Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2016ko otsailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
761

AGINDUA, 2016ko otsailaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten baita 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. maila itundua duten baina Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. maila egiteko finantzaziorik izan ez duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeentzat.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Oinarrizko Lanbide Titulu berria sortu ditu. Irakaskuntza horien helburua da ikasleek garaia baino lehen eskola ez uztea, aurrerago prestakuntza- eta kualifikazio-aukerak zabaltzea eta laneratze-prozesua erraztea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen duen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubidea erregulatzen du, betiere otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, zeinaren bidez arautzen baitira hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barneko Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifikoak, onartzen baitira hamalau oinarrizko lanbide titulu finkatzen baitira horien oinarrizko curriculumak eta aldatzen baita Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkion titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua.

Dekretu horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzen alderdi espezifikoak arautzea eta dagokion esparruko zentroetan ezartzea.

2014-2015 ikasturtean, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak ezinbestez ordeztu zituzten Aldi baterako Prestakuntza Integraturako Programak kendu, eta, haien ordez, Oinarrizko Lanbide Heziketa ezarri da, zeina eman baita Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak azken ikasturteetan ematen zituzten tokiko erakunde, erakunde pribatu eta ikastetxe berberetan.

Horrenbestez, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluko xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz –legegintzako dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eta diru-laguntzak emateko araubide orokorra arautzen duena–, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Diru-laguntzetarako deialdia egitea, Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. maila finantzatzeko 2015-2016 ikasturtean, Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. maila itundua duten baina Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. maila egiteko finantzaziorik izan ez duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, betiere agindu honetako I. eranskinean ageri diren oinarriei jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan xedatzen ez diren alderdietan, betetzekoak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Baimena ematen zaio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari, agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 5a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
OINARRIAK, HONAKO DEIALDI HAU ARAUTUKO DUTENAK: DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA, 2015-2016 IKASTURTEAN OINARRIZKO LANBIDE HEZIKETAKO 1. MAILA ITUNDUA DUTEN BAINA OINARRIZKO LANBIDE HEZIKETAKO 2. MAILA EGITEKO FINANTZAZIORIK IZAN EZ DUTEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEAK FINANTZATZEKO 2015-2016 IKASTURTEAN

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloen 2. maila finantzatzeko diru-laguntzak ematea deialdi honetako 2. oinarrian aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuei.

Bigarrena.– Laguntzen erakunde onuradunak. Betebeharrak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuak, baldin eta, 2015-2016 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. maila itundua izanik, finantzaziorik izan ez badute Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. maila emateko.

2.– Gainera, erakunde onuradunek, onuradun izateko, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.– Diru-baliabideak eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Guztira, 7.012.429,80 euro bideratuko dira agindu honek deitzen dituen diru-laguntzak ematera 2015-2016 ikasturtean.

2.– 2015-2016 ikasturtean, Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailarako diru-laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira, ziklo eta taldearen arabera:

(Ikus .PDF)

3.– Honako hauek finantzatu ahal izango dira: 2015-2016 ikasturterako planifikatutako eta Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak baimendutako eskola-unitateak, betiere aintzat hartuta indarrean den araudiak taldeak osatzeko ezarritako irizpideak, eta deialdi honetako 2. eta 4. oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Izena ematea eta taldeak osatzea.

1.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak doakoak izango dira ikasleentzat.

2.– Ikaslearen datuak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak adierazitako epean grabatu beharko dira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak horretarako finkatutako aplikazioan.

3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak taldeen osaera baimenduko du, indarrean den araudiari jarraituz.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

a) Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabili behar dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

c) Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/olh-fpb-itunpe/y22-izapide/es/

d) Eskabidearen ondoko izapideak, bitarteko elektronikoak erabiliz gero, hemen egin behar dira: «Nire kudeaketak», https://www.euskadi.eus

e) Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Prozedurako izapideetan, erakundeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Seigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.

Diru-laguntzaren eskabidearekin batera, Oinarrizko Lanbide Heziketako Moduluen/Zikloen Eskabidea izeneko formularioa aurkeztuko da, eta formulario horretan adieraziko da Oinarrizko Lanbide Heziketako zer ziklotarako eskatzen den laguntza eta zenbat talde eskatzen diren.

Diru-laguntzaren eskabideak eta dokumentazioak ez baditu deialdi honek araututako betekizunak betetzen edo horien edukia behar bestekoa ez baldin bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsak osatu edo zuzentzeko, eta adieraziko zaio ezen, akatsak osatzen edo zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, eskabidearen gaineko ebazpen berariazko bat eman eta jakinarazi beharko du Administrazioak, hala ezarritako baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

Zazpigarrena.– Deialdiaren organo kudeatzailea.

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak kudeatuko du deialdi hau.

Zortzigarrena.– Laguntzak ematea eta laguntzen zenbatekoa.

1.– Epe barruan aurkeztutako eskabide guztiei emango zaizkie diru-laguntzak, baldin eta agindu honek ezartzen dituen betebeharrak betetzen badituzte eta deialdi honen laugarren oinarrian taldeak osatzeko zehazten den ikasle-kopurua bete dela egiaztatzen badute matrikulazio-epearen amaieran.

2.– Erakunde horiei emango zaien laguntza ezingo da handiagoa izan 2014-2015 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. maila emateko baimendutako talde-kopurua eta lanbide-profilen kopurua baino.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezkoa bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Nolanahi ere, diru-laguntza emateko, nahitaezkoa izango da diru-laguntzaren xede diren ikasle-talde guztiak osatzea.

5.– Baldin eta agindu honen 3. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako aurrekontua nahikoa ez bada Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak finantzatzeko agindu honen 3. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako moduluak oinarri hartuta, zenbateko hori hainbanatuko da, onuradun bakoitzari dagokion laguntza zehazte aldera.

6.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio.

7.– Ebazpen horrek erabakiko du diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Diru-laguntza ematea ebazten bada, adierazi beharko da zein den erakunde onuraduna, zein diren diruz lagundutako Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak eta talde-kopurua eta zenbateko diru-laguntza emango zaio horietako bakoitzari. Eskabidea ukatzen bada, berriz, horretarako arrazoiak adieraziko dira.

8.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Bederatzigarrena.– Erakunde eskatzaileak baldintzak betetzen dituela egiaztatzea.

1.– Laguntzak esleitu zaizkien erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Nolanahi ere, erakunde eskatzaileek espresuki ukatu dezakete baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako eran; errege dekretu horren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen da.

2.– Eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta egiaztatuko dute diru-laguntzak itzultzeko betebeharra beteta dutela, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Ez dela jasotzen ari helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

b) Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

c) Halaber, erakunde eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta bete egiten dituela diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dauden araudiek ezarritako betekizunak.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo -baliabideekin.

Hamargarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza zertarako eman den, xede edo helburu zehatz horretarako erabiltzea.

3.– Irakasleen lan-baldintzak –arlo juridikokoak zein ekonomikokoak– egokiak izango dira, lan-legerian ezarritakoa bete beharko dute eta ez dute ekarri behar erakunde onuradunetako gainerako langileekiko diskriminaziorik.

4.– Bestalde, edukien metodologia integratzaileak erabiltzeko printzipioa aintzat hartuta eta ikasleen jarraipen eta arreta pertsonalizatuaren printzipioa kontuan izanda, ziklo hauek emateko baimenduta dauden erakundeek saiatu behar dute talde bakoitzean esku hartzen duten irakasleen kopurua ahalik eta txikiena izaten.

5.– Diruz lagundutako erakundeak Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak gauzatzeko jasotzen duen ekipamendua ziklo horietako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, ekipamenduaren inbentario espezifikoan jaso beharko da. Ekipamendu hori inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia eskuratzea.

6.– Hezkuntza Ikuskaritzari helarazi egin behar zaio ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia.

7.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko zaie deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatzen duten informazio guztia.

8.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Ikasturte bakoitzean hasierako memoria bat prestatuko dute erakunde onuradunek, eta han honako hauek hartuko dituzte aintzat:

a) Zikloaren lanbide-titulua ezartzen eta haren oinarrizko curriculuma finkatzen duen errege-dekretua, honako hauek zehaztuta:

– Gaitasunen esparruan, nolako helburuak lortu behar dituzten ikasleek.

– Irakaskuntzako eta ikaskuntzako jarduera adierazgarriak.

– Ikasleen aurrerabidea ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

b) Jarduera osagarriak.

Ikastegi bakoitzak gordeko du dokumentazio hori; zuzendaria arduratuko da horretaz, eta Ikuskaritzaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren gainerako zerbitzuen eskura egongo da.

10.– Irakaskuntza-jardueraren antolamenduari buruzko oinarrizko datu guztiak bete behar dituzte erakundeek: irakaskuntza-egutegia eta EJD. Era berean, eskatutako datuak bete direla adierazteko Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu beharko da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

11.– 2016ko irailaren 15a baino lehen, programaren emaitzak ebaluatuko dituen amaierako memoria egin beharko dute erakunde onuradunek, honako alderdi hauek jasoko dituena:

a) Zikloaren garapenaren laburpen txikia.

b) Eman diren Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak eta haien ezaugarriak.

c) Parte hartu duten gazteak, izandako bajak eta zergatiak.

d) Estatistika-laburpen bat, honako hauek zehaztuko dituena: ikasleek nolako ezaugarriak dituzten, nondik datozen eta zein ikasketa-maila duten.

e) Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, hasierako memorian aurreikusitako helburuak hartuko dira erreferentziatzat.

f) Eskuratutako emaitzen analisia eta hautemandako hobekuntza-arloak.

g) Irakasle kopurua eta programatutako eskola-orduei buruzko informazioa, bai eta irakasle bakoitzak prestakuntza ziklo, maila eta talde bakoitzeko eraginkorki emandako orduei buruzko informazioa ere.

h) Gastuen eta sarreren balantze ekonomikoa.

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak egoki deritzon beste edozein justifikazio-agiri eskatu ahalko dio erakunde onuradunari, ikastaroa egin dela egiaztatzeko.

Ikastetxean gordeko da memoria hori, eta Hezkuntza Ikuskaritzaren eskura izango da.

Hamaikagarrena.– Gastuak egiaztatzeko dokumentazioa.

Diru-laguntzaren xede den jardueraren aurrekontu orokorrari dagozkion gastuak egiaztatzeko, irakasleei dagozkien gastuak barne, Justifikazio Kontu Erraztua deritzon inprimaki arautua bete beharko da 2016ko irailaren 15a baino lehen. Honako honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/olh-fpb-itunpe/y22-izapide/es/

Inprimaki horretan dokumentuen zerrenda zehaztuko da, data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa eta zenbateko egozgarria adieraziz, eta, hala balitz, baita ordainketa-data adieraziz ere. Gainera, dokumentu horien jatorrizkoak gordeta eduki beharko dira, horiek etorkizunean egiaztatu nahiko balira ere, irakasleen nominak barne hartuta. Xede horretarako, organo esleitzaileak egiaztapenari ekingo dio, beharrezkotzat jotzen dituen eta diru-laguntza behar bezala aplikatu dela erakutsiko duten ziurtagirien laginketa-tekniken bidez.

Inprimaki horretan bertan, halaber, erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinaren bidez ikastegiak egiaztatuko baitu hamargarren oinarriko 11. paragrafoan aipatutako azken memoria bete duela.

Helbide honen bitartez emango da aipatu dokumentazioa: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Hamabigarrena.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntza jaso aurretik, gastuak justifikatu beharko dira, eta, horretarako, honako hauek aurkeztu:

a) Irakasleei eta irakasle ez diren langileei egotzitako gastuak: Gizarte Segurantzako kotizazioen eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako (PFEZ) atxikipenen diru-sarrerari dagozkion frogagiriak aurkeztuz.

b) Funtzionamenduaren eta mantentze-lanen gastuak: justifikazio-ordainagiriak aurkeztuz; hona aurkeztu beharrekoa:

– Irakaskuntzako gastu espezifikoak: material suntsikorraren kontsumoa, material didaktikoarena, laborategiko eta lantegietako material eta energiarena, ebaluazio-materialarena.

– Askotariko hornidura- eta zerbitzu-gastuak: garbiketa, berokuntza eta hozketa, ura, gasa, argindarra, kontserbazio eta konponketa arruntak eta higiezinetako bestelako gastuak.

– Administrazio-gastuak: material inbentariaezinaren kontsumoa; telefono-, posta- eta telegrafo-komunikazioak; bulegoko altzarien kontserbazioa eta konponketa; erreprografia; eta beste administrazio-gastu batzuk.

c) Benetako inbertsioak birjartzeko gastuak: material inbentariagarria (eskola-altzariak eta ekipamendu didaktikoa) konpontzeko gastuak justifikatzeko fakturen bidez.

2.– Justifikazioa aurkeztu ondoren, diru-laguntza hiru zatitan ordainduko da:

a) Lehen ordainketa diru-laguntzaren % 60 izango da, eta hamargarren oinarriaren 1. paragrafoan adierazitako epea amaitu ondoren egingo da, berariaz uko egin ez bazaio. Orobat, 10. atalean ezarritakoa ere bete beharko da.

b) Bigarren ordainketa diru-laguntzaren % 30 izango da, eta ekainean egingo da.

c) Diru-laguntzaren hirugarren ordainketa –gainerako % 10a– irailean ordainduko da, betiere hamargarren oinarriko 11. paragrafoan ezarritakoa bete eta hamaikagarren oinarriko dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Hamahirugarrena.– Ebazpena aldatzea eta berrikustea, eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntza horien onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako. Hori dela-eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen 698/1991 Dekretuak.

5.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira.

6.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, honako xedapen hauei jarraituko zaie: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluari (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluari (698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena).

Hamalaugarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren agindua argitara eman eta sei hilera ez baldin bazaie hartan parte hartu duten erakundeei jakinarazi diru-laguntzen esleipenari buruzko ebazpenik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ditzakete eskabideak, hala ezarrita baitago Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan. Ebazpen hori, berriz, Platea-e-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren bidez jakinaraziko zaie parte hartzen duten erakundeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta emango da berorren berri.

Hamabosgarrena.– Agirien egiazkotasuna.

Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.


Azterketa dokumentala