Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2016ko urtarrilaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
266

8/2015 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2016. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «8/2015 Foru Araua, abenduaren 23koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2016. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2015eko abenduaren 23a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

2016. urteko aurrekontuak Diputatuen Kontseiluak onartutako aurrekontu esparruaren barruan prestatu dira, bertan ezartzen baitira Gipuzkoako sektore publikorako epe luzeko helburuak.

Aurrekontu hauek oinarrizko tresna dira 2015-2019ko epealdiko Kudeaketa Plan Estrategikoan definitu diren foru politika publikoak gauzatzeko. Izan ere, plan estrategiko hori lanabes nagusia izango da datozen lau urteotan Gipuzkoako Foru Aldundia lidergotzan jarri eta haren gobernu ekintza gidatzeko.

Entitate publiko orok kudeaketa finantzario egoki bat egiteko obligazioa du beti, are gehiago gaurkoa bezalako susperraldi ekonomikoa gertatzen ari denean. Alde horretatik, bai aurrekontu hauek eta bai etorkizunekoek bultzada ekonomiko eta sozial handiena eman behar diote Gipuzkoari, aldi berean ziurtatuz baliabide publikoak efizienteki gastatzen direla.

Aurreikusitako diru-sarrerei dagokienez, hasi berria den susperraldi ekonomikoari esker % 4,6 gehitzen da aurrekontu osoa, % 9,9 aurrekontu propioa, eta % 6,8 Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa.

Gastu politikek gaurko egoerari aurre egitea izango dute helburu, eta, hori lortzeko, lehentasunezkoa izango da inbertsioak egitea krisiak enpresa eta pertsonentzat izan dituen ondorioak gainditzeko eta produkzio sarea indartzeko, betiere Gipuzkoaren lehiakortasuna bultzatuz.

Horri begira, 2016ko Aurrekontuan Ekonomia Berpizteko Plan bat jasotzen da, lurraldearen dinamizazio ekonomiko eta soziala bultzatzea eta babestea xede duena.

Era berean, jarraipena eman zaio aurrekontuko programak genero eraginaren ikuspuntutik aztertzeko lanari, gastu lehentasunak non jarri behar diren ezartzearren.

Krisiak izan dituen ondorioak aintzat hartuta, eta gizarte politikan hartu diren zenbait kudeaketa erabaki direla-eta, zaila gertatzen da gastu soziala 2016. urteko aurrekontuak aurkezteko unean kalkulatzea.

Arrazoi horrengatik, gizarte gastuetarako bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 53,76 milioi euroko diru-laguntzak aurreikusten dituzte Lurraldeko toki entitateen alde.

Aurrekontuen Foru Arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.

Titulu horren barruan ere Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuko sarrera eta gastuen egoeraren zenbatekoa sartzen da.

II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta merkataritzako foru sozietateen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.

III. tituluan jasota daude 2016ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; kreditu zabalkorren kontsiderazioa; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; baita ere kreditu gaikuntzen berezitasunak.

IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (diru laguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.

V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.

II. kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.

VI. tituluan, Lurralde Historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.

VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.

VIII. tituluan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuak kudeatzeko arauak biltzen dira.

I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, HEDADURA SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA

1. artikulua.– Aurrekontuak onartzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dira, foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren eremua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016. urterako Aurrekontu Orokorrak honela daude osatuta:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.

b) Uliazpi eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.

c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, ITTEN Herriekin Lan Egiten SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.

Behar den ordenari begira, Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontua ere sartzen da.

3. artikulua.– Aurrekontu Orokorren edukia.

1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera 4.673.748.331,19 euro izango dira 2016ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera 4.533.982.388,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 156.234.189,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2016tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Aurrekontu propioaren kasuan, hau da, aurrekontu osoa ken Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak, gastuen egoera 812.291.983,00 euro da.

Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 4.533.982.388,00 euro da, haren barruan sartuta bai ekitaldiko zorpetzea (62.775.000,00 euro) eta bai diruzaintzako gerakina (10.450.000,00 euro).

3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 18.367.561,00 euro da.

Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 18.367.561,00 euro da.

4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 7.724.061,00 euro da.

Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 7.724.061,00 euro da.

5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 156.627.959,19 euro da, eta banaketa hau du:

– Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) 25.603.308,00 euro

– Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA 130.005.644,00 euro

– ITTEN Herriekin Lan Egiten SA 1.019.007,19 euro

Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.

6.– Batzar Nagusien aurrekontuko gastu egoera 7.201.200,00 euro da guztira. Sarrerak ere zenbateko berean zenbatetsi dira.

4. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 1.987.898.471,25 eurotan zenbatetsi dira.

II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA

5. artikulua.– Abalen muga.

Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2016ko abenduaren 31n, 454.966.399,99 eurotik gorakoak.

6. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2016ko abenduaren 31n, 569.875.000,00 eurotik gorakoa.

Abenduaren 31n, maileguak amortizatzeko aurrekontu hornidura 8.800.000,00 euro izango da guztira.

2.– 2016. urtean zehar, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.

7. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateen zorpetze muga.

Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA merkataritzako foru sozietateak epe luzera xedatzen duen zorpetzea ezingo da izan, 2016ko abenduaren 31n, 812.020.247,33 eurotik gorakoa.

Diputatuen Kontseiluak ahalmena izango du muga hori sozietatearen egitura finantzarioarengatik aldatzeko, 827.555.007,33 euro zenbatekoraino.

III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK

8. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.

Gastuen egoera-orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauko III. tituluaren III. kapituluari jarraituz onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.

9. artikulua.– Kredituen lotura.

1.– 2016ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo apartatuetan ezarritakoak dira.

2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:

a) Foru arau honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. apartatuko a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.

b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honetako 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.

c) Ekitaldiaren barruan onartzen diren kreditu gehigarriak.

d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.

e) Foru organismo autonomoak eta merkataritzako foru sozietateak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien prestazioak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.

f) Diru laguntzen foru arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen diru laguntzei dagozkien kredituak.

g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

h) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.

3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan, hauek:

a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.

b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.

c) Diru laguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.

d) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.

4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.

10. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.

1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 53. artikuluan xedatutzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:

a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.

c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Lurralde Historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.

e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.

f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketetarako izendatutako kredituak.

g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.

h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.

i) Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.

2.– Gizarte Politikako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.

3.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak aurrekontuko kreditu bati izaera zabalgarria kendu dezake, betiere aurrekontua gauzatzeko hala komeni bada.

11. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onar ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10.

2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, erabaki dezake konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 baino.

3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urteanitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko apartatuetan jarritako mugen ondorioetarako.

12. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

1.– Foru arau honetako zazpigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:

a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea, edo, tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.

c) Foru Aldundiaren jarduketarako beharrezkoak diren kapital eta finantza eragiketa bereziak egitea.

2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 58. artikuluko 11. apartatuan jasotako mugaren ondorioetarako.

IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA

13. artikulua.– Diru laguntzak.

1.– Diputatu nagusiak eta foru diputatuek Diru Laguntzen Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

2.– Diputatuen Kontseiluak, eragindako departamentuak proposatuta, diru laguntza izendunak erabat edo partzialki gutxitu ditzake, eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei horren berri eman beharko die.

3.– Ez dira diru laguntzatzat hartuko fundazioen jardun osoa edo haien jarduketa jakin batzuk finantzatzea helburu duten diru ekarpenak, baldin eta haien patronatuko kideen gehiengoa foru sektore publikoa osatzen duten entitateek izendatutakoa bada eta fundazio horiek ondorengo egoeraren batean badaude: sozietateak eratzeko ekarpen gehiena Foru Aldundiak edo foru sektore publikoko gainerako entitateek, zuzenean nahiz zeharka, egindakoa izatea; edo sortze ondarea, irauteko izaera behar duena, aipatutako entitate horiek jarritako edo lagatako ondasunez edo eskubideez osatuta egotea ehuneko berrogeita hamarretik gorako portzentajean.

14. artikulua.– Proiektu kofinantzatuak.

Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.

Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

15. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak aginduko du kredituak atxikitzeko edo bestelako prebentzio neurriak hartzeko, gastuaren kontrola bermatzearren, betiere aurrekontuaren exekuziorako hala komeni bada.

Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa, haien atxikipenerako berbera izango da.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, 56.1 artikuluko c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.

3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

16. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.

1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2016ko Aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.

2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2016ko Aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.

17. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.

1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.

2.– Merkataritzako foru sozietateei eta foru organismo autonomoei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira.

V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK

18. artikulua.– Langileen ordainsariak.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen ordainsari osoak, 2016. urteari dagokionez, kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera ezarriko dira.

2.– Diputatu nagusiaren, foru diputatuen, zuzendari nagusien eta behin-behineko langileen ordainsariak 2015eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

19. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.

1.– Gipuzkoako Aurrekontu Orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2016ko aurrekontu plantillak.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2016. urterako Aurrekontu Orokorretan onartzen dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.

Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.

20. artikulua.– Bestelako langile zuzkidurak.

Aldi baterako programak gauzatzeko egiten diren iraupen jakineko lan kontratazioak eta bitarteko funtzionarioen izendapenak ez daude plantillan sartuta, eta kontratu eta izendapen horiek Gipuzkoako Aurrekontu Orokorretan horretarako aurreikusten diren zenbatekoei egongo dira atxikita.

21. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.

1.– 2016ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.

Nolanahi ere, aurrekontuetan berariaz jasota ez dagoen edozein plaza edo lanpostu sortzeko, aurretik amortizatu beharko dira oro har hartuta zuzkidura ekonomiko bera edo handiagoa duten beste plaza edo lanpostu batzuk.

2.– Aurreko muga ez da aplikatuko eskumen berriak hartzearen, organo edo zerbitzu berriak sortzearen edo kanporatu edota birkontratatuta dauden zerbitzuak zuzenean hartzearen ondorioz plazak sortu edo aldatzean, betiere aldaketa horiek finantzaketa badute.

3.– Aurrekontu plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departa-mentuaren aurretiazko txostena beharko dute.

Orobat, 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan aurrekontu eraginari buruzko txostena eskatu beharko zaio Ogasun eta Finantza Departamentuari.

22. artikulua.– Kreditu soberakinak.

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuak honako honetarako erabili ahal izango ditu I. kapituluan aurreikus daitezkeen kreditu soberakinak: soberakinaren sorburu ez diren beste plaza batzuk finantzatzeko, eta aldi baterako kontratuak indarrean dagoen araudiaren arabera formalizatzeko.

23. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.

1.– Foru Aldundiak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onartu ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.

24. artikulua.– Pasiboen kredituei apligarri zaien araubidea.

Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: 1986ko ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.

II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK

25. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Merkataritzako foru sozietateetako langileen ordainsariak 2016. urteari dagokionez, kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera ezarriko dira.

2.– Era berean, merkataritzako foru sozietateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen ordainsariak 2015eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

26. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.

1.– 2016ko ekitaldian, plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dira, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.

2.– Dena den, 2016an sortzen diren merkataritzako foru sozietateek beren hasierako aurrekontuan ageri diren aurreikuspenen arabera onartu ahal izango dute langileen plantilla.

27. artikulua.– Langileak kontratatzea.

2016ko ekitaldian, aurreko apartatuan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.

Muga horiek ez dira aplikatuko kontratatzen diren langileek aurretik harreman finkoa eta mugagabea izan badute Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru sektore publikoan. Apartatu honetan ezarritakoari jarraituz egindako kontratuek eskubidea emango dute egiten diren egunetik antzinatasunaren osagarria kobratzen jarraitzeko, sorburuko entitatean kobratzen zen kopuru berean.

VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN FINANTZAKETA

28. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2016rako zuzkidura.

1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura 458.901.523,00 eurotan finkatzen da 2016. urterako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, III. eranskinean zehaztutakoaren arabera, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (EUDEL) finantzatzeko erabiliko da.

29. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.

30. artikulua.– Udal zergen bilketa.

1.– Udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa dena delako udalerriari esleituko zaio zuzenean.

2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, kendu egingo da ondoko zergak biltzean Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren kostua: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu litzakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.

3.– Zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiari hitzarmen bidez eskuordetu dioten udalerriek eskubide izango dute, 2016ko ekitaldian, konturako aurrerakinak jasotzeko, baina arrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakotzat joko baitira.

Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako entregak egingo dira maiztasun honekin:

a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.

b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira; eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.

Aurrerakin horien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2015eko ekitaldian ondasun higiezinen gaineko zergagatik eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren udal kuotagatik borondatezko bidean bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, zerga oinarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru horiek.

Zerga-bilketaren behin betiko kopuruak ezagututa, bidezko likidazioa egingo da.

VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA

31. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urteanitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Foru zorpetzearen egoera.

f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.

g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzlo araudian ezarritako epea haietan betetzen ez denean.

i) Departamentuz departamentu emandako diru laguntzen zerrenda.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.

Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.

3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.

4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.

32. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urteanitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzlo araudian ezarritako epea haietan betetzen ez denean.

2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

33. artikulua.– Merkataritzako foru sozie-tateek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Merkataritzako foru sozietateek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Merkataritzako foru sozietatearen zorpetzearen egoera.

b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzlo araudian ezarritako epea haietan betetzen ez denean.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Bidegi merkataritza sozietatearen kasuan, hilean behin txosten hauek bidali beharko ditu Batzar Nagusietara:

a) Hilero, kanon kontzeptuagatik lortzen dituen diru-sarrerak.

b) AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planaren erabiltzaileengandik hilero lortzen dituen diru-sarrerak.

c) Merkataritzako foru sozietateak gehieneko tarifagatik egiten duen itzulketaren hileko bilakaera.

d) Hilero, deskontuen kontzeptuagatik itzultzen dituen kopuruak.

VIII. TITULUA
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEN AURREKONTUA KUDEATZEKO ARAUAK

34. artikulua.– Aurrekontu aldaketak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak erabaki dezake kreditu aldaketak mugarik gabe egitea, salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Ezin diete eragin kreditu txertatuei.

b) Ezin dituzte gutxitu aurrez handitu diren kredituak.

c) Ezin dituzte handitu beste transferentzia batzuen ondorioz gutxitu diren kredituak.

35. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

Batzar Nagusien aurrekontuko sarreren egoeretan aurreikusita egon gabe ekitaldian lortzen diren diru-sarrerek, eta, orobat, aurrekontu horretan aurreikusitakoak gainditzen dituztenek, ordainketa kreditua sortu dezakete dagokien gastu egoeran.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Berandutze interesa.

2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko ondorioekin, ehuneko % 3,75ekoa izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa.

Bigarrena.– Bingo kartoiak erosteagatik ordaindu beharreko tasa eguneratzea.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, maiatzaren 13ko 5/2002 Foru Arauak, zenbait zerga neurri onartzen dituenak, bingo kartoiak erosteagatik laugarren xedapen gehigarrian ezartzen duen tasaren zenbatekoa 0,005885 euro izango da kartoi bakoitzeko.

Hirugarrena.– Balio katastralak eguneratzea.

Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, 2015. urtean indarrean dauden balioei 1,01eko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Laugarrena.– Tasak eguneratzea.

Departamentuek kudeatzen dituzten Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak eta ordainarazpen parafiskalak finkoak badira oinarriaren portzentaje bati lotuta ez daudelako edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez dagoelako, 2015ean exijigarri den kopuruari 1,01 koefizientea aplikatuz gehituko dira, betiere uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

Bosgarrena.– AP-1 eta AP-8 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.

1.– 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa (BEZa barne), handitu egiten da 2015. urtean exijitutako zenbatekoari 1,035eko koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino.

(Ikus .PDF)

2.– 2015. urtean zehar AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileei aplikatutako deskontuak berdin mantentzen dira.

3.– % 3,5 igotzen da 2015ean aplikatu den joan-etorriko bidaiaren murrizketa gehigarria. 2016rako, 0,43 euro izango da.

4.– % 3,5 igotzen da 2015ean AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan aplikatu beharreko deskontuetara atxikitako pertsonek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa, dagozkion deskontuak eta beherapen gehigarriak aplikatu eta gero. 2016rako, 28,43 euro izango da.

Seigarrena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikus .PDF)

2.– Lurralde Historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 90.000 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den moduan eguneratuta.

3.– Dedikazio partzialei aplikatu beharreko gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: 1. atalean aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio-ehunekoa aplikatuta.

4.– Mugak ezartzeko erreferentzia gisa erabilitako Eusko Jaurlaritzako karguen ordainsariak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritakoak izango dira.

Zazpigarrena.– Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58. artikuluko 8. apartatua etetea.

2016ko ekitaldirako, eten egiten da Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58. artikuluko 8. apartatuaren aplikazioa.

Ekitaldi horretan, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla.

Zortzigarrena.– Kreditu gehigarriak.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2015eko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, gehienez 10.000.000,00 euroraino, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.

Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– Aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.

Bigarrena.– Saldoen arazketa.

Ogasun eta Finantza departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.

Hirugarrena.– Aurrekontua luzatzea.

2016. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.

Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Indarrik gabe geratzen da urriaren 27ko 9/2014 Foru Araua, Gipuzkoako ekonomiari bultzada berria eman eta krisitik errazago ateratzeko laguntzei buruzkoa.

2.– Indarrik gabe geratzen da urriaren 27ko 10/2014 Foru Araua, oinarriena, zeinaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiari eskuordetzen baitzaio aparteko plan bat egitea, urte anitzekoa, 2015-2016, krisi ekonomikoari aurre egiteko, langabeziaren aurkako borrokarako eta Gipuzkoako ekonomia-ehunaren lehiakortasuna handitzeko.

3.– Foru arau hau indarrean dagoen bitartean, horren aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indargabeturik geratzen dira.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua aldatzea.

Bat.– 56. artikuluaren 5. apartatuko c) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«c) Departamentu bakoitzeko foru diputatuak onartuko ditu bere aurrekontuko edo foru organismo autonomoen aurekontuko programa bereko ordainketa kredituen arteko transferentziak, zenbatekoa 15.000 euro baino handiagoa ez bada.»

Bi.– 57. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Diputatuen Kontseiluak onar dezake konpromiso kredituen artean transferentziak egitea, baita konpromiso kreditu berriak sortuz ere, eta urteko zenbatekoak birbanatzea, Batzar Nagusiek gehienez baimenduko muga metatuarekin, foru arau honen 54. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.»

Hiru.– Zortzigarren xedapen gehigarria eransten da, zehazki honako hau dioena:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Foru fundazioak.

1.– Foru fundazioak foru sektore publikoan integratzen dira beren patronatuko kide gehienak foru sektore publikoko entitateek izendatuak direnean eta, horrez gainera, zirkunstantzia hauetakoren bat betetzen dutenean:

a) Fundazioak eratzeko ekarpen gehiena, zuzenekoa zein zeharkakoa, Gpuzkoako Foru Aldundiak edo Lurralde Historikoko sektore publikoko gainerako entitateek egitea.

b) Beren sortze ondarea, irauteko izaera izan behar duena, aipatutako enteek ekarritako edo lagatako ondasun edo eskubideek osatzea 100eko 50etik gorako portzentajean.

2.– Foru fundazioak eratzeko, haien estatutuak aldatzeko, fundazioek bat egin zein desegiteko, edo foru fundazio izatea nahiz izaera hori galtzea dakarten egintzak edo negozioak egiteko, Diputatuen Kontseiluaren erabakia beharko da.

Fundazioaren sorrera espedientea onartzeko, foru arau honetan haren aurrekontuak onartzeko aurreikusitako dokumentazio bera eskatuko da.

3.– Fundazio hauei aplikatuko zaien araubidea, hala aurrekontu arlokoa nola kontabilitate, kontrol, aurrekontu egonkortasun eta finantza jasangarritasunari dagokiena, foru arau honetan merkataritzako foru sozietateentzat ezarritakoa izango da».

Lau.– Bederatzigarren xedapen gehigarria eransten da, zehazki honako hau dioena:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria: Foru sektore publikoan integratutako partzuergoak Kontabilitate Nazionalaren ondorioetarako.

1.– Foru sektore publikoko entitateren bati atxikita dauden partzuergoek ez badute betetzen berariazko baldintza hau, alegia, foru sektore publikoa osatzen duten entitateetako batek edo batzuek, osotara, ehuneko berrogeita hamarretik gorako ordezkaritza izatea entitatearen gobernu-organoetan, hau da, haren egintzak zuzenean edo zeharka Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakimenaren mende badaude, Foru Aldundi honek kontrolatuko entitatetzat hartuko dira.

2.– Partzuergo horien aurrekontuak Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan jasoko dira, informazio gisa, Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakiko duen eran. Era berean, aurrekontu horien likidazioa Gipuzkoako Lurralde Historikoko Kontu Orokorrean jasoko da, informazio ondorioetarako.

3.– Partzuergo horiek egiten dituzten epe luzerako zorpetze eragiketek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko dute, Ogasun eta Finantza Departamentuak ezarritako baldintzetan».

Bigarrena.– Gipuzkoako Toki Ogasunen Foru Araua aldatzea.

Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrerako ondorioekin, eta mugarik gabeko indarraldia izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan:

Bat.– 51. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio, honela dioena:

«3.– Toki korporazioek izenpetzen dituzten kreditu eragiketa guztiak eta, orobat, abalen edo bestelako berme publikoen emakida finantza-zuhurtasunaren printzipioaren mende daude.

Finantza-eragiketek euren arriskua eta kostua minimizatzeko bete behar dituzten baldintzen multzoa da finantza-zuhurtasuna. Baldintza horiek Ogasun eta Finantza Departamentuko foru agindu bidez ezarriko dira.

Finantza-zuhurtasunaren printzipioa beren sektore publiko osoan aplikatzen dela zainduko dute toki korporazioek.»

Bi.– 52. artikuluari 2. paragrafoa gehitzen zaio, honela dioena:

«Nolanahi dela ere, eragiketak ez badira egokitzen finantza-zuhurtasunaren printzipioaren baldintzetara, organo eskudunen baimena beharko dute.»

Hirugarrena.– Gipuzkoako toki entitateen aurrekontuei buruzko foru araua aldatzea.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta mugarik gabeko indarraldia izateko, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako toki entitateen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauan:

Bat.– 3. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Aurrekontu orokorretan biltzen dira entitatearen beraren aurrekontuak, haren organismo autonomo eta sozietate publiko enpresarialenak, haren menpeko sozietate publikoenak, eta entitateari atxikitako partzuergoenak, azken kasu horretan baldin eta haien egintzen gainean erabakitzeko ahalmena, zuzenean edo zeharka, toki entitatearena bada. Entitateari atxikita dauden gainerako partzuergoen aurrekontuak informazio ondorioetarako baino ez dira jasoko aurrekontu orokorretan.»

Bi.– 6. artikulua honela geratzen da idatzita:

«6. artikulua.– Edukia.

1.– Toki entitateen eta haren organismo autonomoen eta, egonez gero, partzuergoen aurrekontu bakoitzak atal hauek eduki behar ditu:

a) Ekitaldian zehar likidatuko diren eskubide ekonomikoak zenbatesten dituen sarreren egoera-orria.

b) Bai ordainketa obligazioak eta bai konpromisokoak betetzeko behar diren kredituei buruzko gastuen egoera-orria.

c) Programa taldeen deskripzio taulak, 12.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Aurrekontuaren edukia azaltzen duen memoria, aurrekoaren aldean dituen aldaketa nagusiak eta aurrekontua prestatzeko erabilitako irizpideak ere jaso behar dituena.

e) Onartu eta erabili diren konpromiso kredituen eranskina. Bertan urteka banakatuta adierazi behar da zer konpromiso kreditu dituen erabilita entitateak aurrekontua aurkezten den egunean; likidatu gabeko aurrekontuetan, data horretan indarrean dauden kontsignazio guztiak agertu behar dira.

f) Ekitaldian zehar egingo diren inbertsioen eranskina, Lurzoruaren Ondare Publikokoak eta gainerakoak bereizita.

g) Transferentzia eta diru-laguntza arrunten eta kapitalekoen eranskina, non zehaztuko baita kontzeptu horiengatik zer gastu aurreikusten diren eta diru-laguntzak emateko araudia eta prozedura zein diren.

h) Zorpetzeari buruzko eranskina, aurrekontu ekitaldiaren hasieran eta amaieran entitateari aurreikusten zaion zor finantzarioa jasoko duena, aurreikusitako interesen aldaketak eta ordainketak ere zehaztuta.

i) Langileen eranskina, entitatearen aurrekontu plantilla osatzen duten lanpostuen zerrenda jaso behar duena, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2.– Entitate publiko enpresarialen, partzuergoen (hala badagokio), eta sozietate publikoen aurrekontuek agiri hauek eduki behar dituzte:

a) Aurreikusitako galera-irabazien kontua.

b) Aurreikusitako balantzea.

c) Ondare garbian aurreikusitako aldaketen egoera-orria.

d) Aurreikusitako kontuak eta egoera-orriak azaltzen dituen memoria, aurreko ekitaldikoekin erkatuta dituzten aldaketak eta haiek prestatzeko erabilitako irizpideak ere jaso behar dituena. Orobat, bertan jasoko dira geroko ekitaldietan eragina duten konpromiso ekonomikoak.

e) Transferentzia eta diru-laguntza arrunten eta kapitalekoen eranskina, non zehaztuko baita kontzeptu horiengatik zer gastu espero diren aurreikusitako kontuetan eta egoera-orrietan, eta diru-laguntzak emateko araudia eta prozedura zein diren.

f) Zorpetzeari buruzko eranskina, aurrekontu ekitaldiaren hasieran eta amaieran entitateari aurreikusten zaion zor finantzarioa jasoko duena, aurreikusitako interesen aldaketak eta ordainketak ere zehaztuta.

g) Langileen eranskina, entitatearen aurrekontu plantilla osatzen duten lanpostuen zerrenda jaso behar duena, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

h) Ekitaldian zehar esleitu edo egingo diren inbertsioen eranskina, Lurzoruaren Ondare Publikokoak eta gainerakoak bereizita.

3.– Aurrekontu orokorrek, aurreko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako agiriak ez ezik, honako hauek ere izango dituzte:

a) Aurrekontu orokorren edukia azaltzen duen memoria. Bertan aztertu behar dira aurrekontu berriek aurrekoen aldean dituzten aldaketak, garrantzitsuenak nabarmenduz, haietako bakoitzaren edukia, eta aurrekontua exekutatzeko arauan jasota dauden gainerako neurriak.

b) Tokiko sektore publikoaren aurrekontu bateratua.

c) Aurrekontua exekutatzeko araua, non, besteak beste, nahitaez agertu behar baitira bermeak emateko eta zorpetzeko gehieneko mugak, entitate bakoitzari aplikatuko zaizkionak.

d) Itxitako azken ekitaldiko aurrekontu orokorren likidazioa eta lortutako gauzatze mailari buruzko memoria, eta urteko ekitaldiko gastu eta sarreren exekuzio-egoerak, gutxienez lehen seihilekoa hartu behar dutenak.

e) Txosten ekonomiko-finantzario bat. Bertan, azaldu behar da zer oinarri erabili diren sarrerak eta aurreikusitako kreditu-eragiketak ebaluatzeko, eta frogatu behar da kredituak nahikoak direla betebehar exijigarriei eta zerbitzuen funtzionamendu gastuei aurre egiteko, hau da, aurrekontua orekatuta dagoela. Horrez gain, txostenak modu independentean aztertu behar du udal baliabideak nahikoak ote diren konpromiso kredituak finantzatzeko.

f) Aurrekontuko sarrera eta gastuen saldoa Kontuen Europako Sistemaren arauen arabera kalkulatutako finantzaketa ahalmen edo beharrarekin erlazionatzeko beharrezkoa den informazioa.»

Hiru.– 11. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1.– Aurrekontuetako sarrera eta gastuen egoera-orriak aurkezteko, haien izaera ekonomikoan oinarrituta zehaztuko den kontabilitate egiturari jarraituko zaio.

Gastuen egoera-orrien egitura ekonomikoan eragiketa arruntetarako kredituak, kapital eragiketetarako kredituak eta finantza-eragiketetarako kredituak bereiziko dira.

Eragiketa arruntetarako kredituen barruan sartuko dira pertsonalekoak, ondasun arrunt eta zerbitzuetakoak, finantza gastuak, transferentzia eta diru-laguntzak, kreditu globala eta bestelako ezustekoak.

Kapital eragiketetarako kredituetan inbertsio errealetarako kredituak eta kapital transferentziak eta diru-laguntzak bereiziko dira.

Finantza eragiketetarako kredituen barruan finantza aktibo eta pasiboenak sartuko dira.

Sarreren egoera-orriaren egitura ekonomikoan eragiketa arruntengatik, kapital eragiketengatik eta finantza eragiketengatik egindako aurreikuspenak bereiziko dira.

Eragiketa arruntengatik egiten diren aurreikuspenen barruan sartuko dira zuzeneko zergak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak, transferentzia eta diru-laguntza arruntak, eta ondare sarrerak.

Kapital eragiketengatik egiten diren aurreikuspenetan bereiziko dira inbertsio errealen besterentzeak eta kapital transferentzia eta diru-laguntzak.

Finantza eragiketengatik egiten diren aurreikuspenetan finantza aktibo eta pasiboak sartuko dira.

2.– Aurreikusitako balantzearen kontabilitate egitura, aurreikusitako galera-irabazien kontuarena, eta ondare garbian aurreikusitako aldaketen egoera-orriarena, kasuan kasuko entitateak aplikagarri dituen kontabilitate arauetara egokituko dira».

Lau.– 38. artikulua honela geratzen da idatzita:

«38. artikulua.– Sarreren aurrekontua exekutatzeko faseak eta eragiketak.

1.– Sarreren aurrekontua kudeatzeko garaian, fase hauek bereizten dira:

a) Eskubidearen onarpena.

b) Eskubidearen kobrantza.

2.– Eskubidea onartzeko egintzan, toki entitatearen alde eskubide bat sortzen da diru-sarrera bakoitzaren berariazko araudiari jarraituz.

3.– Eskubidea kobratzeak esan nahi du diruzaintzan ordaintzen dela lehendik edo aldi berean onartutako eskubidea.

4.– Diru-sarreren itzulketagatik egin beharreko ordainketen helburua da interesdunei bueltatzea subjektu kontablearen diruzaintzan bidegabeki edo soberan ordaindutako kopuruak.

Bi kasu hauek berezi behar dira, diru-sarrera itzultzeko arrazoia zein den:

a) Diru-sarrerak itzultzea bidegabeki egindako likidazioak baliogabetzeagatik. Urteko ekitaldiko sarreren aurrekontuari aplikatuko zaizkio beti, eta dagokion aurrekontu kontzeptuaren zerga-bilketa gutxituko dute, itzulketa eragin duen diru-sarrera zein ekitaldiri aplikatu zitzaion aintzat hartu gabe.

b) Diru-sarrerak itzultzea ordainketak bikoiztuta egoteagatik edo gehiegizkoak izateagatik. Aurrekontuz kanpoko eragiketatzat hartuko dira».

Bost.– 40. artikulua honela geratzen da idatzita:

«40. artikulua.– Aurrekontuko kredituen egoera, eta gastuen aurrekontua exekutatzeko faseak.

1.– Aurrekontuko kredituak egoera hauetako batean egon daitezke:

a) Kreditu erabilgarriak.

b) Erabili gabeko kreditu atxikiak.

c) Kreditu ez-erabilgarriak.

d) Kreditu erabiliak.

Printzipioz, gastuen aurrekontuan edo haren aldaketetan onartuta dauden kreditu guztiak erabilgarritzat hartzen dira. Egoera horretatik aurrera, aurrekontu kredituek har ditzaketen beste hiru egoeretako batean gera daitezke, hau da, edo atxikiak edo ez-erabilgarriak, edo, bestela, gastu bat baimendu daiteke, eta, horrela, gastua exekutatzeko prozedura abiatzen da.

Kreditu atxikipena egiten denean, erabilgarri dagoen kreditu bat atxikita eta erabiltzeko moduan geratzen da, ziurtatuta utzi baita badagoela behar besteko kreditua kopuru jakineko gastu edo transferentzia bat baimentzeko. Zenbateko bereko kopuru bat erreserbatzen da gastu edo transferentzia horretarako.

Kreditu baten ez-erabilgarritasuna gertatzen da aurrekontuko partida batek duen kredituaren saldo osoa edo haren zati bat ibilgetzen denean, hau da, hura ezin dela erabili deklaratzen denean.

Ez-erabilgarritasunaren deklarazioak ez du deuseztatuko kreditua, baina ez-erabilgarritzat hartutako saldoaren kargura ezin izango da baimendu inolako gastu edo transferentziarik, eta haren zenbatekoa ezingo da txertatu hurrengo ekitaldiko aurrekontuan.

Kredituen ez-erabilgarritasuna deklaratzea eta haiek berriro erabilgarritzat jotzea entitateko Osoko Bilkurari dagokio.

2.– Gastuen aurrekontua kudeatzeko garaian, fase hauek izango dira:

a) Gastua baimentzea.

b) Gastua xedatzea edo konprometitzea.

c) Obligazioa onartzea.

d) Ordainketa agintzea.

e) Ordainketa egitea.

Gastua baimentzeko egintzan, erabakitzen da zenbateko jakinekoa edo gutxi gorabeherakoa den gastu bat egitea kreditu jakin baten kargura, eta, horretarako, kreditu hori erreserbatzen da, bere osoan edo zati batean.

Gastua xedatzeko edo konprometitzeko egintzan, erabakitzen da, legez ezarritako tramiteak bete ondoren, lehendik baimendutako gastuak zehaztuta dagoen zenbatekoan egitea.

Obligazioa onartzeko eta likidatzeko egintzan, adierazten da entitatearen aurka badagoela kreditu exijigarri bat, baimendutako eta konprometitutako gastu batetik ondorioztatzen dena.

Ordainketa agintzen denean, arduradunak ordainketa-agindu bat ematen du obligazioa onartuta daukan entitateko diruzaintzaren aurka.»

Sei.– 43. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Aldizkakoak edo errepikakorrak diren gastuetarako, zuritu beharreko funtsak kutxa finkoko aurrerakinak izan daitezke. Funts horiek jasotzen dituztenen obligazioa da jasotako kopuruen aplikazioa zuritzea aurrerakina eratu zen aurrekontu ekitaldian.

Kutxa finkoko aurrerakinen hornidura eta haien itzulketa aurrekontuz kanpokotzat hartuko dira. Kontu zurigarria onartzeak berekin ekarriko du barruan dituen gastuak ekonomia eta aurrekontu arloan egoztea eta kutxazainari funtsak birjartzea.»

Zazpi.– 56. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Toki entitateek urtebetetik beherako diruzaintzako eragiketak hitzartu ahal izango dituzte era guztietako finantza-entitateekin, haien ordainketa eta sarreren mugaegunen diferentzietatik sortzen diren aldi baterako likidezia-defizitak estaltzeko, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak 51. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Diruzaintzako eragiketen produktua eta amortizazioa aurrekontuz kanpoko eragiketatzat hartuko dira.»

Zortzi.– 62. artikulua honela geratzen da idatzita:

«62. artikulua.– Kontu orokorra.

1.– Aurrekontu ekitaldia amaitutakoan, toki entitateek kontu orokorra prestatu behar dute, eta bertan jasota utzi ekonomiaren, finantzen, ondarearen eta aurrekontuaren ikuspegitik egin den kudeaketa.

2.– Honako hauek osatuko dute kontu orokorra:

a) Entitatearenak berarenak.

b) Organismo autonomoenak.

c) Entitatearen menpeko sozietate publikoenak.

d) Haren menpeko entitate publiko enpresarialenak.

e) Entitateari atxikitako partzuergoenak, betiere haien egintzen gainean erabakitzeko ahalmena, zuzenean edo zeharka, toki entitatearena bada.

3.– Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren kontuetan, eta, hala badagokio, baita e) letrakoan ere, egoera ekonomiko-finantzarioa eta ondarezkoa, emaitza ekonomikoa eta ondarezkoa, eta aurrekontuen exekuzioa eta likidazioa islatuko dira.

4.– Aurreko 2. apartatuko c) eta d) letretan aipatzen diren kontuak, eta, hala badagokio, baita e) letrakoa ere, merkataritza araudiaren arabera prestatuko dira.

5.– Korporazioko Osoko Bilkurak erabakiko du kontu desberdinetatik zer egoera-orri integratu eta bateratu gehituko dizkioten kontu orokorrari toki entitateek.

6.– Aurrekontu mugatzailea duten entitateen kontu orokorraren edukia, egitura eta elaborazio arauak Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarriko ditu».

Laugarrena.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.

Bosgarrena.– Aplikazio eremua.

Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Seigarrena.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera jarriko da indarrean, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, salbu eta azken xedapenetako lehenengoaren 3. eta 4. apartatuak, horiek 2017ko aurrekontua prestatzeko aplikatuko baitira, urte horretako urtarrilaren 1etik aurrera indarrean jartzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala