Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2016ko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
810

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 12koa, Ikastetxeen zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2016-2017 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztioi dagokigun eskubidea da, eta botere publikoen obligazioa da hezkuntzara berdintasun-egoeran sartzeko gerta daitezkeen mugapen edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.

Eibarko Hezkuntza Esparruan bada Egoitza Zentro bat, eta modua ematen du ikasketa jakin batzuk familia-egoitzaren tokitik kanpo egiten dituzten ikasleei eskaintza bereziki egokia egiteko.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehazten duenak, aldatu du uztailaren 2ko 164/2002 Dekretua. 24/2011 Dekretu horren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Ikastetxeen zuzendariaren ebazpen batek arautuko ditu honako hauek: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko egoitza-zentroan eta nola aurkeztu eskabideak eta zein epe eta modutan, zer dokumentazio erantsi behar zaien eskabideei eta zein epetan emango.

Horretarako, eta, betiere, uztailaren 2ko 164/2002 Dekretuaren 19. artikuluarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea. Hauek dira egoitzan tokia eskatzeko epeak: lehenengoa, uztailaren 4tik 26a arte (egun biak barne); bigarrena, berriz, irailaren 2tik 12ra luzatuko da (egun biak barne). Ebazpen honen eranskinean zehazten da egutegi osoa.

2. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek edo deialdi honen xede den Egoitza Zentroak ematen dituen inprimakietan egin beharko dira eskabideak. Inprimaki horietan jasotzen da zein datu eman behar dituzten eskatzaileek eta zein dokumentu aurkeztu. Aipaturiko inprimakian eskaerari erantsi behar zaizkion dokumentuen zerrenda jasotzen da.

3. artikulua.– Eibarko Egoitza Zentroan aurkeztuko da inprimakian eskatutako eskabidea eta dokumentazioa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aurreikusitako lekuren batean.

Eskabidea posta-bulego batean aurkeztea aukera dezanik egotekotan, gutun-azal irekian egingo da, posta-funtzionarioak ziurtatu baino lehen, eskaera data eta zigilua ipin ahal izateko.

Eskabidearekin batera, eskabide-orrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar izango da.

Aipatutako dekretuaren 20. artikuluaren arabera, eskabidea aurkeztetik salbuetsita egongo dira 2015-2016 ikasturtean Egoitza Zentroan egon diren pertsonak, baldin eta aipaturiko ikasturtean matrikulatuta egon ziren ikastetxeko egonaldiko baldintzak betetzen badituzte eta 2016-2017 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona hauek automatikoki onartuko dira Egoitza Zentroan.

4. artikulua.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluaren arabera, prozedura hasteko eskabidean ez badira betetzen 71. artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

Egoitza Zentroan aurkezten bada eskabidea, errekerimendu hori unean berean egin ahal izango da. Horretarako, eskakizun hori jaso izana idatziz utziko du eskabidea aurkezten duen pertsonak.

5. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategiaz Ikastetxeen Zuzendaritza arduratuko da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetara biltzen direnek baimena ematen dute fitxategian jasotako datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazio batzuei lagatzeko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Halaber, baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Ikastetxeen zuzendariaren ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 12a.

Ikastetxeetako zuzendaria,

JESÚS FERNÁNDEZ IBÁŃEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala