Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2016ko maiatzaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1799

AGINDUA, 2016ko apirilaren 13koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzen baita.

ETEen (enpresa txiki eta ertainak), enpresa handien, ezagutza-hornitzaileen eta berrikuntzako lurralde-sistemetako beste aktore batzuen arteko kooperazioa, dela kluster bakar baten barruan edo dela zenbait klusterren artean, berrikuntza eta nazioartekotze-gaitasunak handitzeko bektore nagusietako bat da. Enpresa-talde berritzaileak edo klusterrak berrikuntza-sistemako aktoreen arteko, eta, bereziki, ETEen arteko kooperazioa ahalbidetzen duten agente nagusiak dira. Horrela, balio-kate globaletan sartzea errazten diete.

Gure ekonomiako ardatz nagusia diren arren, ETEentzat zaila da beren kabuz erronka globalei aurre egitea, dimentsio falta dute eta. Beraz, kooperazioa ezinbestekoa da ETE askorentzat. Eta enpresa-talde berritzaileek edo klusterrek kooperazio hori ahalbidetzeko helburua dute. Gainera, kluster indartsuek talentua eta inbertsioa erakartzen dute lurraldera, ezagutza eta berariazko gaitasunak sortzeak, garatzeak eta kontzentratzeak dakarten eraginari esker.

Enpresa-talde berritzaile edo kluster arrakastatsuenek lurralde- eta produkzio-alor jakin batean jarduten dute. Beren kideei lehiakortasun-informazioa eta -inteligentzia ematen dizkiete eta ETEen arteko interes-taldeei hasiera ematen diete, berrikuntzako, teknologiako, I+Gko, nazioartekotzeko, eta abarreko alorretan erronka komunak identifikatzeko. Horrez gain, laguntza ematen diete aktoreei, helburu estrategiko komunak zehazteko eta erronka horiei ekitearren kooperazio-proiektuak ezartzeko.

Hala ere, enpresa-talde berritzaile edo kluster batzuk mugatuta daude, dimentsio edo irismen txikia dutelako. Beraz, ETEak bezala, ahalbidetze-erakundeek hazi eta bata bestearekin kooperatu behar dute, baita konbergentzia-prozesuak egin ere, finkatu ahal izateko eta baliabide eta gaitasun gehiago izateko. Hori eginez, aurre egin beharreko lehiakortasun-erronka globalei ekiteko adina maila izango dute.

Lehiakortasunari eta hazkundeari dagozkien Europako estrategiak aitortzen du lehiakortasun-klusterrak funtsezkoak direla RIS3 edo espezializazio inteligenteko lurralde-estrategiak xedatzerako orduan. Gainera, bere sendotasunaren gainean eraikitzen du, berrikuntzarako taldearen eta banakoen ahaleginek arreta jarri behar duten lehentasun-arloak identifikatzeko.

Euskadiko RIS3arentzako lehentasuna duten arloen artean honako hauek daude: energia, manufaktura aurreratua eta biozientziak. Horretaz aparte, RIS3ak zenbait eremutan (gaur egun oso ondo beteta ez dauden edo arreta egokia jasotzen ez duten zenbait eremutan) aprobetxa daitezkeen sinergiak nabarmentzen ditu. Eremu horientzako balio-kate berriak sortzea beharrezkoa litzateke agian. Eta eremu berri horiek izan ditzaketen aukera ugariak ustiatzeko, beharrezkoa da klusterren arteko kooperazioari heltzea. Horrek ez du esan nahi intrakluster-kooperazioetan egin behar den lana alde batera utzi behar denik.

Euskadiko enpresek eta klusterrek aipatutako erronka globalei aurre egiteko, industriak ekonomian pisu gehiago izateko eta enpresen maila teknologikoa eta nazioartekotzea handitzeko, bereziki, ETEena, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren jarraibideak eta tresnak garatzen ditu, aktore ekonomikoen laguntzarekin (RIS3, PCTI, PINDUST, etab.).

Jarraibide horiekin bat eginez, Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Testu Bategina, eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoaren arabera, eta, politiken eta berrikuntza eta lehiakortasunari laguntzeko programen bidez, Eusko Jaurlaritzak jaso duen esperientzian oinarrituta, Europako estrategien eta Europako Batzordeak 2014ko ekainaren 17ko batzordean egindako 651/2014 araudian ezarritakoaren ildotik, EBaren Funtzionamenduari buruzko Trataerako (hemendik aurrera salbuespen-araudia) 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko EBAOk L 187 seriean argitaratu zen),(27. artikuluan deskribatzen den bezala) honako programa hau ezartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-talde berritzaileek edo kluster-erakundeek jaso beharreko laguntzei dagokionez:

Ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kluster-erakundeei laguntzeko programa arautzea da, diru-laguntzen bidez, ETEen eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna sustatzeko, orokorrean.

2.– Kluster-erakunde bat, edo enpresa-elkarte berritzaile bat, berezko nortasun juridikoa duen enpresa-elkartea da, honako baldintza hauek betetzen dituena:

– Elkartearen helburua bere kideen lehiakortasuna hobetzea da, nagusiki, ETEena, kooperazioaren bidez.

– Honako hauek batzen ditu: enpresa traktoreak, ETEak, agente zientifiko-teknologikoak eta bestelako erakundeak, hala nola, hezkuntza-zentroak eta bukaerako merkatu batera edo haren segmentu batera bideratutako balio-kate oso baten prestakuntza-zentroak.

– Jarduerak nazioartekotzeko, berrikuntza teknologikoko edo enpresa-berrikuntzako estrategia-alorretan egiten ditu.

3.– Agindu honen arabera, kluster natural bat da enpresa, agente zientifiko-teknologiko eta bestelako erakundeen (hala nola, hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak, erakunde publikoak eta kluster-erakundea bera) multzoa (enpresa handi, ertain eta txikiak), beren artean konektatuta daudenak eta bukaerako merkatu bati edo haren segmentu bati bideratutako berariazko eremu geografiko bateko balio-kate baten parte direnak.

Kluster elkartua kluster-erakunde baten kideen multzoa da.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak nortasun juridiko propioa duten, irabazteko asmorik ez duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden kluster-erakundeek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Behar besteko masa kritikoa izatea. Fakturazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 1 baino handiagoa izan dadila.

b) ETEek parte hartzea. ETEek dena delako erakundean duten parte hartzea gutxienez % 60koa izan dadila; ETEtzat hartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Guztira, 250 langiletik behera izatea.

– Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.

c) Kluster erakundeak dituen kideen artean balio-kate osoa hartzen duten enpresak egotea, amaierako merkatua edo merkatu horren segmentu bat xede dutela.

d) Kluster-erakundearen jarduera-eremua, lurraldeari dagokionez, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa izatea.

e) Lankidetza sustatzeko egiten duten lana Jaurlaritzaren industria eta teknologiarako estrategian lehentasunezkotzat jotako eremuetakoa izatea (2014-2016 Industrializazio Planean daude jasota, edo plan hori ordezkatuko duenean).

2.– Horrez gain, laguntzak kluster-erakundeei eskatu ahal izango diete, baldin eta, aurreko ataletako baldintzetako bat bete ez arren, erakunde horiek beste kluster-erakunde batzuekin kooperatuz aurreko atalean xedatutakoa betetzen badute.

3.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

4.– Erakunde eskatzaileek, laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako kluster-erakundeak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jasoa badute, aldez aurretik Europar Batasuneko Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta merkatu batuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatuko da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuaren diru-laguntzei buruzko jarraibideekin bat.

6.– Onuradun izateko baldintza diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa hau egiteko xedea duten baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– 2.2. artikuluan adierazitako erakundeak egiten dituzten jarduketak finantzatzeko deialdi bakoitzeko zenbatekoaren % 10 zuzenduko da, gehienez. Diru-laguntza horiek emanda aipatutako zenbatekoa bukatu ez bada, soberakoa gainerako jarduketak finantzatzeko erabiliko da.

4. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartzen dira erakunde onuradunek kooperazioaren bidez enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten dituztenak, baldin eta diru-laguntzaren deialdia egiterakoan hasiera izan ez badute.

Kooperazio-ekintza horiek kluster-erakundearen plan estrategikoaren barruan egon behar dute. Gainera, gobernuaren industria- eta teknologia-estrategiarekin bat egin eta honako jardute-alorretan kokatuta egon behar dute:

a) Nazioartekotzea.

b) Berrikuntza teknologikoa.

c) Enpresa-berrikuntza.

d) Beharrezkoak diren beste jarduketa batzuk, erronka estrategiko komunei ekiteko, lehiakortasun globala hobetzearren.

2.– Honako jarduketa hauek laguntza jaso dezakete:

a) Kide diren erakundeen zerbitzuak.

b) Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia.

c) Enpresen arteko kooperazioa dinamizatzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako euskal sareko agenteekin, klusterraren barruan edo beste kluster batzuekin.

– Erronkak identifikatzea eta lantaldeei hasiera ematea.

– Taldeak osatzea eta proiektuak eratzea.

d) Proiektuetan parte hartzea.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak jaso ditzaketen gastuak izango dira: kluster-erakundeek aurreko artikuluak aipatzen dituen ekintzak garatzeko ordaindu beharko dituztenak, barnekoak (soldatak eta egiturako ohiko gastuak) zein kanpokoak (azterketak edo bestelako zerbitzuak azpikontratatzea).

1.– Barneko gastuak.

a) Kluster-erakundeko langileen gastuak diruz lagunduko dira, aurkeztutako ekintzak egiteko beharrezkoak direnak, eta soldatak nahiz gizarte-segurtasuna aintzat hartuko dira. Langileei dagozkien gastuak benetako zenbatekoaren arabera xedatuko dira, eta, hala balegokio, justifikatuko dira. Aintzat hartuko da benetako urteko lanaldia, dagokion ordutegi-tasa kalkulatzeko. Urtean behin egiten den deialdian zehaztuko dira diru-laguntzak jaso ditzaketen gehieneko ordu-kopurua. Banakako soldata-gastua ezin izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sailburuorde baten ordainsaria baino handiagoa, dagokion ekitaldiko deialdiaren arabera indarrean daudenak aintzat hartuta.

b) Kluster-erakundearen egitura mantentzeko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, etab.) eta barne-kudeaketako eta gobernu-organoetako gastuak (asanbladak, zuzendaritza-batzordeak, etab.). Azken horiek langileen gastuen ehuneko gisa kalkulatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango dokumentu bidez egiaztatzea. Gastu hori urteko deialdietan finkatuko da.

2.– Kanpoko gastuak Aurkeztutako ekintzak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak, aholkularitza eta abar emateko kontratazio-gastuak aukeratu ahal izango dira. Gastu horiek azaroaren 17ko Diru-laguntza Orokorrei buruzko 38/2003 Legearen eraginpean daude, sail honek gastu horiek ordaintzeko berariazko laguntza-programa bat indarrean badu izan ezik.

6. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak itzuli ezingo diren diru-laguntzak dira eta honako ehuneko hauek dituzte:

a) Kide diren erakundeen zerbitzuak: gastu onartuen % 40.

b) Estrategia, teknologia-zaintza eta lehiakortasun-inteligentzia: gastu onartuen % 50.

c) Enpresen arteko kooperazioa dinamizatzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako euskal sareko agenteekin, klusterraren barruan edo beste kluster batzuekin: gastu onartuen % 50.

d) Proiektuetan parte hartzea: gastu onartuen % 40.

2.– 2.1. artikuluan adierazitako kluster-erakundeek, gehienez, 300.000 euroko laguntzak jasoko dituzte; eta 2.2. artikuluan adierazitakoek, 50.000 eurokoak.

7. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarria izatea.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere guztira jasotako diru-laguntzek onartutako gastu guztien % 60 gainditzen ez badute. Laguntza guztien baturak esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

8. artikulua.– Prozedurari hasiera ematea.

1.– Agindu honek araututako diru-laguntzak urtero egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira prozedura bakarraren bitartez.

2.– Deialdia Euskal Herriko Agintzaritzako Aldizkarian argitaratuko da eta klusterren alorrean eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularraren ebazpenaren bidez egingo da. Deialdian ekitaldi horretan zehar eman beharreko diru-laguntzen gehieneko kopurua zehaztuko da, baita honako hauek ere: eskaerak aurkezteko epea eta lekua, eskaeren instantziak, eta, hala balegokio, erantzukizunpeko adierazpeneko eta egindako inbertsioak justifikatzeko ereduak eta diruz lagundu daitekeen gehieneko ordu kopurua eta 5.1.b artikuluko gastuen ehunekoa. Horrez gain, ebaluazio organoko kideen izena zehaztuko da, hori guztia Administrazio Publikoen Araubide Juridikoko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari eraginik sortu gabe.

9. artikulua.– Eskariak.

1.– Agindu honetan ezarritakoarekin bat, diru-laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten kluster-erakundeek eskari bat aurkeztu beharko dute, dokumentu gehigarriez gain. Eskariak kluster-alorrean eskumena duen sailari eman beharko zaizkio, zuzenean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatutako bitartekoen bidez. Deialdi-ebazpenak agindutako epeen barruan egin beharko da eskaria, eta alor horretan eskumena duen sailburuordetzari zuzenduko zaio.

2.– Diru-laguntzen deialdi-ebazpenari erantsiko zaizkio eskari normalizatuko, erantzukizunpeko adierazpeneko eta justifikatzeko dokumentuen ereduak. Eredu horiek Interneten (www.euskadi.eus) bete edo deskargatu ahal izango dira, deialdia egin eta gero.

3.– Eskariak eta gainerako dokumentuak deialdian adierazitako epearen barruan aurkeztu beharko dira, eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko ahalmen legala duen pertsonak sinatuko ditu.

4.– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta sailarekin eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SArekin (SPRI) izaten dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan hizkuntza horietan hartuak izateko eskubidea dute kluster-erakundeek.

5.– Diru-laguntza eskatzeko eskariak kluster-erakunde eskatzailearen baimena izango du, edo parte hartzen duen kluster-erakundearena, kooperazioan baldin bada. Horrela, diru-laguntza ematen duen organoak zuzenean jasoko du, beharrezkoa den aldi guztietan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurtasunarekiko zergak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria. Hala ere, berariaz ukatu ahal izango da baimen hori, eta, halakorik gertatzen bada, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

10. artikulua.– Aurkeztu behar den dokumentazioa.

1.– Eskariarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte kluster-erakundeek:

a) Kluster-erakundearen plan estrategikoa.

b) Erakundearen urteko ekintza-plana eta aurrekontua, gastuak bereizita ageri direla.

c) Aurreikusitako finantza-egoerak eta adituak izan diren azkeneko finantza-egoerak.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia konpultsatua.

e) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia konpultsatua.

f) Eratze-eskrituren eta horien aldaketen fotokopia konpultsatua (dagozkion erregistroetan inskribatuta egongo dira aldaketa horiek).

g) Sozietate-zergaren edo, hala behar badu, errentaren gaineko zergaren azkeneko deklarazioaren fotokopia konpultsatua.

h) Klusterra osatzen duten enpresen zerrenda, baita horien parametro sozioekonomikoei buruzko informazioa ere (enplegua, fakturazioa, esportazioen ehunekoa...).

i) Honako alderdi hauek egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):

– Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

– Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak edo horiei eskatutakoak.

– Ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

– Enpresak bere egiten dituela, halaber, 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa), Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

– Europar Batasuneko Batzordeak legez kanpokotzat edo merkatu batuarekin bateraezintzat jotako inolako laguntzarik ez duela jaso, edo, jaso baditu, horiek itzuli dituela edo ez dituela itzuli.

– Ez dela krisian dagoen enpresa bat, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera.

j) Berdintasun-planik edo kontziliaziokorik duen adierazi beharko du.

Kluster-erakundeek diru-laguntza kooperazioan eskatzen badute, kide guztiek paragrafo honetan zehaztutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, baita kooperatzaileen arteko hitzarmena eta hitzarmen hori sinatuz egin nahi dituzten ekintzak ere.

2.– Kluster-erakundearen plan estrategikoak erronka komunak identifikatu beharko ditu (erronka horiei emango zaizkien erantzunak kooperazioan, nazioartekotzeko alor estrategikoetan, teknologia- eta enpresa-berrikuntzan eta prestakuntzan –besteak beste– oinarrituko dira), bere osaeran kide askok parte hartu beharko dute eta herrialdeak ezarritako lehentasunei dagokienez taldeak duen kokapena islatu beharko du, besteak beste, espezializazio-estrategia inteligentea edo RSI3ri edo hori ordezkatzen duenari dagokionez.

3.– Ez da beharrezko izango zenbait agiri aurkeztea, baldin eta, indarrean dauden agiriak izanda, dagoeneko diru-laguntza hauen deialdia egin duen sailaren esku badaude. Kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko du eskatzaileak zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako baldintzei jarraiki.

4.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietakoren bat falta dela antzemanez gero, kluster-erakunde interesdunari eskatuko zaio hutsa konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean, eta adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, horretarako, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak ebazpena emango duela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatzen duen moduan.

11. artikulua.– Eskariak balioestea.

1.– Eskariak balioesteko, eta diru-laguntzen proposamenak horiek esleitzeko eskumena duen organoari helarazteko, ebaluazio-organo bat eratuko da eta burua klusteren alorrean eskumena duen zuzendaritzako sektore-programen arduraduna izango da. Zuzendaritza horretako langile teknikoko bi kide izango dira bokalak (batek idazkari lanak egingo ditu), baita Sociedad para la Transformacion Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko (SPRI) kluster-alorrean eskumena duten bi ordezkari ere. Organoko burutzak kluster-gaietan adituak diren beste pertsona batzuk gonbida ditzake, eta horiek ozenki parte hartuko dute baina ez dute boto-eskubiderik izango. Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango bilerak egin, gaiak aztertu eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea eta idazkaria (edo haien ordezkoak) eta, gutxienez, gainerako kideetakoren bat bertaratzen baldin bada. Atal honetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Berdintasunerako Legearen 3.7. artikuluari jarraikiz.

2.– Eskariak honako irizpide hauen arabera egingo da:

a) Ekintza-plana. 4.1. artikuluan ezarritako arloetako jarduketetan kokatzen direla egiaztatuko da. Honako puntu hauek balioetsiko dira: proposatutako ekintzak klusterraren plan estrategikoaren lehentasunekin eta logikarekin lerrokatuta egotea (PE gehienez 5 puntu), baliabide-bolumenari egokitzea (proposatutako dedikazioa eta finantzaketa) (FIN gehienez 10 puntu), enpresen parte-hartzearen maila eta kalitatea (PART gehienez 5 puntu) eta lehentasun-maila (LEHEN gehienez 10 puntu), jarraian adierazten den bezala:

(Ikus .PDF)

Jarduerei sendotasunaren arabera ematen zaie lehentasuna, handienetik txikienera (SEN), honako eragiketa hau eginez lortutako balioaren arabera;

SEN=LEHEN x (PE + FIN + PART)

b) Erakundeak. Erakundeen heldutasun-maila eta elkartutako enpresen jarduera balioetsiko dira, eskari-multzoari dagokionez. Horretarako, honako irizpide eta ehuneko hauek aintzat hartuko dira:

(Ikus .PDF)

Eskari bakoitzeko ratioa (ehunekoa) kalkulatuko da, adierazitako parametro bakoitzerako eskari multzoari dagokionez. Ratio horiek parametro bakoitzeko ehunekoarekin eta deialdiaren hornidurarekin biderkatuz, eskari bakoitzak jaso dezakeen berariazko gehieneko finantzaketa kopurua xedatuko da. Muga-kopuru hori 6. eta 7. artikuluetan zehaztutakoekin batera kontuan hartuko dira, eta txikiena aplikatuko da.

12. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskariak prozedura bakarraren bidez izapidetuko dira. Ebazpenak erakunde interesdun guztiek planteatutako gaien inguruko erabakiak hartuko ditu, eta hori egiteko ardura kluster-alorrean eskumena duen zuzendaritzako pertsona titularrak izango du (ebaluazio-organoak, diru-laguntza horien organo kudeatzailea izango denak, proposatu duenez).

Diru-laguntzak puntuazioaren arabera emango dira, deialdi bakoitzean esleitutako kreditua bukatu arte, 11.2.a) artikuluko sendotasun-irizpidearen eta 11.2.b) artikuluan zehaztutako heldutasun-mailaren arabera.

2.– Egiten den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman den kasuetan, laguntza jaso duen kluster-erakundearen izena, onetsitako ekintza-plana, laguntza jaso dezaketen ekintzak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez dio amaiera ematen bide administratiboari, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera dagokion sailburuordearen aurrean.

4.– Ebazpenak kluster-erakunde interesdun bakoitzari jakinaraziko zaizkio. Horrek ez du esan nahi urtean behin esleipendunen eta emandako diru-laguntzen zenbatekoaren zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko ez direnik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.– Orobat, agindu honetan araututako diru-laguntzak onuradunei eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, laguntza-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Diru-laguntzaren ordainketa egiteko klusterren alorrean eskumena duen zuzendariaren administrazio-ebazpena beharrezkoa izango da, eta horrela egingo da:

– Diru-laguntzaren % 50 diru-laguntza ematea onartu eta gero ordainduko da, agindu honen 16. artikuluan xedatuta dagoenez.

– Gainerako % 50a diru-laguntza jaso duten ekintzek sortutako gastuak ordaindu direla egiaztatu eta gero ordainduko dira. Beraz, ekintza-plana gauzatu eta gero, eta dagokion deialdi-ebazpena argitaratu eta hurrengo ekitaldiko otsailaren 15a baino lehen, erakunde onuradunak garapenean izandako gastuak ordaindu direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dizkio klusterren alorrean eskumena duen zuzendaritzari. Hau da, fakturak, ordainagiriak, nominak eta, hain zuzen ere, egindako gastuak ordaindu direla egiaztatzen duen edozein dokumentu aurkeztu beharko dute.

2.– Klusterren alorrean eskumena duen zuzendaritzak emandako diru-laguntzaren ebazpen-likidazioa egin eta jakinaraziko du, gehienez, egiaztagiriak aurkeztetik hiru hilabete igaro baino lehen.

14. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzen eta ekintza-planen aldaketa.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota, aldi berean, beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; nolanahi ere, bete beharko dira diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak. Horrelakoetan, klusterren gaineko eskumena duen zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriari egokitzeko.

2.– Salbuespen gisa, diru-laguntzak eman zituen organo administratiboak aurkeztutako ekintza-planak aldatu ahal izango ditu, betiere horien izaera eta helburuak indargabetzen ez badira. Horretarako, aldez aurretik, eskaria aurkeztu den ekitaldiko irailaren 30a baino lehen, eskaera egin beharko da.

Aldaketa horrek ez du eraginik izango emandako diru-laguntzaren kopuruan eta ez ditu esleipen-ebazpenean ezarritako gainerako baldintzak aldatuko. Baimen horrek klusterren gaineko eskumena duen zuzendariaren administrazio-ebazpena beharko du.

15. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Arau honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen da Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta arau honetan eta dagokion kolaborazio-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.

2.– Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Kluster-erakundearen plan estrategikoa, urteko ekintza-plana eta diru-laguntzak jaso ditzaketen ekintza-planak aztertzea.

b) Planak eta ekintzak aztertu ondoren, txostenak eratzea eta horiek ebaluazio-batzordeari igortzea, diru-laguntzako proposamenarekin batera. Txosten hori egitean, Berdintasunerako Legearen 3.4. artikuluak ezarritako betebeharrak ere aintzat hartu behar dira.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horren ildotik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Laguntza hori emandako helbururako erabiltzea.

3.– Hitzemandako ekintza-plana eta diru-laguntzak jaso dituzten ekintzak betetzea eta bete direla egiaztatzea.

4.– Kluster-politikaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak eskatzen duen informazioa ematea, jasotako diru-laguntzen erabilerari, ekintzetan parte hartzen dutenei, jasotako emaitzei eta abarrei dagokionez. Horrela, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu, planaren eta diru-laguntzak jaso dituzten ekintzak garatzeari eta betetzeari dagokionez.

5.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

6.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, klusterren gaineko eskumena duen zuzendaritzari horren berri ematea.

7.– Ekintza-planarekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku mantentzea 5 urtez.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren betekizunak betetzeko behar duen informazio guztia ematea, agindu honi lotuta emandako laguntzei dagokienez.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginean eta azaroaren 17ko Diru-laguntza Orokorrei buruzko 38/2003 Legean eta haren garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak agindu honetan zein aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu (edo diru-laguntzak emateko bete behar direnak), administrazio-ebazpen baten bidez, eskumena duen organoak adieraziko du diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela (hori egin baino lehen interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetzeko espedientea egin beharko du), eta, hala balegokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru-laguntza nagusiak itzultzeko, baita legearen arabera dagozkion interesak ere; Euskadiko Ogasun Nagusia arautzen duten Printzipioen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, abenduaren 17ko 688/1991 Dekretuan eta Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Legean eta haren garapen-arauetan ezarritakoari jarraikiz. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honen arabera 2018ra arte (2018 barne) egiten diren deialdien onuradunak izan ahal izango dira Jaurlaritzaren RIS3 estrategian lehentasuna duten arlo ekonomikoak ordezkatzen dituzten kluster-erakundeak, 2.1. artikuluan eskatutako baldintzak bete ez arren.

Aipatutako RIS3 estrategiako aukera-hobien parte diren kluster-erakundeek, nahiz eta lehentasun-arloetakoak ez izan, agindu honetan jasotako diru-laguntzak bakarrik eskatu ahal izango dituzte, honen arabera egiten den lehen deialdian.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratuko dira 2000ko azaroaren 28ko Agindua Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasun-klusterren parte diren enpresa-taldeei emateko diru-laguntzak arautzen dituena; eta 2009ko urriaren 20ko Agindua, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa-taldeek jaso ditzaketen diru-laguntzak arautzen dituena. Horiez gain, agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapenak ere indargabetuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 13a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala