Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2016ko apirilaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1393

AGINDUA, 2016ko martxoaren 11koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetarako, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzeko berariazko lehiaketaren deialdia egiten duena.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera, 6.1 artikuluan, herritar guztiek dute euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioarekiko harremanetan.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legeko 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez, hizkuntzaren arabera bereziturik dauden plaza hutsak betetzeko berariazko lehiaketa iragartzen da, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioen artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan. Lanpostu horiek I. eranskinean daude jasota, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.

Deialdi honetan, kontuan hartu da gizonen eta emakumeen arteko tratu berdinaren eta aukera-berdintasunaren printzipioa, enplegu publikora iristeko orduan, honako hauekin bat: Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua; Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa; Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea; Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, eta Gobernu Kontseiluaren 2013ko abenduaren 30eko Erabakia, zeinaren bidez VI. plana onartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeen eta gizonen berdintasunerako, X. legealdian.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostu hutsak betetzea, berariazko lehiaketa baten bidez, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetan. Lanpostu horiek I. eranskinean daude jasota, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan.

2. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Parte hartu ahal izango dute Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidegoetako karrerako funtzionarioek, destinoa edozein lurralde-eremutan dutela ere, baldin eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.

b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu honako hauek: interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden karrerako funtzionarioek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.

c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

d) Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikuluak). Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartutako bulego judizial berriko egokitzearen ondorioz egindako izendapen askeko prozeduren bidez eta berariazko lehiaketa bidez egindako esleipenak.

2.– Berariazko betekizunak:

Parte hartzen dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eskatutako lanpostuei dagokien hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.

3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.

Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen I. eranskinean jasotakoak dira, hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuen zerrendan. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta gisa bideratu ahal izango ditu lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen direnak.

Horretarako, agindu hau argitaratzen denetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, Justiziako Langileen Atarian, eska daitezkeen lanpostuen zerrenda argitaratuko da (deialdikoen izaera berekoak).

4. artikulua.– Baremoa.

1.– Eskakizun bereziko lanpostuak esleitzeko merezimenduak baremo honen arabera baloratuko dira.

– Antzinatasuna.– Parte hartzen duen kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario gisa gauzatutako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da. Kontzeptu horretan 60 puntu emango dira gehienez.

– Euskara jakitea: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta autonomia-erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

• 2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

- 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.

- 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

• 3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

- 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.

2.– Euskararen jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean baloratuko dira alegatutako merezimenduak.

4.– Eskabideetan azaltzen diren datuen arabera baloratuko ditu Justizia Administrazioko Zuzendaritzak merezimendu alegatuak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira (Parte hartzeko eskabidea). Hamar (10) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

2.– Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio eskaerak, eta aurkeztu ahal izango dira bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aurreikusitako moduan ere bidali daitezke.

Postetxeetan aurkezten direnak bi modutara bidal daitezke:

a) Posta arruntaren bitartez. Kasu horretan, aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute eskabideek Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistrora.

b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko dute; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.

3.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horretarako betekizunak betetzen baditu.

4.– Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

– Dagokion kidegoko funtzionario izendapenaren fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada.

– Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidearen fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada.

– Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua. Emandako zerbitzuak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunera arte zenbatuko dira. Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz emango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioei dagozkien ziurtagiriak.

– Alegatu den euskarazko hizkuntza-eskakizuna ziurtatzen duen tituluaren agiri ofizialaren edo homologazioaren fotokopia konpultsatua.

5.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen parte-hartzaile bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.

6.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak deuseztatu edo aldatu.

7.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.

6. artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko hurrenkera merezimendu alegatuen balorazioaren arabera lorturiko guztizko puntuaziotik ateratzen dena izango da.

2.– Guztizko puntuazioa batuta berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kasuan kasuko kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta, hala eta guztiz ere, berdinketa badago, kidego horretan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.9 artikulua). Berdinketak iraunez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako kidego, aukera edo eskala eta kokapen-mailan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da plazarako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu (Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikulua).

7. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi honen behin-behineko ebazpena Justizia Administrazioko zuzendariak emango du, eta aldi berean argitaratuko da bai Justiziako Langileen Atarian eta bai Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATeko iragarki-oholetan.

2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira: esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, merezimendu alegatuen balorazioan izandako puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Onartutakoen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun naturaleko epean.

4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela bildutako datuak, merezimendu alegatuen balorazioan emandako puntuazioa eta behin-behinean emandako lanpostua.

5.– Behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

8. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuez jabetzea.

1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu baten bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hileko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, 1451/2005 Errege Dekretuko 51.3 artikuluarekin bat.

3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaien funtzionarioen jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.

4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun naturalekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun naturalekoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun naturalekoa beste autonomia erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren esleipendunak bere jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.

Jabetza hartzeko epe hori lanpostua uzten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen, eta lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetzeko epea.

Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak –behar bezala justifikatuta– badaude.

Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.

9. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko bidez behin betiko beste destino bat lortu badute; hala gertatuz gero, langileak horren berri eman beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.

10. artikulua.– Helegiteak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 11.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

I. ERANSKINA
HIZKUNTZA DELA-ETA BEREZITUTAKO LANPOSTUAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala