Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

20. zk., 2016ko otsailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
456

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 13koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Onkologikoa Fundazioaren estatutuetako 3. (xedeak), 11., 13., 14., 15., 17., 24. eta 34. artikuluak aldatzea eta 16. eta 28. artikuluak eta 29. artikuluaren azken paragrafoa kentzea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko abenduaren 29an, Fundación Onkologikoa Fundazioaren Patronatuko idazkari Rosa M.ª Leal Sarasti andreak aurkeztutako eskabide bat sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean, fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa inskribatzekoa, hain zuzen.

Eskabidearekin batera, erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu zen. Eskritura publiko hori 2015eko abenduaren 18an egiletsi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notario den Guadalupe María Inmaculada Adánez Garcíaren aurrean (protokolo-zk.: 2000).

Eskritura publiko horrekin batera, Patronatuak 2015eko irailaren 22an egindako bilerari buruzko ziurtagiria aurkeztu zuen Patronatutako idazkari Rosa M.ª Leal Sarasti andreak 2015eko azaroaren 2an, Donostian, fundazioko lehendakariaren oniritziaz. Bilera horretan, aho batez onartu zen Fundación Onkologikoa Fundazioaren estatutuetako 3. (xedeak), 11., 13., 14., 15., 17., 24. eta 34. artikuluak aldatzea eta 16. eta 28. artikuluak eta 29. artikuluaren azken paragrafoa kentzea, baita Fundazioaren Estatutuak bateratu eta berriz zenbakitzea ere.

Eskrituraren zati nagusian, aldatutako artikuluen berridazketa jasotzen da, osorik, bai eta bateratzea eta berriz zenbakitzea ere.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako betekizunak konplitu dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2016ko urtarrilaren 12ko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bidezonartu da fundazioaren estatutuen aldaketa, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluarekin.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Fundación Onkologikoa Fundazioaren estatutuetako 3. (helburuak), 11., 13., 14., 15., 17., 24. eta 34. artikuluak aldatzea eta 16. eta 28. artikuluak eta 29. artikuluaren azken paragrafoa kentzea, baita fundazioaren estatutuak bateratzea ere.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori –hor, jasota dago estatutuetako zein artikulu aldatu den eta zein kendu den– Donostiako Guadalupe María Inmaculada Adánez García notarioaren aurrean egiletsi zen, 2015eko abenduaren 18an (protokolo-zenbakia: 2000).

Estatutuen 3. artikulua (fundazioaren xedeak) aldatzearen ondorioz, hauek dira xedeak, eguneratuta:

«3. artikulua.– Fundazioaren xedeak.

Fundación Onkologikoa Fundazioaren xedea da: herritarren bizi-eta osasun-kalitatea hobetzea sustatzea, kalitatezko osasun-zerbitzua eskainiz, jatorri onkologikoa duten gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan espezializatua.

Helburu zabal horien barnean, jarduera zehatz garrantzitsuagoak eta berehalakoagoak izango ditu; hauek, esaterako:

1) Institutu onkologiko bat edo minbiziaren prebentziorako, diagnostikorako eta tratamendurako zentro monografiko bat ezartzea, zeinen egitura funtzionala oinarrituko baita paziente bakoitzarentzako plan terapeutiko bat eskaintzera bideratutako diziplina anitzeko unitate funtzionaletan.

2) Zentro horren bidez emango dira minbiziaren prebentzioaren, diagnostikoaren eta tratamenduaren arloetan teknologikoki aurreratuenak diren zerbitzuak.

3) Gaixotasun onkologikoen eremura bideratutako biomedikuntzaren arloko ikerketa zientifiko oinarrizkoa eta aplikatua.

4) Gaixotasun onkologikoen azterketarekin eta ikerketarekin zerikusia duten lehiaketak, kongresuak eta hitzaldiak antolatzea.

5) Arlo horretako aldizkariak eta argitalpen espezializatuak editatzea.

6) Minbiziaren arloko ikerketa sustatzera bideratutako bekak, laguntzak eta sariketak sustatzea.

7) Espezifikoki minbiziari buruzkoetatik bestelako zerbitzu mediko espezializatuak kudeatzea eta eskaintzea, zeinen garapenak ahalbidetuko baitu zentroaren osasun-laguntza eta diziplina anitzeko unitate funtzionalak indartzea, herritarren bizi- eta osasun-kalitatea hobetzea eta Fundazioari finantza-mailan indartzen laguntzea.

8) Bere helburu propioak gauzatzera ahalbidetzen duten bestelakoak».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hara.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 13a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala