Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2016ko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
805

AGINDUA, 2016ko otsailaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Apasos/ Apasos Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu da «Fundación Apasos/ Apasos Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko azaroaren 24an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskaera bat sartu zen, «Fundación Apasos/ Apasos Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (SOS Bilbao Animaliak Babesteko Elkarteak, Sonia Brena Alonso andreak eta Sara Fernández de Bobadilla Güemez andreak sortu zuten fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2016ko otsailaren 5ean fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:

«Animalien bidez lagundutako esku-hartzeak antolatzea, animaliekiko harreman hori oinarri hartuta, behar gehien dituzten pertsonei laguntzeko, eta pertsona horien bizi-kalitatea, hezkuntza-, psikologia- edo birgizarteratze-maila hobetzen laguntzeko. Animalienganako errespetua, desberdinen arteko bizikidetza, boluntariotza eta gizabidea sustatzea animaliekiko harremanaren bitartez, horiek prestakuntza eta hezkuntzarako kanal gisa erabilita. Honi buruzko ikerketa: batetik, gizakien eta animalien arteko harremana eta interakzioa, eta, bestetik, tratu txarrak jasan dituzten animalien portaera aztertzea eta animalia horiek sendatzea. Tratu txarrak jasan dituzten animaliak erreskatatu eta sendatzea, berriz ere gizarteratzeko. Lagundutako esku-hartzeetan erabiltzea, adoptatu arte».

Laugarrena.– Estatutuetako 5. eta 6. artikuluek xedatzen dutenez, fundazioaren egoitza Bilbon dago (Elcano kalea 29, 4. A), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu jarduerak.

Bosgarrena.– Hasierako zuzkidura hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta horren ekarpena ondoz ondoko zatietan egingo da, bost urteko epean. Eskritura egilesteko egintzan, bederatzi mila (9.000) euroko kopuruaren ekarpena egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9.2 artikuluak adierazten duenaren arabera. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):

– Lehendakaria: Sonia Brena Alonso andrea.

– Idazkaria, zeina ez baita patronatuko kide: Ana Victoria Sánchez Colino andrea.

– Diruzaina: Sara Fernández de Bobadilla Güemez andrea.

– Bokala: SOS Bilbao Animaliak Babesteko Elkartea; ordezkari-lanak egingo dituzten pertsona fisiko hauek izendatu ditu: titularra Andoni Aguirre López jauna eta ordezkoa Amaia Moreno Hueso andrea.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-401 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) «Fundación Apasos/ Apasos Fundazioa» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Osaera horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok esanbidez onartu dituzte euren karguak, 2015eko azaroaren 18an Eduardo Ares de Parga Saldias notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo zk.: 2700).

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 5a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala