Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2016ko otsailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
502

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 1ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinarekin berritu egiten baita Eurocontrol, SAren erakunde baimendu izendapena, honako honetarako: tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatu, biltegiratu, banatu eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen metrologia egiaztatzeko.

Erref.: 01-OV-1014 (TER).

AURREKARIAK

1.– 2013ko maiatzaren 7an, Eurocontrol SA izendatu zuen Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak erakunde baimendu, honako honetarako: tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatu, biltegiratu, banatu eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen metrologia egiaztatzeko.

2.– 2015eko azaroaren 16an, Ignacio Errasti González jaunak, Eurocontrol SA enpresaren izenean eta ordez –helbidea: Zurbano kalea 48, Madril–, baimena berritzeko eskabidea aurkeztu zuen Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan, honako honetarako: konponketa edo aldaketa osteko egiaztatze-saiakuntzak egiteko eta aldizkako egiaztatze-saiakuntzak egiteko. 2006ko azaroaren 22ko ITC/3701/2006 Aginduan daude xedatuta egiaztatze horiek; tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatu, biltegiratu, banatu eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen estatuko metrologia-kontrola arautzen du agindu horrek.

3.– Metrologia egiaztatzeko erakunde baimendu gisa jarduteko izendapena berritzeko, Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenean xedatutako baldintzak bete beharko ditu entitate eskatzaileak; ebazpen horren bidez, 2007ko azaroaren 26ko 1/2007 Jarraibidea argitaratzen da, metrologia egiaztatzeko erakunde baimenduak izendatzekoa. Hartarako, ENACek emandako OC-I/271 Akreditazio Ziurtagiria aurkeztu da, 4. berrikusketaren 2014/12/15eko Eranskin Teknikoarekin batera; beraz, izendapena berritu egingo da, eskatu bezala.

Espediente hau ebazteko, beharrezkoa da honako oinarri juridiko hauek aintzat hartzea:

OINARRI JURIDIKOAK:

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da ebazpen hau emateko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen 2013ko apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013-04-24ko EHAA).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia-kontrola egiteko bitartekoak ezarri zituen 38/2001 Dekretuaren 11. artikuluan zehazten denaren arabera, industria alorrean eskumena duen organoak metrologia egiaztatzeko entitateak gaitu ahal izango ditu, konponketen edota aldaketen ondorengo eta aldizkako egiaztatzeak burutu ditzaten.

3.– Neurgailuen metrologia-kontrola arautzen duen oinarrizko legeria hauek osatzen dute: Metrologiari buruzko 2014ko abenduaren 22ko 32/2014 Legea; 889/2006 Errege Dekretua, 2006ko uztailaren 21ekoa, neurgailuen gainean estatuak egin beharreko metrologia-kontrola arautzekoa, eta aipatutako 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena.

4.– ITC/3701/2006 Agindua, 2006ko azaroaren 22koa, produktuak tenperatura kontrolatuan garraiatu, biltegiratu, banatu eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailuen eta termometroen gaineko estatuaren metrologia-kontrola arautzen duena.

Adierazitako legezko aginduak eta horiekin bat datozen aplikazio orokorreko gainerako xedapenak aztertu ondoren, eta Industria Zerbitzuko buruak proposatuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Eurocontrol SAren izendapena berritzea –helbidea: Zurbano kalea 48, Madril–, metrologia egiaztatzeko erakunde baimendu gisa jarduteko produktuak tenperatura kontrolatuan garraiatu, biltegiratu, banatu eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailuekin eta termometroekin. ENACek emandako akreditazioan jasotako tresnetarako da izendapen hori, PE-ENAC-OC/01 dokumentuan eta haren ondoko aldaketetan oinarrituta: 0.5, 1 eta 2 motetakoak (-30 ºC-tik 100 ºC-ra) laborategi iraunkor gisa, eta 0.5, 1 eta 2 motetakoak in situ (-30 ºC-tik 100 ºC-ra).

2.– Ematen den baimenari baldintza hauek ezartzea:

– Euskal Autonomia Erkidegoko tresnetan jardungo du.

– Tresnak saiakuntzak gainditzen baditu, egiaztatu izanaren etiketa erantsiko dio entitateak. Halaber, metrologia-kontroleko egiaztagiri bat emango da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezartzen duenarekin bat.

Saiakuntzak gainditzen ez baditu, zerbitzua emateko desgaituta dagoela adierazten duen etiketa gorria itsatsiko dio. Hori guztia, 2006ko uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren I. eranskinarekin bat etorriz egingo da. Halaber, egiaztatzea gainditu ez duen tresnaren berri emango zaio, berehala, tresna dagoen lekuko lurralde-ordezkaritzari.

– Dagokion egiaztatzea egin ondoren, Eurocontrol SAk zigilatu egingo du tresna zigiluen bitartez edo, ahal bada eta bortxaezintasuna bermatzen bada, etiketa itsaskor autosuntsigarrien bitartez.

Ez da inola ere berunezko zigilurik edo antzekorik erabiliko; zigiluek jardueraren girorako egokiak eta iraunkorrak izan beharko dute. Laranja kolorea erabili beharko da, beste koloreak administrazioarentzako edota beste metrologia-agente batzuentzako gorde baitira. Espainiako Metrologia Zentroaren (CEM) eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren gida eta gomendioei jarraitu beharko zaie.

Edonola ere, zigiluek inskripzio hauek izango dituzte:

  • Zigilu normala:
(Ikus .PDF)
  • Zigilu enbutitua:
(Ikus .PDF)
  • Plastikozko zigilua:
(Ikus .PDF)

3.– Baimendutako saiakuntzetarako ezartzen dituen tarifen berri urtero emango dio Eurocontrol SAk zuzendaritza honi.

4.– Metrologia egiaztatzeko EAEko erakunde baimenduak erregistratzearen ondorioetarako, 01-OV-1014 zenbakiko esleipenari eusten zaio Eurocontrol SArako.

5.– Eurocontrol SA entitateak honako hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu une oro: 32/2014 Legea; 889/2006 Errege Dekretua, 2006ko uztailaren 21ekoa, neurketa-tresnen gaineko estatuko metrologia-kontrola arautzen duena; 2006ko azaroaren 22ko ITC/3701/2006 Agindua; 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezartzen duen beste edozein xedapen.

6.– Izendapenaren berriztapen honek 5 urteko balioa du, eta luza daiteke, baldin eta izendapen-berriztapenaren eskaera aurkezten bada iraungi baino hilabete lehenago, eta Industriako Idazkaritza Orokorraren 2007/11/29ko Ebazpenean ezarritako betekizun guztiak betetzen badira –metrologia egiaztatzeko erakunde baimenduak izendatzeko ebazpena da–.

7.– Metrologia egiaztatzeko erakunde baimendu izateko Eurocontrol SAri lehendik emandako baimen guztiak indargabetu eta ordezten ditu baimen honek.

8.– Izendatutako erakundearen jardunak ikuskatu, esku hartu eta kontrolatzeko eskumena Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio. Horretaz gain, ikuskapenak egin ahal izango dituzte, baimena lortzeko arrazoi izan ziren baldintzei eusten zaien egiaztatzeko.

9.– Ebazpen hau eman eta gero, aurkeztutako agirietan egiaztatutako egoera aldatzen bada, jakinarazi egingo zaio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, eta hark baimena berretsi edo deuseztatu egin ahal izango du.

10.– Dena den, bateraezintasuna eta independentzia egongo da metrologia-kontrola jasan behar duten neurketa-tresnen ekoizpen-, merkaturatze- eta konpontze-jarduerekiko, zerbitzuak ematea eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak adierazitako jarduerak barne.

11.– Bateraezintasuna egongo da, halaber, aldizkako egiaztatzea egiten denean, baldin eta aldez aurretik metrologia-kontroleko erakunde gisa jardun bada tresna mota berarekin.

12.– Baimen hau deuseztatzeko arrazoi izango dira, indarreko legerian aurreikusitakoez gain, bertan ezarritako baldintzak ez betetzea, akreditazioa etetea edo baliogabetzea, baita hura eman zen orduko inguruabarrak funtsean aldatzea ere.

13.– Izendapen hau ez berritzeko arrazoi izan daitezke arau- eta administrazio-irregulartasunak, baita metrologia egiaztatzeko erakunde baimendua zehapenpean izatea ere.

14.– Urtero, eta urteko lehen hiruhilekoan zehar, metrologia egiaztatzeko erakunde baimenduak memoria bat bidaliko dio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari, egindako jardueren eta jazotako gorabeheren berri emateko. Halaber, lurralde bakoitzean egindako egiaztatzeen berri emango zaio dagokion ordezkaritzari, sei hilabetetik behin.

Horretaz gain, 48 orduko aurrerapenarekin, mezu elektroniko edo fax bidez jakinaraziko du, ahal dela, zein diren egin beharreko egiaztatzeak, jardun-esparruaren arabera dagokion lurralde-ordezkaritzan.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala