Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2016ko urtarrilaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
299

7/2015 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «7/2015 Foru Araua, abenduaren 23koa, Zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2015eko abenduaren 23a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Tributuen aplikazioaz arduratzen diren organoek haiei buruzko araudia etengabe aplikatzeak zenbait kasutan agerian uzten du beharrezkoa dela kasuan-kasuko erregulazioak egokitzea lurralde historikoko erakunde eskudunek arautu ditzaketen tributuetan.

Arrazoi hori dela bide, aldian-aldian, zerga sistemaren aldaketak onartzea sustatzen da, haren barruan hobekuntzak sartzeko. Zeregin hori are beharrezkoagoa da Gipuzkoako zerga sistemako figura fiskal nagusietan garrantzi handiko erreformak egiten direnean; horren adibide, ditugu, esate baterako, pertsona fisikoen errenta zergan, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan, eta, bereziki, sozietateen gaineko zergan onartutako arauketa berriak.

Behin onartuta 2014ko abenduaren 16ko 18/2014 eta 17/2014 Foru Arauak, zeinen helburu nagusia izan baitzen 2014an ere onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauan eta Sozietateen gaineko Zergarenean zuzenketak egin eta aldaketak sartzea, orain jarraitu nahi da bi zerga horietan hobekuntzak eta zuzenketak sartzen, eta, horretarako, proposatzen da foru arau hau onartzea.

Alde horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, honako aldaketa hauek sartzen dira, besteak beste:

● Langabeziako prestazio bakarraren salbuespenari dagokionez, utzi egiten zaio akzioa edo partaidetza edo jarduera ekonomikoa bost urtez mantentzea exijitzeari, epe hori betetzen ez denean konkurtso prozedura bat dela medio enpresaren edo jarduera ekonomikoa likidatzearen ondorioz. Gainera, salbuespen horren barruan sartuta gelditzen dira desegintzat hartutako kooperatibetako bazkide langileei eta lan bazkideei behin betiko birkokatzeko onartu zaizkien diru laguntzak. Azken aldaketa hori 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera sartzen da.

● Bestetik, atzerriko lanengatik jasotako ordainsarien salbuespenari dagokionez, kendu egiten da enpresa edo entitate enplegatzailea Espainian egoiliarra izateko beharkizuna.

● Jarduera ekonomikoei dagokienez, argitu egiten da sozietateen gaineko zergan jasotako konpentsazio eta erreserbak ez direla aplikatzen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Azalpen hori zergaren araudian sartzen da, segurtasun juridikoaren mesederako.

● Kapital higigarriaren etekinen erregulazioari dagokionez, ezarri egiten da ez dela zenbatuko kapital propioen lagapena ordezkatzen duten aktiboen dohaintzaren ondorioz sortu daitekeen etekin garbi negatiboa, inter vivos egintzen kosturik gabeko eskualdaketetatik edo liberalitateetatik eratorritako ondare galeretan aurreikusitakoaren antzera.

● Zehaztu egiten da epemuga iritsitako eta kobratu gabeko kredituetatik eratorritako ondare galeren denboraren araberako egozpena, eta haien araubide iragankorra ezartzen da.

● Espresuki jasotzen da ondorengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango direla zerga oinarri orokorra nahikoa ez izateagatik horretan murriztu ezin izan diren zergadunaren gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako edo egotzitako diru kopuruak.

● Era berean, lurralde erkidean hamarretik bost urtera murrizten da aurrezpen sistematikoko banakako planei lehendabiziko primaz geroztik biziarteko errentaren eraketara bitartean exijitutako gutxieneko epea. Horrek berekin dakar aurreikuspen produktu horiei buruzko bi xedapen gehigarriak aldatzea eta beste xedapen iragankor bat sartzea.

● Ezarri egiten da zordunak konkurtso prozeduretan lortutako errenten salbuespena, betiere zorrak ez badira jarduera ekonomikoak egitearen ondorio.

● Hainbat doikuntza sartzen dira kapital higigarriaren etekinetan eta ondare irabazi eta galeretan, lehenik eta behin Euskal Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legearen onarpenak eragin litzakeen desitxuratzeak saihesteko. Aldaketa hori 2015eko urriaren 3tik aurrerako ondorioekin sartzen da.

● Lurralde erkidean bezala, kendu egiten da 2007ko urtarrilaren 1aren aurretik kontratatuta dauden bizitzari edo baliaezintasunari buruzko banakako kontratuetan konpentsazio fiskala egiteko aukera. Aldaketa horrek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, aldaketa nagusi hauek egiten dira:

● Espresuki arautzen da arauren bat ez betetzeak dakartzan berandutze interesak ez-kengarriak direla, 31. artikuluan beste letra bat sartuta. Nabarmentzekoa da aldaketa hori ez dela berritzailea, baizik eta, segurtasun juridikoaren mesedetan, espresuki jasotzen da gaur arte administrazio honek eta jurisprudentziak erabilitako irizpide bat.

● Era berean, argitu egiten da ondare entitateek ezin dutela inolako kenkaririk aplikatu, lehendik zentzu horretan interpretatzen baitzen.

● Araubide berezi batean zergapetuta dauden ekonomia intereseko espainiar edo europar elkarteei edo aldi baterako enpresa elkarteei dagokienez, doitu egiten da mikroenpresen dimentsioak eragindako zailtasuna konpentsatzen duen 100eko 20ko forfaitaren aplikazioa, bikoiztasunak saihesteko.

● Aldaketa batzuk sartzen dira zerga baterakuntzaren araubidean, erregimen osoak koherentzia izan dezan, duela gutxi onartu den urriaren 20ko 2/2015 Foru Dekretu Arauari, Sozietateen gaineko Zerga, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga, eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Zerga aldatzen dituenari, egokitzeko. Egindako aldaketei dagokienez, honela laburbildu daitezke:

1.– Lehenengo aldaketa multzoa barne-itunari buruzkoa da, ezkoaren barnean adostuta baitago, eta beraz, Gipuzkoako araudian ere aplikatu behar da, hiru lurralde historikoen artean tributazioa banatzeko arauak ezartzen dituelako.

2.– Bigarren neurri blokean –zalantzarik gabe handiena eta teknikoena–, taldeen terminologia berriari buruzko artikuluak egokitzen dira, eta aldi berean, zerga baterakuntzaren erregulazioa barne-ituneko arau berrietara ere egokitzen da.

3.– Hirugarren neurri blokearen helburua da zerga baterakuntzaren araubidea talde bateratuen errealitatera egokitzea. Hala, bloke horretako neurrietako bat da sozietate bat talde bateratu batean sartu nahi bada, erabakia Administrazio Kontseiluak hartu behar duela, eta ez Akziodunen Batzordeak, entitateentzat askoz ere errazagoa baita erabaki hori Administrazio Kontseiluaren bidez izapidetzea. Beste aldaketa bat da zehapen erregimena errealitatera egokitzen dela, eta zehapen handiagoak ezartzen direla beharrezkoa erabakiak onartzen ez badira, aurreko zehapen erregimena ez baitzen behar bezain eragozlea. Aldi berean, zehapen berrien zenbatekoak gehiago egokitzen dira zenbait entitatek osatutako talde bateratuen egituretara.

4.– Laugarren aldaketa blokean, berariaz araututa ez zeuden arauak ezartzen dira, nahitaez sartu beharrekoak, legegileak nahi ez duen arau hutsune bat betetzeko. Berez, 2014ko kanpainan jada, araua orain proposatzen den moduan interpretatu zen. Zehazki, kontabilitate emaitzatik eratorritako zuzenketak aplikatzeko arauak dira, entitate bat talde batean sartu edo hortik ateratzen bada aplikatu beharrekoak, alegia.

5.– Azkenik, badago gai bat, proiektuan araututa zegoen arren, sistematika arrazoiengatik zegokion apartatutik kendu eta berriro sartu dena zerga baterakuntzaren araubideari buruzko gainerako aldaketekin batera. Mikroenpresen eta talde bateratuen kasuan % 20ko forfaitaren kalkuluaz ari gara.

● Berrinbertsioko salbuespena aplikatzeko, orokortu egiten da berrinbertsioa elkarri lotu gabeko pertsona edo entitateei erositako ondare elementuetan gauzatzeko beharkizuna. Lehenago beharkizun hori bakarrik sozietate taldeen esparruan ezarrita zegoen.

● Konpentsazioaren figuraren kalkuluaren sinplifikaziorako zuzenketa tekniko bat sartzen da, kapitalizazio enpresariala sustatzeko. Aldaketaren muina da aurreko urtekoa erreferentziatzat hartzea eta ez, ordea, aurreko urteetako batez bestekoa.

Aurrekoaz aparte, oinordetzen gaineko zergan aldatu egiten da zerga oinarrian aplikatzen diren murriztapenen erregulazioa, banakako enpresak, negozio profesionalak edo entitateetako partaidetzak mortis causa edo inter vivoseskuratzen direnean, haren edukia beste lurralde historikoekin harmonizatzeko.

Gainera, zergaren araudia Euskal Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legearen onarpenera egokitzeko, oinordetza titulutzat hartzen dira oinordetza kontratu edo itunak, kontuan hartu gabe eraginkortasuna noiz hartzen duten. Dena den, orainaldiko eraginkortasuna duten oinordetza itunei beharkizun gehigarriak exijitzen zaizkie, oinordetza titulutzat hartuak izateko. Aldaketa hori 2015eko urriaren 3tik aurrerako ondorioekin sartzen da.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan jasotako zerga hobarien esparruan, eguneratu egiten da sozietateen gaineko zergan aurreikusita zegoen etxebizitzen errentamenduko entitateen araubide berezi indargabetura egiten zen bidalketa; haren ordez, egun indarrean dagoen ondasun higiezinen errentamenduko jarduera kualifikatua duten entitateen araubidera bidaltzen da.

Horrez gain, aldatu egiten dira udal zerga hauetan jasotako zerga figura batzuk: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga.

Zerga horietako lehenean, zabaldu egiten da katastro informazio babestua eragindako subjektuaren baimenik gabe eskuratu dezaketen sektore publikoko entitateen multzoa.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, aldaketa nagusi hauek egiten dira:

● Zabaldu egiten da zergaren salbuespenaren eremu subjektiboa, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea barnean hartuta.

● Desagertu egiten da jarduera ekonomikoa hasteagatik egokitzen den salbuespena eskatu beharra.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, bestetik, udalerriei aukera ematen zaie familia ugarietako kideen titulartasuneko ibilgailuen hobari bat arautu dezaten.

Kooperatiben zerga araubideari dagokionez, konpondu egiten da sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboa kalkulatzean sortutako arazoa, alegia, zerga araubide horri buruzko foru arauan bereziki babestutako kooperatibek aplikatzeko jasota dagoen kuota likidoaren 100eko 50eko kenkaria eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauan jasotako kenkari mugadun eta mugagabeak aldi berean aplikatzean sortutako arazoa. Hori horrela, ordenatu egiten dira haien aplikazioa eta kalkulua.

Zergen Foru Arau Okorrean, aldatu egiten dira herrialde edo jurisdikzio jakin bat paradisu fiskaltzat jotzeko kontuan hartzen diren irizpideak. Hori horrela, bertan aintzat hartzen dira informazio truke eraginkorra eta Gardentasunerako eta Informazio Trukerako Nazioarteko Foroaren ebaluazioen emaitzak. Paradisuen zerrenda erregelamenduz arautuko da, eta espresuki aurreikusten da hura eguneratzea.

Xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera, ez dira geldituko pertsonak birkokatzeagatik ematen diren diru laguntzen salbuespenetik kanpo 2014aren aurretik laguntza aitortu zaien kooperatibetako bazkide langileak, aintzat hartuta ondroen desegindako entitateek eta horiek hartzen dituzten talde kooperatiboek neurriak hartu ahal izan dituztela, hala nola krisi egoerari bazkide langileak birkokatzea.

Azkenik, xedapen indargabetzaile bakarrak xedapen generiko bat jasotzen du. Amaierako xedapenak ezartzen du foru araua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dela indarrean, nahiz eta horrek ez duen eragotziko horren xedapenetan espresuki aipatutako ondorioak izatea.

1. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzea.

Lehena. Xedapen hauek aldatzen dira, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen dira 9. artikuluaren 7. eta 17. zenbakiak:

«7.Aurreko zenbakian adierazitako kalte mota berdinengatik aseguru kontratuen bidez jasotzen diren zenbatekoak, 150.000 euroraino. Lesioak prestazioaren jasotzailea desgaitzen badu edozein lanbide edo jardueratan aritzeko, kopuru hori 200.000 eurokoa izango da, eta gainera, jasotzaileak beste pertsona baten laguntza behar badu eguneroko eginbehar oinarrizkoenetarako, orduan 300.000 eurokoa izango da muga.»

«17.– Atzerrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinak, beharkizun hauek betetzen badira:

1.– Lan horiek egitea Espainian egoitzarik ez duen enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian kokatuta dagoen establezimendu iraunkor batentzat, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan. Bereziki, gertatzen bada lanak hartu behar dituen entitateak lotura bat duela langilea enplegatu duen entitatearekin edo haren zerbitzuak jasotzen dituen enpresarekin, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak 44. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitako beharkizunak bete beharko dira.

2.– Lanak egiten diren lurraldean zerga honen antzeko edo pareko zerga bat aplikatzea, eta herrialde edo lurralde hori paradisu fiskaltzat kalifikatuta ez egotea. Beharkizun hori betetzen dela ulertuko da lanak egiten diren herrialde edo lurraldeak nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena sinatua duenean Espainiarekin eta hitzarmen horretan informazioa elkarri trukatzeko klausula jasotzen denean.

Atzerrian emandako egunetan sortu diren ordainsariei aplikatuko zaie salbuespena, eta urtean 60.100 eurokoa izango da gehienez.

Atzerrian destinaturik dauden zergadunentzat, salbuespen hori bateraezina izango da errenta zergaren erregelamenduak tributaziotik kanpo geratzen diren soberakinetarako aurreikusten duen araubidearekin, zenbatekoa edozein dela ere. Zergadunak aukeran izango du salbuespen honen ordez soberakinen araubidea aplikatzea.

Langilearen atzerrira aldatzeak bera enplegatu duen enpresak edo entitateak nazioz gaindiko zerbitzu prestazio bat egiteagatik gertatu behar du.

Salbuespen hau ez zaie aplikatuko mugaldeko langileei.

Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergadunak, aplikazioaren ekitaldiko autolikidazioa aurkeztean, adierazi behar du zer hautatzen duen: salbuespen hau aplikatzea edo soberakinen araubidea aplikatzea.»

Bi.– Aldatu egiten da 27. artikuluko 4. erregela bereziaren b) letra, eta artikulu berari erregela berezi bat eransten zaio, 10. erregela. Hona hemen horien edukia:

«b) Opariak eta bestelako esku-erakutsiak, baldin eta hartzaile eta zergaldi bakoitzeko zenbatekoa ez bada 300 euro baino gehiago, eta hartzailearen nortasuna agiriren batean jasota geratzen bada. Aipaturiko gastuak goian zehazturiko zenbatekotik gorakoak badira, bakarrik kopuru horretaraino izango dira kengarriak.»

«10.a Ez dira aplikatuko Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauaren IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren araberako emaitzen aplikazioan egin beharreko zuzenketak.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 35. artikuluaren 4. apartatua:

«4.Artikulu honetan aipatutako besteren kapitalak erakarri eta erabiltzeko aktiboei dagokienez, kapital higigarriaren etekinik ez dagoela ulertuko da zergadunaren heriotza dela-eta aktiboak kosturik gabe eskualdatzen direnean, eta ez da zenbatuko aktiboak inter vivos egintzen bidez kosturik gabe eskualdatzearen ondorioz eratorritako kapital higigarriaren etekin negatiboa.»

Lau.– Honela idatzita gelditzen da 41.2 artikuluaren e) letra:

«e) Ezkontideen ondasun banaketako araubide ekonomikoa edo izatezko bikoteak adostutako ondare araubidea iraungitzen denean, baldin eta legeak edo epaileek aginduta konpentsazioak egiten badira eta horien zioak ezkontideen edo izatezko bikotekideen arteko pentsio konpentsagarriarekin zerikusirik ez badu.

Apartatu honetako e) letra honetan aipatutako konpentsazioek ez dute emango ordaintzailearen zerga oinarria murrizteko eskubiderik, eta ez dira errenta izango jasotzailearentzat.

Letra honetan aipatutako kasuak inola ere ezingo du ekarri esleitutako ondasun edo eskubideen balioak eguneratzea.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 47. artikuluaren 2. apartatua:

«2.Aurreko apartatuko a), b), c) eta d) letretan xedatutakoaren ondorioetarako, eta letra horietan adierazitako baloreen kostu gabeko eskualdaketen ondorioetarako, balore homogeneoak daudenean, zergadunak eskualdatutakoak lehenik eskuratutakoak direla ulertuko da.

Erabat liberatutako akzioak direnean, haien sorburu diren akzioei dagokien antzinatasuna hartuko da kontuan.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen da 49. artikuluaren 3. apartatua:

«3.Honako kasu honetan ere aurreko apartatuetan ezarritakoa aplikatuko zaie familiaren etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare irabaziei: aurretik zergadunaren ohiko etxebizitza izan bazen, baina senar-emazteak banantzeko edo izatezko bikotea desegiteko prozedura batean epailearen erabakiaren ondorioz utzi bazion hor bizitzeari zergadunak.

Erregelamenduz ezarri ahal izango dira apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko beharkizun osagarriak.»

Zazpi.– Beste letra bat gehitzen zaio, j) letra, 57.2. artikuluari. Hona hemen haren edukia:

«j) Epemugara iritsi diren eta kobratu ez diren kredituek eragindako ondare galerak zirkunstantzia hauetako bat gertatzen den zergaldiari egotzi ahal izango zaizkio:

1.– Eraginkortasuna hartzea Konkurtsoen uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 71. bis artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian aipatutako finantzaketa-akordio judizialki homologagarrietako batean edo lege beraren X. tituluan jasotako akordio estrajudizial batean jasotako kita batek.

2.– Zorduna konkurtso egoeran egonik, eraginkortasuna hartzea Konkurtsoen uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 133. artikuluan jasotakoaren arabera kredituaren adinako kita bat erabakitzen duen hitzarmenak; kasu horretan, galera kitaren zenbatekoaren arabera konputatuko da.

Beste kasu batean, konkurtso prozedura kreditua ordaindu gabe amaitzea, salbu erabakitzen bada konkurtsoa amaitzea Konkurtsoen uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 176.1 artikuluaren 1., 4. eta 5. zenbakietan jasotako arrazoiengatik.

3.– Urtebeteko epea betetzea, betiere konkurtsokoa ez den eta kreditua exekutatzea helburu duen prozedura judiziala hasi denetik aurrera, kreditua ordaindu gabe.

Kreditua j) letra honetan aipatutako ondare galera konputatu ondoren kobratu denean, ondare irabazi bat konputatuko da, betiere kobrantza gertatzen den zergaldian kobratutako zenbatekoaren adina.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 60.2.a) artikuluaren hirugarren paragrafoa:

«Ordaintzailearen etxebizitza erabiltzen den kasuetan, hari dakarkion kostua hartuko da, zergak eta gastuak barne. Halere, balorazioa ezin izango da txikiagoa izan letra honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuz gero egokituko zena baino.»

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 71. artikuluaren 3. apartatua:

«3.Aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetan ekarpenak egin dituzten bazkide, partaide, mutualista edo aseguratuek aukera izango dute ekarpenak hurrengo bost urteetan murrizteko, aipatutako muga errespetatuz beti, baldin eta horien kopuruak zerga oinarri orokorrean murriztu ezin izan badira artikulu honen 1. apartatuko a) letran ezarrita dagoen gehieneko muga gainditzeagatik eta, betiere, murrizpenaren ekitaldian ez badaude erretiro egoeran.

Modu berean jokatu ahal izango da bai kontribuzio enpresarialek euren muga gainditzen dutenean, bai artikulu honen 1. apartatuko c) letran aipatzen den baterako muga aplikatu behar den kasuetan.

Ekarpenak edo kontribuzioak ezin izan badira zerga oinarri orokorrean murriztu hura nahikoa ez izateagatik, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dira, haiek gainditu gabe, baldin eta murrizten diren ekitaldian bazkidea, partaidea, mutualista edo aseguratua erretiro egoeran ez badago.

Era berean, aurreko artikuluko 3. apartatuan xedatutakoaren arabera egindako ekarpenak ezin izan badira zerga oinarri orokorrean murriztu apartatu horretan ezarritako muga gainditzeagatik, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dira, baldin eta horiek murrizten diren ekitaldian bazkide, partaide, mutualista edo aseguratua den ezkontidea edo izatezko bikote-laguna erretiro egoeran ez badago. Ekarpenak edo kontribuzioak ezin izan badira zerga oinarri orokorrean murriztu hura nahikoa ez izateagatik, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dira, haiek gainditu gabe, baldin eta murrizten diren ekitaldian bazkide, partaide, mutualista edo aseguratua den ezkontidea edo izatezko bikote-laguna erretiro egoeran ez badago.

Erregela horiek ez zaizkie aplikatuko beren araudi finantzarioan jasotako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpen eta kontribuzioei.»

Hamar.– Honela idatzita gelditzen da 82. artikuluaren 1. apartatuan jasotako taula, euskarazko bertsioan:

Hamaika.– Honela idatzita gelditzen da 106.1 artikuluaren c) letra:

«c) Egoitza lurralde espainiarrean izan gabe, bertan establezimendu iraunkorraz zein iraunkorrik gabe jarduten duten pertsona fisikoak, juridikoak eta bestelako entitateak, beraiek ordaintzen dituzten lan etekinei dagokienez, bai eta atxiki edo kontura sartu beharreko beste etekin batzuei dagokienez ere, baldin eta Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 24. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen dituen errentak lortzeko gastu kengarriak badira.»

Hamabi.– Honela idatzita gelditzen da laugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua:

«4.Ordaindutako lehenengo primak bost urte baino gehiagoko antzinatasuna izan beharko du, biziarteko errenta eratzen den unean.»

Hamahiru.– Desagertu egiten dira bederatzigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuko euskarazko bertsioaren hirugarren eta bosgarren paragrafoen aurretik dauden letrak.

Hamalau.– Honela idatzita gelditzen da hogeita zortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua:

«3.Xedapen gehigarri honetan xedatutakoak ez du aldatuko mendeko finantza ekarpenen zerga tratamendua kooperatiba jaulkitzaileei dagokienez. Izan ere, kooperatiba horiei Kooperatiben zerga araubideari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauaren 16.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie beti.»

Hamabost.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita hamargarrena. Hona hemen horren edukia:

«Hogeita hamargarrena. Salbuespena zordunak konkurtso prozeduretan lortutako errentengatik.

Zerga honetatik salbuetsita egongo dira zordunek lortu eta zorren ordainez kitak egin eta ematean agerian jartzen diren errentak, baldin eta Konkurtsoen uztailaren 9ko 22/2003 Legean, lege horretako 71. bis artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian aipatutako birfinantzaketako akordio judizialki homologatu batean, lege bereko X. tituluan aipatutako ordainketa akordio estrajudizial batean finkatutako prozedura batean jaso badira edo lege horrek 178. bis artikuluan aipatutako pasibo ordaindugabearen salbuespenen ondorio badira, betiere zorrak ez badira jarduera ekonomikoak egitetik eratorriak.»

Hamasei.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita hamaikagarrena. Hona hemen horren edukia:

«Hogeita hamaikagarrena. Ondare galerak epemugara iritsi diren eta kobratu ez diren kredituengatik.

Foru arau honetako 57.2 artikuluaren j) letran jasotako denboraren araberako egozpenari buruzko arau berezia aplikatzeko, j) letra horren 3. zenbakian jasotako zirkunstantzia bakarrik kontuan hartuko da urtebeteko epea 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera amaitzen denean.»

Hamazazpi.– Beste xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita hamabigarrena. Hona hemen horren edukia:

«Hogeita hamabigarrena. Onuradun entitate hartzekodun hipotekarioa duten aseguruetatik eratorritako etekinak.

Aseguru batean estalitako ezintasun kontingentziari lotutako prestaziotik eratorritako errentek, hura zergadunaren hartzekodun hipotekarioak onuradun moduan jasotzen duenean, betiere zordunaren zor hipotekarioa erabat edo partzialki amortizatzeko obligazioarekin, onuraduna zergaduna bera izanez gero egokituko zitzaion tratamendu fiskal bera izango dute. Dena den, errenta horiek inoiz ez dute atxikipenik izango.

Horretarako, hartzekodun hipotekarioa kreditu entitate bat izan beharko da edo, bestela, jarduera profesional moduan mailegu edo kreditu hipotekarioak ematen dituen beste entitate bat.»

Hamazortzi.– Honela idatzita gelditzen da hamabigarren xedapen iragankorraren 1. apartatuko b) letra:

«b) Lehenengo prima ordaindu den egunetik bost urte baino gehiago igaro izana.»

Hemeretzi.– Honela idatzita gelditzen da hamalaugarren xedapen iragankorra:

«Hamalaugarrena. 2012ko urtarrilaren 1aren aurretik eskualdatutako harpidetza eskubideei aplikatu beharreko zerga araubidea.

Foru arau honetako 47. artikuluaren 1. apartatuko a) letran jasotako eskurapen balioa zehazteko, 2012ko urtarrilaren 1aren aurretik eskualdatutako harpidetza eskubideengatik lortutako zenbatekoa kengarria izango da, salbu eta eskualdaketa horietan lortutako zenbatekoa eskualdatzailearen ondare irabazitzat hartu bazen eskualdaketa egin zen zergaldian. Harpidetza eskubide guztiak eskualdatu ez direnean, lehendabizi eskuratutako eskubideak eskualdatu direla ulertuko da.»

Hogei.– Honela idatzita gelditzen da hogeita batgarren xedapen iragankorra:

«Hogeita batgarrena. Jarduera ekonomiko bat hasteko gordailuak kreditu entitateetan.

1.Zergadunek 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen gordailuak egin badituzte kreditu entitateen kontuetan, horren helburua izanik beharrezko gastu eta inbertsioak egitea ekonomia jarduera bat abian jartzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezartzen duen moduan, eta data horretan oraindik ez badira 3 urte igaro kontua ireki zenetik, bada, orduan, kenkari hori aplikatzen jarraitu dezakete xedapen horrek 2013ko abenduaren 31n aplikagarri zuen idazkeran ezarritako eran.

2.Ez da foru arau honetako 89. bis artikuluan araututako kenkariaren oinarrian sartuko 10/2006 Foru Arauak hogeita batgarren xedapen iragankorrean araututako enpresaren aurrezki kontuen saldoarekin eskuratutako akzio edo partaidetzen zenbatekoa, saldo horren kenkaria egin den neurrian.»

Hogeita bat.– Beste xedapen iragankor bat eransten da, hogeita hamargarrena, eduki hau duena:

«Hogeita hamargarrena. Antzinatasunaren beharkizuna 2015eko urtarrilaren 1aren aurretik formalizatutako aseguru kontratuetako aurrezpen sistematikoko banakako planen tratamenduaren ondorioetarako.

2015eko urtarrilaren 1aren aurretik formalizatutako aurrezpen sistematikoko banakako planei aplikagarri izango zaie foru arau honetako laugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan jarritako bost urteen beharkizuna.

2015eko urtarrilaren 1aren aurretik formalizatutako aurrezpen sistematikoko banakako plan bat edo foru arau honen hamabigarren xedapen iragankorrean araututakoetako aseguru kontratu bat eraldatzeak, horren epemuga aldatuz, asmo bakarra izanik biziarteko errentaren eraketa xedapen horiek exijitutako lehen primaren ordainketatik aurrerako bost urteko antzinatasunaren beharkizuna betetzen duen data batera arte aurreratzea, ez du ondorio tributariorik izango hartzailearentzat.»

Bigarrena.– Xedapen hauek aldatzen dira, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 106. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Jarraian aipatuko direnak behartuta daude atxikipenak eta konturako sarrerakegitera, jasotzaileari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenkonturako ordainketa gisa, erregelamendu bidez zehazten den kopuruan, bai etahorien zenbatekoa Foru Aldundiari ordaintzera ere Ekonomia Itunean jasotakokasuetan eta erregelamendu bidez finkatzen den moduan:

a) Zerga honi lotuta eta salbuetsi gabe dauden errentak ordaintzen dituztenpertsona juridikoak eta entitateak, errentak esleitzen dituzten entitateak barne.

b) Jarduera ekonomikoak egiten dituzten zerga honen zergadunak, jarduera horiek burutzean zerga honi lotutako eta salbuetsi gabeko errentak ordaintzen dituztenean.

c) Egoitza lurralde espainiarrean izan gabe, bertan establezimendu iraunkorraz zein iraunkorrik gabe jarduten duten pertsona fisikoak, juridikoak eta bestelako entitateak, beraiek ordaintzen dituzten lan etekinei dagokienez, bai eta atxiki edo kontura sartu beharreko beste etekin batzuei dagokienez ere, baldin eta Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauak 24. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen dituen errentak lortzeko gastu kengarriak badira.

Entitate batek, egoiliarra izan ala ez, zergadunei lan etekinak ordaintzen badizkieeta zergadun horien zerbitzuak jasotzen baditu Sozietateen gaineko ZergarenForu Arauak 42. artikuluan jasotakoari jarraituz, hari lotuta dagoen entitateegoiliar batek edo espainiar lurraldean dagoen establezimendu iraunkor batek,zergadunaren zerbitzuak jasotzen dituen entitateak edo establezimenduiraunkorrak egin beharko du atxikipena edo konturako sarrera.

Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean helbideratuta dauden eta Espainian zerbitzuen prestazio libreko araubideari jarraituz aritzen diren aseguru entitateek atxikipena eta konturako sarrera egin beharko dute Espainian egiten diren eragiketei dagokienez.

Europar Batasuneko beste estatu batean helbideratuta dauden pentsio funtsak edo, hala badagokio, horiek kudeatzen dituzten entitateak behartuta egongo dira, Gipuzkoan egiten diren eragiketei dagokienez, atxikipena eta konturako sarrera egitera, baldin eta funts horiek Espainiako legeriaren mende dauden enpleguko pentsio planak lurralde espainiarrean garatzen badituzte Europako Parlamentuak eta bertako Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an enpleguko pentsio funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruz emandako 2003/41/EE Zuzentarauan jasotakoari jarraituz.

Misio diplomatikoak eta atzerriko estatuek Espainian dituzten bulego kontsularrak inoiz ere ez daude behartuta atxikipenik edo konturako sarrerarik egitera.»

Bi.– Edukirik gabe uzten da hamahirugarren xedapen iragankorra.

Hirugarrena.– Aldatu egiten dira, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren xedapen hauek:

Honela idatzita gelditzen da 9. artikuluaren 13. zenbakia:

«13.– Kasuan kasuko entitate kudeatzaileak onartutako langabezia prestazioak, ekainaren 19ko 1044/1985 Errege Dekretuaren bidez ezarritako ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen direnean, baldin eta jasotako zenbatekoak aipatutako errege dekretuan ezarritako helburuetara bideratzen badira eta bertan aipatzen diren kasuetan ematen badira.

Zergaduna sozietate laboraletan edo lan elkartuko kooperatibetan sarturik badago edo merkataritzako sozietate baten kapital sozialean ekarpen bat egin badu, aurreko paragrafoan adierazi den salbuespena aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da akzioari edo partaidetzari bost urtez eustea. Langile autonomoen kasuan, nahitaezkoa izango dute bost urteko epean ere jarduerarekin jarraitzea. Akzio edo partaidetzari edo jarduera ekonomikoari bost urtez eusteko epea ez da exijituko, baldin eta epe hori ez bada bete konkurtso prozedura batek eragindako enpresaren edo jarduera ekonomikoaren likidazioaren ondorioz.

Era berean, salbuetsita egongo dira borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek kooperatiba deseginetako bazkide langileei eta lan bazkideei onartutako behin betiko birkokapenagatik enpleguaren alde ematen diren diru laguntzak, baldin eta kooperatibak Gizarte Segurantzako erregimen berezira atxikita badaude eta laguntzak behin betiko birkokatzeko erabiltzen diren kooperatiben kapital sozialaren aldeko ekarpenak egitera zuzentzen badira.

Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, gehienez salbuetsita geldituko da estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak onartzen duen gehieneko prestazioaren zenbatekoa. Soberakina lan etekin moduan zergapetuko da.»

Laugarrena. 2015eko urriaren 3tik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– Bi paragrafo gehitzen zaizkio bukaeran 35. artikuluaren 4. apartatuari, honako hau diotenak:

«Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da are kostu gabeko eskualdaketa komisarioak testamentu-ahalordea erabilita edo uneko eraginkortasuna duen edozein oinordetza-titulu bidez egiten denean ere. Ondorio horietarako, oinordetza-tituluak izango dira oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren foru arauko 3. artikuluan ezarritakoak.

Aurreko paragrafoan aipatutako kostu gabeko eskualdaketetan –uneko eraginkortasuna duten oinordetza-titulu bidez egindakoetan–, eskurapen balioa, besteren kapitalak erakarri eta erabiltzea adierazten duten aktiboen eskuratzailearentzat, hauxe izango da geroko eskualdaketei begira: dohaintza-emaileak aktibo horiek dohaintza-hartzaileari ematean duten balioa, salbu eta dohaintza-hartzaileak dohaintza-emailea hil aurretik eskualdatzen baditu akzioak. Izan ere, horrelako kasuetan, dohaintza-hartzailea dohaintza-emailearen lekuan subrogatuko da aktibo horien eskurapen balio eta datei dagokienez. Subrogazio horretan, uneko eraginkortasuneko oinordetza-itunaren aurretik dohaintza-emaileak zituen eskurapen data eta balioa gordeko dira.»

Bi.– 46. artikulua honela geratzen da idatzita:

«46. artikulua.–Kostu gabeko eskualdaketak.

Eskurapena edo eskualdaketa kostu gabekoa izan bada, aurreko artikuluko arauak izango dira aplikagarriak, eta balio bakoitzaren benetako zenbatekotzat oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren arauak aplikatzetik ateratako balioak hartuko dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da are kostu gabeko eskualdaketa komisarioak testamentu-ahalordea erabilita edo uneko eraginkortasuna duen edozein oinordetza-titulu bidez egiten denean ere. Ondorio horietarako, oinordetza-tituluak izango dira oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren foru arauko 3. artikuluan ezarritakoak.

Aurreko paragrafoan aipatutako kostu gabeko eskualdaketetan –uneko eraginkortasuna duten oinordetza-titulu bidez egindakoetan–, eskurapen balioa, ondasunak eskuratzen dituenarentzat, hauxe izango da geroko eskualdaketei begira: dohaintza-emaileak ondasun horiek dohaintza-hartzaileari ematean duten balioa, salbu eta dohaintza-hartzaileak dohaintza-emailea hil aurretik eskualdatzen baditu ondasunak. Izan ere, horrelako kasuetan, dohaintza-hartzailea dohaintza-emailearen lekuan subrogatuko da ondasun horien eskurapen balio eta datei dagokienez. Subrogazio horretan, uneko eraginkortasuneko oinordetza-itunaren aurretik dohaintza-emaileak zituen eskurapen data eta balioa gordeko dira.

Foru arau honen 41. artikuluko 2. apartatuaren c), d) eta f) letretan aipatzen diren kostu gabeko eskurapenetan, dohaintza-hartzailea dohaintza-emailearen lekuan subrogatuko da ondasunen eskurapen balio eta datei dagokienez.»

2. artikulua.– Sozietateen gaineko zerga aldatzea.

Lehena. Xedapen hauek aldatzen dira, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan:

Bat.– Beste letra bat sartzen da, j) letra, 31.1 artikuluan. Hona hemen haren edukia:

«j) Antolaketa juridikoaren aurkako jarduketen gastuak.»

Bi.– Aldatu egiten da 31. artikuluaren 2. apartatuko b) letra. Hona hemen haren edukia:

«b) Opariak eta bestelako esku-erakutsiak, baldin eta hartzaile eta zergaldi bakoitzeko zenbatekoa ez bada 300 euro baino gehiago, eta hartzailearen nortasuna agiriren batean jasota geratzen bada. Baldin eta aipaturiko gastuak goian zehazturiko zenbatekoa baino gehiago badira, zenbateko horretaraino soilik izango dira kengarri.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 32. artikuluaren 4. apartatua:

«4.– Foru arau honetako 13. artikuluaren 1. apartatuan aipatutako mikroenpresek euren zerga oinarritik kengarritzat jo ahal izango dute euren zerga oinarri positiboaren 100eko 20, apartatu honetan ezarritakoa, 48. artikuluan ezarritako errenta positiboen sartzea eta 55. artikuluan ezarritako zerga oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu baino lehen, euren tamainari dagozkion zailtasunen zerga konpentsazio gisa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko mikroenpresa ekonomia intereseko espainiar edo europar taldea denean edo aldi baterako enpresa elkartea denean, betiere VI. tituluko III. kapituluan jasotako araubide berezian zergapetuta badago.

Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzea bateraezina izango da titulu honetako V. kapituluan ezarritako zuzenketak egitearekin.»

Lau.– Honela idatzita gelditzen da 35. artikuluaren 3. apartatua:

«3.– Foru arau honen ondorioetarako, entitate bat atzerriko establezimendu iraunkor baten bitartez ari dela pentsatuko da, baldin eta Espainiako lurraldetik kanpo dauden instalazioak edo lantokiak erabiltzen baditu, zeinahi tituluz baliatuta, etengabean edo maiztasun jakinarekin, bere jarduera osoa zein haren zati bat egiteko.

Bereziki, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 13. artikuluko 1. apartatuan aipatutakoak hartuko dira establezimendu iraunkortzat.

Establezimendu iraunkorra dagoen herrialdeak hitzarmena sinatu badu Espainiarekin nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko, bertan ezarritakoa aplikatuko da.»

Bost.– Honela idatzita gelditzen da 36. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Nahi izanez gero, zerga oinarrian sartu gabe utz daitezke ustiapen ekonomikoei loturiko ibilgetu material edo ukiezineko edo higiezinetako inbertsioetako ondare elementuen kostu bidezko eskualdaketetan edo eskualdatu aurretik saltzeko mantendutako aktibo ez-korronte gisa sailkatutako elementu hauen kostu bidezko eskualdaketan lortutako errentak, foru arau honetako 40. artikuluko 9. apartatuan araupetutako moneta-baliogalera aplikatuz zuzendu ondoren, hala dagokionean.

Foru arau honetako 31. artikuluaren 3. apartatuan aipatutako ibilgailuak eskualdatzen badira, ez-sartzea haren e) letran aipatutako ibilgailuei dagokienez bakarrik aplikatu ahal izango da.Era berean, aipatutako 31. artikuluko 4. apartatuan jasotako garraio elementuak eskualdatzen badira, ez-sartzea haren hirugarren paragrafoan aipatutako elementuei dagokienez bakarrik aplikatu ahal izango da.

Zerga oinarrian ez sartzeko aukeraz baliatu ahal izateko, eskualdaketaren bidez lortutako zenbatekoa aurrean aipatutako ondare elementuetako batean berrinbertitu behar da, hura eman edo eskura jarri aurreko urtetik ondorengo hiru urtera bitarteko epealdian.

Berrinbertsioari dagokionez, ez dira kontuan hartuko berrinbertsioa egingo den aktiboei lotutako eraiste edo kentzeen ondorioz hartuko diren betebeharrei dagozkien kostuak, aktibo haiek balioesteko kontuan har daitezkeen arren.

Partaidetzetatik sortutako errentak zerga oinarritik kanpo utzi ahal izateko, foru arau honetako 33. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen eskurapenean ere gauzatu ahal izango da berrinbertsioa, baina sekula ere ez inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzetan edo kapital sozialeko partaidetzarik ematen ez duten baloreetan.

Dena den, berrinbertsioa egin gabekotzat hartuko da talde bereko entitateen artean egindako eragiketen bitartez gauzatzen denean erosketa, foru arau honetako 42. artikuluak ezarritako zentzuan, baldin eta entitate horiek foru arau honetako VI. tituluko VII. kapituluan ezarritako araubide berezira bilduta badaude.

Berrinbertsioa egin gabekotzat hartuko da, orobat, lotutako pertsona edo entitate bati egiten zaionean erosketa, foru arau honetako 42. artikuluan ezarritako zentzuan, ibilgetu materialaren elementu berriak direnean izan ezik.

Hala ere, baldin eta errenta agerian jarri bada entitateei dirua ez bestelako ondare elementu batzuen ekarpena eginda, berrinbertsioa ezingo da gauzatu ekarpen hori jaso duen entitatearen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren erakusgarri diren baloreetan.

Berrinbertsioa hura gauzatzen den ondare elementuak eskura jartzen diren egunean egindakotzat joko da.

Ondare elementuak finantza-errentamenduaren kontratuen helburu direnak izanez gero, berrinbertsioa egintzat emango da kontratua egiten den egunean. Haren zenbatekoa ondare elementuaren kontabilitateko balioaren berdina da. Berrinbertsioaren ondorioak erosteko aukerak baldintzatuta egongo dira eta izaera ebazgarria dute.»

Sei.– Honela idatzita gelditzen dira 45. artikuluaren 2. apartatuko b) letraren azken paragrafoa eta 7. apartatuaren azken paragrafoa:

«Pertsona edo entitate bazkide edo partaideak entitatean duen partaidetza-portzentajearekin bat ez datorren diferentziaren zatia errenta izango da entitatearentzat, eta liberalitatea, berriz, pertsona edo entitate bazkide edo partaidearentzat. Establezimendu iraunkorrik ez duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, ondare irabazitzat joko da errenta, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 13. artikuluaren 2. apartatuko k) letrako d') letran ezarritakoarekin bat.»

«Horri dagokionez, aplikagarria izango da Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.»

Zazpi.– 51. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergadunek zerga oinarritik kendu ahal izango dute zerga ondorioetarako euren ondare garbiak aurreko ekitaldikoaren aldean izandako gehikuntzaren 100eko 10.Kasu horretan, gehikuntza horren pareko zenbatekoa erreserba batean sartu beharko dute, eta ezingo dute erreserba hori baliatu harik eta kenkaria aplikatu duten zergaldia amaitzen denetik bost urte igaro arte, gutxienez, salbu eta kapitalean txertatutako gehikuntzari dagokion zatian.

Bost urteko epe horretan, entitatearen zerga ondorioetarako ondare garbiaren zenbatekoak aldatu gabe jarraitu edo gora egin beharko du, salbu eta kontabilitateko galeren ondorioz jaitsiera gertatzen denean.

Entitate berrien kasuan, lehenengo ekitaldian, aurreko ekitaldiko zerga ondorioetarako ondare garbitzat hartuko da entitatea eratu denetik igarotako denboran zerga ondorioetarako ondare garbiak izandako batez besteko zenbatekoa.

Artikulu honetan xedatutakoa ezin izango da aplikatu zerga ondorioetarako ondare garbiaren gehikuntza lege edo estatutuetan agindutako erreserbetarako zuzkiduraren ondorio denean.»

Zortzi.– Honela idatzita gelditzen da 67. artikuluaren 9. apartatua:

«9.– Kapitulu honetan araututako kenkariak eta zerga araudian jasotako kuota likidoaren bestelako kenkariak ez zaizkie aplikatuko foru arau honetako 14. artikuluan aipatzen diren ondare sozietateei.»

Bederatzi.– Honela idatzita gelditzen da 74.1 artikuluaren c) letra:

«c) Espainiako lurraldeko egoiliar ez diren pertsona eta entitate bazkideak, entitatearen egoitza Espainian egon zein ez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kargapean egongo dira, baldin eta, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan edo nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmenean ezarritakoaren arabera, haiek taldearen bitartez egindako jarduerak establezimendu iraunkorra egotea eragiten badu.»

Hamar.– Hamargarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hamargarrena. Enpresen kapitalizazioa sustatzeko konpentsazioa.

Foru arau hau aplikagarria den lehen zergaldian, 51. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa aplikatzeari begira, aurreko ekitaldiko zerga ondorioetarako ondare garbitzat hartuko da entitateak foru arau hau indarrean jarri aurretik itxitako azken balantzetik ateratzen den ondare garbiaren zenbatekoa, salbu eta zenbateko hori aurreko ekitaldikoa baino txikiagoa bada, kasu horretan azken ekitaldikoa hartuko baita.»

Hamaika.– Honela idatzita gelditzen dira hamahirugarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. apartatuetako c) letrak:

«c) Hartzailea ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergaduna bada (establezimendu iraunkorrik gabe), ezin da aplikatu Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 14. artikuluaren 1. apartatuko l) letran araututako salbuespena.»

«c) Pertsona edo entitate eskualdatzailea edo hartzailea ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergaduna bada (establezimendu iraunkorrik gabe), ezin da aplikatu Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Arauaren 14. artikuluko 1. apartatuko h) letran araututako salbuespena.»

Hamabi.– 2. artikuluaren 5. apartatua honela geratzen da idatzita:

«5.– Foru arau honetan araututako zerga araubidea talde fiskalei aplikatuko zaie baldin eta entitate nagusiari, aurreko 1etik 3ra bitarteko apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriz, foru arau hau aplika badakioke, eta menpeko entitate guztiek edozein lurralde historikotako sozietate zergaren araudia aplika badezakete.

Talde fiskalak eratuta badaude foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, foru arau honetan ezarritako tributazio araubidea aplikagarria izango zaie baldin eta aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari foru arau honetan xedatutakoa aplika badakioke, eta, gainera, taldeko gainerako entitateek edozein lurralde historikotako sozietate zergaren araudia aplika badezakete.

Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lurralde erkideko araubideari lotuta dauden entitateak talde fiskaletik kanpo geratzen dira.»

Hamahiru.– 83. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Talde fiskalaren entitate ordezkariak zerga baterakuntzaren araubidetik eratortzen diren zerga betebehar materialak eta formalak bete behar ditu.

Hauetako bat hartuko da talde fiskalaren entitate ordezkaritzat: entitate nagusia, egoitza lurralde espainiarrean duenean, edo, bestela, taldekoen artean aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitatea, lurralde espainiarrean egoitza duen eta entitate nagusi izateko beharkizunak betetzen dituen entitaterik ez dagoenean.

Nolanahi ere, lurralde espainiarrean egoitzarik ez duen entitate nagusiak taldeko beste entitate bat izendatu dezake ordezkari. Horretarako, baina, ezinbestekoa da entitate horri aplikagarri zaion araudia talde fiskalean aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari aplikatzen zaion berbera izatea.»

Hamalau.– 85.4. artikuluko e) eta f) letrak honela geratzen dira idatzita:

«e) Menpeko entitateak, sozietateen gaineko zergan aplikatzen zaien karga tasa talde fiskaleko entitate nagusiari aplikatzen zaion berbera ez denean.

Alabaina, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, kontuan hartuko den karga tasa aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari dagokiona izango da.»

f) Ekitaldi soziala, legez agindutakoa, entitate nagusiarenera egokitu ezin duten menpeko entitateak.

Alabaina, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, kontuan hartuko den ekitaldi soziala aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitatearena izango da.»

Hamabost.– 86. artikulua honela geratzen da idatzita:

«86. artikulua.Entitateak talde fiskalean sartzea edo hortik ateratzea.

1.– Aurreko artikuluaren 2. apartatuko b) letran definitutakoa bezalako partaidetza bat eskuratzen bada entitate batetik, entitate hori nahitaez talde fiskalean integratuko da, hurrengo zergalditik aurrerako ondorioekin.Entitateak sortu berriak direnean, eratzen diren unetik beretik sartuko dira taldean, betiere talde fiskalean sartzeko gainerako beharkizunak betetzen badira.

2.– Menpeko entitateak izateari uzten diotenak talde fiskaletik kanpo geratuko dira, eta horrek zirkunstantzia hori gertatzen den zergaldi berean izango ditu ondorioak.»

Hamasei.– 87. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Talde fiskal batean zuzeneko eta zeharkako partaidetza harremanak badaude, entitate batek beste batean duen partaidetza osoa kalkulatzeko –lehenengoak zeharka edo zuzenean kontrolatua–, zuzeneko eta zeharkako partaidetza portzentajeak batu behar dira.Entitate partaidetuak entitateen talde fiskalean sartzeko obligazioa izan dezan, batura horrek, gutxienez, kapital sozialaren 100eko 75 eman behar du. Dena den, gutxieneko portzentaje hori 100eko 70 izan daiteke akzioak merkatu arautuetan negoziatzeko onartuta dituzten entitateak direnean edo azken horiek zuzenean edo zeharka partaidetutako entitateak direnean, betiere haien bitartez portzentaje horretara iristen bada.»

Hamazazpi.– 88. artikuluaren 2., 4. eta 6. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«2.– Aurreko apartatuan aipatutako erabakiak Administrazio Kontseiluak edo antzeko organoak hartu behar ditu, zerga baterakuntzaren araubidea aplikatu behar den zergaldia hasi aurreko zergaldiko edozein egunetan.»

«4.– Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aipatutako erabakiak ez hartzeak berekin ekarriko du zerga baterakuntzaren araubidea ezin aplikatzea.

Talde fiskalean gerora sartu behar diren entitateei buruzko erabakirik ez hartzea entitate ordezkariaren zerga arloko arau-haustea izango da. Araubidea beharkizun hori bete gabe aplikatzen den lehenengo zergaldiagatik, 20.000 euroko diru isun finkoa ezarriko da, eta bigarren eta hurrengoarengatik, berriz, 50.000 eurokoa. Zehapenak ez du eragotziko ukituriko entitateak taldean sartzea.»

«6.– Talde fiskalaren entitate ordezkariak araubide hau aplikagarria den zergaldia hasi baino lehen jakinarazi behar dizkio zerga Administrazioari artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen diren erabakiak.

Talde fiskala eratuta badago foru arau honetako 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, entitate ordezkariak aurreko paragrafoan adierazitako modu berean komunikatu behar du lurralde espainiarrean egoiliartu gabeko entitate nagusiak talde fiskalaren entitate ordezkaria izendatzeko hartutako erabakia.Hiru hilabeteko epean jakinarazi behar du bere identitatea, zergaldia amaitzen denetik aurrera.»

Dena den, entitate ordezkaria foru arau honen 83. artikuluko 2. apartatuaren bigarren paragrafoan jasotakoari jarraituz izendatu bada, ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan aipatutako komunikazioa egitea.

Halaber, talde fiskalaren osaera aldatzen bada, entitate ordezkariak Zerga Administrazioari jakinarazi behar dizkio aldaketa horiek, eta identifikatu behar du zer entitate sartu diren taldean eta zer entitate utzi diren taldetik kanpo.Jakinarazpena hilabeteko epean egingo da, zergaldia amaitzen denetik aurrera.»

Hemezortzi.– 89. artikuluaren 1. apartatuko e) letraren edukia haren f) letra berria izango da, eta aldatu egiten dira apartatu horretako a) eta e) letrak. Honela idatzita geratzen dira aldatutako letrak:

«a) Talde fiskaleko entitate guztien banakako zerga oinarriak; haien barruan ez dira sartu behar banakako zerga oinarri negatiboen konpentsazioa, foru arau honetako 32. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zerga konpentsazioa eta IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren arabera emaitzen aplikazioan egin beharreko zuzenketak.»

«e) Foru arau honetako 32. artikuluko 4. apartatuan jasotako zerga konpentsazioa, hala badagokio. Hori kalkulatzeko, artikulu honetako 8. apartatuan jasotakoari jarraituko zaio.»

Hemeretzi.– 89. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da, eta artikulu horri 5., 6. 7. eta 8. apartatu berriak gehitzen zaizkio. Honela hemen testua:

«4.– Foru arau honetako IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren arabera talde fiskalaren emaitzen aplikazioan egin beharreko zuzenketen zenbatekoa kalkulatzearen ondorioetarako, talde fiskalaren magnitudeak kalkulatuko dira zergaldiko azken egunean talde fiskalari dagozkion urteko kontu bateratuak aintzat hartuta.

Dena den, erreserben zuzkidura taldeko edozein entitatek egingo du.

Talde fiskalei ez zaie inola ere aplikatuko foru arau honen 51. artikuluko 5. apartatuaren lehen paragrafoan xedatutakoa, ez eta 52. artikuluko 4. apartatuaren lehen paragrafoan xedatutakoa ere.

5.– Emaitzaren aplikazioan egin beharreko zuzenketa, foru arau honen 51. artikuluan arautua, egin duten entitateek talde fiskalean sartu baino lehen egin badute zuzenketa hori, eta taldeko kide diren zergaldietan beren zerga oinarria gehitu behar badute 51. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraituz, dena delako kopuruek talde fiskalaren zerga oinarria gehituko dute.

Era berean, talde fiskalean sartu baino lehen entitateek zuzkitu badute foru arau honen 51 artikuluak emaitzen aplikazioan aurreikusten duen zuzenketari dagokion erreserba, eta kendu gabeko kopuruak badituzte zerga oinarria nahikoa ez izateagatik 51.4 artikuluan ezarritako moduan, kopuru horiek talde fiskalak kendu ditzake, betiere kontuan hartuta entitateak zergaldian lortzen duen banakako zerga oinarri positiboa izango duela muga.

6.– Talde fiskal batean sartzen den entitateak kopuruak bideratu baditu foru arau honen 52. artikuluan araututako erreserbarako –mozkinak nibelatzeko erreserba berezirako–, eta kopuru horiek ez badute oraindik gehitu entitatearen zerga oinarria, taldearen zerga oinarria gehituko dute 52. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako zirkunstantziak betetzen direnean, betiere emaitzaren aplikazioan zuzenketa egin duen entitatearen banakako zerga oinarriaren zenbatekoa kontuan hartuta.

7.– Ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen jarduera sendotzeko erreserba berezia, foru arau honen 3. artikuluan arautua, zuzkitu duten entitateek talde fiskalean sartu baino lehen egin badute zuzkidura hori, eta taldean integratzeko momentuan erreserba hori gauzatu ez badute, taldeko edozein entitatek gauzatu dezake.

Foru arau honen 53. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako kasuetan, dena delako kopuruek talde fiskalaren zerga oinarria gehituko dute.

8.– Foru arau honetako 32. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zerga konpentsazioagatik talde fiskalari dagokion zenbatekoa zehazteko, taldearen zerga oinarriaren gainean egingo da kalkulua, aurreko 1. apartatuko e) eta f) letretan ezarritakoa aplikatu aurretik. »

Hogei.– 90. artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Barne eragiketatzat hartzen dira talde fiskaleko sozietateen artean egiten diren eragiketak, baldin eta taldekide diren zergaldietan egiten badira zerga baterakuntzaren araubidea aplikatuta.»

Hogeita bat.– 91. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«2.– Entitate batek barne eragiketa batean parte hartu badu eta, horren ostean, talde fiskaleko partaide izateari uzten badio, eragiketa horren emaitza ezabatua taldea utzi aurreko zergaldian talde fiskalari zegokion zerga oinarrian erantsiko da.

3.– Talde fiskaleko entitateen partaidetza-balioaren zuzenketa dela-eta egindako ezabaketa erantsiko da entitate horiek taldea uzten dutenean eta balio-zuzenketa eragin zuen galeragatik gertatutako zerga oinarri negatiboa konpentsatzeko eskubidea beren gain hartzen dutenean.Ez da eransketarik egingo partaidetutako entitatea talde fiskalekoa izan ez den zergaldietan egindako balio-zuzenketen itzulketagatik.»

Hogeita bi.– 92. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Talde fiskalean sartzean entitate batek konpentsatu gabe dauzkan zerga oinarri negatiboak taldearen zerga oinarrian konpentsatu daitezke, entitatearen zerga oinarria izanik gehieneko muga.»

Hogeita hiru. 93. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Talde fiskaleko entitateek zilegi dute aplikatzea foru arau honen 36. artikuluan aipatutako aparteko mozkinen berrinbertsioa; aparteko mozkina lortu duen entitateak berak nahiz talde fiskaleko beste batek egin dezake berrinbertsioa.Talde fiskaleko beste entitate bati eskuratutako elementu batean gauzatu daiteke berrinbertsioa, baldin eta elementu hori berria bada.»

Hogeita lau.– 94. artikulua honela geratzen da idatzita:

«94. artikulua.–Zergaldia.

1.– Talde fiskalaren zergaldia haren entitate nagusiarena bera izango da.

Alabaina, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, zergaldia aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari dagokiona izango da.

2.– Talde fiskala osatzen duten gainerako entitateen artean, baten batek banakako tributazioaren arauei jarraituz bukatzen badu zergaldi bat, bukaera horrek ez du talde fiskalarena ekarriko.»

Hogeita bost.– 95. artikulua honela geratzen da idatzita:

«95. artikulua.–Talde fiskalaren kuota osoa.

Talde fiskalaren zerga oinarriari entitate nagusiaren karga tasa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa joko da talde fiskalaren kuota osotzat.

Alabaina, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, aplikatuko den karga tasa aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari dagokiona izango da.»

Hogeita sei.– 97. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Egoera orri bateratuak talde fiskaleko entitate nagusiaren urteko kontuen itxierako egun eta zergaldi berberari buruzkoak izango dira, eta talde fiskaleko gainerako entitateek entitate nagusiak egiten duen egunean bertan itxi beharko dute beren ekitaldi soziala.»

Alabaina, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, kontuan hartuko den data aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitateari dagokiona izango da.»

Hogeita zazpi.– 99. artikulua honela geratzen da idatzita:

«99. artikulua.–Zerga baterakuntzaren araubidea galtzeak eta talde fiskala iraungitzeak dakartzan ondorioak.

1.– Zerga baterakuntzaren araubidea galtzen den edo talde fiskala iraungitzen den zergaldian gertatzen bada badaudela erantsi gabeko ezabaketak, foru arau honen 51.4 artikuluaren arabera zerga oinarrian integratu beharreko zuzenketak, talde fiskalaren zerga oinarri negatiboak, edo kuotan konpentsatu gabeko kenkariak, ondoren zehazten den eran jokatuko da:

a) Eransteke dauden ezabaketak sartu behar dira zerga baterakuntzaren araubidea aplikagarria den azken zergaldian talde fiskalari dagokion zerga oinarrian.

Aurrekoa ez da aplikatuko entitate nagusia berehala beste talde fiskal bateko menpeko entitate bihurtzen denean, edo beste talde horretako entitate batek hura xurgatze duenean foru arau honen VI. tituluko VII. kapituluan ezarritako bat-egite prozesuen bidez. Bi kasuetan, ezinbesteko baldintza da menpeko entitate guztiak beste talde horretan sartzea.Ezabatutako emaitzak foru arau honen 91. artikuluan ezarritako eran erantsiko zaizkio beste talde fiskal horren zerga oinarriari.

Talde fiskalak eratuta badaude foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, arau horiek berak aplikatuko dira taldea osatzen duten entitateak beste talde fiskal bateko menpeko bihurtzen direnean.

Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatzeko, nahitaezko baldintza da talde fiskalak, deskribatu diren zirkunstantzietan eratuak, zerga baterakuntzaren araubidean tributatzea aurreko taldeak araubide hori azkeneko aldiz aplikatu duen zergaldia amaitu ondorengo zergaldiko lehen egunetik aurrera.

b) Araubide hau galtzen edo iraungitzen den zergaldian talde fiskalean dauden entitateek eskubidea bereganatuko dute talde fiskalaren emaitzaren aplikazioan egin beharreko zuzenketak egitekoa –foru arau honen 51.4 artikuluaren arabera zerga oinarrian sartugabe–, zuzenketa horien sorkuntzan duten proportzioan.

Era berean, entitate horien obligazioa izango da zerga oinarrian integratzea talde fiskalak emaitzaren aplikazioan egindako zuzenketak, hain zuzen ere foru arau honen 51.3 artikuluan, 52. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan, eta 53. artikuluko 3. et 4. apartatuetan aipatutakoak, zuzenketa horien sorkuntzan izan duten proportzioan.

Aurreko a) letrako bigarren edo hirugarren paragrafoan xedatutakoa aplikagarria den kasuetan, foru arau honen 89. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan ezarritako arauak aplikatuko dira talde fiskala osatzen zuten entitate guztiak aintzat hartuta, nagusia izandakoa barne; aldiz, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, taldea osatzen zuen entitate multzoa hartuko da kontuan.

c) Araubide hau galtzen edo iraungitzen den zergaldian talde fiskalean dauden entitateek talde fiskalaren zerga oinarri negatiboak konpentsatzeko eskubidea bereganatuko dute, oinarri horien sorkuntzan izan duten proportzioan.

Konpentsazioa foru arau honen 55. artikuluko 1. apartatuan ezarritako epea osatu arte geratzen diren zergaldietan egingo da, banakako tributazio araubidean zehaztutako zerga oinarri positiboekin. Epea talde fiskalaren zerga oinarri negatiboak zehaztu ondorengo zergalditik edo zergaldietatik aurrera konputatuko da.

Aurreko a) letrako bigarren edo hirugarren paragrafoan xedatutakoa aplikagarria den kasuetan, foru arau honen 92. artikuluko 2. apartatuan ezarritako araua aplikatuko da talde fiskala osatzen zuten entitate guztiak aintzat hartuta, nagusia izandakoa barne; aldiz, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, taldea osatzen zuen entitate multzoa hartuko da kontuan.

d) Araubide hau galtzen edo iraungitzen den zergaldian talde fiskalean dauden entitateek eskubidea bereganatuko dute talde fiskalaren kuotako kenkariak konpentsatzeko, haien sorkuntzan izan duten proportzioan.

Konpentsazioa banakako tributazioan zehaztutako kuota osoen zein likidoen gainean egingo da, aplikatu gabeko kenkaria egiteko foru arau honek ezartzen duen epea osatu arte falta diren zergaldietan. Epe hori kontatuko da kendu beharreko zenbatekoak zehaztu ziren zergaldia edo zergaldiak amaitu ondorengotik edo ondorengoetatik aurrera.

Aurreko a) letrako bigarren edo hirugarren paragrafoan xedatutakoa aplikagarria den kasuetan, foru arau honen 96. artikuluko 2. apartatuan ezarritako araua aplikatuko da talde fiskala osatzen zuten entitate guztiak aintzat hartuta, nagusia izandakoa barne; aldiz, talde fiskala eratuta badago foru arau honen 85. artikuluko 1. apartatuaren bigarren paragrafoan ezarritako eran, taldea osatzen zuen entitate multzoa hartuko da kontuan.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa talde fiskaleko entitateren bat taldetik irteten denean aplikatuko da.

Artikulu honetako aurreko apartatuko a) letraren bigarren paragrafotik laugarrenera bitartean eta b), c) eta d) letren hirugarren paragrafoetan ezarritako erregelak kasu hauetan aplikatuko dira:

a) Talde fiskaleko entitate nagusiak nagusi izateari uzten badio eta haren menpeko entitate bat berehala beste talde fiskal bateko entitate nagusi bihurtze bada, talde fiskal berria osatzen duten guztiak aurreko taldean zeudenean.

b) Foru arau honen 85.1 artikuluko bigarren paragrafoan eratutako talde fiskal batean entitateetako bat talde fiskal berri bateko entitate nagusi bihurtzen bada, talde fiskal berria osatzen duten guztiak aurreko taldean zeudenean.

c) 85. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoan ezarritako eran eratutako talde fiskal batek beste talde fiskal bat eratzen badu apartatu horren bigarren paragrafoan jasotakoari jarraikiz, talde fiskal berria osatzen duten guztiak aurreko taldean zeudenean.

Aurreko hiru letretan xedatutakoa aplikatzeko, nahitaezko baldintza da talde fiskalak, deskribatu diren zirkunstantzietan eratuak, zerga baterakuntzaren araubidean tributatzea aurreko taldeak araubide hori azkeneko aldiz aplikatu duen zergaldia amaitu ondorengo zergaldiko lehen egunetik aurrera.»

Hogeita zortzi.– 132. artikuluari beste apartatu bat gehitzen zaio, 5.a, honela dioena:

«5.– Foru arau honen VI. tituluko VI. kapituluan xedatutakoaren arabera tributatzen duten talde fiskalak ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da entitate nagusia ikuskatzeko eskumena ere Aldundiarena denean aurreko 1. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz.

Talde fiskalak eratuta badaude foru arau honen 85.1 artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako eran, talde fiskala ikuskatzeko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da baldin eta aurreko ekitaldian eragiketa bolumen gehien izan duen entitatea ikuskatzeko eskumena ere Gipuzkoako Foru Aldundiari badagokio aurreko 1. apartatuan jasotakoarekin bat etorriz.»

Bigarrena.– Aldatu egiten da,2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 130. artikuluaren 1. apartatua. Hona hemen horren edukia:

«1.– Zerga honen kargapeko errentak ordaintzen dituzten entitateek, are ondasun erkidegoek eta jabeen erkidegoek, arau bidez zehaztutako atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituzte konturako ordainketen zioz, eta zenbateko horiek Gipuzkoako Foru Ogasunean sartu behar dituzten Ekonomia Itunean ezarritakoarekin bat etorriz. Banako enpresaburuek eta profesionalek euren jarduera ekonomikoetan ordaintzen dituzten errentei atxikipenak eta konturako sarrerak aplikatu behar dizkiete, bai eta Espainiako lurraldean establezimendu iraunkor baten bidez ari diren pertsona fisikoek, pertsona juridikoek eta bertan egoitza ez duten gainerako entitateek ere.

Era berean, Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kide batean helbideratuta dauden eta Espainian zerbitzuen prestazio libreko araubideari jarraituz aritzen diren aseguru entitateek atxikipena eta konturako sarrera egin beharko dute Espainian egiten diren eragiketei dagokienez.»

3. artikulua.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga aldatzea.

Lehena.2015eko urriaren 3tik aurrerako ondorioak izateko, aldaketak sartzen dira urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 3.1 artikuluko a) letran, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Honako hau da zerga-egitatea:

a) Ondasun eta eskubideak herentzia, legatu edo beste edozein oinordetza-titulu bidez eskuratzea.

Besteak beste, hauek dira, herentzia eta legatuaz gain, oinordetza-tituluak zerga honen ondorioetarako:

a) «Mortis causa» dohaintza.

b) Oinordetza kontratu edo itunak, haien eragina noiznahi gertatzen dela ere.

Ondorio horietarako, uneko eraginkortasuna duen oinordetza-ituna oinordetza-titulutzat hartuko da, bakar-bakarrik, ondasun zehatz baten titulartasuna esleitzea dakarrenean eta esleipen hori xedapen zabalago baten parte ere denean, non beharrezkoa baita gutxienez beste elementu bat egotea oinordekoen izendapenari lotuta, tresna itundu batean, beste ondare-elementu batzuei dagokienez.Beste edozein kasutan, dohainik eta «inter vivos» egindako negozio juridikotzat hartuko da.

Nolanahi ere, uneko eraginkortasuna duen oinordetza-itun bati ez zaio exijituko, oinordetza-titulutzat hartzeko, aurreko paragrafoan aipatutako eduki osagarria izatea, titulartasuna esleitzen deneko ondasun zehatza izendatzailearen ondareko elementu bakarra bada.

c) Enpresa eta entitateek, oro har, hildako kide edo enplegatuen senideei ematen dizkieten kopuruak jasotzeko eskubidea dakarten oinordetza-tituluak, kopuru horien modalitatea edo izena zeinahi direla ere, baldin eta berariaz xedatuta ez badago kopuru horiek zergapetzekoak direla foru arau honetako 3. artikuluaren 1. apartatuko c) letran edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritakoaren arabera.

d) Euren lana egiteagatik testamentugileek albazeei esleitutako diru kopuruak jasotzeko eskubidea ematen dutenak, kopuru horiek herentziako ondasunen balio egiaztatuaren 100eko 10 gainditzen dutenean.

e) Ezkontza-itunetan oinordekoa izendatzea.

f) Komisarioak testamentu-ahalordea erabiltzetik datozen egintzak, hartzen duten forma zeinahi dela ere.»

Bigarrena.– Aldatu egiten dira, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 19. artikuluko 5. eta 6. apartatuak. Honela idatzita gelditzen dira:

«5.– Baldin eta hildakoaren ezkontideak edo, 2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotakoaren arabera osatutako izatezko bikoteak direnean, izatezko bikote kideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek edo hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek mortis causa eskuratzen badituzte Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6. bis artikuluan araututako hobaria aplikagarria zaien enpresa indibidual bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak edo haien gaineko usufruktu eskubideak, eskurapen horiek 100eko 95eko murriztapen bat izango dute zergaren zerga oinarrian, betiere eskuratutakoari kausatzailea hil ondorengo 5 urteetan eusten badiote, salbu epe horretan eskuratzailea hiltzen denean.

Aurreko paragrafoan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko usufruktu eskubideak eskuratzen direnean, murriztapena kalkulatzeko, kontuan hartu behar da jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioaren –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioa; erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako eskurapenari eusteko baldintza betetzen ez bada, murriztapenaren ondorioz ordaindu ez den zergaren zatia eta berandutze interesak ordaindu beharko dira.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6. bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizunen eta baldintzen konplimenduaren aipamena oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuari buruzkoa izan beharko da. Zehazki, 6. bis artikuluaren 2. apartatuko d) letran aipatzen den baldintzaren konplimenduaren aipamena kausatzailea edo, hala badagokio, 2. apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsona edo pertsonak hil diren zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari buruzkoa izan beharko da.

6.– Ezkontideak edo izatezko bikote-lagunak (2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratuak), aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek inter vivos eskuratzen badute banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitate-partaidetza bat, eta horiei aplikagarri bazaie Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6. bis artikuluan araututako salbuespena, orduan eskurapen horrek 100eko 95eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Dohaintza emaileak hirurogeita bost urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon, dela erabatekoa dela baliaezintasun handia.

b) Dohaintza emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin ditu jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.

Ondorio horietarako, besterik gabe sozietatearen administrazio kontseiluko kide izatea ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.

c) Dohaintza hartzaileari dagokionez, dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 5 urteetan bere esku mantendu behar du eskuratutakoa, eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauaren 6. bis artikuluan araututako salbuespenerako eskubidea izan behar du, non eta epe horretan ez den hiltzen. Halaber, dohaintza hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Entitate partaidetzen eskurapenetan, murriztapena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duten elkarren artean jarduera ekonomikoari atxikitako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxitua– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murriztapenaren ondorioz ordaindu ez den zerga zatia eta bidezkoak diren berandutze interesak.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6. bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizun eta baldintzen konplimenduaren aipamena oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuari buruzkoa izan beharko da. Dena den, 6. bis artikuluaren 2. apartatuko d) letrako baldintza betetzeari dagokionez, dohaintza emailearen edo, hala badagokio, 2. apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonaren edo pertsonen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa hartuko da kontuan, hain zuzen ere eskualdaketa egin aurreko lehen zergaldiari dagokiona.»

4. artikulua.– Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzea.

Aldatu egiten da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.B artikuluaren 34. zenbakia. Hona hemen horren edukia:

«34.– Etxebizitzen eskualdaketa, horiek erosten dituztenak sozietateen gaineko zergaren araudian ondasun higiezinen errentamenduko jarduera kualifikatua duen entitateentzat jasota dagoen zerga araubidera bildutako sozietateak direnean, betiere horien geroko errentamenduagatik lortzen diren errentei araubide horretan ezarritako hobaria aplikagarri bazaie.»

5. artikulua.– Ondasun higiezinen gaineko zerga aldatzea.

Aldatu egiten da Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 21. artikuluaren 2. apartatuko d) letra. Hona hemen horren edukia:

«d) Sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateak, beren funtzio publikoak bete ditzaten, haien administrazio nagusiaren bitartez, betiere aurreko a) apartatuan jarritako baldintzak betetzen badira.»

6. artikulua.– Jarduera ekonomikoen gaineko zerga aldatzea.

Aldatu egiten dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Araugilearen xedapen hauek:

Bat.– Honela idatzita gelditzen da 5. artikuluaren 1. apartatuko b) letra:

«b) Beren jarduera hasten duten subjektu pasiboak, jarduera garatzen duten zerga honen lehen bi zergaldietan.

Ondorio horietarako, kasu hauetan ulertuko da jarduerari ez zaiola hasierarik eman:

a) Jarduera batean lehenago beste titulartasun batekin aritu denean; zirkunstantzia hori betetzen dela joko da, besteak beste, bat-egiteak, zatiketak edo jarduera adarren ekarpenak egiten badira.

b) Subjektu pasiboa Merkataritza Kodeko 42. artikuluaren arabera sozietate talde bateko kide denean, non eta ez den taldeko enpresetako batek lehenago garatu gabeko jarduera berri bat.

c) Jarduera bera egin duten enpresek 100eko 25eko edo hortik gorako partaidetza badute.»

Bi.– Honela idatzita gelditzen da 5. artikuluaren 1. apartatuko g) letra:

«g) Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea.»

Hiru.– Honela idatzita gelditzen da 5. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Artikulu honen 1. apartatuko e), f) eta h) letretan jasotzen diren salbuespenek erreguzko izaera izango dute, eta interesdunak eskatuta emango dira, hala badagokio.»

Lau.Honela idatzita gelditzen da 14. bis artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Foru arau honen 5. artikuluaren 1. apartatuko c) letran aurreikusitako salbuespena aplikatzeko, honako hau hartuko da kontuan: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek ez badute zerga horien aitorpenik Gipuzkoako lurralde historikoan aurkezten, jarduera ekonomikoen gaineko zerga kudeatzen duen organo eskudunari komunikazio bat helarazi beharko diote, bertan adierazita aipatutako letrak salbuespena aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak bete egiten direla. Obligazio hori aplikagarria izango da, halaber, sozietate zibiletako eta Zergen Foru Arau Orokorrak 35. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen entitateetako bazkide, oinordeko, komunero edo partaideentzat.

Ondorio horietarako, Ogasuneko eta Finantzetako Departamentuko foru diputatuak erabakiko du zein izango den komunikazio horren edukia, eta nola eta zer epetan aurkeztu beharko den, bai eta bide telematikoz zein kasutan aurkeztu ahal izango den ere.»

7. artikulua.– Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga aldatzea.

Beste letra bat eransten zaio, d) letra, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauaren 4.5 artikuluari:

«d) 100eko 90erainoko hobaria bost plaza edo gehiago dituen ibilgailu turismo bakar baten alde, baldin eta horren titularra familiako kide bat bada, familia hori ugaritzat hartzen denean indarrean dagoen legeriaren arabera.»

8. artikulua.– Kooperatiben zerga araubidea aldatzea.

Beste zenbaki bat eransten zaio, 3.a, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, Kooperatiben zerga erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauaren 27. artikuluari:

«3.– Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 2/2004 Foru Arauaren 67. artikuluaren 1. apartatuan jasotako kenkarien muga aurreko 2. zenbakian jasotako kenkariak aplikatu ondoren ezarriko zaio, hala badagokio, ateratzen den kuotari.»

9. artikulua.– Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea.

Honela idatzita gelditzen da hamargarren xedapen gehigarria 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauan, Gipuzkoako lurralde historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean:

«Hamargarren xedapen gehigarria. Paradisu fiskalaren, tributazio deusezaren eta zerga informazioaren truke eraginkorraren definizioa.

1.– Erregelamenduz ezartzen diren herrialde edo lurraldeak joko dira paradisu fiskaltzat.

2.– Paradisu fiskaltzat hartzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda honako irizpide hauei jarraituz eguneratu ahal izango da:

a) Herrialde edo lurralde horrekin izatea nazioarteko zergapetze bikoitza saihestekoa den eta informazioa trukatzeko klausula duen hitzarmen bat, zerga alorreko informazioa trukatzeko akordio bat edo ELGE Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundeko eta Europako Kontseiluko Alor Fiskaleko Elkarren Laguntza Administratiborako Hitzarmena (2010eko Protokoloaz zuzendua), eta aplikagarria izatea.

b) Zerga informazioaren truke eraginkorrik ez izatea xedapen gehigarri honetako 4. apartatuan jasotakoaren arabera.

c) Helburu Fiskaletarako Gardentasuneko eta Informazio Trukeko Nazioarteko Foroak egindako adituen ebaluazioen emaitzak.

3.– Tributazio deuseza da baldin eta dagokion herrialde edo lurraldean ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren berdina edo antzekoa den zergarik aplikatzen, dagokionaren arabera.

Xedapen honek ezartzen duenaren ondorioetarako, errenta, zati batean besterik ez bada ere, zergapetzea helburu duten zergak zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira, zergaren xedea errenta bera, sarrerak edo errenta egotearen zantzua ematen duen beste edozein elementu dela ere. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan, zerga berdin-berdin edo antzekotzat joko dira Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak, arau bidez ezarriko diren baldintzetan.

Zerga berdin-berdina edo antzekoa aplikatzen dela iritziko zaio dagokion herrialde edo lurraldeak Espainiarekin zerga bakoitzaren kasuan nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena izenpetuta badauka, hitzarmenean bertan ezartzen diren berezitasunekin.

4.– Paradisu fiskaltzat hartzen ez diren herrialde edo lurraldeekin zerga informazioaren truke eraginkorra dago herrialde edo lurraldeoi honako hau aplikatzekoa bazaie:

a) nazioarteko zergapetze bikoitza ekiditeko hitzarmena, informazioa trukatzeko klausula duena, betiere hitzarmen horrek ez badu berariaz ezartzen zergei buruzko informazio trukearen maila ez dela nahikoa xedapen honen ondorioetarako;

b) zerga informazioa trukatzeko akordioa; edo

c) Elgeko eta Europako Kontseiluko Alor Fiskaleko Elkarren Laguntza Administratiborako Hitzarmena (2010eko Protokoloaz zuzendua).

Aurrekoa hala izanik ere, arau bidez ezar daiteke informazio trukearen mugak direla-eta zein kasutan ez dagoen zerga informazioaren truke eraginkorrik.

5.– Tributu bakoitzaren arauetan berezitasunak ezar daitezke xedapen hau aplikatzeko.

6.– Foru Aldundiari ahalmena ematen zaio xedapen gehigarri honetan araututakoa garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan, bai eta paradisu fiskaltzat hartzen diren herrialde eta lurraldeen zerrenda eguneratu dezan ere.»

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra. Errendimendu irregularren muga aplikatzea 2016ko maiatzaren 1aren aurretik formalizatutako kontratuen ondoriozko errenta jakin batzuei.

3/2014 Foru Arauaren, urtarrilaren 17koa eta Gipuzkoako lurralde historikoaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa denaren, 19.2.a) artikuluaren hirugarren paragrafoak xedatzen duena gorabehera -2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ditu ondorioak-, urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretu bidez onartutako aipatutako Zergaren Erregelamenduaren 14.2. artikuluan aurreikusitako errendimenduei, betiere 2016ko maiatzaren lehena baino lehen formalizatu diren kontratuen ondorioz lortutakoei, 100eko 50eko integrazio-portzentajea aplikatuko zaie, zenbatekoa edozein dela.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra. Kooperatibetako bazkide langileak birkokatzeagatik enpleguaren alde ematen diren diru laguntzen salbuespena.

Desegintzat deklaratutako kooperatibetako bazkide langileei eta lan bazkideei onartutako behin betiko birkokapenagatik enpleguaren alde ematen diren diru laguntzen salbuespena, hain zuzen Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 9. artikuluaren 13. zenbakiko azken bi paragrafoetan jasota dagoena (foru arau honek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioetarako onartutako idazkera), aplikatuko da diru laguntza horiek beraiek 2014ko urtarrilaren 1aren aurretik onartuak izan direnean ere, baldin eta jatorriko kooperatiba data horren ondoren desegintzat deklaratua izan bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Xedapenak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENA

Bakarra. Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan berariaz jasotako ondorioak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala