Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2016ko otsailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
779

AGINDUA, 2016ko otsailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez aldi baterako arautzen baita txipiroia (Loligo spp) argi artifiziala erabiliz arrantzatzea Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan.

Arrantza egokitzat eta arrazionaltzat hartzen da, legez baimendutako bitarteko edo tresnen bidez eginda, jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babesa eta kontserbazioaren arteko oreka eutsia bermatzen duena.

Itsasertzeko arrantzako zenbait arau ezartzen dituen Nekazaritza eta Arrantza Saileko 1985eko azaroaren 27ko Aginduaren bidez, debekatzen da erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz molusku zefalopodoak arrantzatzea.

Debeku hori kirol-arrantzan aritzen direnei zein arrantzale profesionalei aplikatzekoa da. Hala ere, Kantauri itsasertzeko beste autonomia erkidegoetako kanpo- zein barne-uretan, zenbait ontziri baimena ematen zaie erakarpen-elementu gisa argia erabiliz txipiroia arrantzatzeko.

Agindu horren xedea da artisau-arrantza egiten duten neurri txikiko zenbait ontziri baimena ematea erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz txipiroia arrantzatzeko, baina zenbait baldintza ezartzen dira, bateragarri egiteko lehenago aipatutako errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen kontserbazioaren arteko oreka-printzipioa. Halaber, arau honen bidez, arrantza-jarduna dibertsifikatzeko aukerak zabaldu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoan artisau-arrantzan diharduten ontzientzat.

Arautze hau esperimentala da eta urtebeteko iraupena izango du, eta, aldi iragankor horretan emaitzak ebaluatu eta gero, gisa honetako arautze iraunkorrago bat ezarri nahi da, hala behar bada.

Azaldutako guztiagatik, eta arrantza-erakunde profesionalei kontsulta egin eta gero, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, urtebeterako, ontzi profesionalentzat arautzea erakarpen-elementu gisa argi artifiziala erabiliz txipiroia (Loligo spp) Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan arrantzatzeko baldintzak.

2. artikulua.– Modalitatea.

Euskal Autonomia Erkidegoko barne-uretan arrantzatzeko baimenaren titular diren ontzi profesionalek soilik arrantzatu ahal izango dute txipiroia (Loligo spp) argi artifiziala erabiliz, eta ontziok tresna txikiko arrantzaren erroldan egon beharko dute, eta modalitate honetarako prestatuak izan.

Salbuespenez, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimena eman ahal izango die tresna txikiko arrantzaren erroldan ez dauden ontziei.

3. artikulua.– Tresnak.

1.– Txipiroia (Loligo spp), potera edo arrain artifizialen bidez arrantzatuko da.

2.– Eskuzko txirrikak, hidraulikoak eta elektrikoak erabili ahal izango dira.

4. artikulua.– Eguneko gehieneko arrantza.

Egunean, 30 kg arrantzatu ahal izango ditu gehienez erroldatutako eskifaikide bakoitzak.

5. artikulua.– Argiak erabiltzea.

1.– Azaleko argiak soilik erabili ahal izango dira, eta debekaturik dago urpeko argiak erabiltzea.

2.– Ez dira urpeko argitzat hartuko potera edo arrain argitsuak edo fosforeszenteak.

6. artikulua.– Merkaturatzea.

Arrantzatutakoa lehen salmenta eta saltzeko produktuen merkaturatzea arautzen duten arauak errespetatuz merkaturatuko da. Horretarako, eta aplikatzekoak diren gainerako arauei kalterik eragin gabe, lehen salmenta lonjetan edo baimendutako establezimenduetan egingo da, eta lehen salmentaren oharra helaraziko da.

7. artikulua.– Neurriak bertan behera uztea eta aldatzea.

Agindu honetan araututako neurriak bertan behera utzi eta aldatu ahal izango ditu behin-behinean Arrantza eta Akuikultura zuzendariak, arrazoi biologikoek edo teknikoek hala agintzen dutenean.

8. artikulua.– Tresna txikien araudia.

Agindu honetan aurreikusi gabeko guztian, gainerako indarreko araudia aplikatuko da, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean tresna txikiekin egiten den arrantza erregulatzen duten arauak.

Ontzia ez bada tresna txikiekin egiten den arrantzaren modalitatekoa, agindu honetan aurreikusi gabeko guztian, ontzia deneko modalitatea erregulatzen duten arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 12a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala