Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2016ko maiatzaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2037

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 11koa, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarena, zeinaren bide ematen baitira Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat laguntzak, 2016ko ekitaldian erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

Deialdi honen bidez, otsailaren 13ko 22/2077 Dekretuan aurreikusiak betetzen dira 2016. urterako. Dekretu horren bidez arautu ziren Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzako eta erakundeokin elkartutako pertsona juridikoentzako laguntzak, hots, herrialde txirotuen aldeko garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko laguntzak (2007ko martxoaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 50. zk). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

Dekretu horren arabera, urtero egingo da laguntzen deialdia, eta beti adierazi beharko dira deialdi horretarako izendatutako zenbateko guztizkoa, hautagaitza bakoitzari dagokion oinarrizko dotazioaren gehienezko zenbatekoa eta luzapenetarako izendatutako zenbatekoa. Halaber, hautagaitzak aukeratzeko irizpide bakoitzak baloratuko dituen alderdiak zehaztu beharko ditu aginduak, baita horien ponderazioa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea eta eskabide-eredua ere.

Bestalde, aurreikusten da erakunde interesdunek aukera dutela laguntzen programa honetarako izapide guztiak egiteko bitarteko telematikoak erabiltzeko, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera hori ahalbidetuko duen prozedura bat txertatuz, eta aukera horretan aurrera egin da.

Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, eta, bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak iragarri behar du diru-laguntzen deialdia.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du eskumena laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2016ko otsailaren 8an egindako bilkuran.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da iragartzea Nazio Batuen erakundeko nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat laguntzetarako deialdia, 2016ko ekitaldian erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 300.000 eurokoa izango da deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako dotazio ekonomikoa.

2.– 240.000 eurokoa izango da luzapenetara zuzendutako zenbatekoa. Luzapenak eman ahal izateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2017rako Aurrekontuan.

Baldin eta luzapenetarako eskabideen kopuruagatik aipatu zenbatekoa agortzen bada, egoera horren berri eman beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, luzapen gehiagorik onar ez dadin.

Edonola ere, luzapenei zuzendutako zenbatekoak ezingo du gainditu laguntza berriei zuzendutako zenbateko osoaren % 80.

3. artikulua.– Diru-laguntza.

1.– 18.000 eurokoa izango da hautagaitza bakoitzaren oinarrizko diru-hornidura.

2.– Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) bidaisari-eskala kontuan harturik kalkulatuko da herrialde hartzaileetako bizi-mailagatiko osagarria. Informazio hori www.elankidetza.euskadi.net Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian egongo da, eta, horrez gain, agentzia horretan eskatzen dutenei ere emango zaie informazioa. Dena dela, osagarri horren zenbatekoak ezingo du gainditu hautagaitza bakoitzaren oinarrizko zenbatekoaren % 5, hau da, 900 euro.

3.– Lankide boluntarioak agentzia multilateralen eremuan jasotako prestakuntza espezifikoak –erakunde eskatzaileak antolatua edo emana– eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 2, hau da, 360 euro.

4.– Era berean, erakunde eskatzaileek hautagaitzen aurretiazko hautaketa eta beken jarraipena egiteko administrazio-lanek eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 1, hau da, 180 euro.

5.– Aurretik esandakoa gorabehera, eta otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Agentziako Kontseilu Errektoreak proposatu ahal izango du, txosten arrazoitua jaso ondoren, 6. artikuluko 1. idatzi-zatian berariaz jasota ez dagoen beste edozein kontzeptu onartzea, baldin eta erakunde eskatzailearen eskabidearen izaerak hala egitea aholkatzen badu.

4. artikulua.– Laguntzak baliabide elektronikoz izapidetzea.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatu, eskatu eta egiteko, bide elektronikoak erabil ditzakete erakunde interesdunek.

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak eta eranskinak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko aurrez aurreko bidea edo elektronikoa erabiltzeak ez du lotzen aurrerantzean ere bide bera erabiltzera prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein unetan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Eskaera egin osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus helbideen bidez egingo dira.

5. artikulua.– Eskariak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Laguntza-eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkezteko ahalko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus/y22-home/es/ egoitza elektronikoan: izapideak, diru-laguntzak eta bekak atalean, edo bestela http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean. Era berean, kanal presentziala aukeratzen bada ere, bi helbide elektroniko horien bitartez egin ahal izango dira geroko kontsulta eta izapideak.

3.– Eskabide normalizatuaren bidez egingo dira eskabideak, atal guztiak behar bezala beteta. Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/y22-home/es/ egoitza elektronikoan, izapideak, diru-laguntzak eta bekak atalean, edo http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian, deialdien atalean.

4.– Eskaera presentziala, 6. kapituluan azaldu diren agiriekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara igorri beharko da (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

5.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

6.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.

6. artikulua.– Agiriak.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:

a) Proposamen teknikoa, atal guztiak behar bezala beteta. Hemen eskuragarri: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian.

b) Legezko ordezkaritzaren egiaztapena, eskaera presentziala sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago soilik.

c) Erakunde eskatzailearen eta bekadunaren arteko hitzarmena, zeinetan berariaz adierazten baitira otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 5.2 a) artikuluko atalak, https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Lankide boluntarioaren lana garatuko den Nazioarteko Erakundearen bulegoaren eta erakunde eskatzailearen arteko hitzarmena. Dokumentu horretan honako hau zehaztuko da, gutxienez: lana garatuko duen bulegoaren konpromisoa lankideari lana behar bezala egiteko beharrezko baldintza materialak eta teknikoak emateko, baita oporrak eta barne-prestakuntza emateko ere, https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

e) Emango den prestakuntza-ikastaroko moduluen memoria eta hori emango duten pertsonena.

f) Nazioarteko Erakundeak lankide boluntarioa bertan izateko duen interesa eta programa horretarako eskatzen den pertsona horren profila egiaztatzen duen agiria.

g) Pertsona juridikoen kasuan, Nazio Batuen Batzorde Nazional edo Autonomikoarekin egindako akordio, hitzarmen edo protokoloen kopia. Nahitaez batzorde horren bitartez gauzatu beharko da lankide boluntarioa txertatzen deneko proiektua.

7. artikulua.– Hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapenak.

Hauek izango dira hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien haztapenak:

1) Nazioarteko Erakundeak adierazitako lanari egokitzen zaion lanbide-profila eta dagokion titulazio akademikoa: 20 puntu, gehienez.

a) 10 puntu: adierazitako lana betetzeko titulazio egokia duela egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: lanak eskatzen duen profilerako gutxienez urtebeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.

2) Garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloko prestakuntza espezifikoa: 20 puntu, gehienez.

a) 15 puntu: master-ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: adituentzako ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.

c) 5 puntu, gehienez: garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloarekin loturiko ikastaro espezifikoak egin dituela egiaztatzen badu.

– 20 eta 40 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 1, ikastaroko.

– 41 eta 60 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 2, ikastaroko.

– 61 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 4 puntu.

3) Lankidearen lana txertatzen deneko programa edo proiektuen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik bultzatzen den lankidetzaren arteko lotura sinergikoa: 20 puntu, gehienez.

a) 20 puntu: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu dueneko nazioarteko erakunderen bateko bulegoetan garatzen bada zeregina.

b) 10 puntu: jarduera sektore hauetan kokatzen diren programa edo proiektuetan sartzen bada lana: eskubide unibertsalak, gobernagarritasun demokratikoa eta tokiko boterea, tokiko ekonomia-garapena, ingurumenaren babesa eta kontserbazioa, emakumeen ahalduntzea.

4) Lankideak ekintza garatuko dueneko bulegoak eskatzen duen/dituen hizkuntza/k jakitea: 10 puntu, gehienez.

a) 5 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B1 mailaren baliokidea.

b) 8 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B2 mailaren baliokidea.

c) 10 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko C1 mailaren baliokidea.

5) Euskal Autonomia Erkidegoko izaera sozial eta humanitarioko erakunde edo programei aktiboki lotuta egotea: 20 puntu gehienez.

a) 20 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan 5 urte edo gehiagoko esperientzia egiaztatzen badu.

b) 10 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urtetik bostera bitarteko esperientzia egiaztatzen badu.

c) 5 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urte baino gutxiagoko eta gutxienez hiru hilabeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.

6) Lankidearen lana zein eremu geografikotan garatzen den: 10 puntu, lana honako herrialde hauetako batean garatzen bada: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Kuba, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela; Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal, Palestina eta India.

8. artikulua.– Prozedura kudeatuko duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea. Horretarako, laguntza-eskabideen gaineko azterketa teknikoa eta balorazioa egingo du Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta bere proposamena balorazio-batzordeari helaraziko dio, zeinak, hartarako batzarturik, bekak esleitzeari buruzko proposamena egingo baitio organo eskudunari.

9. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Honako pertsona hauek osatuko dute aurreko artikuluan aipatu hautaketa-batzordea:

• Batzordeburua: Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.

• Batzordekidea: Nicolás Basarrate Hormaechea jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

• Batzordekidea: Euken Barreña Caloca jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Estrategikoko arduraduna.

• Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.

10. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen orotarako, honako arau hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa Diru-laguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 22/2007 Dekretua, otsailaren 13koa, zeinen bidez arautzen baitira Nazio Batuetako sistemako Nazioarteko Erakundeentzako eta erakundeokin elkartutako pertsona juridikoentzako laguntzak, hots, herrialde txirotuen aldeko garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko laguntzak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.


Azterketa dokumentala