Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2016ko apirilaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1598

AGINDUA, 2014ko azaroaren 3koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Plágaro fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Fundación Plágaro fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko uztailaren 15ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, Fundación Plágaro fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazio hori Flora Díaz de Tuesta Martínezek eta José Rojo Tudelak sortu zuten. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2014ko urriaren 20an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:

Kultura sustatzea, arte plastikoak oro har eta bereziki lan plastiko garaikideak bultzatuz eta sustatuz.

Halaber, Moises Alvarez Plágaro izenez ezagutzen den pintore gasteiztarrak hil ondoren utzitako ondare kulturala aztertzeko, zabaltzeko eta gordetzeko erabiliko dira fundazioaren egitura eta baliabideak, haren lanaren aintzatespen handiago bat lortzeko.

Helburu hori lortzeko, fundazioak honako jarduera zehatz, garrantzitsu eta berehalakoak gauzatuko ditu:

– liburuak argitaratzea.

– Moisés Alvarez Plágaroren ondare artistikoari buruzko liburuak argitaratzea.

– beste edozein dokumentu, liburuxka edo aldizkari argitaratzea, arte plastikoak sustatzeko.

– artelan-erakusketak antolatu eta sustatzea.

– erakusketak eta Moisés Alvarez Plágaro pintorearen lana hedatzera bideratutako beste jarduera batzuk.

– Moisés Alvarez Plágaro artistaren lanaren egiletza eta kautotasuna egiaztatzea eta lan horretan aditu izatea, horretarako izendatutako aditu-batzordearen bitartez.

– artistak ordezkatu eta sustatzeko jarduerak.

– arte plastikoak sustatzeko jarduerak.

– beste edozein jarduera ekonomiko, fundazioaren helburuak betetzeko behar badira.

Eta, oro har, fundazioaren helburuak eta xedeak lortzera bideratutako beste edozein jarduera.

Nolanahi ere, patronatuak askatasuna izango du fundazioak garatu beharreko jarduerak zehazteko; jarduerok bat etorriko dira jakineko helburu batzuk lortzearekin eta fundazioaren helburuekin.»

Laugarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Gasteizen egongo da (helbidea: Obdulio López de Uralde pintorearen kalea 9, behea, Pablo Uranga pintorearen kaleko 17.eko behearen kantoia), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak, bereziki Araban.

Bosgarrena.– Hasierako zuzkidura 253.500 eurokoa da: 6.000 euroko diru-ekarpena eta Moisés Alvarez Plágaroren ondare artistikoa (132 margolan, 247.500 euroko balioa dutenak). Ekarpen horiek egin direla agiri bidez egiaztatuta geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartu zen.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2019ko uztailaren 3ra arteko iraupena izango dute karguok):

– lehendakaria: Flora Díaz de Tuesta Martínez.

– lehendakariordea: José Rojo Tudela.

– diruzaina: Enrique Rojo Asin.

– idazkaria: Alfredo Álvarez Plágaro.

– batzordekidea: Maria Puy Ascensión Díaz de Tuesta Martínez.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-373 erregistro-zenbakiarekin–: Vitoria-Gasteizko Fundación Plágaro fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte karguak, Enrique Arana Cañedo-Argüelles notarioaren aurrean 2014ko uztailaren 3an emandako eskritura publikoan xedatu bezala (1170 protokolo-zenbakia).

Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 3a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala