Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2016ko maiatzaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1800

29/2016 DEKRETUA, otsailaren 23koa, zeinen bidez onartzen baita Zirkulazio eta Seinale Arautegia Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko eta «Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarea» erakunde publikoaren ardurapean utzitako trenbide-azpiegiturentzat.

Euskal Herriko Autonomia Estutuaren –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 10.32 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari eman zion eskumen esklusiboa trenbideen arloan, EEren 148.1.5 artikuluarekin bat etorriz; azken artikulu horren arabera, autonomia-erkidegoen eskumenekoak dira «ibilbide osoa autonomia-erkidego horretan egiten duten trenbideak eta errepideak, eta, horrela, garraiobide horien bidez edo kable bidez garatutako garraioa». Aipatu autonomia estatutu horren bigarren xedapen iragankorrarekin bat, behin betiko transferitu ziren autonomiaren aurreko aldian jada eskualdatutako eskumenak eta baliabideak, abuztuaren 25eko 2488/1978 Dekretuarekin bat, eta, gero, ekainaren 19ko 1446/81 Errege Dekretua eman zen, lurreko garraioen arloko Estatuko zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

Maiatzaren 24ko 105/1982 Dekretuaren bidez –azken aldiz martxoaren 20ko 48/2007 Dekretuaren bidez aldatua– sortu zen «Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos, S.A.» sozietate publikoa, eta onartu ziren haren estatutuak. Aipatu dekretuaren 3. artikuluan xedatuaren arabera, erakunde horren helburu nagusia da trenbide-garraioko zerbitzuak ematea, bidaiarienak nahiz salgaienak, barne hartuz material ibiltarien mantentzea eta bestelako zerbitzu edo jarduera osagarriak edo trenbide-garraioarekin zerikusia dutenak.

Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2001ko irailaren 19ko Aginduaren bidez, eta EuskoTrenbideak / Ferrocarriles Vascos, S.A. sozietate publikoaren proposamenez onartu zen Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos erakundearen Zirkulazio eta Seinale Arautegia, eta arautegi hori trenbideko garraio-lineei aplikatzekoa da, zeinen ustiaketa "EuskoTrenbideak / Ferrocarriles Vascos, S.A. sozietatearen ardurapean utzia baita, baita horien etorkizuneko zabaltze oro ere. Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 264.1 eta 279.1 artikuluetan xedatua betez onartu zen arautegi hori, eta 1996ko abenduaren 24ko Aginduaren bidez aurretik onartutako eta Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 1999ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez aldatutako arautegia ordezkatu zuen.

Eusko Legebiltzarreko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez sortu zen «Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarea» eskubide pribatuko erakunde publikoa, eta haren helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzak agindutako trenbide-garraioko azpiegitura berriak eraiki, zaindu, kudeatu eta administratzea, besteak beste, baita Jaurlaritzak esleitzen dizkion eta lehendik badauden trenbide-garraioko azpiegiturak zaindu, kudeatu eta administratzea ere. Helburu hori betetzeko, erakunde horri dagozkio 6/2004 Legearen 6. artikuluan zehazten diren egitekoak, horien artean, trenbide-azpiegiturak administratzea, zeinetan barne hartzen baita dagokion kanona kobratuz ustiatzea trenbide-azpiegiturak, horiek mantentzea eta segurtasun-sistemak eta trafikoaren erregulazioa kudeatzea.

Zirkulazio eta seinale arautegia onartu zenetik denbora asko iragan da, eta trenbide-ustiaketari eragiten dioten egoera berriak sortu dira, beraz, arautegi hori berriz berrikusi eta arautu behar da, eta, horretarako, arautegi berri bat onartu, zeinak ordezkatuko baitu Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2001eko irailaren 19ko Aginduaren bidez onartu arautegia, hori guztia «Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarea» erakunde publikoaren proposamenez, eta, 2015eko martxoaren 30ean, haren Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiaren arabera.

Dekretu honen eranskin gisa datorren zirkulazio eta seinale arautegiak sei titulu ditu: I. titulua, Orokortasunak; II. titulua, Segurtasuneko seinaleak eta instalazioak; III. titulua, Zirkulazioa; IV. titulua, Trenen blokeoa; V. titulua, Eraketa eta balaztatzea, eta VI. titulua, Maniobrak.

Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 23an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Zirkulazio eta Seinale Arautegia onartzea.

1.– Zirkulazio eta Seinale Arautegia onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko eta «Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarea» erakunde publikoaren ardurapean utzitako trenbide-azpiegiturentzat; dekretu honen eranskin gisa dator testua.

2.– «Red Ferroviaria Vasca / Euskal Trenbide Sarea» erakunde publikoaren ardurapean utzitako trenbide-azpiegiturei, eta etorkizunean utziko zaizkienei aplikatuko zaie arautegi hori.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabera geratzen dira, batetik, Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2001eko irailaren 19ko Agindua, eta, ondorioz, Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos erakundearen zirkulazio eta seinale arautegia onartzen da, eta, bestetik, dekretu honen aurka jartzen den, kontrakoa dioten edo bateragarriak ez diren maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

ANEXO AL DECRETO 29/2016, DE 23 DE FEBRERO
REGLAMENTO DE CIRCULACIÓN Y SEÑALES
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala