Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2016ko martxoaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1107

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 1ekoa, Justizia Administrazioko zuzendariarena. Honen bidez ireki eta eguneratzen dira Justizia Administrazioko kidego hauen lan-poltsetan dauden guztien datuak: auzitegi-medikuena, Kudeaketa Prozesal eta Administratibokoa, Izapidetze Prozesal eta Administratibokoa eta Laguntza Judizialekoa.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduaren 2.4.b. artikuluan (2010eko abenduaren 14ko EHAA, 238. zk.), aurreikusita dago lan-poltsak ireki eta eguneratzeko aukera kasu hauetarako: azken oposizioko probetarik baten bat gainditu baina plazarik lortu ez dutenak lehen poltsan sartzeko, eta zein kidegotara sartzeko eskatzen den hartaraxe sartzeko, urtean zehar deitu eta bukatu diren oposizioetako lehen azterketara aurkeztu eta suspenditu dutenak bigarren poltsan sartzeko. Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen goian aipatutako agindu hori, hau da, auzitegi-medikuen kidegoan, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeko den Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Agindua. Edozein poltsa-irekierak, oro har, lan-poltsetan sartuta dauden guztien datuak eguneratzea ekarriko du.

2010eko irailaren 16ko agindu horretan xedatutakoaren arabera, Justizia Administrazioko zuzendaritza honek ebazten du auzitegi-medikuen, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako lanpostu hutsak betetzeko sortutako lan-poltsak irekitzea eta bertan sartuta dauden guztien datuak eguneratzea, honako oinarri hauen arabera:

1.– Deialdiaren xedea.

1.1.– Deialdi honen xedea da lan-poltsetan dauden guztien datuak irekitzea eta eguneratzea.

Deialdian parte hartzen duten guztiei alegatzen dituzten merezimendu guztiak zenbatuko zaizkie, eta horiek egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dituzte, jadanik administrazioaren esku ez badaude.

Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den arte zenbatuko dira.

1.2.– Justizia Administrazioko funtzionarioen kidego hauetako lan-poltsak irekiko eta eguneratuko dira: Auzitegi-medikuak, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala.

1.3.– Deialdi honetan parte har dezaketenak:

● Egungo poltsetan sartuta dauden guztiak, hau da, poltsetan sartzeko eskaera egin zutenak eta alegatu gabeko beste merezimendu batzuk egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dutenak edo egun sartuta dauden poltsetako datuak eguneratu behar dituztenak.

● Era berean, deialdian parte har dezakete azken oposizioko lehen ariketako kalifikazioan 0 puntu baino gehiago lortu dutenek, eta Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan sartzeko azken oposizioan lehen ariketa edo lehen bi ariketak gainditu arren plaza lortu ez dutenek, puntuazio horri kasu bakoitzean kreditatzen dituzten merezimendu orokorrak batuta. Erreferentziako oposizioa 2013. urtean egindako deialdikoa da.

Prozesua gainditu duten izangaien behin betiko zerrenda BOEn argitaratuaz batera bukatuko da.

2.– Izangaien betekizunak.

Poltsetan egun daudenek poltsetan sartzeko eskatutako baldintzei eutsi beharko diete.

Poltsetako izangai berriek Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Aginduan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte (agindu hori Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen).

3.– Eskabideak aurkeztea.

3.1.– Deialdian parte hartzeko eskabideak ebazpen honen I. eranskineko ereduaren araberakoak izango dira, Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta 2016ko martxoaren 15etik 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.

3.2.– Eskabideak ondorengo zenbakian adierazten diren administrazio-bulegoetan aurkeztu behar dira, edo, bestela, bidal daitezke posta ziurtatuaren bidez gutun-azal irekian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutakoari jarraituz edo lege horretan zehaztutako beste edozein eratan ere.

3.3.– Eskabide-ereduak honako administrazio-bulego hauetan jaso daitezke:

● Arabako Kudeaketako Unitate Teknikoan (EAT), Gasteiz etorbidea 18. 01008 Vitoria-Gasteiz

● Bizkaiko Kudeaketako Unitate Teknikoan (EAT). Buenos Aires kalea 6, 6.a, 48001 Bilbao.

● Gipuzkoako Kudeaketako Unitate Teknikoan (EAT). Kalkutako Teresa plaza 1, 5.a. 20012 Donostia.

● Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz

● Zuzenean:

○ Bilbao: On Diego Lopez Haroko kale nagusia 85

○ Donostia: Andia kalea 13

○ Vitoria-Gasteiz: Ramiro Maeztu kalea 10, beheko solairua.

Halaber, helbide hauetan ere aurkeztu ahal izango dira: www.justizia.net eta Justiziako langileen atarian.

3.4.– Izangaiek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Justizia Administrazioan egindako zerbitzuak.

Eskabideak aurkezteko epearen amaiera arte egindako guztiak hartuko dira kontuan. Ez da beharrezkoa izango autonomia-erkidego honetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak aurkeztea, ofizioz sartuko baitira. Dena dela, autonomia-erkidego honetatik kanpo bitarteko funtzionario gisa egindako zerbitzuak egiaztatzeko, aurkeztu beharko da Justizia Ministerioko Langileen Unitateko buruak edo Justiziaren alorreko konpetentziak transferituta dituen eta zerbitzuak egin diren autonomia-erkidegoko Langileen Unitateko buruak ematen duen zerbitzuen eginen egiaztagiria (jatorrizko agiria).

b) Titulazioak.

Poltsetan sartu nahi duten izangai berriek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

● Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia.

● Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan sartzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua: Unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea.

Horretaz gain, egiaztatu behar dira baliabide informatikoak maneiatzeko ezagutzak eta praktika.

Izangai guztiek honako hauek aurkeztu ahal izango dituzte:

● Eskatzailea sartuta dagoen edo sartuta egon nahi duen lan-poltsako kidegora sartzeko behar diren baino altuagoak diren eta oraindik aurkeztu ez diren beste titulazioen fotokopia konpultsatuak.

● Beste merezimendu batzuen fotokopia konpultsatuak.

c) Ez da hauetarako egiaztagiririk eskatuko:

● Sartzeko eskatzen duten funtzionarioen merezimendupeko kidegoetan sartzeko azken deialdiaren probetan parte hartu izana. Erreferentziako oposizioa 2013. urtean egindako deialdikoa da.

● Aurreko hiru oposizioetan ariketak gainditu izana.

d) Euskara jakitea.

Aipatutako ezagutzak egiaztatzeko, hizkuntza-eskakizuna edo baliokideak lortu izanari buruzko fotokopia konpultsatua aurkeztuko beharko da.

4.– Baloraziorako prozedura.

4.1.– Kidego bakoitzeko lan-poltsako izangaiak merezimendu orokorren araberako hurrenkeran jarriko dira.

Merezimendu orokorrak eta haien baremazioa jasota dago 2010eko irailaren 16ko Aginduaren 4. artikuluan (2010eko abenduaren 14ko EHAA, 238. zk.); Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduak aldatu zuen Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak emandako agindu hori, auzitegi-medikuen kidegoan, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeari buruzkoa.

4.2.– Berdinketarik badago, merezimendu horietan ezarritako hurrenkeraren arabera lortutako puntuazio handienak erabakiko du (2010eko irailaren 16ko Aginduaren 4.4 artikulua). Berdinketa apurtzerik lortzen ez bada, alfabetoaren araberako lehentasuna izango da kontuan, lan-eskaintza publikoko azken eskaintzari dagokion «J» letratik hasita.

5.– Behin-behineko poltsak.

Lan-poltsetan daudenen behin-behineko zerrendak eginda daudenean (datuak eguneratuta eta behar bezala ordenatu eta sailkatuta, honako datu hauekin: izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia, puntuazioa, hurrenkera-zenbakia) Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Kudeaketako unitate teknikoetako iragarki-oholetan eta www.justizia.net web-orrian eta Justiziako langileen atarian jarriko dira. Interesdunek 10 eguneko epea izango dute, behin-behineko ebazpenaren aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzan lan-poltsetako edozein daturi buruzko erreklamazioak aurkezteko

6.– Behin betiko poltsak.

Alegazioak ebatzi ondoren behin-behineko zerrendak jarri diren leku beretan jarriko dira behin betikoak, eta behin betiko ebazpenaren aipamena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Behin betiko lan-poltsetan ezingo da aldaketarik egin; nolanahi ere, salbuespen izango dira 2010eko irailaren 16ko Aginduan jasotako kasuak (auzitegi-medikuen kidegoan, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeko den Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren agindua; agindu hori Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko maiatzaren 19ko Aginduaren bidez aldatu zen).

7.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Halaber, deialdi honetatik eratorritako beste edozein administrazio-egintza aurkara dakioke Justiziako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautzen dituen kasu eta moduetan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 1a.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

JON ARTURO URIARTE UNZALU.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala