Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2016ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2082

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 20koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, merkataritza-banaketarako dinamizatzaileak prestatzeko bekak emateko deialdia argitara emateko dena, 2016ko ekitaldirako.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Agindua (2011ko ekainaren 28ko EHAA, 122. zk.) aldatu egin zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko Aginduaren bidez (2014ko ekainaren 27ko EHAA, 121. zk.), eta hor dago araututa merkataritza-kudeaketarako dinamizatzaileak prestatzeko beka-programa.

Aipatutako agindu arautzaile horren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, hor iragarritako diru-laguntzen onuradunak hautatzeko, 2016ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

2016ko deialdia egitea da ebazpen honen helburua, merkataritza-banaketarako dinamizatzaileak prestatzeko beka-programa arautzen duen aginduan aurreikusitako laguntzak emateko.

Deialdiko bekak finantzatzeko, 510.000,00 euro erabiliko dira; beka bakoitzak 15.000,00 euro izango du urtean, eta zenbateko horretan obligazio guztiak daude sartuta, hau da, bekaren onuradunak bete beharreko edozein obligazio, Gizarte Segurantzako langile-kuota barnean izanik. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beken onuradunei alta emango die Gizarte Segurantzan, eta enpresa-kuota ere hartuko du bere gain.

2016ko ekitaldian, 34 beka emango dira gehienez ere, eta hamabi hileko iraupena izango dute.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Merkataritza-banaketarako dinamizatzaileak prestatzeko beka-programa arautzen duen aginduan aurreikusitako bekak jaso ahal izateko, aipatutako agindu horren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte eskatzaileek.

2.– Deialdi honetako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak egin daitezke bai aurrez aurre bai bitarteko elektronikoez, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat.

Eskabidean sartu eta bete ahal izateko izateko, betiere laguntzetarako deialdia argitara eman ostean, Euskadi.eus egoitza elektronikoa erabili behar da: https://www.euskadi.eus/merkataritza. Eskabide-eredua egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.

Espedientean sartu eta gainerako izapideak egiteko, beste helbide hau ere badago: http://www.euskadi.eusnirekudeaketak

Eskabidean, eskatzailearen sinadura onartuarekin batera, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eskatutako dokumentazioa sartuko dira, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Aukeran, sinadura digitala erabili nahi ez badute, inprimatzeko eta sinatuta igortzeko aukera izango dute eskatzaileek; horretarako, lehenik, eskabidea informatikoki bete eta grabatu beharko dute (http://www.euskadi.eus/merkataritza web-orrian); gero, inprimatu, sinatu eta igorri beharko dute Merkataritza Zuzendaritzara. Eta, horren ostean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren dagokion lurralde ordezkaritzan aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzak duen Herritarrari Arreta Eskaintzeko Zerbitzuan (Zuzenean), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

3.– Datu pertsonalez gain –helbidea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa–, merkataritza-banaketarako dinamizatzaileak prestatzeko beka-programa arautzen duen aginduaren 7.4 artikuluan eskatutako dokumentazioa ere sartu behar da eskabideetan.

4.– Deialdi honetako beketarako eskabideak aurkezteko epea 2016ko ekainaren 1eko 09:00etan hasi eta uztailaren 30eko 12:00etan amaituko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 20a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

ITZIAR EPALZA URQUIAGA.


Azterketa dokumentala