Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2016ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2078

AGINDUA, 2016ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzeko deialdia egiten baita 2016. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei zuzendutako ostatuak eraiki, egokitu, hobetu edo ekipatzeko laguntza araubidea finkatzea da.

8. artikuluak xedatzen duenez, urtero, egungo Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularraren agindu bidez eskabideak aurkezteko epea irekiko dela. Aipatutako agindu horrek finkatuko ditu eskabideak aurkezteko epea, laguntza guztiei zuzendutako gehieneko kopuru orokorra eta, hala badagokio, haren urtez urteko xehetasunak, laguntzen zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboen zehaztapena eta horien haztapena, eta 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako agirietatik aurkeztu beharrekoak finkatuko lirateke, deialdi bakoitzean hautatzen diren irizpide objektiboen arabera.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzak emateko araubidea aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2016. ekitaldirako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntza deialdia egitea.

Bigarrena.– Eskabideak eta erantsitako agiriak aurkezteko epea.

1.– Apirilaren 17ko 62/2016 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2016. ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabide-inprimakia eskura izango da web-orri honetan: www.nasdap.ejgv.euskadi.net

3.– Eskabideak apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz aurkeztu beharko dira, jarraian adieraziko diren agiriekin batera:

a) Eskatzailearen NAN fotokopia, pertsona fisikoa bada.

b) NAN fotokopia eta legezko ordezkariaren ahalmentze eskritura, pertsona juridikoa bada. Eta entitateko estatutuen eta dagokien erregistroan inskribatu izanaren fotokopia.

c) Egingo den inbertsioaren edo gastuaren memoria deskriptiboa, non jasoko baitira exekuziorako, kokamenerako eta finantzaketarako epeen aurreikuspena, baita behar bezala zehaztutako aurrekontua ere.

d) Hirugarrengoen alta.

e) Obra-proiektua, lizentzia eta udalaren baimena, beharrezkoa bada.

f) Ziurtagiria, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duena.

g) Behar izanez gero, jatorriko kontratazio programaren barruan dagoela aditzera ematen duen konpromisoaren kopia.

h) Errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzako nekazaritza-erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Zinpeko aitorpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla aitortuz, bai eta beste hauek ere aitortuz: ez diotela eragiten diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dioten zigor- edo administrazio-zehapenek; ez duela helburu horretarako ezgaitzen duen ezelango lege debekurik; sexuagatiko bereizkeria dela–eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera; eta, Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea ez betetzearen ondorioz, ez diola eragiten inolako zehapen prozedurak. Azkenik, aitormena egin beharko du, azken bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengo ekitaldi fiskalean zehar jasotako «mínimis laguntzak» direla-eta.

Hirugarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

1.– Agindu honen ondotik emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez ditu 69.000 euroak gaindituko, betiere, indarreko legediari jarraikiz aurrekontu-aldaketak onesten diren kasuan eguneratzeak egotearen kaltetan izan gabe.

2.– Gauzak horrela, aldaketa horiek onestetik etorritako aurrekontu esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bitartez; hori laguntzen ebazpena eman baino lehen egitekoa izango da.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

2016. ekitaldirako laguntzak zehazteko helburu objektiboak eta horien haztapena hauek izango dira:

– zenbait eskualdetan aterpetxe premia dagoela-eta, ostatua kokatzeko lekua: 10 puntu.

– jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 15 puntu.

– ostaturako jarritako plaza-kopurua: 10 puntu.

– kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena: 5 puntu.

– nagusiki nekazari izatea: 10 puntu.

Bosgarrena.– Gauzatzeko epea.

2016. ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluak aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epea ezin izango da izan 2016ko abenduaren 31tik haratagokoa.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 27a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala