Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2016ko apirilaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1753

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 2016ko apirilaren 4an hitzarmen bat izenpetu zuten. Hitzarmen horren bidez gomendatzen da HAEEk bere gain har dezan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak, baita aipatutako kidegoko funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko deitzen dira (EHAA, 29. zk., 2016ko otsailaren 9koa).

Hitzarmena Ebazpen honen I. eranskinean argitaratzea erabaki da, jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 11.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

I. ERANSKINA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAK ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAK SINATUTAKO KUDEAKETA-GOMENDIOKO HITZARMENA
BILDURIK:

Alde batetik, Olatz Garamendi Landa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, eta, bestetik, María Teresa Iruretagoyena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 4. artikuluak dioenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari (gaur egun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari) dagokio «karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-legepeko behin betiko irakaslea izan ahal izateko hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin, proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.»

Bigarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren (abenduaren 22ko 235/2015 Dekretuak aldatzen duena) 10.2.a) artikuluaren arabera, Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzak ditu esleituta «lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriaz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak –bakoitzak bere eskumenpeko arloan– zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea».

Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak onartzen ditu, 2016ko urtarrilaren 27an emandako Aginduaren bidez (EHAA, 23 zk., 2016ko otsailaren 4koa) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu publikoaren 2016ko eskaintzak. Hauek dira eskainitako lan-postuak:

Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa: 577.

Laugarrena.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 61.4 artikuluan ezartzen duenez, «Herri Administrazioek organo espezializatuak eta iraunkorrak eratu ahal izango dituzte hautaketa-prozesuak antolatzeko, edo Herri Administrazioen Institutu edo Eskolen esku utzi ahal izango dituzte zeregin horiek».

Bosgarrena.– Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hautaketa-probak homogeneizatzeko zeregina esleitu zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, bai epaimahai kalifikatzaileen osaketan nahitaez parte hartuz, bai, batez ere, legeak berak 29. artikuluan herri administrazioei ematen dien aukera –langileen hautaketa erakunde autonomiadunaren bitartez egitea– erabiliz.

Seigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak ere ideia hori berresten du, izan ere, 2.b) artikuluan, erakundearen helburuen artean, honako hau aipatzen du: «Beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legerian esaten denaz bat».

Zazpigarrena.– Hori guztia ikusita, eraginkortasun-arrazoiengatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eskatu egiten dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari bere gain har dezan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak, baita aipatutako kidegoko funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko deitzen dira; EHAA, 29. zk., 2016ko otsailaren 9koa). Beraz, esparru horretan, erakunde biek kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, beti ere 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena egitea erabaki dute. Horren bitartez, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 5eko Aginduan jasotako hautaketa-prozedurako oposizio-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren eragiketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak, baita aipatutako kidegoko funtzionarioek espezialitate berriak eskuratzeko deitzen dira; EHAA, 29. zk., 2016ko otsailaren 9koa).

Bigarrena.– Kudeaketa materialerako gomendio honetan, jarduera hauek sartuko dira, kasu bakoitzean zehazten den neurrian:

a) Lokalen kontratazioa kudeatzea.

b) Lokalak behar bezala hornitzea, hautatze-prozedurako lehen probaren A eta B zatiak egiteko.

c) Hautaketa-prozesu jendetsu bat behar bezala burutzeko behar diren jarduketa guztiak: mediku-arreta, polizia-zaintza, urrituen arreta...

d) Hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiarekin lotutako beste edozein kudeaketa-lan, betiere, eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.

Hirugarrena.– Gomendio honen helburu den kudeaketa materialak sortzen dituen gastuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura aurrekontu-atalaren kontura izango dira.

Laugarrena.– Hitzarmen hau sinatzen denean jarriko da indarrean, eta amaitu, berriz, arestian adierazitako 2016ko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartutako hautatze-prozeduratik datorren oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak burutzean.

Bosgarrena.– Kudeatzeko gomendioa sinatzeak ez du esan nahi eskumenen titulartasuna lagatzen denik edota, eskumen horiek gauzatzean, funtsezko elementuak lagatzen direnik, horiek denak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak baititu esleituta.

Seigarrena.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.

Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 4a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala