Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2016ko apirilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1399

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, ingurumen-baimen bateratua lortzeko eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko, jendaurrean jartzen dira proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, Sociedad Anónima de Descontaminación y Eliminación de Residuos (SADER) enpresak Zierbenako (Bizkaia) Bilboko portuan instalatu nahi duen hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketarako instalazioari dagozkionak.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen xedea da atmosferaren, uraren eta zoruaren kutsadura ekiditea, edo hori ezinezkoa denean, murriztu eta kontrolatzea. Horretarako, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuko sistema bat ezartzen du, ingurumen osoa babes dezan.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean ezarritakoari jarraikiz, instalazioen eraikuntzak, muntaiak, ustiaketak edo lekualdaketek, eta baita funtsezko aldaketek ere, ingurumeneko baimen bateratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumeneko baimen bateratuaren helburua da araua bete behar duten instalazioek haren xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, hain zuzen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten herri-administrazioen koordinazioa bermatuko duen eta herritarren administrazio-beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, proiektu publikoek zein pribatuek, obrak, instalazioak edo aipatutako I. eranskinean jasotako edozein jarduera burutzeko, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa behar dute, legean adierazten den moduan.

Ingurumen-organo honetan, ingurumeneko baimen bateratua lortzeko izapidea hasi da, SADER enpresak Zierbenan (Bizkaia) hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketarako instalazio bat egiteko proiektuari dagokiona; izan ere, proiektua Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasotzen da.

Zierbenako (Bizkaia) SADER enpresak hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketarako instalazioaren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu dizkio ingurumen-organo honi; izan ere, proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean jasotzen da.

Ingurumeneko baimen bateratua lortzeko aurreikusten den prozeduraren arabera, eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osatu ondoren, jendaurrean jarri behar da 30 eguneko epean gutxienez.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak aurreikusten duen prozeduraren arabera, jendaurrean jarri behar dira proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, autonomia erkidegoek beharrezko neurriak hartuko dituzte ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak barneratzeko ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduraren barruan, betiere derrigorrezkoa bada eta eskumena autonomia erkidegoari badagokio.

Ondorioz, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezarritakoari jarraikiz, aldi bakar batean jarriko dira jendaurrean proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, SADER enpresak Zierbenan (Bizkaia) sustatzen duen instalazioaren ingurumen-baimen bateratua lortzeko eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta, oro har nahiz bereziki ezartzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Jendaurrean jartzea, 30 egun balioduneko epean, Sociedad Anónima de Descontaminación y Eliminación de Residuos (SADER) enpresak Zierbenan (Bizkaia) sustatzen duen instalazioaren proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, ingurumen-baimen bateratua lortzeko eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko den epe horretan, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz), bai eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Bizkaiko Lurralde Zerbitzuan ere (Kontxa Jenerala 23, 7. solairua, Bilbo).

Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako espedientea Zierbenako Udalari bidaliko zaio, jendaurrean jartzeko epean erakuts dezan.

Era berean, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (https://euskadi.eus) izango da, herritarrek errazago eskura dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala