Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2015eko abenduaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5262

224/2015 DEKRETUA, abenduaren 9koa, zeinen bidez aitortzen baita «Amigos Solidarios» Gizarte eta Kultur Garapenerako Elkartea onuragarria dela.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteei onura publikokoak direla aitortu ahal izango zaie, baldin eta elkarteok beren jardueren bitartez interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Amigos Solidarios» Garapenerako Lankidetza Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, lankidetzaren eta sentsibilizazioaren arloan egiten duen lanagatik.

«Amigos Solidarios» 2011ko abenduaren 22an sortu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren 2012ko otsailaren 23ko Ebazpenari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/G/16585/2012).

Bere funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu, batez ere.

Eratu zenetik, egin behar den jarduera oro burutzen du «Amigos Solidarios» Garapenerako Lankidetza Elkarteak bere helburu nagusia betetzeko, hau da, garapenerako lankidetza eta giza laguntza ematea Hirugarren Munduko herrialdeetako kolektibo kalteberenei, bereziki, eta bidezko merkataritza indartzea.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez deklaratuko da onura publikokoa dela, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Sail eskudunak izapidetuko du prozedura, eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko ditu. Agindu hori betetzearren, espediente bat izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.

Ondorioz, Lehendakariaren eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, interesdun erakundeek eta antolakundeek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Herri-onurakoa dela aitortzea «Amigos Solidarios» Garapenerako Lankidetza Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/16585/2012 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala