Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2016ko maiatzaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
OSASUN SAILA
2076

66/2016 DEKRETUA, maiatzaren 3koa, Asociación Guipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica -ADELA Gipuzkoa- onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Asociación Guipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica-ADELA Gipuzkoa- elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea herri-onurakoa dela aitortzea merezi duelako, osasunaren eta gizarte ongizatearen alorrean egiten duen lanagatik.

Asociación Guipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica-ADELA Gipuzkoa- 1994ko ekainaren 8an sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren 1994ko ekainaren 24ko Ebazpenaren bidez inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/G/04755/1994).

Elkarteak batik bat Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, Asociación Guipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica-ADELA Gipuzkoa- elkarteak bere helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduerak egiten ditu, honako hauek hain zuzen ere: alboko esklerosi amiotrofikoak erasandako pertsonen bizitza-kalitatea hobetzera zuzendutako ekintzak sustatzea; gaixotasunak erasandako pertsonek eta haien familiek ahalik eta emaitzarik onenak eta ahalik eta arazo gutxien eta epe motzenak lor ditzaten egin behar duten bidea egituratzea; gaixotasunak erasandako pertsonen eta gaixotasunaz interes pertsonal edo profesionala duten pertsonen elkartzea sustatzea, modu koordinatuan aritu daitezen irtenbideak aurkitzen; gaixotasunak erasandako pertsonei eta haien familiei informazioa, aholkuak eta gaixotasunaren inguruan sortutako arazoen aurrean laguntza ematea; gaixotasunaren ondorioak, minusbaliotasunak, arintzen laguntzeko baliabideak lortzen laguntzea: laguntza teknikoak, etxeko laguntza, eta abar; jendea oro har eta erakundeak -publikoak zein pribatuak- sentsibilizatzea gaixotasun horrek gaixoen, haien familien eta gizartean sortzen dituen arazoez; gaixotasunaren ikerketa zientifikoa bultzatzea eta sustatzea; lankidetzan aritzea desgaitasun fisikoa duten pertsonen bizitza-kalitatea hobetzea helburu duten elkarte edo erakundeekin.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez deklaratu behar da onura publikokoa dela, kasuan kasuko sailek -gaiaren arabera- eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Sail eskudunak izapidetuko du prozedura, eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko ditu. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Osasuneko sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesdunek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Asociación Guipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica-ADELA Gipuzkoa- elkartea onura publikokoa dela aitortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/04755/1994 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.Horrekin batera, deklarazio horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala