Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2016ko otsailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
689

AGINDUA, 2016ko otsailaren 3koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2016ko nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien deialdia egiten duena.

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez sortu ziren; abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta, bertan xedatutakoari jarraikiz, 2016ko ekitaldiko deialdia egiten da.

Azaldutakoagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2016ko deialdia egitea nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarietarako, agindu honen eranskinean argitaratu diren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honetan xedatu gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 3a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
NEKAZARITZA- ETA ARRANTZA-SEKTOREETAKO IBILBIDE PROFESIONALETARAKO «GONZALO NARDIZ BENGOETXEA» SARIEN 2016KO DEIALDIKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak ematea, 2016ko ekitaldian, nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan beren ibilbide profesional luzean modu berezi batean nabarmendu diren pertsonei edo kolektiboei; horretarako, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak hartuko dira nekazaritza-sektorekotzat.

Bigarrena.– Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak sektore bakoitzeko pertsona zein kolektibo bati edo gehiagori emango zaizkie, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera. Sariketa bakoitzean, ohorezko sari bat eman da, eta aintzatespen publikoaren ekitaldia egingo da. Saritutako pertsonek edo kolektiboek beren inprimaki profesionaletan berariaz adierazi ahal izango dute jasotako aipamena, eta beren establezimenduetan ere jarri ahal izango dute jendaurrean.

Hirugarrena.– Onuradunak.

Agindu honen bidezko deialdiko sarien onuradunak izan daitezke nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan nabarmendu diren pertsonak edo kolektiboak, nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan egindako lanarengatik, lehen oinarrian ezarritakoaren arabera, eta, aldi berean, eskakizun hauek bete behar dituzte onuradunek:

1.– Ibilbide profesionala, funtsean, Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

2.– Finkatutako ibilbide profesionala izatea, eta behar besteko denbora iraun duena.

Laugarrena.– Hautagaiak aurkeztea.

1.– Sarietarako hautagai izateko, gutxienez Euskal Herriko bi eragile sektorialen babesa behar da, eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo kolektiboaren onespena beharko du izan. Horretarako, eragile sektorialak honako hauek izango dira, besteak beste:

– Sindikatu-izaerako erakunde profesionalak.

– Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresarialak, federazioak eta konfederazioak.

– Bestelako elkarteak eta federazioak.

– Fundazioak.

– Arrantzale-kofradiak.

– Kooperatibak.

– Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako profesionalak.

2.– Aurreko zenbakian xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztutako hautagaiak eta, gutxienez, bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaiak.

3.– Sarietarako hautagaiaren izenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Proposamena egin dutenek abalaturik egon behar du memoria horrek. Bertan, proposatzen den hautagaiaren ibilbide profesionala zehatz-mehatz azalduko da, eta azpimarratu egingo dira ibilbide hori berezi egiten duten une edo gertaerak (entzutetsuak izan direlako edo eragina izan dutelako).

4.– Hautagai-zerrendak aurkezteko, aurreko zenbakian azaldutako dokumentazioarekin batera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik jo beharko da, eta, zuzendu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

5.– Hautagaien zerrendak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2016ko martxoaren 11n amaituko da (bi egunak barne).

Bosgarrena.– Sarien kudeaketa.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen ondoriozko kudeaketa-lanak egitea.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaiak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:

– Epaimahaiburua: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.

– Epaimahaikideak:

– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.

– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.

– Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.

– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, zeina idazkari ere izango baita.

– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien ordezkari bana.

– Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

– Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

– Nekazaritzako elkarte profesional eta enpresarialen ordezkari bi.

– Arrantzako elkarte profesional eta enpresarialen ordezkari bat.

– Nekazaritzako kooperatiben ordezkari bat.

– Elikaduraren Klusterraren ordezkari bat.

2.– Epaitza baino lehen, denbora aski emanez, adieraziko da nork osatuko duen epaimahaia, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.

3.– Epaimahaikideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte: deialdia, gai-zerrendarekin batera, eta hautagaien zerrenda, behar den dokumentazioarekin batera.

4.– Epaimahaiaren erabakiak bilerara azaldutako kideen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, mahaiburuak ebatziko du bere kalitatezko botoaren bidez. Edonola ere, erabakitakoak balioa izateko, beharrezkoa izango da gutxienez kideen bi heren bertan egotea.

Epaimahaiko idazkariak hartzen diren jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, eta sarien epaia arrazoitzen duen irizpena agerraraziko du.

5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Esleipen-irizpideak.

Aurkeztutako hautagai-zerrendak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Pertsonak edo kolektiboak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- edota arrantza-sektoreetan (kasuaren arabera) denbora luzez jardun izana.

b) Nekazaritza- edota arrantza-sektoreetan (kasuaren arabera) eginiko ibilbidearen berezko garrantzia.

c) Pertsonaren edo kolektiboaren lanak bere sektorean izan duen oihartzuna eta eragina.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaitza.

1.– Epaimahaiak epaitzan bere uste eta jakituriaren arabera hartutako erabakiaren arrazoiak azaldu behar ditu, deialdi honetako esleipenerako irizpideak kontuan izanik; saritutako pertsona edo kolektiboen ibilbideaz eta garrantziaz egiten duen balorazioa ere azaldu behar du.

2.– Epaimahaiak sari biak edo bat eman gabe utz ditzake, baldin eta hautagairik ez badago edo uste badu proposatutako hautagaien ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren agindu batez prozedura ebatzi, eta emango da epaimahaiaren epaitzaren berri. Agindu hori 2016ko apirilaren 30a baino lehen eman behar da, eta banaka jakinaraziko zaie saritutako pertsonei edo kolektiboei; eragotzi barik horren ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek jakin dezaten.

4.– Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari edo, bestela, zuzenean aurkara daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.

Bederatzigarrena.– Aintzatespen publikoa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak egingo du aintzatespen publikoaren ekitaldirako deialdia; ospakizunerako ekitaldi ofizial bat egingo da, eta bertan emango zaizkie saritutako pertsonei beren sariak.


Azterketa dokumentala