Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2016ko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
807

AGINDUA, 2016ko otsailaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoa eguneratzeko dena.

2010eko abenduaren 1eko EHAAn, Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeen izendapen generikoari buruzko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 18ko Agindua argitaratu zen. Agindu horrek aurreko agindu bat indargabetu zuen: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako ikastetxeen izendapen generikoa erregularizatzeari buruzko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko irailaren 11ko Agindua (2000ko urriaren 11ko EHAA), gero 2000ko abenduaren 11ko Aginduaren bidez aldatu zena (2001eko urtarrilaren 24ko EHAA).

Bestalde, 2002ko abenduaren 31ko EHAAn, Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua argitaratu zen. Dekretu horren arabera, horrelako ikastetxeek haur-eskola izen generikoa hartuko dute, titularra zein den gorabehera.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (maiatzaren 4ko BOE) ikastetxeak arautzen ditu IV. tituluan. Hala, ikastetxe publikoen izenei dagokienez (111. artikulua), haur-hezkuntza eskaintzen dutenei haur-eskola deituko zaiela ezartzen du; lehen hezkuntza eskaintzen dutenei, lehen hezkuntzako ikastetxe; derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide-heziketa eskaintzen dituztenei, bigarren hezkuntzako institutu; eta haur-hezkuntza eta lehen hezkuntza eskaintzen dituzten ikastetxe publikoei, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe. Gainera, ezartzen du hezkuntza-administrazioek aurretik definitutakoez bestelako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen izenak finkatu ahal izango dituztela.

Artikulu berean, hezkuntza-premia bereziak –ikastetxe arruntek aniztasuna tratatzeko neurrien esparruan tratatu ezin dituzten premiak– dituzten ikasleentzako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoei hezkuntza bereziko ikastetxe deituko zaiela ezartzen du.

Halaber, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeei arte-eskola deituko zaiela finkatzen du, eta musikako edo dantzako lanbide-irakaskuntzak eta, hala badagokio, oinarrizko irakaskuntzak eskaintzen dituztenei, kontserbatorio.

Goi-mailako arte-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoei dagokienez, martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera (303/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako arte-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betekizunak finkatzen dituena, apirilaren 9ko BOEn argitaratua), irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe publikoek honako izen generiko hauek hartuko dituzte: goi-mailako musika-kontserbatorio edo musika-eskola, goi-mailako dantza-kontserbatorio edo dantza-eskola, goi-mailako arte dramatikoko eskola, kultura-ondasunak zaintzeko eta zaharberritzeko goi-eskola, goi-mailako diseinu-eskola eta, arte plastikoetako goi-mailako irakaskuntzak ematen badituzte, dagokion espezialitateko goi-mailako eskola. Aurrekoaz gain, artikulu horren 4. atalean ezartzen da hezkuntza-administrazioei dagokiela artikuluan definituta daudenez bestera elkartutako goi-mailako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen izena zehaztea. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan arte dramatikoko goi-mailako arte-irakaskuntzak eta dantzako goi-mailako arte-irakaskuntzak emateko ikastetxe publiko bat sortu denez, dagokion izen generikoa finkatuko da.

Lanbide-heziketako ikastetxeei dagokienez, 2/2006 Legearen 39. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren arabera, legean araututako lanbide-heziketako irakaskuntzak egin ahal izango dira legean bertan araututako ikastetxeetan nahiz ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aipatzen diren lanbide-heziketako ikastetxe integratuetan eta erreferentzia nazionalekoetan (5/2002 Lege Organikoa, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa, ekainaren 20ko BOEn argitaratua).

Bestalde, ikastetxe pribatuen izenei dagokienez, 2/2006 Legeak (114. artikulua) ikastetxe pribatuek edozein izen hartu ahal izango dutela ezartzen du, salbu eta ikastetxe publikoenak edo haien izenekin nahasteko modukoak.

Urrutiko prestakuntzari dagokionez, zentro publiko bat sortu da, eta, berak izango du, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko hezkuntza irakasteko zeregina; horregatik, dagokion izen generikoa eman behar zaio.

Agindu honen xedea da 2010eko urriaren 18ko Aginduaren eranskinean jasotako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoen eguneratzea argitaratzea.

Honako xedapen hauek ikusi dira: Heziketarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, eta arlo honetan aplikatzekoak diren indarreko gainerako xedapenak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoen zerrenda eguneratua argitaratzen da agindu honen I. eta II. eranskinetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 18ko Agindua (2010eko abenduaren 1eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izendapen generikoari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 4a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala