz ofimatika erabiltzen ohituak izango dira, ahal dela. Pertsona horiek gainerako ebaluatzaileentzat finkatuko diren baldintza berberak bete beharko dituzte. Izen-ematea Bikainen webgunearen bitartez egingo da: https://www.euskalit.net/bikain/eus/euskeraz.php

c) Onarpen-ebazpena jaso eta gero, erakundeon solaskideak bertaratu egingo dira organo kudeatzaileak deituko duen bilerara, prozesuaren, dokumentazioaren, eta beste hainbat jakingarriren berri jasotzeko.

d) Kasuan-kasuan eta beharrezkoa iritziz gero, deialdi honen organo kudeatzaileak bilera batera deitu ahal izango ditu erakunde eskatzaileak banaka, kanpo-ebaluazioaren perimetroa hitzartzeko. Hitzartzen den hori izango da ebaluatuko den perimetroa.

e) Aurre-txostena osatzea kudeatzaileek helaraziko dioten ereduaren arabera. Agiri horren bitartez, erakundearen hizkuntza-egoera objektiboaren berri jasoko da, ebaluazio-prozesua hasi aurretik.

f) Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek, zerbitzu honek iraun bitartean, eska diezaioketen informazioa nahiz baliabideak eskuratzea, ebaluazio-prozesua egoki burutu dadin. Eskakizun horiek ez betetzeak kanpo-ebaluazioaren prozesua etetea ekar dezake.

2.– Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek zehaztuko dituzte ebaluatzeko aukeratuak diren erakundeekin nahiz ebaluatzaileekin erabiliko diren komunikazio- eta koordinazio-euskarriak.

11. artikulua.– Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluatu beharreko gaiak.

Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluatuko diren gaiak edo edukiak BIKAIN-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituen 53/2009 Dekretuaaren 4. artikuluan jasotakoak dira, baita dekretu horren lehen eranskinean aipatutakoak ere.

12. artikulua.– Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiriaren mailak.

Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiriaren mailak 53/2009 Dekretuaren 5. artikuluan jasotakoak dira.

13. artikulua.– Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren prozesua.

1.– Eusko Jaurlaritzak doako ebaluazio-zerbitzua eskainiko die deialdi honen bidez ebaluatuak izango diren erakundeei.

2.– Kanpo-ebaluazioaren prozesuan hiru izango dira parte hartuko duten aldeak: ebaluatuko den erakundea, talde ebaluatzailea eta prozesuaren organo kudeatzailea. Prozesuaren fase nagusiak honako hauek izango dira:

– Bikain Ebaluatzaile Klubeko kideentzat antolatuko diren prestakuntza-moduluak egitea. 53/2009 Dekretuaren 8. artikuluan zehaztutako baldintzak beteko dituzte klub horretako kideek.

– Ebaluatuak izateko aukeratzen diren erakundeek aurre-txostena prestatzea, kudeatzaileek zuzenean nahiz http://www.euskalit.net/bikain/ webgunean eskuratuko dioten ereduari jarraikiz.

– Talde ebaluatzaileen eraketa. Erakunde bakoitzari egokitu zaion talde ebaluatzailea komunikatuko zaio, eta bisita-egunak (bat, bi edo gehiago) hitzartuko dira.

– Ebaluazio-bisita bera burutzea.

– Ebaluazio-txostena idaztea, talde ebaluatzailearen eskutik.

– Ebaluazio-txostenaren bidalketa erakundeei.

– Ebaluazioaren osteko bilera egitea (hautazkoa).

– Ziurtagirien banaketa.

3.– Kanpo-ebaluazioaren prozesuaren kudeatzaileek fase nagusi horien gaineko informazio osagarria unean-unean helaraziko diete alde guztiei, prozesua egoki burutu dadin.

14. artikulua.– Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiriaren marka eta erabilera.

53/2009 Dekretuaren 9. artikuluak finkatutakoaren araberakoa izango da.

15. artikulua.– Egiaztatutako Bikain ziurtagiri-mailak aitortzeko ebazpena eta erakundeen zerrenda argitaratzea.

13. artikuluan zehaztu den ebaluazio-prozesua amaitu eta gero, egindako ebaluazio-txostenak eta erakundeek lortutako emaitzak organo kudeatzaileari helaraziko dizkiote talde ebaluatzaileek, eta, horren ostean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ebazpen-proposamena egindo dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebaluatutako erakundeek egiaztatutako ziurtagiri-mailak aitor ditzan, eta horren ebazpena har dezan. Ebaluazio partzialen kasuan, organo kudeatzaileak toki-zehaztapen horiek jaso ahal izango ditu eratortzen diren agirietan. Horren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ebazpen bidez, erakunde eskatzaile bakoitzari 2016ko kanpo-ebaluazioan aitortutako ziurtagiri-maila jakinaraziko dio. Azkenik, iragarki bat argitaratuko da EHAAn Bikain-Euskararen kalitate-ziurtagiria 2016an eskuratu duten erakundeen zerrenda eta egiaztatu duten mailaren berri emateko, eta horrek bere ondorioak sor ditzan. Informazio hori ere Bikainen webgunean (http://www.euskalit.net/bikain/) emango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimendu dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Deialdi honetako kanpo-ebaluazioak eta deialdi honekin zer ikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango du helburu, baita deialdi honetara aurkezten diren erakundeei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da. Fitxategi hori, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen duen 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren arabera sortu zen, agindu horren I. eranskinaren Fitxategiak sortzea izenekoan jasotzen da Bikain deialdiak izeneko izaera pertsonaleko datuen fitxategia sortu dela. 2/2004 Legeak ezarritakoari jarraituz, fitxategi horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari honako honetarako: emandako datuak erkatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (administrazio honen esku egon, edo beste administrazio publiko batzuen esku egon); betiere, egiaztatzeko betetzen direla laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 18a,

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala